135. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

180E/2022 EBAZPENA, ekainaren 14koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen-ukipenetarako baimena ematen baitzaio neurketa anemometrikoko bi dorre Eneritzen instalatzeko proiektuari. Sustatzailea Enel Green Power España SL da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-ukipenetarako baimena lortzeko eskaera Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Neurketa anemometrikoko bi dorre instalatu nahi dira, 99,5 m-ko altuerakoak, koordenatu hauetan: X: 602.197, Y: 4724163 eta X: 602.182, Y: 4.722.805, Enerizko udal-mugartean.

Bi kasuetan, sekzio triangeluarreko saretazko egitura izanen da, 8 mm-ko diametroko altzairuzko tiranteen bidez txarrantxatuko dena. Tiranteak elkarren artean 120 graduko tartea izanen duten hiru planotan kokatuko dira, eta lurrean ainguratuta egonen dira 1,50 m-ko sakoneran lurperatutako altzairu galvanizatuzko plaken bidez. Dorrea altzairuzko plaka baten bidez lotuko zaio lurrari, hormigoizko zapata baten bidez ainguratuta.

Espedientean Enerizko Udalaren aldeko txostena dago. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Ingurumen Eraginaren Atalak txostena eman du, baldintza batzuk ezarrita.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ematea Eneritzen neurketa anemometrikoko bi dorre instalatzeko proiektuari. Sustatzailea Enel Green Power España SL da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Dorrearen tentsore-soka guztietan hegaztiak babesteko balizak jarriko dira, tentsoreak hobeto ikus ditzaten eta horien kontra jo ez dezaten. Balizak hiruzuloka jarriko dira kableen artean, kadentzia honekin: baliza bat 10 metroan behin, kable bereko ondoz ondoko bi balizaren artean. Hala, gehienez 5 m-ko distantzia horizontala izanen da tenkagailuen artean. Gainera, eraginkorragoa izan dadin ohitura krepuskularrak dituzten hegaztiekin edo laino egunetan, errotazio-baliza islatzaileak instalatuko dira kable guztietan, 20 metroko kadentziarekin.
  • Dorreak egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira. Soberako lurren eta obra-materialen hondakinak kudeatzaile baten esku jarri beharko dira, edo hondakindegi baimendu batera eraman, hondakin motaren arabera.
  • Dorreak funtzionamenduan dauden bitartean, jarraipen plan bat garatuko da, puntu hauek aurreikusiko dituena, antzeko beste instalazio batzuetarako ezarrita dagoen antzera:
  • Hilean hileko bisitak, hegaztien babeserako balizak erori baldin badira horiek berriz jartzeko eta instalazioak abifaunaren gainean duen eragina kontrolatzeko, aztarnarik edo hilotzik ote dagoen begiratuz.
  • Txostenak egitea lau hilean behin, neurketa-antenaren bat instalatuta dagoen bitartean, bisita horien emaitzak jasotzeko, gehienbat ikusgarritasuna hobetzeko neurriaren egokitasunaz eta egindako mantentze-lanez, bai eta abifaunari eta kiropteroei dagokienez gertatu diren gorabeheren erregistroa egiteko ere: espeziea, espeziearen kategorizazioa, alearen ezaugarriak (arra/emea/heldua, heldugabea, gaztea, etab.), ale kopurua, urte-sasoia, etab.
  • Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, dorreak gehienez bi urtean egonen dira instalatuta. Dorreak desmuntatu ondoren, eremua garbi geldituko da, eta lurrak leheneratuko dira; hondakinak sortu badira bakoitzaren izaeraren arabera kudeatuko dira, dagokien araudia betez.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek parametro eolikoak neurtzeko bi dorre eraikitzea baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraikiz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, eraikuntzek eta itxiturek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 86. artikuluan ezarritakoa betetzeko asmoz, non ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak inguruneari egokitu behar direla, jarduketa hau paisaian txertatu beharko da, eta udalaren hirigintza araudian ezarritako baldintzak bete beharko dira, batez ere inguruneari egokitu beharraz ezarritakoa. Begi inpaktua murrizteko, ukitutako lurrek tratamendu egokia izanen dute, eta bermatuko da landare-pantailak paratuko direla eta egin beharreko lur-erauzketa eta ezpondetan tratamendu egokia gauzatuko dela.
  • Jarduketak ezinbestean bete beharko ditu ingurumen organoak ezartzen dituen neurri eta baldintzak, jarduketaren ingurumen balioak eta paisaia balioak babesteari dagokionez.
  • Jarraituko zaio egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari, eta/edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
  • Udalak begiratuko du betetzen direla sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan adierazitako baldintzak, hartan esaten baita erabiltzen ez diren azpiegiturak/neurketa dorreak desmuntatuko direla.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.
  • Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.
  • Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
  • Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.
  • Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak –Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak– 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Enerizko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Iruñeko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari.

Iruñean, 2022ko ekainaren 14an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2208857