131. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

97C/2022 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako lan gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko prozedurei buruzko lanbidearteko akordioa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Ikusirik Nafarroako lan gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko prozedurei buruzko lanbide arteko akordioaren testua (31100025092013 kode zenbakia), erregistro honetan 2022ko maiatzaren 18an sartu dena, enpresaburuen ordezkaritzak (CEN) eta enpresaren ordezkaritza sindikalak (UGT eta CC.OO.) 2022ko apirilaren 22an sinatu dutena Lan Harremanei buruzko Nafarroako Sektorearteko Akordioaren Jarraipenerako Batzordearen barruan, bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboen, lan akordio kolektiboen eta berdintasun planen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 19an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

AKTA

Iruñean, 2022ko apirilaren 29an bildu da Lan Harremanei buruzko Nafarroako Sektorearteko Akordioaren Jarraipenerako Batzordea, honako pertsona eta ordezkaritza hauek osatzen dutena:

–Juan Miguel Sucunza Nicasio jauna, Jose Manuel Piquer Martín-Portugués jauna, Carlos Fernández Valdivielso jauna eta Javier Iradiel Ibáñez jauna, CEN-Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa ordezkatuz.

–Jesús Santos Pérez jauna eta Augusto Paredes Antón jauna, UGT-Unión General de Trabajadores de Navarra sindikatua ordezkatuz.

–José Jesús Rodriguez Gil jauna eta Alfredo Sanz Zufia jauna, CC.OO.-Comisiones Obreras de Navarra sindikatua ordezkatuz.

Horiek guztiek jarduten dute Nafarroako Foru Komunitateko lan gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko prozedurei buruzko lanbidearteko akordioaren 2013ko azaroaren 25eko testu egokituaren 20. artikuluan ezarritako aurreikuspenekin eta ahalmenekin bat (2014ko 15. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 23koa).

Bilkura hasita, batzordeko kideek aho batez,

ADIERAZTEN DUTE:

I.–Lan erreformarako, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta lan merkatua eraldatzeko presako neurriei buruzko abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuak (2021eko 313. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 30ekoa), lehen artikuluaren hamar apartatuan, Langileen Estatutuari buruzko Legearen test bateginaren 86. artikuluaren testua aldatzea aurreikusten du, hitzarmen kolektiboen indarraldiari dagokiona (testu bategin hori urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

II.–Lege horren testu bateginaren 86. artikuluari emandako idazketa berria ikusita, bidezkoa da aldatzea Nafarroako Foru Komunitateko lan gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko prozedurei buruzko lanbidearteko akordioaren 4. artikuluaren 3.1 apartatuaren testua, testu hartara egokitzeko.

III.–Aurreko guztia oinarri hartuta, Jarraipenerako Batzordeko kideek, aho batez, honako hau

ERABAKITZEN DUTE:

Lehenengoa.–Aldatzea Nafarroako Foru Komunitateko lan gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko prozedurei buruzko lanbidearteko akordioaren 4. artikuluaren 3.1 apartatuaren testua (2014ko 15. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 23koa), eta honela idatzita uztea:

“3.1. Indarrean dagoen Langileen Estatutuaren testu bateginean ezarritakoaren arabera akordio honek Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan duen eraginkortasun orokor eta zuzenaren ondorioz, honako lan gatazka mota hauek akordio honetan aurreikusitako bitartekaritza-prozeduraren mende jarri beharko dira, bai eta arbitraje loteslearen mende ere, inplikatutako alderdiek berariaz hala adosten dutenean:

a) Hitzarmen kolektibo baten negoziazioan sortutako desadostasunetatik sortutako gatazkak, baldin eta negoziazioa blokeatzea badakarte.

Kasuan kasuko hitzarmena eraginkortasun orokorrez sinatzeko gaitasuna duten alderdi guztiek batera eskatuz gero, ez da beharrezkoa izanen inolako eperik betetzea akordio honetan aurreikusitako bitartekaritza-prozeduraren mende jartzeko. Blokeoa negoziazio mahaia eratu eta sei hilabetera gertatzen bada, negoziazioan parte hartzen duten enpresaburuen nahiz langileen ordezkariek eskatzen ahalko dute bitartekaritza, betiere nork bere alderdiaren ordezkaritzaren gehiengoa baldin badu. Nolanahi ere den, negoziazioaren blokeoa ekarri duten funtsezko desadostasunen berri eman beharko da.

b) Hitzarmen kolektibo bat berritzeko akordiorik ezak eragindako gatazkak, hitzarmena salatzen denetik urtebete igaro ondoren.

c) Kontsulta fasean edo, hala badagokio, hitzarmenaren batzordearen barruan akordiorik ez lortzearen ondoriozko gatazkak, hitzarmen kolektiboetan ezarritako lan baldintzak ez aplikatzeko prozeduretan.

Bigarrena.–Akta hau Nafarroako Gobernuko Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira bidaltzea, berariaz eskatuz Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila. Jesús Alberto de Pascual Sanz jauna izendatzen da eskatzaile, eta zuzenbidean horretarako eskatzen den ahalorderik zabalena ematen zaio.

Eta aztertzeko beste gairik ez dagoenez, bilerari bukaera eman zaio eta honako akta hau sinatu dute bertaratu diren guztiek, goian aipatutako tokian eta egunean.

CEN konfederazioaren izenean: Juan Miguel Sucunza Nicasio jauna, Jose Manuel Piquer Martín-P jauna, Carlos Fernandez Valdivielso jauna eta Javier Iradiel Ibáñez jauna.

UGT sindikatuaren izenean: Jesús Santos Pérez jauna eta Augusto Paredes Antón jauna.

CC.OO. sindikatuaren izenean: José Jesús Rodríguez Gil jauna eta Alfredo Sanz Zufia jauna.

Iragarkiaren kodea: F2208645