142. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak hartua, 2022ko ekainaren 22koa, Esako udal-mugartean (Nafarroa) dagoen Leireko San Salbatore monasterioa izeneko monumentuaren babes ingurunearen behin betiko mugatzea onesten duena.

Leireko San Salbatore monasterioa izeneko monumentua, Esako udal-mugartean dagoena, monumentu nazional deklaratu zuten 1867ko urriaren 16ko Errege Aginduaren bidez. Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen lehenengo xedapen gehigarria aplikatuz, interes kulturaleko ondasun izaera dauka, eta izendapen hori ere dagokio.

Monasterioaren babes eremua Nafarroako Gobernuaren 2011ko abenduaren 21eko Erabakiaren bidez mugatu zen, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin bat.

Esako Udal Plan Orokor berriak ezarritako kalifikazioen ondorioz, interes kulturaleko ondasuna den Leireko monasterioaren babes ingurunearen mugatzea berrikusi da, bai eta ingurune horretarako hirigintza-determinazioak ere; determinazio horiek, 14/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, udalaren hirigintza-planean jaso behar dira.

Aipatutako foru lege horren arabera, espedienteak beharrezkoak ditu ondasuna behin-behinekoz mugatzea, jendaurreko fasea ezartzea eta behin betiko onestea Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren urriaren 20ko 281/2021 Ebazpenak behin-behinean mugatu zuen Esako udal-mugartean (Nafarroa) dagoen eta interes kulturaleko ondasuna den Leireko San Salbatore monasterioa izeneko monumentuaren babes ingurunea, eta jendaurrean jarri zuen espedientea. Ebazpen hori 2021eko 260. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 15ekoan.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak gomendio bat egin du espedienteari buruz, eta kasu egin zaio.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak, 2022ko otsailaren 9an, mugaketzearen aldeko txostena eman du.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Kiroleko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Esako udal-mugartean (Nafarroa) dagoen Leireko San Salbatore monasterioa izeneko monumentuaren babes ingurunearen behin betiko mugaketzea onestea.

2. Leireko San Salbatore monasterioaren babes ingurunea lurzati hauek osatzen dute: 403., 391. eta 392. lurzatiak; 385., 389., 393. eta 395. lurzatietako eremu batzuk, zehazki, monasterioaren eliza erdigune harturik, 120 metroko erradioko zirkulu batean sartzen direnak; eta 385. lurzatiko lur batzuk, 403. lurzatiaren hegoaldera daudenak, monasterioaren garai bateko baratzearen hegoaldeko mugatik doan bideraino. Lurzati horiek guztiak Esako udalerriko 1. poligonoaren barruan daude.

Ingurune horretarako proposatzen diren babes neurriak 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritakoak dira, hots: beharrezkoa izanen da kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako.

Gainera, ingurune horretarako honako determinazio hauek ezarri dira, zeinak Esako Udalak txertatu beharko baititu Esako udalaren hirigintza-planean, aldaketa baten bidez, 14/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz:

1. Esako udal planean “Babestu beharreko lurzoru urbanizaezina, balio kulturala duen lurzorua, Leireko monasterioa interes kulturaleko ondasunaren ingurunea” izena duen ingurunearen mugaketa bat etorriko da interes kulturaleko ondasunaren babes eremuaren mugaketarekin. Lur horietan, monasterioaren erabilerari eta funtzionamenduari loturiko jarduera, eraikin eta instalazio guztiak baimenduko dira, baina kultura arloan eskumena duen departamentuaren baimena beharko dute, 14/2005 Foru Legean ezarri bezala.

2. Esako udal planean “Leireko monasterioaren ingurunea” izeneko paisaia berezi gisa (babestu beharreko lurzoru urbanizaezina, paisaia aldetik balioa duen lurzorua) sailkatuta dagoen eremuaren mugaketak kanpoan utziko du interes kulturaleko ondasunaren babes ingurunea.

3. Udal planean, interes kulturaleko ondasunaren ingurunearen eremuaren barruan, gorde beharreko lurzoru urbanizaezinaren sailkapena aldatuko da: ingurumen aldetik balioa duen lurzorua, baso lurzorua izeneko azpikategoriatik aterako da, eta balio kulturala duen lurzorua izeneko azpikategorian sartuko. Lur horietan, monasterioaren erabilerari eta funtzionamenduari loturiko jarduera, eraikin eta instalazio guztiak baimenduko dira, baina kultura arloan eskumena duen departamentuaren baimena beharko dute, 14/2005 Foru Legean ezarri bezala.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko ekainaren 22an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2209251