142. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, 2022ko ekainaren 22koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Corellako herri-lurretako ondasunak berreskuratzeko oinarri orokorrak onesten dituena.

Corellako Udalak, bere herri-lurretako ondasunak zehaztearren eta hasiera batez herri-lurtzat hartzen diren finken titulartasunaren gainean sor daitezkeen erreklamazio auziak saihestearren, herri-lurretako ondasunak berreskuratzeko oinarri orokor batzuk prestatu ditu, zeinetan partikularren aprobetxamendurako eskubidea konpentsatzen baita.

Corellako Udalak onartu du udalerriko herri-lurretako ondasunen zati handi bat etengabe eta modu iraunkorrean aprobetxatu dutela, duela mende bat baino gehiagotik hona, aprobetxamendurako eskubidea duten titularrek, baina hori ez dator guztiz bat herri-ondasunen gaineko foru arauekin. Izan ere, aprobetxamendurako eskubide horietako batzuek Tuterako Jabetza Erregistrora jo dute, eta eskualdatze baketsuen xede izan dira. Haatik, horrek ez du esan nahi herri-lurretako ondasunaren izaera galdu dutenik, eta, horrenbestez, Udalaren betebeharra da horien jabetza berreskuratzea.

Corellako Udalak bidea erraztu nahi du irtenbide globala emateko Cierzo eta Argenzón mendietan Corellako Udalak dituen lurren problematikari. Irtenbide horrek ondasunen izaera juridikoa errespetatu beharko du, herriaren interes orokorraren alde egin, dauden aprobetxamendurako eskubide partikularrak aitortu eta udalari zein partikularrei segurtasun juridikoa eman aipatutako lurren jabetzari, erabilerari eta gozamenari dagokienez.

Nafarroako Gobernuak eskatuta, Zaragozako Unibertsitateak ikerlan bat egin zuen Cierzo eta Argenzón mendien izaera juridikoaren gainean, 2001ean, eta hartan ondorioztatu zen herri-ondasunak direla. Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoak 2003an egin zuen txostenak horixe bera ondorioztatu zuen.

“Corellako herri-lurretako ondasunak berreskuratzeko oinarri orokorrak” hasiera batean onetsi zituen Udalak 2021eko apirilaren 15eko bilkuran, eta behin betiko, 2022ko martxoaren 24koan.

Proposatutako oinarri orokor horiek Corellako udal-mugarte osoan izanen dira aplikatzekoak.

Corellako Udalak oinarri partikularrak onetsi eta proposatzen ahalko dizkie eremu jakin batzuetako herri-lurretako ondasunen aprobetxamenduen titularrei, antzeko ezaugarri edo errealitateko lurzatiak, katastro-poligonoak edo alderdiak badituzte; izan ere, oinarri orokor hauen edukia zehaztuko dute eremu horretan.

Aipatu oinarri orokorrak Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren 30., 31. eta 32. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz prestatu dira. Urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bitartez onetsi zen erregelamendu horrek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen zati bat garatzen du.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Corellako herri-lurretako ondasunak berreskuratzeko oinarri orokorrak onestea. Erabaki honen I. eranskinean jaso dira.

2. Oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen dira aplikatzekoak.

3. Erabaki hau Corellako Udalari (Espainiako plaza z.g., 31591 Corella) jakinaraztea, eta adieraztea erabakiak amaiera ematen diola administrazio bideari eta haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

4. Erabaki hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2022ko ekainaren 22an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

I. ERANSKINA

Corellako herri-lurretako ondasunak berreskuratzeko oinarri orokorrak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 116. artikuluarekin bat

ZIOEN AZALPENA

Cierzo eta Argenzón mendiek Corellari, Tuterari, Cintruénigori, Fiterori, Cascanteri, Monteagudori eta Murchanteri zegozkion 28.359 ha-ko ondasun zatiezina osatu zuten. Lerrokadura hori EZ da Tuterarena, eta Queiles eta Alhama ibaien noranzkoan dago orientaturik.

Mendiak Errege Filipe IV.ari erosi zizkioten zazpi udalerriek, 1665ean, eta haien aprobetxamendua bertako bizilagunei zegokien nagusiki. 1847an, horren mugaketa egin zen.

Izan ere, XIX. mendean, tirabirak sortu ziren gozamendun ziren zazpi udalerrien artean, mendiak aprobetxatzeko moduak zirela-eta, eta horrek ekarri zuen haien artean banaketa egitea. 1890eko ekainaren 16ko epaiaren bidez, Auzitegi Gorenaren 1894ko otsailaren 22ko epaiak berretsia, banaketa nola egin zehaztu zen. Banaketa-eragiketak 1902an gauzatu ziren.

Hizpide dugun hiriari erreparatuta, XX. mende osoan zehar, ikusita Cierzo eta Argenzón mendien izaera eta herri-aprobetxamendua, zeinak bide ematen baitzien zazpi udalerrietako bizilagun guztiei lurrak edozein tokitan aprobetxatzeko, Corellari esleitutako lurren zati baten banaketa eta kudeaketa egitean haren jabetza izan zen eztabaidagai, eta Udalak liskarrak izan zituen Corellako bizilagunekin, baina, batik bat, Cintruénigo eta Fiteroko bizilagunekin.

Abatores mugartearen lurzatiak biltzeko irailaren 12ko 217/1997 Foru Dekretua onestearekin batera, eta mugarte horren lurzatien jabetzari buruz sortu ziren zalantzak zirela medio, Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Idazkaritza Teknikoak txosten bat eskatu zuen, eta hartan ondorioztatu zen Abatores mugartea, osorik, herri-lurretako ondasuna zela, Cierzo eta Argenzón mendien banaketatik eratorria.

Corellako Abatores eremua herri-lurra zela ondorioztatuta, Nafarroako Gobernuak Cierzo eta Argenzón mendien izaera juridikoari buruzko azterlan bat enkargatu zion Zaragozako unibertsitateko irakasle eta herri-ondasunetako espezialista Eloy Colom Piazuelo jaunari; horrek, 2001eko data duen amaierako lanean ondorioztatu zuen Cierzo eta Argenzón mendien izaera juridikoa herri-lurretako ondasuna dela, horrek dituen ondorio guztiekin. Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoak 2003an egin zuen txostenak horixe bera ondorioztatu zuen.

Corellako Udalak, Nafarroako Gobernuko Herri-lurren Atala jakitun dela eta harekin elkarlanean, bidea erraztu nahi du irtenbide globala emateko Cierzo eta Argenzón mendietan Corellako Udalak dituen lurren problematikari. Irtenbide horrek ondasunen izaera juridikoa errespetatu beharko du, herriaren interes orokorraren alde egin, Cierzo eta Argenzón mendietako lurren aprobetxamendurako eskubide partikularrak aitortu eta udalari zein partikularrei segurtasun juridikoa eman aipatutako lurren jabetzari, erabilerari eta gozamenari dagokienez.

Horregatik guztiagatik, Corellako Udalak ondoko oinarri orokor hauek prestatu ditu, eta horiek arautuko dituzte aipatu ondasunen gainean udalaren eta partikularren artean egiten diren transakzio-hitzarmenak.

1. oinarria.

Oinarri orokor hauen xedea da arautzea Corellako Udalak ondorengo ezaugarriak dituzten partikularrekin egiten dituen transakzio-hitzarmenak:

(i) Aprobetxamendurako eskubideen eskriturak edukitzea herri-lurren gainean; eta/edo

(ii) Katastroan Corella herriko herri-lurren aprobetxamendurako eskubideen titular gisa agertzea, mugarik gabe eta eskubidea besterentzeko aukerarekin, eta/edo

(iii) Katastroan titular gisa agertzea, edozein ondoriotarako.

2. oinarria.

Corellako Udalak onartu du udalerriko herri-lurretako ondasunen zati handi bat etengabe eta modu iraunkorrean aprobetxatu dutela, duela mende bat baino gehiagotik hona, aprobetxamendurako eskubidea duten titularrek, baina hori ez dator guztiz bat herri-ondasunen gaineko foru arauekin. Izan ere, aprobetxamendurako eskubide horietako batzuek Tuterako Jabetza Erregistrora jo dute, eta eskualdatze baketsuen xede izan dira. Haatik, horrek ez du esan nahi herri-lurretako ondasunaren izaera galdu dutenik, eta, horrenbestez, Udalaren betebeharra da horien jabetza berreskuratzea.

3. oinarria.

Oinarri orokor hauek Corellako udal-mugarte osoan izanen dira aplikatzekoak. Zehazki, landa-lurzati guztiei aplikatuko zaizkie, ezertan galarazi gabe zuzenbidean oinarria duten beste kausa batzuk, baldin eta, arau orokor gisa, partikularrek aprobetxamendurako eskubidea baizik ez badute herri-lurretako ondasun horien gainean, horien erregistro-inskripzioa izanik ere.

Halakotzat hartzea defenditu eta aplikatuko da, eskura dituen legezko baliabide guztiekin, nagusiki, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean agertzen direnekin.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, herri-lurren gaineko aprobetxamenduari lotuta dauden arazoei edo gerora egon daitezkeenei irtenbide eman nahian, eta bai ukitutako partikularrentzat bai Corellako Udalerako kostu handia izan ditzaketen auziak ekiditeko asmoz, Corellako Udalak erabaki du transakzio eskumena baliatzea. Eskumen hori jasota dago Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 116. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) 30., 31. eta 32. artikuluetan; horrenbestez, transakzioetarako oinarri orokor hauek onetsi ditu, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko die, hori gabe baliogabeak izanen baitira.

4. oinarria.

Corellako Udalak oinarri partikularrak onetsi eta proposatzen ahalko dizkie eremu jakin batzuetako herri-lurretako ondasunen aprobetxamenduen titularrei, antzeko ezaugarri edo errealitateko lurzatiak, katastro-poligonoak edo alderdiak badituzte; izan ere, oinarri orokor hauen edukia zehaztuko dute eremu horretan.

5. oinarria.

Hitzarmen-unitatetzat hartuko dira katastro-titular beraren izenean dauden katastroko eta/edo erregistroko lurzati guztiak, Corellak Cierzo eta Argenzón mendietan dituen alderdietan sarturik badaude.

Hala ere, titulartasun horiek aldatzen ahalko dira, eskualdaketa agiri publiko baten bidez frogatzen bada, edo Udalak bidezkotzat jotzen badu titulartasunaren aldaketa.

6. oinarria.

Katastroko eremuen aprobetxamenduak ez dira hitzarmen honen xede izanen frogatu badaiteke aprobetxamendu horiek eskuratzeko tituluak Corellako Udalean duela jatorria, amaitutako legezko prozedura baten ondorioz.

7. oinarria.

Erregistroko edo katastroko egungo titularrek duten jabetza eta aprobetxamendurako eskubidea konpentsatzeko, bai eta horien gaineko edozein eskubideri edo erreklamazio judiziali borondatez uko egitea konpentsatzeko ere, Corellako Udalak aipatu eskubidea aitortzeko formula bat proposatzen ahalko die, modu justifikatuan oinarri partikularren xede den eremu bakoitzerako, aprobetxamendurako eskubidea eduki eta eskubide hori modu sinesgarrian frogatzen dutenei; aitortza horrek honakoa ekarriko du, lurzatia zertarako erabiltzen den:

a) Eskubidearen titularrari finkarengatik eskuratutako errentagarritasunaren %60 aitortuko zaio hurrengo 30 urteetan, erabilera lagatzen bada edo errentan ematen bada; transakzio-hitzarmena sinatzen denetik izanen ditu ondorioak.

b) Partikularrari bere katastro-titulartasuneko herri-lurretako ondasunen gaineko eskubideen eremuaren %60 arte aitortuko zaio gehienez; bidezko diren lege-onespenen ondoren, erabateko jabetza eskuratuko du. Kasu horietan, oinarri partikularretan finkatuko dira, txosten teknikoen bidez, balorazioak eta Udalaren eta partikularren arteko konpentsazio ekonomikoak.

8. oinarria.

Titularrari dagokion aprobetxamendurako eskubidea transakzio-hitzarmena sinatzean iraungiko da, eta titularrari konpentsazio gisa aitortuko zaio transakzio-eremu bakoitzerako oinarri partikularretan ezartzen dena.

9. oinarria.

Katastroko lurzatia eta finken errealitate fisiko edo juridikoa ez badatoz bat, transakzio-hitzarmena eskatzen duen partikularrak identifikatu, definitu eta mugarritu beharko du hitzarmenaren xede den aprobetxamendurako lurra, Corellako Udalarekin eta Nafarroako Gobernuko Herri-lurren Ataleko langileekin batera. Horrek eragiten dituen gastuak erdibana ordainduko dituzte Udalak eta partikularrak.

Udalak du identifikatutako eremu erreala hitzarmenaren unitatetzat hartzeko ahalmena, hitzarmenaren ondorioetarako.

10. oinarria.

Oinarri orokor hauek Nafarroako Gobernuak onespena eman eta biharamunean izanen dira indarrean, zortzi urtez, aipatu data horretatik aurrera.

11. oinarria.

Udalerrian prestatuko diren oinarri partikularrei atxikitzen zaizkien partikularrek banakako transakzio-hitzarmen zehatz bat onets dadila eskatu beharko dute, oinarri horiek indarra hartu eta hilabeteko epean gehienez ere. Horretarako, idazki bat igorriko diote Corellako Udalari; hartan adierazi beharko dute oinarri partikularretan ezarritakoa onartzen dutela, eta zerrendatuko dituzte zein aprobetxamendutarako eskatzen den hitzarmena. Idazkiari erantsi beharko diote zinpeko deklarazio bat, aitortzen duena hitzarmenaren xede diren aprobetxamendu horiek direla haien eskrituretan agertzen diren guztiak edo oinarri partikularren xede diren alderdietan haien titulartasunpean daudenak. Halaber, haien aldeko notario-eskrituren fotokopia aurkeztuko dute, halakorik badute.

Oinarri partikularren aplikazioaren ondorioz eskatzen diren hitzarmenak Corellako Udalak onetsi beharko ditu, jendaurrean hilabetez egon ostean, eta hitzarmenaren edukiaren arabera eskumena duten foru erakundeek ere onetsi beharko dituzte, onespen hori gabe baliogabeak izanen baitira. Hasierako onespena behin betikoa bihurtuko da alegaziorik aurkezten ez bada.

Transakzio-hitzarmena publiko egiteko erabakia, notario-eskritura bidez, Corellako notariotzan eginen da; Udalak horretarako dei fede-emailea egin beharko du, 7 egun lehenago gutxienez.

Transakzio-hitzarmena sinaturik orain arteko eskubide aitortu hori iraungiko da, eta partikularrak uko eginen dio finken aprobetxamenduaren gainean izan dezakeen beste edozein eskubideri.

Eskubide errealik edo finkari karga ezartzen dioten zergarik badago, horiek hitzarmena sinatu aurretik kendu beharko dira.

12. oinarria.

Hitzarmenaren xede diren lurrak Udalaren esku geratuko dira erabat, eta transakzio-hitzarmenarekin bat, Corellako Udalaren izenean inskribatuko dira Jabetza Erregistroan, herri-lurrak direla adierazita.

Transakzio-hitzarmenaren eskritura publikoa eskuratzeko gastuak erdizkan ordainduko dituzte partikularrak eta Corellako Udalak.

Iragarkiaren kodea: F2209318