15. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERA

Xehetasun-azterketa, 3. poligonoko 130. lurzatian. Behin betiko onespena

Promociones Urbanísticas Bidasoa SL merkataritza-sozietateak xehetasun-azterketa bat aurkeztu zuen Berako Udalean 2020ko uztailaren 23an, Berako 3. poligonoko 130. lurzatian eraikuntza berriko eraikuntza-jarduketa bat gauzatu eta exekutatu ahal izateko plangintza egikaritzeko aurrekontuak zehazteko. Azterketa horren bidez, bada, lurzati horretan zehazteke dauden antolamendu xehatuaren parametroak osatu eta definitzen dira, gauzatu nahi den bizitegi-eraikin berriari aplikatzekoak, hain zuzen.

Esan bezala, xehetasun-azterketa horren helburua da Berako 3. poligonoko 130. lurzatian eraikuntza berriko eraikuntza-jarduketa bat gauzatu eta exekutatu ahal izateko plangintza egikaritzeko aurrekontuak zehaztea, izan ere egikaritze aurrekontu horiek zera eskatzen dute: lurzoru motaren arabera ezarrita dagoen tresnarik xehatuena behin betiko onestea.

Berako Udal Planean zehaztuta daude jada hirigintzako honako alderdi hauek egikaritzeko aurrekontuak: eraikigarritasuna edo hirigintzako aprobetxamendua (sestra gaineko azalera eraikiaren 1 m²/m² bider lurzatiaren azalera gordina; horixe baita Udal Plan Orokorraren 25. artikuluan zehaztutako eraikigarritasun determinazioa unitate asistematikoetan edo exekuzio unitateetan sartuta ez dagoen hiri-lurzoru libre pribaturako); erabilerak edo kalifikazioa (bizitegi-erabilera dauka, 3. poligonoko 130. lurzatia sartuta baitago Udal Planeko Herriguneko bizitegi-erabilerako hiri-lurzoruan, Antolamenduko 3.3 planoan); gehieneko etxebizitza kopururik eza (Herriguneko bizitegi-erabilerako hiri-lurzoruan sartutako lurretan ahal beste etxebizitza para daitezke, lur horiek ez badaude sartuta unitate asistematikoetan edo exekuzio unitateetan, aintzat hartuta, batetik, indarrean dagoen foru araudia bizigarritasunari buruz eta, bestetik, gehieneko eraikigarritasunari (1 m²/m²), altuerei, bolumenei eta lerrokadurei buruzko baldintza eta ezaugarriak). Hortaz, zehazteke dauden antolamenduko determinazio bakarrak dira sustatzen den eraikuntza-jarduketaren lerrokadurak eta sestrak zehaztu eta antolatzeari dagozkienak, horiexek baitira xehetasun-azterketa baten berezko alderdiak (1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 63. artikulua).

Berako 3. poligonoko 130. lurzatian eraikuntza-jarduketa bat zehazteko xehetasun-azterketa horren bidez, beraz, soil-soilik zehaztuko dira sustatzen den eraikuntza-jarduketaren lerrokadurak eta sestrak modu xehatuan antolatzeari buruzko determinazioak, Udal Planean xehe-xehe definituta ez daudenak. Haren bidez, aplikatu ahal izanen dira Berako Udal Plan Orokorrean Herriguneko bizitegi-erabilerako hiri-lurzorurako (eta kasu honetan, 3. poligonoko 130. lurzatirako) zehaztutako determinazioak eraikigarritasunari, erabilerei eta dentsitateari buruz. Horrenbestez, Udal Planean zehaztutako determinazioak aipatu lurzoruan gauzatzea ahalbidetzen du eta horretarako gaitzen. Hura kudeatzeko, hain zuzen, jarduketa asistematiko bat eginen da 3. poligonoko 130. lurzatian, baina ez da beharrezkoa aldez aurretik hura mugatzea eta muga horiek normalizatzea, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak ahalmena ematen baitu lurzatian zuzenean jarduteko (1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 137., 138. eta 95.2 artikuluak).

Xehetasun-azterketa hori onesteak bide ematen du 3. poligonoko 130. lurzatian eraikuntza berriko eraikuntza-jarduketa egikaritzeko aurrekontu guztiak osatu eta zehazteko, definitzen baititu sustatzen den eraikuntza-jarduketaren bolumenak, lerrokadurak eta sestrak zehaztu eta antolatzeari buruzko determinazioak. Orobat, horrek bide emanen du lurzati horretan zuzenean (eta aldatu gabe) aplikatzeko eraikigarritasunari, erabilerei, dentsitateari eta etxebizitza kopuruari buruzko parametroak eta determinazioak, Plan Orokorrean Herriguneko bizitegi-erabilerako hiri-lurzorurako zehaztutako horiexek.

1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 74 c) artikuluan, xehetasun-azterketak izapidetzeari buruz ezarrita dago haien hasierako onespena onetsi edo ukatzeko epea, gehienez ere, bi hilabetekoa dela, dokumentazio guztia Udal Erregistroan aurkezten denetik zenbatzen hasita. Era berean, legegintzako foru-dekretu horren 72.1 a) artikuluan xedatutakoaren arabera, hasiera batez onetsita daudela ulertuko da, epe hori igarotzen bada hasierako onespenerako behar den ebazpena eman gabe edo, ekimen partikularreko planen kasuan, horiek ukatzeko erabakia eman gabe. Azken artikulu horretan xedatuta dago, halaber, hasierako onespenetik hasi eta hilabeteko epean, Udalak hasierako onespenari buruzko iragarkia igorriko duela Nafarroako Aldizkari Ofizialera, argitara dadin. Dena den, jarduketa hori planeamenduko tresnaren sustatzaileak berak zuzenean egin dezake (kasu honetan, xehetasun-azterketa da planeamenduko tresna). Xehetasun-azterketen kasuan, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan ezarrita dago jendaurreko aldia 20 egunekoa izanen dela, hasierako onespenaren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina.

2020ko uztailaren 23an aurkeztutako xehetasun-azterketa izapidetzeko espedientean ez dago jasota hasierako onespenari uko egiten dion administrazio-egintzarik, ez eta espedientea iraungi dela ohartarazten duen administrazio-egintzarik ere. Halaber, Udalak ez dio txosten tekniko edo juridikorik bidali xehetasun-azterketa sustatzen duen merkataritza-sozietateari, hasierako onespen horri buruz.

Inguruabar hori kontuan hartuz, eta aplikatuz 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 74. eta 72. artikuluetan ezarritakoa, Promociones Urbanísticas Bidasoa SL merkataritza-sozietateak argitara eman zuen 2020ko 266. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 13an, 3. poligonoko 130. lurzatiari buruzko xehetasun-azterketaren hasierako onespenari buruzko iragarkia, dokumentazio guztia Udal Erregistroan aurkeztu zenetik bi hilabete igaro ondoren hasiera batez onetsita baitzen, eta Berako Udalak ez baitzuen hasierako onespenaren iragarkia igorri hilabeteko epean.

Xehetasun-azterketa jendaurrean egon zen hogei egunean, iragarkia 2020ko 266. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 13an, argitaratu ondotik, azter zedin eta bidezko alegazioak aurkez zitezen.

Berako Udalaren Osoko Bilkurak 2020ko abenduaren 23an hartutako erabakiaren bidez (Promociones Urbanísticas Bidasoa SL merkataritza-sozietateari 2021eko urtarrilaren 5ean jakinarazia), erabaki zen “3. poligonoko 130. lurzatiaren eraikuntza berriko eraikuntza-jarduketa gauzatzeko xehetasun-azterketaren behin betiko onespena ukatzea, ez baitator bat ez plangintzarekin, ez hirigintza-araudiarekin; dagokion tresna hiri-jarduketarako plan berezi bat da”. Horrenbestez, etenda gelditu zen xehetasun-azterketa jendaurrean izateko bi hilabeteko epea, aipatu erabakia urtarrilaren 5ean jakinarazi zenetik, eta bi hilabeteak betetzeko urtarrilaren 13ra bitarteko egunak falta zirela.

Udal erabaki horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zen Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua. Auzitegi horrek, 2021eko irailaren 15eko 1.513 Ebazpenaren bidez, Promociones Urbanísticas Bidasoa SL merkataritza-sozietateak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa baietsi zuen, eta Udalari epe bat eman zion, hain zuzen ere, xehetasun-azterketa behin betiko onesteko bi hilabeteko epea amaitzeko 2021eko urtarrilaren 5etik aurrera falta zen epearen baliokidea.

Bi hilabeteko epea amaitzeko falta zen denbora igaro zen, eta Berako Udalak ez zuen inolako jarduketarik egin, ez zuen administrazio-egintzarik bere gain hartu, eta ez zuen txostenik egin xehetasun-azterketaren proposamenaren aurka bestelako eragozpen juridikoren bat ezartzeko –Administrazio Auzitegiak jada argudiatu eta baztertutako eragozpenez gain–, ezta hobekuntzaren bat sartzeko ere (behar bezala arrazoituta eta planeamenduak emandako eskubideei kalterik egin gabe), aipatutako xehetasun-azterketan proposatutako antolamenduan.

Gainera, jendaurreko epean ez da xehetasun-azterketaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Aurkeztutako xehetasun-azterketan jaso da foru araudian xede honetarako eskatzen den dokumentazio guztia. Izan ere, xedea da definitzea, bakar-bakarrik, sustatzen den eraikuntza-jarduketaren bolumenak, lerrokadurak eta sestrak zehaztu eta antolatzeari buruzko determinazioak. Arrazoiak dira, batetik, hirigintza-antolamenduko gainerako determinazioak eta hirigintza egikaritzeko aurrekontuak Udal Planean eta ordenantzetan definituta daudela; eta, bestetik, hiri-lurzoru finkatuez ari garela eta lurzoru mota horrek bere araubide juridikoa daukala eta, azkenik, hizpide dugun eraikuntza-jarduketa kudeatzeko dagokion jarduketa asistematikoa eginen dela dagokion lurzatian.

1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 74. artikuluak ezartzen du xehetasun-azterketen behin betiko onespenari dagokionez, ezen “Jendaurreko epean alegaziorik aurkezten ez bada, dokumentua behin betiko onetsiko dela”, eta kontuan hartuz xehetasun-azterketak izapidetzeko araubidea ere 72. artikuluan ezartzen dela, 74. artikuluak berak hara igorrita, 72.1 c) artikulutik ondorioztatzen da bi hilabetekoa dela xehetasun-azterketa behin betiko onesteko gehieneko epea, jendaurreko epea bukatzen denetik kontatzen hasita. Artikulu horren arabera, epe hori igaro eta ebazpenik eman ez bada, xehetasun-azterketa onetsitzat joko da, eta, kasu horretan, sustatzaileak zuzenean bete ahal izanen ditu planaren publizitate- eta komunikazio-betebeharrak, foru lege honen 79.1 artikuluan aipatzen direnak.

Jendaurreko epea bukatu eta bi hilabeteko epean, Berako Udalak ez du ebazpenik eman. Beraz, behin betiko onetsita dago aipatu xehetasun-azterketa, alegia, Berako 3. poligonoko 130. lurzatian eraikuntza berriko eraikuntza-jarduketa bat gauzatu eta exekutatu ahal izateko plangintza egikaritzeko aurrekontuak zehazteko xehetasun-azterketa.

1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 74. eta 72. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz, behin betiko onetsi denez xehetasun-azterketa, Berako 3. poligonoko 130. lurzatian eraikuntza berriko eraikuntza-jarduketa bat gauzatu eta exekutatu ahal izateko plangintza egikaritzeko aurrekontuak zehazteko, argitara ematen da aipatu xehetasun-azterketa horren behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Beran, 2021eko abenduaren 10ean.–Promociones Urbanísticas Bidasoa SLren ordezkaria, José Ignacio Navarro Mendinueta.

Xehetasun-azterketa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2117856