150. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

4/2022 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, uztailaren 5ekoa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, balio erantsiaren gaineko zergari buruz eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergari buruzko zenbait neurri hartu eta luzatzen dituena.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu-araubidea Estatuko tributu-araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horren barnean, aipatutako Hitzarmen Ekonomikoaren 31 bis eta 32. artikuluek ezartzen dute ezen, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga (aurrerantzean, EEEBZa) eta balio erantsiaren gaineko zerga (aurrerantzean, BEZa) ordainarazteko, Nafarroak aplikatuko dituela Estatuko lurraldean une oro indarra duten arau substantibo eta formal berak. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zerga horien aitorpena eta ordainketak egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu, gutxienez ere lurralde erkideko datu berak edukiko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzean ordaintzeko epeak finkatzen ahalko ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik funtsean aldendu gabe.

Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 53.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, baldin tributu-araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu estatuan indarra duten arau substantibo eta formal berak Foru Komunitatean aplikatzera Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak behar diren foru lege mailako arauak eman ditzake tributu arloko foru legeak aldatzeko, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Nafarroako Gobernuaren xedapen horiei, aipatutako legegintzarako eskuordetzearen ondorio direnei, “tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu” izena emanen zaie, 14/2004 Foru Legearen 53.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Estatuan, ekainaren 25eko 11/2022 Errege Lege Dekretuak, zeinak zenbait neurri hartu eta luzatzen baitzituen Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko, kalteberatasun sozial eta ekonomikoko egoerei aurre egiteko eta La Palma uhartearen susperraldi ekonomiko eta sozialerako, batetik, zerga neurri berri batzuk hartu ditu, eta, bestetik, 2022ko abenduaren 31ra arte luzatu du aurreko errege lege dekretuetan adostutako beste neurri batzuen indarraldia.

Bereziki, EEEBZaren zerga-oinarriaren erregulazioa aldatu du, lotutako pertsona edo erakundeen artean eragiketak egiten direnean hura nola kalkulatu behar den aurreikusteko. Horrela, alderdien artean hitzartutako prezioa ezin izanen da merkatuko balioa baino txikiagoa izan, zeina sozietateen gaineko zergaren araudian aurreikusitako edozein balorazio-metodo aplikatuz zehaztuko baita.

Era berean, BEZaren ehuneko 4ko tasaren aplikazioa luzatu du erabili eta botatzeko maskara kirurgikoen entrega, inportazioa eta eskurapenetan, Europar Batasunaren barruan egiten direnetan.

Horrez gain, EEEBZaren etena luzatu du eta, luzapen berri horrekin bat etorriz, zerga-oinarria eta zergaren araudian araututako ordainketa zatikatuen zenbaketa aldatu ditu.

Azkenik, 2022ko abenduaren 31ra arteko ondorioekin, %10etik %5era murriztu du faktura elektrikoaren osagai guztien gaineko BEZaren zerga-tasa, 10 kW-eko potentzia-termino finkoa gainditzen ez duten kontratuetarako, fakturazioaren aurreko hilean handizkako merkatuan hileko batez besteko prezioa 45 euro/MWh baino handiagoa denean; bai eta elektrizitatearen hornidura-kontratuen titularren alde egindako horniduretarako ere, baldin eta titular horiek bono soziala jasotzen badute eta, gainera, kaltebera larriaren edo gizarte-bazterketa arriskuan dagoen kaltebera larriaren izaera aitortuta badute, handizkako merkatuko elektrizitatearen prezioa edozein dela ere.

Nafarroako Foru Komunitatean, erabili eta botatzeko maskara kirurgikoen entrega, inportazio eta eskurapenetan, Europar Batasunaren barruan egiten direnetan, BEZaren %4ko tasa murriztua 2022ko ekainaren 30era arte aplikatzeari buruzko neurria araututa dago Tributu Harmonizazioari buruzko otsailaren 2ko 1/2022 Legegintzako Foru Dekretuan, zeinaren bidez aldatzen baitira balio erantsiaren gaineko zerga eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Bestalde, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga aldi baterako eteteari eta, 2022ko ekainaren 30era arte, elektrizitate-hornidura jakin batzuetarako balio erantsiaren gaineko zergaren tasa murriztua aplikatzeari buruzko neurriak araututa daude Tributu Harmonizazioari buruzko apirilaren 13ko 2/2022 Legegintzako Foru Dekretuan, zeinaren bidez luzatzen baitira balio erantsiaren gaineko zergarekin eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergarekin lotutako zenbait neurri.

Horregatik guztiagatik, tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu hau eman behar da, aipatutako zergei dagokienez Foru Komunitatean aplika daitezen Estatuan indarrean diren arau substantibo eta formal berak.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko uztailaren bostean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Lehen artikulua.–Aldatzea 11/2015 Foru Legea, martxoaren 18koa, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga arautzen dituena.

2022ko ekainaren 27tik aurrera ondorioak izateko, aldatzen da 11/2015 Foru Legearen lehen artikuluko zazpigarren.1 apartatua, eta hemendik aurrera testu hau izanen du:

“1. Zerga-oinarria izanen da energia elektrikoa ekoizteagatik eta sistema elektrikoan sartzeagatik zergadunak instalazio bakoitzeko eta zergaldi bakoitzean eskuratu beharreko zenbatekoa, energia elektrikoa zentraleko barretan neurtua.

Horri dagokionez, zenbateko osoaren kalkuluan kontuan hartuko dira Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean ezarritakoaren ondoriozko araubide ekonomiko guztietan aurreikusitako ordainsariak, kasuan kasuko zergaldikoak, baita berariazko araubide ekonomikoan aurreikusitakoak ere, uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetan energia elektrikoa ekoizteko eta sistema elektrikoan sartzeko jarduerez den bezainbatean.

Lotutako pertsona edo entitateen artean eragiketak egiten direnean, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legean xedatutakoaren arabera, ordainsaria ezin izanen da merkatuko balioa baino txikiagoa izan. Merkatuko baliotzat hartuko da pertsona edo erakunde independenteek lehia askearen printzipioa errespetatzen duten baldintzetan erabakitakoa. Ondorio horietarako, merkatuko balioa zehazteko, abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legean jasotako edozein metodo aplikatuko da.”

Bigarren artikulua.–Zerga-neurrien luzapena.

2022ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin, 2022ko abenduaren 31ra arte luzatzen da Sendagaien Prezioetarako ministerioen arteko Batzordearen 2020ko azaroaren 12ko Erabakian aipatzen diren erabili eta botatzeko maskara kirurgikoen entrega, inportazioa eta eskurapenetan, Europar Batasunaren barruan egiten direnetan, balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 4ko zerga-tasa aplikatzea, Tributu Harmonizazioari buruzko urtarrilaren 13ko 1/2021 Legegintzako Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian aurreikusia. Legegintzako foru dekretu horren bidez aldatzen da Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea.

Hirugarren artikulua.–Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga-oinarria eta ordainketa zatikatuen zenbatekoa zehaztea 2022ko zergaldirako.

2022ko zergaldian, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga-oinarria hau izanen da: energia elektrikoa ekoizteagatik eta sistema elektrikoan sartzeagatik zergadunak instalazio bakoitzeko eta zergaldi bakoitzean eskuratu beharreko zenbatekoa, energia hori zentraleko barretan neurtua, kenduta ekitaldian sisteman sartutako elektrizitateagatik jasotako ordainsariak.

2022ko lau hiruhilekoei dagozkien ordainketa zatikatuak kalkulatzeko, epe horretan ekoiztutako eta sistema elektrikoan sartutako energia elektrikoaren balioa zero eurokoa izanen da, betiere energia hori zentraleko barretan neurtuta.

Laugarren artikulua.–Energia elektrikoaren entrega, inportazio eta eskurapen jakin batzuetan, Europar Batasunaren barruan egiten direnetan, aplikatu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren zerga-tasa.

2022ko uztailaren 1etik aurrera ondorioak izateko, eta indarraldia, berriz, 2022ko abenduaren 31ra artekoa, balio erantsiaren gaineko zergan ehuneko 5eko zerga-tasa aplikatuko zaie Europako Batasunaren barruan honakoen alde egiten diren energia elektrikoaren entrega, inportazio eta eskurapenei:

a) Elektrizitatez hornitzeko kontratuen titularrak, potentzia kontratatua (potentzia-termino finkoa) 10 kW-ekoa edo txikiagoa denean, edozein dela ere horniduraren tentsio maila eta kontratazio mota, baldin eta eguneroko merkatuko batez besteko prezio aritmetikoa, fakturazio epeko azken egunaren aurreko azken hilabete naturalari dagokiona, 45 eurotik gorakoa izan bada MWh-ko.

b) Elektrizitatez hornitzeko kontratuen titularrak, elektrizitatearen bono soziala jasotzen badute eta kaltebera larriaren edo gizarte-bazterketa arriskuan dagoen kaltebera larriaren izaera aitortua badute, Kontsumitzaile kalteberaren figura, bono soziala eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileak babesteko beste neurri batzuk arautzen dituen urriaren 6ko 897/2017 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta bertan aurreikusitako ondorioak izanen ditu.

Iruñean, 2022ko uztailaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2209776