149. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

220E/2022 EBAZPENA, ekainaren 29koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen baitzaio Esteribarko udal-mugarteko 15. poligonoko 451. lurzatian baliabide eolikoaren neurketarako dorre bat instalatzeko proiektuari. Saresun Rosales SL da sustatzailea.

Goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “M” epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuaren arabera, instalatu nahi den dorre meteorologikoa Ferroval 450 modeloa da, sekzio triangeluarreko saretazko egitura du, 99,50 m-ko garaiera, eta 10 mm-ko diametroko euste tiranteen bidez txarrantxatzen da. Tiranteak elkarren artean 120º banatutako hiru planotan kokatzen dira, plano bakoitzean 12 tirante, 12 altueratan lotuta dorreari. Ainguraketen eta dorrearen oinarriaren arteko distantzia 15, 30, 40, 50 eta 60 metrokoa da, hurrenez hurren. Dorrea zoruan atxikitzeko 50 cm x 50 cm-ko oinarri metalikoa erabiliko da, 10 mm-ko bernoekin ainguratuko dena lurrean. Tiranteak lurrean ainguratuko dira 40 mm-ko diametroko metalezko pika edo barra bat zuzenean lurrean sartuta, 120 cm sakon.

Dorrea gorriz eta zuriz margotuko da, eta, gainera, intentsitate txikiko bi baliza gorri gauez seinaleztatzeko eta txoriak babesteko balizak jartzea planteatzen da.

Espedientean Esteribarko Udalaren aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuaren kontrako txostena egin du. Izan ere, kontuan izanik hegazti mehatxatuen presentzia eta haiek talka egiteko arrisku handia, hesi efektua, mendebaldeko paleartikoko hegaztien Atlantikoko migrazio ibilbide garrantzitsuenetako batean eta Pirinioen eta Kantauriar mendikatearen arteko komunikazio korridorean izanen duten eragina, inguruko KBE batzuen kontserbazioaren oinarri diren funtsezko elementuetako batzuetan izan dezakeen eragina, paisaiaren gaineko inpaktua, eta despopulazio arriskua areagotu dezaketela, ez dira bideragarritzat jotzen ez proiektu honekin lotuta doan “Navarra 2” haize-parkea, ez 1.200 metro pasatxora kokatutako “Navarra 1” haize-parkea eta, hain zuzen, haize-parke horien kontrako ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin da, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 23ko 486E/2022 Ebazpenaren bidez.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea Esteribarko udal mugarteko 15. poligonoko 451. lurzatian baliabide eolikoaren neurketarako dorre bat instalatzeko proiektuari. Saresun Rosales SL da sustatzailea.

2. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak –Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak– 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Esteribarko Udalera, Basozainei (Aezkoa-Kintoko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko ekainaren 29an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2209535