122. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

123/2022 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Industria Antolatzeko, Energia Azpiegituretako eta Meatzeetako Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Lekunberriko udal-mugartean Nedgia Navarra SAk sustatu duen proiektu hau onesten eta hura egiteko administrazio baimena ematen baita: “Gas natural likidotuaren instalazio satelite berria, gehienez ere 120 m³ biltegiratzeko edukiera duena, eta gasa kanalizatzeko instalazioa, instalazioa lehendik dagoen sarearekin lotzeko”.

2022ko martxoaren 10ean, Nedgia Navarra SAk proiektu honen exekuzioa onestea eta horretarako administrazio baimena ematea eskatu zuen: “Gas natural likidotuaren instalazio satelite berria, gehienez ere 120 m³ biltegiratzeko edukiera duena, eta gasa kanalizatzeko instalazioa, instalazioa lehendik dagoen sarearekin lotzeko”, Lekunberriko udal-mugartean.

Honako instalazio hauek ditu proiektuak:

1. Gas natural likidotuaren instalazio satelitea.

Instalazio satelitea Lekunberriko 12. poligonoko 1084., 1085. eta 1087. lurzatietan kokatuko da.

Proiektatutako instalazioak osagai hauek izanen ditu:

–Biltegiratzeko elementuak: Gas natural likidoturako biltegi bat, horizontala, 120 m³-ko edukiera unitarioa eta gehienez ere 9 bar-eko eragiketa-presioa dituena.

–Gasifikazio, erregulazio eta odorizaziorako sistemak.

  • Erregulazio eta neurketarako modulu bat, arauzko funtzionamendu- eta presio-babesak barne.
  • Ponpetarako odorizazio-sistema dosifikazioarekin.
  • Hotz bidezko ebaketako segurtasun-sistema.
  • Lurruntze behartua.

–Elementu lagungarriak.

  • Instalazioko tresneria kudeatzeko elektrizitate- eta kontrol-armairua.
  • Multzo elektrogenoko etxola.
  • Galdaretarako etxola.
  • Suteen aurkako ekipoak.
  • Zerbitzuetako ura.
  • Argiak.

Instalazioak banaketa-sarea elikatzeko gas naturala emanen du, baldintza hauetan:

–Gas natural likidotua biltegiratzeko edukiera: 120 m³.

–Gas natural likidotua biltegiratzeko zerbitzuaren presio normala: 9 bar.

–Gehieneko gasifikazio ahalmena orduko: 4.000 Nm³/h.

–GNren hornidura-tenperatura: 0º-tik 20º C-ra.

2. Gasa kanalizatzeko instalazioa.

Ondoren, gas natural likidotuaren instalazioa Lekunberriko udal-mugartean dagoen sarearekin lotzeko, sareko 26 metroko kanalizazioa eginen da PE 100 SDR 17/17,6 DN (160 mm) erabiliz, gas natural likidotuaren instalaziotik instalazioa mugatzen duen hesiaren kanpoaldera arte.

Aurrekontua 861.627 eurokoa da.

Nedgia Navarra SA enpresaren eskaera jendaurrean jartzeko tramitea egin da, iragarkia paratu baitzen 2022ko 68. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 5ekoan, eta Diario de Navarra nahiz Diario de Noticias egunkarietan, 2022ko apirilaren 6an.

Jendaurreko epean ez da alegaziorik jaso.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, eta kontuan hartuta Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean xedatutakoa, bidezkoa da eskatutakoa onartzea.

Adierazitakoarekin bat, eta Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak (2019ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa) erabiliz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betetzeko,

EBAZTEN DUT:

1. Nedgia Navarra SA enpresari instalazio horretarako administrazio baimena ematea.

2. Instalazio hori egiteko proiektua, Alejandra Risco Barba industria ingeniari teknikoak sinatua, onestea, eta hamabi hilabete ematea obrak burutzeko.

3. Baimen hau ematen da beharrezkoak diren emakidak eta baimenak galarazi gabe, aplikatzekoak diren bestelako xedapenen, sektoreko legeriaren eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzko xedapenen arabera, ukitutako ondasun eta zerbitzuen jabe diren erakunde guztienak barne.

4. Bi hilabeteko gehieneko epean, eta betiere instalazioen exekuzioa hasi baino lehen, aurkeztutako aurrekontuaren ehuneko bi adinako bermea jarri beharko du Nedgia Navarra SAk. Berme hori Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuan jarri beharko da, eta instalazioak abian jartzeko akta egin ondoren itzuliko da.

5. Instalazio berriak eta horien muntaketa, bai eta egungo instalazioen itxiera ere, indarreko araudian ezarritakoaren arabera eginen da.

6. Behin proiektua eginik, instalazioak zerbitzuan jarri eta hogeita hamar egun igaro baino lehen, Nedgia Navarra SAk uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren 5.7 artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko du Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan.

7. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

9. Ebazpen hau Nedgia Navarra SAri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 19an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

Iragarkiaren kodea: F2207477