127. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

PETILLA ARAGOI

Tituluak, ohore-sariak eta goresmen-sariak emateko erregelamendua. Behin betiko onespena

Petilla Aragoiko Udalak, 2022ko martxoaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Tituluak, ohore-sariak eta goresmen-sariak emateko erregelamendua.

Erabaki hori iragarki-taulan paratu zen, eta 2022ko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, apirilaren 19an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, erregelamendu hori behin betiko onesten da.

Petilla Aragoin, 2022ko ekainaren 3an.–Alkatea, Florentino Aguas Arilla.

PETILLA ARAGOIKO UDALAREN TITULUAK, OHORE-SARIAK ETA GORESMEN-SARIAK EMATEKO ERREGELAMENDU BEREZIA

Udalbatzak arauzko bide bat eduki nahi du, bere esker ona egoki adieraztearren erregelamendu honetako ohoreak eta goresmen-sariak merezi dituztenei, jardun aipagarria izan dutelako, Petilla Aragoiko udalerriaren aldeko merezimendu bereziak izan dituztelako edo udalerriari onura nabarmenak ekarri dizkiotelako.

I. KAPITULUA

Petilla Aragoiko Udalak ematen dituen tituluak eta goresmen-sariak

1. artikulua. Nafarroako Foru Eraentza Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoak, 46. artikuluan, ezartzen du Nafarroako udalek Estatuko nazioko udalerriei oro har onartzen zaien autonomia izanen dutela gutxienez ere; hain zuzen, 1978ko abenduaren 6ko Espainiako Konstituzioak VIII. tituluko 137. eta 140. artikuluetan aitortzen eta bermatzen duen autonomia. Erregelamendu honen onespena xedapen hauetan oinarritzen da: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4. eta 49. artikuluak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Legearen 324. artikulua eta ondokoak, eta Toki Erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 189. artikulutik 191.era bitarteko artikuluak.

2. artikulua. Honako hauek dira ematen ahal diren ohore-sariak eta goresmen-sariak:

–Seme edo alaba kuttuna.

–Seme edo alaba adoptiboa.

–Aipamen bereziak.

3. artikulua. Ohore-sariak eta goresmen-sariak pertsona fisiko edo juridikoei ematen ahalko zaizkie, erregelamendu honetan horietako bakoitzari buruz xedatzen denaren arabera.

Ondorio hauetarako, edozein erregistrotan inskribaturiko pertsona juridikoak, entitateak eta elkarteak parekatzen dira.

4. artikulua. Hauxe da lehentasun-ordena:

a) Pertsona fisikoei dagokienez:

–Seme edo alaba kuttuna eta seme edo alaba adoptiboa.

–Aipamen bereziak.

b) Pertsona juridikoei edo entitateei dagokienez:

–Aipamen bereziak.

5. artikulua. Goresmen-sariak eta aipamen bereziak pertsona fisikoei egiten zaizkienean, horiek eginen dira omenduak bizi diren bitartean, edo hil eta gero, haien oroitzarretan.

6. artikulua. Seme edo alaba kuttunaren edo adoptiboaren tituluak bizi bitartean edo, denbora mugarik gabe, hil eta gero emanen dira; hil artekoak, pertsonalak eta besterenezinak izanen dira.

Titulu horiek erabaki berean pertsona bati baino gehiagori emanez gero elkarrekin lortutako merezimenduengatik, goresmen-sari bakar gisa zenbatuko da.

7. artikulua. Aipatutako goresmen-sariak ez zaizkie emanen administrazio publiko batean edo haren mendeko entitate batean goi karguak edo kargu hautesgarriak dituzten pertsonei, egoera horrek dirauen bitartean.

8. artikulua. Erregelamendu honetan aipatzen diren goresmen-sari guztiak ohorezkoak dira bakarrik, eta ez dute ekarriko eskubide ekonomikorik.

9. artikulua. Seme edo alaba adoptiboaren nahiz kuttunaren titulua jasotzen duten pertsonek eskubidea izanen dute, Petilla Aragoiko Udalak antolatzen dituen hotsandiko ekitaldi ofizialetan egoteko, ohorezko leku batean.

II. KAPITULUA

Seme edo alaba kutuna eta seme edo alaba adoptiboa

10. artikulua. Seme edo alaba kutunaren izendapena honako pertsona fisiko hauei bakarrik egiten ahalko zaie: Petilla Aragoin jaiota, haren aldeko zerbitzuak edo jarduera egiteagatik nabarmendu direnei eta ospe handia eta zalantzarik gabeko begirune publikoa dutenei.

11. artikulua. Seme edo alaba adoptiboaren izendapena pertsona fisikoei dagokie, baldin eta Petilla Aragoin jaio ez badira, berdin da espainiarrak edo atzerritarrak izan, lotura badute udalerriaren interesen alde jarduteagatik, eta aurreko artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

12. artikulua. Seme edo alaba kutunaren eta adoptiboaren titulua diploma baten eta bereizgarri baten bidez egiaztatuko da.

Diploma hori Udaleko alkate udalburuak sinatuko du, eta Udalbatzako idazkariak horren fede emanen du.

13. artikulua. Seme edo alaba kutunaren eta adoptiboaren izendapenerako, espedientea tramitatuko da, eta hartan ziurtatuko da pertsona omenduak betetzen dituela erregelamendu honetan eskatzen diren baldintzak. Espedientea ofizioz nahiz parte batek eskaturik has daiteke, eta bi kasuetan zehaztu beharko da zertan oinarritzen den Udalbatzaren edo, kasua bada, eskaera sinatu dutenen nahia; horretarako, labur azalduko da zer gertakari edo inguruabar nabarmen den oinarria, pertsona horrentzat edo horientzat ohore-saria edo goresmen-saria eskatzeko; gertakari edo inguruabar hori frogatuta egonen da, eta horren kalitatea eta mota ere aipatuko dira.

14. artikulua. Behar diren jarduketa guztiak eginen dira, proposatutako pertsonek dituzten merezimenduak egiaztatzeko. Merezimendua frogatzeko behar diren txosten eta lekukotasunak eskatuko dira, eta espedientean sartuta geratuko dira.

Aurreko izapidea bukatu ondoren, Alkatetzak Udaleko osoko bilkurari igorriko dio proposamena, dagokion erabakia har dezan.

Espedientea ireki eta, gehienez ere, bi hilabeteko epean tramitatuko da, eta hura bukatu ondoren, Udalbatzak –diskrezionalki eta jarraikiz azaroaren 28ko 2586/1986 Errege Dekretuaren 50.24 artikuluari (horren bidez onetsi zen Toki-erakundeen Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua) erabakiko du bidezkoa den ala ez ematea. Beharrezkoa da kideen legezko kopuruaren bi herenek aldeko botoa ematea.

III. KAPITULUA

Emakida, publizitatea eta entrega

15. artikulua. Erabakia indarrean izanen da erabakitzen denetik aitzina, deusetan ukatu gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Udalaren iragarki-taulan paratzea, orok jakin dezan.

16. artikulua. Udaleko alkateak emanen ditu goresmen-sariak, hotsandiko ekitaldi publiko batean, eta hartara Udalbatzako guztiei dei eginen zaie, deusetan ukatu gabe bidezko jotzen diren gonbidatuei ere deitzea.

Goresmen-saria hil eta gero ematen denean, hildakoarengandik hurbilenekoa den ahaideari emanen zaio edo pertsona horrek izendatzen duenari, testamentuan adierazitako nahirik ez dagoenean.

Pertsona juridikoen edo entitateen kasuan, legezko ordezkariari emanen zaio.

IV. KAPITULUA

Ohorezko beste aipamen batzuk

17. artikulua. Udalak aipamen bereziak ematen ahalko dizkie pertsona fisikoei, entitateei edo pertsona juridikoei, haien garrantziagatik edo gizartean izandako oihartzunagatik.

Goresmen-sari hori bereizgarri bat eta diploma bat izanen lirateke. Diploma hori alkateak sinatuko du, eta Udalbatzako idazkariak horren fede emanen du.

Aipamen hauek ez dute berariazko prozedura baten tramiataziorik behar, baina proposamena arrazoitua izanen da eta osoko bilkurak gehiengo soilez hartuko du erabakia.

18. artikulua. Halaber, Udalak, Alkatetzaren bitartez, erregelamendu honetan jasotako balioak dituzten pertsona fisikoen izenak jartzen ahalko dizkie bide publikoei eta bere titulartasuneko azpiegitura edo eraikinei.

V. KAPITULUA

Errebokatzea

19. artikulua. Goresmen-sari guztiak baliogabetzen ahalko dira, haiek jaso dituzten pertsona edo entitateek esker txarra agertzen badiote udalerriari, baita saria jasotzeko ez duintzat hartzen den edozein jokabide agertzen badute ere.

20. artikulua. Eman dituen organo berak kentzen ahalko ditu goresmen-sariak, aurreko artikuluko arrazoiak direla medio. Goresmen-saria emateko behar diren prozedura eta gehiengo berak beharko dira hura kentzeko.

VI. KAPITULUA

Goresmen-sarien erregistroa

21. artikulua. Udaleko Idazkaritzak erregistro bat kudeatuko du, non jasoko baitira erregelamendu honetan aipatzen diren ohore-sari eta goresmen-sari guztiak eman ziren eguneko datuak. Bertan bilduko dira sariak jaso dituzten pertsona edo entitateen izenak, sari mota eta egokitzat jotzen diren datu interesgarri guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu hau indarrean jarriko da behin betiko onetsi eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2208671