145. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORKOIEN

Udal ordenantza, arautzen duena Udalaren tenis pistaren erabilera. Behin betiko onespena

Orkoiengo Udalak, 2022ko apirilaren 28an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen duena Orkoiengo Udalaren tenis pistaren erabilera. Argitaratu zen 2022ko 95. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 17an.

Bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), eta jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako ordenantza onetsi, eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Orkoienen, 2022ko ekainaren 29an.–Alkatea, Carlos Arróniz Loyola.

UDAL ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA ORKOIENGO UDALAREN TENIS PISTAREN ERABILERA

1. artikulua. Helburua.

Ordenantza honen helburua da arautzea Udalaren tenis pistaren erabilera (Ipertegi industrialdean dago), azpiegitura honek herritarrei eman diezaien ahalik eta zerbitzurik zabalena eta hoberena.

2. artikulua. Erabilera:

a) Instalazioa libreki erabil daiteke, baina soil-soilik tenis kirolean aritzeko, salbu Udalak behar bereziak baditu edo baimen bereziak ematen baditu.

Ezin izanen da kirolik edo bestelako jarduerarik egin baldin erabiltzen badira instalazioa andeatzen, zikintzen edo hondatzen duten elementuak.

b) Udalak erabateko lehentasuna izanen du instalazioa erabiltzeko, dela udal kirol eskoletarako, ikastaroak egiteko, erakustaldietarako, edo Udalak antolatzen dituen beste edozein ekitalditarako.

c) Arau orokor gisa, pista libreki erabil daiteke, eta Orkoiengo herritarrek izanen dute lehentasuna.

Baldin talde bat pista erabiltzen ari bada eta beste bat agertzen bada pista erabili nahian, lehenbiziko taldeak jokatzeari utzi beharko dio gehienez ordu bat igarotakoan, bestea instalazioan agertu denetik.

Iritsitako ordenari jarraituz jokatuko dute erabiltzaileek. Pista erabiltzeko zain daudenek kantxan bertan itxoin beharko dute.

d) Udalak baimendu dezake tenis pista erabiltzea lagapen edo alokairu bidez, aldez aurretik egoki den eskaera tramitatuta tenis kirolean aritzeko.

Kasu horietan, oro har, orduko bi euroko alokairua ordaindu beharko da. Alokairu horrek erabiltzeko lehentasuna ekarriko du, ordainketaren frogagiria aurkeztuta.

Udalaren tenis pista erabiltzeko atal honetan aipatzen diren eskaerak egin beharko dira bi egun lehenago gehienez, erabiltzea aurreikusten den egunetik, erroldatu gabeen kasuan. Orkoienen erroldatutakoen kasuan, noiznahi erreserba dezakete, libre baldin badago, betiere gehienez ere zazpi egun lehenago.

Pertsona berak gehienez ordu bat erreserba dezake astean. Ondoz ondoko bi ordu erabil daitezke gehienez, bi eskatzaile desberdinek erreserbatuta, eta biek erabili beharko dute batera.

Aurrez aurre eginen da eskaera, Udaleko Kirol Zerbitzuaren bitartez, edo Zentro Zibikoko atezaintzan; bertan ordainduko da eta jasoko da ordainketaren frogagiria.

Udalak doan laga dezake pistaren erabilera, elkartasunezko edo ororen intereseko ekimenak edo jarduerak gauzatzeko, dagokion eskaera izapidetu ondotik betiere.

e) Erabiltzeko ordutegia: 9:00etatik 21:00ek arte, baldin aski argirik badago. Ez da inolako jarduerarik baimenduko baldin berekin badakar inolako eragozpenik, eta ez dago baimendurik ez edari alkoholdunik ezta tabakoa erretzerik ere.

f) Instalazioa gaizki erabiltzeak kalterik baldin badakar, erabiltzaileek beren gain hartuko dute erantzukizuna.

g) Orkoiengo Udalak kartel bat jarriko du instalazioan, funtzionamendu eta erabilera arau oinarrizkoekin.

Iragarkiaren kodea: L2209524