127. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

256E/2022 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, 2022an Nafarroan enpresa digitala sustatzeko dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 631840.

Dirulaguntzen deialdi honen helburua da ETEen bilakaera teknologikoa edo eraldaketa digitala sustatzea, IKT konponbideak (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) eta teknologia gaitzaile digitalak ezarriz.

Deialdi honen babesean, honako hauek ezartzeko proiektuak dira diruz lagungarriak:

–IKT konponbideak, enpresaren eraldaketa digitalari aplikatuak (A motako proiektuak).

–Eraldaketa digitalerako aukerak, enpresak egindako Eraldaketa Digitalerako Planean atzematen direnak (B motako proiektuak).

Nafarroako Gobernuak 2022ko apirilaren 6an hartutako Erabakiaren bidez, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendariari baimena eman zaio dirulaguntza hauek emateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan aurreikusitako banakako ebaluazio prozeduraren bidez.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2022an Nafarroan enpresa digitala sustatzeko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, 1.000.000 euroko gastua baimentzea, “Dirulaguntzak. ETEen digitalizazio proiektua” izeneko G/810007/81200/7709/467900 partidaren kargura. Guztizko gastu hori, era berean, honela banatuko da:

–700.000 euro A motako proiektuetarako, hots: IKT konponbideak, enpresaren eraldaketa digitalari aplikatuak.

–300.000 euro B motako proiektuetarako, hots: eraldaketa digitalerako aukerak, Eraldaketa Digitalerako Planean atzematen direnak.

Aurkeztutako eskaera guztiak ebatzi ondoren proiektu mota baterako baimendutako gastuan soberakinik izanez gero, beste motarentzat baimendutako gastuari gehitzen ahalko zaio.

4. Diru zenbateko hori nahikoa ez bada aurkezten diren eskaera guztiei erantzuteko, gehienez 1.000.000 euroko zenbateko gehigarria gehitzen ahalko da. Kasu horretan, ez da beste deialdi bat egin beharko dirulaguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko ekainaren 1ean.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da enpresen bilakaera teknologikoa edo eraldaketa digitala sustatzea, IKT konponbideak (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) eta teknologia gaitzaile digitalak ezarriz.

2. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

1. Honako hauek ezartzeko proiektuak dira diruz lagungarriak:

A. IKT konponbideak, enpresaren eraldaketa digitalari aplikatuak.

B. Eraldaketa digitalerako aukerak, enpresak prestatutako Eraldaketa Digitalerako Planean (aurrerantzean EDP) atzematen direnak.

Bi proiektu mota horietatik proiektu bana ezartzeko dirulaguntza emanen da. Enpresa bakoitzeko dirulaguntza 50.000 euro izanen da gehienez.

2. Proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. A mota: IKT konponbideak, enpresaren eraldaketa digitalari aplikatuak:

Enpresan arazo bat konponduko duten edo negozio-aukera bat sortuko duten IKT konponbideak garatu eta ezartzeko proiektuak izanen dira, balio-kate horizontal eta bertikalaren harremanen esparrukoak. Orobat, enpresa-baliabideen kudeaketa eta barneko eta kanpoko logistika biltzen dituzten konponbideak, honako esparru hauetako batean kokatuak:

–Enpresaren informazioaren kudeaketa integraturako aplikazioak, besteak beste, ERP delakoa eta Business Intelligence motako aplikazioak.

–Barruko eta kanpoko kudeaketa logistikorako aplikazioak (SCM, SGA, MRP eta CRM).

–Produktuen bizi-zikloaren kudeaketarako aplikazioak eta produktuen urruneko sostengu zerbitzuak (PLM, PDM, DFM).

–Prozesu eta produktuen hobekuntza.

–Zibersegurtasuna.

–Hornitzailearen eta bezeroaren arteko harremanak.

–Erakundearen kudeaketa.

Proiektu horiek, gainera, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresaren eremuan berrikuntza ekarri beharko dute ikuspuntu teknologikotik edo produktuari, zerbitzuari edo antolaketari aplikatzearen ikuspuntutik.

b) Enpresak Nafarroan duen establezimendu batean ezarri beharko dira.

2.2. B mota: eraldaketa digitalerako aukerak, EDPan atzematen direnak.

Enpresak egindako EDPan aukera gisa atzematen diren konponbide teknologikoak garatu eta ezartzeko proiektuak izanen dira.

Konponbideak proiektu mota honetan kokatu ahal izateko, enpresak egindako EDPak honako zehaztapen hauek hartu behar ditu erreferentzia gisa: UNE 0060:2018 zehaztapena eta UNE 0061:2019 zehaztapena (Industria 4.0. Digitalizaziorako kudeaketa sistemak). Gainera, arau horietan ezarritako irizpide eta dimentsioen arabera ebaluatu beharko du enpresaren egoera. Hauek dira dimentsioak: Negozio-estrategia eta testuingurua, Azpiegitura teknologikoa, Antolamendua eta pertsonak, Prozesuak eta Produktuak eta zerbitzuak.

Aurreko paragrafoan adierazitako irismena duten EDPak baliozkoak izanen dira; besteak beste, deialdi hauen babesean egindakoak:

a) Industria Aktiboa 4.0 programako laguntzen deialdia, Industriaren eta ETEen Idazkaritza Nagusiak eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak sustatua.

b) “Eraldaketa digitalerako planak prestatzeko dirulaguntzak enpresentzat. 4.0 ibilbideak” izeneko deialdia, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak sustatua.

3. Ez dira diruz lagungarriak izanen Nafarroako enpresa digitala sustatzeko aurreko bi deialdietan diruz lagundutako proiektuak eguneratzeko edo mantentzeko proiektuak (Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak 2019. eta 2021. urteetan egindako deialdiak).

4. Dirulaguntza jasotzen duten proiektu guztietatik Interneten kargatzen diren edukietan emakumearen aurkako bereizkeriaren irudiak galaraziko dira eta emakumeen eta gizonen rolen berdintasuna eta aniztasuna bultzatuko dira. Orobat, hizkera sexistaren erabilera saihestuko da eduki horiei erantsitako testu guztietan.

5. Diruz lagungarriak diren proiektuetan garatzen diren jarduerek ez dute inolako kalte nabarmenik eraginen ingurumen-helburuetan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarri bezala. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du.

Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza-eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza eskaera aurkezteko unean betebehar hauek betetzen dituzten enpresak izaten ahal dira onuradun (enpresaburu autonomoak, merkataritzako sozietateak, kooperatibak, fundazioak, elkarte eta sozietate zibilak, nortasun juridikoa izan edo ez):

a) ETE bat izatea, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioaren definizioaren arabera.

b) Helbide fiskala Nafarroan izatea, eta alta emanda egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ).

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio honako honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Baita dirulaguntza emateko ebazpen proposamena ematen den unean datu fiskalak kontsultatzeko baimena ere.

2. Nortasun juridikorik ez duten eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkien betebeharrak betetzeko adinako ahalmena duena.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskabidean zer konpromiso hartzen dituen bere gain batasuneko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

3. Enpresek laguntza-eskabidean jasota dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dute oinarri honetako 1. ataleko baldintzak betetzen dituztela.

4. Ezin izanen dira dirulaguntza hauen onuradun izan:

a) Arrantza, akuikultura eta nekazaritza produktuen produkzio primarioko enpresak; izan ere, sektore horiek bazterturik daude Batzordearen 1407/2013 EE Erregelamenduaren aplikaziotik. Erregelamendu hori Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da, “de minimis” laguntzei buruz.

b) Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan jasota dauden sektore publikoko entitateak.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta burutzeko epea.

1. Hautatutako konponbidea ezartzeagatik kanpoko enpresek laguntzaren onuradunari fakturatzen dizkioten gastuak izanen dira diruz lagungarriak:

a) Konponbidearen diagnostiko eta plangintza egiteko, definitzeko, garatzeko eta ezartzeko aholkularitza-gastuak eta baliokideak.

b) Software-lizentzia espezifikoen gastuak (on premise edo cloud), ezarri beharreko konponbide berritzailearekin lotura zuzena dutenak. Gastu horiek ez dira inolaz ere jarduera iraunkorrak edo aldizkakoak izanen, eta ez dira lotuta egonen enpresaren ustiapen gastu arruntekin.

c) Ekipo-ondasunak erosteko gastuak eta hardwarean, sentsoreetan, automatismoetan eta komunikazio-ekipoetan egindako inbertsioak, ezarri gogo den proiektuarekin zuzenean lotuak.

Ez dira diruz lagungarriak izanen ordenagailu pertsonalak eta zerbitzariak, inprimagailuak, terminalak, display-ak, tabletak, kontsolak eta antzekoak erosteko gastuak, salbu eta fabrikazio-prozesuetan datuak atzitzeko interfaze gisa baliatzen badira.

d) Hardwarean egindako gastuak eta inbertsioak, proiektuarekin lotura zuzena dutenak. Gehienez ere kostuen %30 hartuko dute.

Diruz lagungarria izateko, proiektuaren aurrekontuak gutxienez 5.000 eurokoa izan behar du (BEZik gabe).

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Dirulaguntza jasotzen duen proiektuari zuzenean lotuak ez dauden gastuak.

b) Eskatzaileak berak edo hari lotutako edo elkartutako enpresek egindako gastuak. Lotutako enpresatzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan definitutakoak (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

c) Software lizentzien gastuak eta hardware gastuak, salbu aurreko atalean adierazitakoak.

d) Langileria gastuak, gastu arruntak, altzarietako gastuak, kontsumigarrietako gastuak, obretako gastuak eta, oro har, kontzeptu diruz lagungarrietan berariaz sartuak ez daudenak.

e) Erakunde onuradunaren produktu/zerbitzuen katalogoko produktuen edo zerbitzuen gastuak.

3. Gastu diruz lagungarriren bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoena.

Honako kasu hauetan, onuradunak ez daude behartuak hiru eskaintzak eskatzera, baina aipatutako inprimakian justifikatu beharko dira:

a) Gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez dagoenean zerbitzu hori emateko edo hornidura egiteko entitate aski.

b) Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin denean.

c) Lehendik egin denean hornitzaileen aukeraketa prozesu bat, bermatzen duena eskaintza tekniko-ekonomiko hoberena aukeratzea.

d) Gastua hornitzaile horrekin aurretik izandako proiektu, garapen edo lankidetza baten ondorioa denean.

4. Gastu diruz lagungarriak egiteko epea 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartekoa da, egun hori barne.

Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu bada.

5. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Gastu diruz lagungarrien gaineko laguntza-portzentajea %40koa izanen da, eta proiektu bakoitzeko gehieneko laguntza, berriz, honako hau:

EZARTZEN DEN PROIEKTUA

GEHIENEKO LAGUNTZA

A. IKT konponbideak, enpresaren eraldaketa digitalari aplikatuak

30.000 euro

B. Eraldaketa digitalerako aukerak, Eraldaketa Digitalerako Planean atzematen direnak.

40.000 euro

2. Onuradun bakoitzeko dirulaguntza gehienez ere 50.000 euro izanen da.

Adierazitako bi proiektu mota horietatik proiektu bana ezartzeko dirulaguntza emanen da. Enpresa bakoitzeko dirulaguntza gehienez ere 50.000 euro izanen da.

3. %5eko laguntza gehigarria emanen zaie neurri hauetakoren bat hartzen duten enpresei, emakumeen eta gizonen arteko lan arloko edozein bereizkeria saihesteko:

1. Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esaterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresaburu eta Zuzendarien Elkartearen “Reconcilia zigilua”, eta abar).

2. Zuzendaritza-postuetan %30, gutxienez, emakumeak izatea. Neurri hori justifikatzeko, enpresak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagiri horretan, onartutako eta/edo ikuskatutako azken urteko kontuetan jasotako zuzendaritza-postuen guztizkoari dagokionez, zuzendaritza-postuetan dauden emakumeen ehunekoa adieraziko da. Modu horretan ezin bada justifikatu, Merkataritza Erregistroak zuzendaritza-karguei buruz emandako ziurtagiriaren bidez edo enpresako Zuzendaritza Batzordeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

3. 50 langile baino gutxiago dituen enpresa bada, legez berdintasun plana izatera behartua ez dagoenez, honako hauek baloratuko dira:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat izatea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua.

b) Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak edo berdintasuna sustatzeko beste batzuk aplikatu izana; eta hori, enpresaren eta langileen ordezkarien artean sinatutako dokumentu baten bidez frogatuko da.

c) Laneko sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko protokolo bat edo neurri espezifikoak onartu edo zabaldu izana; hori aurreko neurrian bezala egiaztatuko da.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Eskatzaile bakoitzak eskaera bakar bat aurkeztuko du, laguntzaren xedeko proiektu guztiak jasoko dituena. Dena dela, 2 oinarrian ezarritako proiektu mota bakoitzeko proiektu bati bakarrik emanen zaio dirulaguntza.

Proiektu bakoitzerako, 7.1 oinarrian ezarritako dokumentazio espezifikoa aurkeztuko da.

3. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/fomento-de-la-empresa-digital-navarra-2022 (aurrerantzean, laguntzen fitxa).

4. Laguntza eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 13. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

7. oinarria.–Laguntzak eskatzeko dokumentazioa.

1. Honako hau da eskabide telematikoari gehitu behar zaion dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera (dokumentu bakoitza bereiz aurkeztuko da, izenarekin behar bezala identifikatua):

a) “Proiektuaren memoria”, behar bezala beteta.

b) “Enpresaren informazio ekonomikoa” izeneko dokumentua, datu ekonomikoak eta sozietatearen osaera jasotzen dituena.

c) Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioaren erantzukizunpeko adierazpena.

d) Aurrekontuaren kopia, egin beharreko lanen zenbatekoak zehaztuta.

e) B motako proiektuetarako laguntza eskatuz gero, 2.2 oinarriko c) atalean ezarritako kasuan, eskatzailearen EDPa aurkeztu beharko da.

f) “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia eta 4.3 oinarrian aipatzen diren hiru eskaintzak.

g) Zein den kasua, 5.3 oinarrian adierazitako dokumentazioa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak hartzeagatik laguntza gehigarria jaso dezakeela frogatzen duena.

h) Proiektua zuzen baloratzeko interesekotzat jotzen diren dokumentu guztiak.

2. Aurkeztutako dokumentazioak betetzen ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Industria Sustatzeko Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Goiko 1. atalean eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

8. oinarria.–Laguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira. Hala, eskaerak oinarri honetan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Eskaerak baloratzeko irizpidea izanen da egiaztatzea ea proiektuek betetzen dituzten dirulaguntzak jaso ahal izateko 2.2 oinarrian ezarritako baldintzak.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzen organo kudeatzaileak, hots, Industria Sustatzeko Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena interesdunei, gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.

10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

Onuradunek, 2023ko urtarrilaren 31ra bitarte, egun hori barne, honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:

a) “Justifikazioaren inprimakia”, laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa. Inprimaki horretan, egindako proiektua justifikatzeko memoria bat egonen da, ezarritako gidoiaren araberakoa.

b) Fakturak eta haien ordainagiriak, eskaera aurkezten duen enpresaren izenean egon beharko dutenak (bankuko dokumentuak bakarrik onartuko dira). Ordainketa horiek 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitarte eginak izan beharko dira.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua. Adierazpen hori kasu guztietan aurkeztuko da, bai onuradunak gardentasun betebeharra baldin badu (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko baldintzak betetzeagatik), bai halako betebeharrik ez badu (kasu horretan, egoera hori azalduko da adierazpenean).

Foru dekretu horren 4.1. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Ezartzen diren konponbideak aktiboak izatea gutxienez ere bi urtez, ordaintzea ebazten denetik aurrera.

c) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

d) Industria Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea hemen araututako laguntzen helburu bererako edo antzeko helbururako lortutako dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideak, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batek emanak.

e) Laguntza eman dela zabaltzea enpresaren web-orriaren bidez, testu hau sartuta: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren laguntza bat jaso du Nafarroan enpresa digitala sustatzeko 2022ko deialdian”.

f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

12. oinarria.–Laguntzen ordainketa

1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena betetzen direla laguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emanen du laguntza ordaintzeko ebazpena, 6 hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

13. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskabidea eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikora (DEH) eginen dira. Horretarako, eskatzaileak, gaitutako helbide elektroniko bat izateaz gain, Nafarroako Gobernuaren jakinarazpen elektronikorako prozeduretan inskribatuak egon beharko dira eskaera egiten den unean.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

14. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira, gastu berberetarako, beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren (nazionalak edo nazioartekoak) beste dirulaguntza batzuekin, baina bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste dirulaguntza batzuekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

2. Ondorio horietarako, eskatzaileek eskabidean adierazi beharko dute zer dirulaguntza lortu dituzten helburu bererako beste administrazio publiko batzuetatik edo Estatuko zein nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

15. oinarria.–De minimis laguntzak.

1. Deialdi honetako laguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

2. Horretarako, eskatzaileek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortuko dituzte.

16. oinarria.–Emandako laguntzen publizitatea.

Industria Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoan argitaratuko dira, laguntzen fitxan, helbide honetan: https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/fomento-de-la-empresa-digital-navarra-2022.

17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2208521