122. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

8/2022 EBAZPENA, ekainaren 3koa, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak emana, prestakuntza beka baten deialdia egiten duena Informazio Zientzietan, Komunikazioan eta/edo antzeko titulazioetan gradua duten pertsonentzat, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuan aritzeko. DDBN identifikazioa: 631164.

Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuko Zuzendaritzak prestakuntza beka baterako deia egin du Informazioaren Zientzietan, Komunikazioan eta/edo antzeko titulazioetan gradua duten pertsonentzat. Beka zerbitzu horretan berean aritzeko da, eta, hasieran urtebeteko iraupena duen arren, hasierako tartea eta luzapenak kontuan hartuta, hiru urtera arte luzatzen ahal da.

Beka horren deialdiari eta esleipenari esker, unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatu nahi da, hobeki eta modu zuzenagoan ezagut dezaten, teorikoki zein praktikoki, Foru Komunitatearen Administrazioak kulturen arteko sentsibilizazioaren eta bizikidetzaren alde eta arrazismoaren aurka egiten duen lana.

Aukeratutako pertsonak Ayllu Zerbitzuak gauzatzen dituen jarduerei buruzko prestakuntza lanak eginen ditu, zehazki esparru hauetan lagunduz: kulturen arteko bizikidetza, komunikazio eta sentsibilizazio ekintzak, eta jardueren programazioan eta hedapenean lagun egitea.

Bekaren deialdiari eta kontzesioari buruz oinarri arautzaileetan aurreikusita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Bekaren zenbateko ekonomikoa Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 53/2020 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiz ezarriko da, foru agindu horren bidez eguneratu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza beken zuzkidura ekonomikoa.

Ondorioz, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuko 4. artikuluaren arabera,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea prestakuntza beka bat emateko deialdia Informazio Zientzietan, Komunikazioan eta/edo antzeko titulazioetan gradua duten pertsonentzat, ebazpen honen eranskinean jasotzen diren oinarrien arabera. Beka Ayllu Zerbitzuan aritzeko da, hau da, Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuan.

2. 14.422,92 euroko gastua baimentzea. Horietatik:

2022. urtean, guztizko gastua 7.159,55 eurokoa izanen da. Kopuru hori 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko 090002 09110 4809 231900 partidaren kargura egotziko da, honela banatua:

• 6.900 euro 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko partidaren kargura egotziko dira, 6 hilabeteko soldatak ordaintzeko kontzeptu gisa.

• 259,55 euro, 5 hilabetez Gizarte Segurantzako enpresaren kuota ordaintzeko, hileko 51,91 eurokoa baita, 2022ko uztailetik azarora arte.

2022ko abenduko 51,91 euroko kuota 2023ko urtarrilean ordainduko da, 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

2023an, guztizko gastua 7.263,37 eurokoa izanen da, baldin eta horretarako kreditu egoki aski bada, eta 2023. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatzen da:

• 6.900 euro, 2023ko urtarriletik ekainera bitarteko hileko soldatak ordaintzeko.

• 363,37 euro, gizarte segurantzako kuota zazpi hilabetez ordaintzeko, 2022ko abendutik 2023ko ekainera arte.

Hurrengo urteetan, beka luzatzen bada, zenbatekoak berberak izanen dira: 1.150 euro hilean, gehi Gizarte Segurantzako kuotari dagozkion 51,91 euro hilean.

Beka 2023-2024 eta 2024-2025 urteetara luzatzen bada, urte horietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen diren partiden kargura egotziko da gastua, baldin eta horretarako kreditu egokirik eta askirik baldin badago.

2023., 2024. edo 2025. urteetan Gizarte Segurantzako kuota eguneratzen bada, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratu eginen dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau igortzea Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzura, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko ekainaren 3an.–Migrazio Politiketako zuzendari nagusia, Patricia Ruiz de Irizar.

I. ERANSKINA

Oinarriak, Kulturen arteko Bizikidetzaren aldeko eta Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Ayllu Zerbitzuan aritzeko prestakuntza beka baten deialdiari dagozkionak

1. Xedea.

Oinarri hauen helburua da arautzea nola emanen den, norgehiagokako araubidean, Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Ayllu Zerbitzuan aritzeko prestakuntza beka bat, Komunikazioan, Informazio Zientzietan edo antzeko titulazioetan unibertsitateko gradua dutenei zuzendua.

Bekaren helburua aukeratutako pertsonaren prestakuntza bultzatzea da, ezagutza zuzenagoa eskura dezan Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak migrazio politiken esparruan gauzatzen dituen ekintzen gainean.

2. Aurrekontu erabilgarria.

Bekarako bideratutako kopurua, gehienez,14.422,92 euro izanen da, eta 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren F10002 F1200 4809 231900 partidaren kargura (“Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak”) edo helburu horrekin hurrengo urteetako aurrekontuetan gaitzen den partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatuko da:

2022. urtean, guztizko gastua 7.159,55 eurokoa izanen da. Kopuru hori 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko 090002 09110 4809 231900 partidaren kargura egotziko da, honela banatua:

• 6.900 euro 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko partidaren kargura egotziko dira, 6 hilabeteko soldatak ordaintzeko kontzeptu gisa.

• 259,55 euro, 5 hilabetez Gizarte Segurantzako enpresaren kuota ordaintzeko, hileko 51,91 eurokoa baita, 2022ko uztailetik azarora arte.

2022ko abenduko 51,91 euroko kuota 2023eko urtarrilean ordainduko da, 2023rako onetsiko diren Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

2023an, guztizko gastua 7.263,37 eurokoa izanen da, baldin eta horretarako kreditu egoki aski bada, eta 2023. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatzen da:

• 6.900 euro, 2023ko urtarriletik ekainera bitarteko hileko soldatak ordaintzeko.

• 363,37 euro, gizarte segurantzako kuota zazpi hilabetez ordaintzeko, 2022ko abendutik 2023ko ekainera.

Hurrengo urteetan, beka luzatzen bada, zenbatekoak berberak izanen dira: 1.150 euro hilean, gehi Gizarte Segurantzako kuotari dagozkion 51,91 euro hilean.

Beka 2023-2024 eta 2024-2025 urteetara luzatzen bada, urte horietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen diren partiden kargura egotziko da gastua, baldin eta horretarako kreditu egokirik eta askirik baldin badago.

2023., 2024. edo 2025. urteetan Gizarte Segurantzako kuota eguneratzen bada, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratu eginen dira.

3. Iraupena.

Bekaldiak hamabi hilabete iraunen du. 2022ko uztailaren 1ean hasi eta 2023ko ekainaren 31n bukatzea da asmoa, baina urtebeteko aldietarako luzatzen ahal da, 3 urte bete arte, hasiera eta luzapenak kontatuta. Luzapen hori emanen da aurrekontuetan horretarako behar adina diru badago.

4. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Bekak 14.422,92 euroko zuzkidura izanen du urtean, hau da, hilean 1.150,00 euroko 12 hilabete-sari gehi 51,91 euro Gizarte Segurantza ordaintzeko. Urteko kotizazioa egiteko, Enpleguari eta Gizarte Segurantzari buruzko indarreko Aginduari jarraikiko zaio, horren bidez garatzen baitira Gizarte Segurantzaren kotizazioaren legezko arauak.

Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek arautzen du nola eta zein baldintzatan sartzen diren prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean, garatzeko Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa.

Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko, bertan kidetzeko eta/edo alta hartzeko, eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da parte-hartzailea noiz hasten den prestakuntza programan eta noiz uzten duen, enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko Erregelamendu Orokorrean ezarritako modu, epe eta ondorioekin. Urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.

Beka jasotzen duenari ematen zaion dirua ez da soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.

5. Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka hau ez da bateragarria izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten beste batzuekin.

6. Eskatzaileak.

Beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Komunikazioko edo Informazio Zientzietako unibertsitateko gradudun titulua edo antzeko tituluren bat izatea, Espainiako agintariek emana, homologatua edo baliokidetzat hartua.

f) Eskatutako titulua eskuratua izatea prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean.

g) Euskararen jakite-maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea, B2 mailaren baliokidea dena. Horri dagokionez kontuan hartuko diren baliokidetasunak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean bildutakoak dira. Izan ere, ebazpen horren bidez ezarri ziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

h) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, bekaldiak irauten duen bitartean mantendu.

7. Eskaerak.

7.1. Eskaerak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 21 egun naturaleko epean aurkeztuko dira.

Interesdunek Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan (hartarako gaituak daudenetan) aurkezten ahal dute eskaera. Horien zerrenda hemen agertzen da:

https://www.navarra.es/eu/herritarren-arreta/bulegoetako-arreta

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan aurkez daitezke.

Era berean, telematikoki aurkezten ahal dira Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, esteka bat dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

7.2. Honako agiri hauek aurkeztuko dira eskabide orokorrarekin batera:

a) Eskaera-orria, II. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa.

b) Nortasun Agiri Nazionalaren/Pasaportearen/AIZren fotokopia.

c) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien ziurtagiriak.

d) 6.e) oinarrian aipatzen den titulu ofizialaren fotokopia.

e) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, ikasmaila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

f) Euskararen ezagutza egiaztatzen duen titulua edo ziurtagiria, 6.g oinarrian aipatu dena.

g) Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.

h) Alegatutako merezimenduen gaineko ziurtagiriak eta fotokopiak, 9. oinarriaren arabera baloratuak izateko.

i) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.

7.3. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, eta hori jakinaraziko zaiola.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

7.4. Prestakuntza beka hau jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

8. Ebaluazio Batzordearen osaera eta prozeduraren instrukzioa.

8.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz. Ebazpen horretan izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko dira.

Ebaluazio Batzordea honako hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Idoia Saralegui San Sebastián, Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko batzordeburua: Patricia Ruiz de Irizar, Migrazio Politiketako zuzendari nagusia.

Idazkaria: Orreaga Azcona, Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuko teknikaria.

Ordezko idazkaria: Laura Laquidain, Lagun Egiteko eta Kulturen arteko Bitartekaritzarako Atalaren burua.

Batzordekidea: Guillermo Nagore Frauca, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko kabineteburua.

Ordezkoa: Daniel Burgui, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko idazkaria.

8.2. Ebaluazio Batzordeak kalifikatuko ditu hautagai bakoitzak alegatutako merezimenduak, eta hori egiteko 9. oinarrian ezarritako balorazio baremoa erabiliko du.

Ebaluazioa bukatuta, Ebaluazio Batzordeak beka emateko proposamena igorriko dio organo eskudunari, baita onartutako pertsona bakoitzari emandako guztizko puntuazioa ere. Nolanahi ere, proposamen hori loteslea izanen da.

9. Balorazio baremoa.

Eskaerak baloratzeko, honako baremo honen arabera kalifikatuko dira merezimenduak (14 puntu lortzen ahal dira gehienez):

a) Ikasketa-espedientea. Gehienez ere: 4 puntu.

b) Hizkuntzak jakitea: ingelesa, frantsesa eta beste hizkuntza komunitario batzuk. Gehienez ere: 1,5 puntu.

C1 mailaren baliokidea den titulua edo ziurtagiria izatea. Horri begira kontuan hartuko diren baliokidetasunak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean bildutakoak dira. Izan ere, ebazpen horren bidez ezarri ziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. Hala, ingeles edo frantses titulua izanez gero, 0,50 puntu emanen dira, eta beste hizkuntza batzuetakoak, 0,25 puntu.

B2 mailaren baliokidetzat aitortutako titulazioak edo ziurtagiriak izanez gero, 0,25 puntu emanen dira.

B2 mailatik beherako titulazioei edo ziurtagiriei ez zaie punturik emanen.

c) Beka emateko eskatzen ez diren beste unibertsitate titulu batzuk, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. Gehienez ere 2,5 puntu eskuratzen ahalko dira.

–Doktoretza: 2 puntu.

–Masterra: puntu bat.

–Beste gradu batzuk: 0,5 puntu.

d) Esperientzia profesionala edo boluntario gisako esperientzia esparru hauetan: sare sozialen kudeaketan, sentsibilizazio kanpainetan eta/edo kulturen arteko bizikidetzaren aldeko eta arrazismoaren aurkako proiektuetan, baldin eta curriculumean sartu ez badira.

0,25 puntu emanen dira langile edo boluntario gisa emandako hiru hilabeteko aldi bakoitzeko. Hiru hilabetetik gorako aldiak baizik ez dira baloratuko, behar bezala justifikaturik badaude dokumentu fede-emaile baten bidez (ziurtagiria, nomina, entitatearen arduradunaren aitorpena, eta abar).

e) Elkarrizketa pertsonala. Kalifikazio onenak lortzen dituzten lehenbiziko 6 pertsonei aurrez aurreko elkarrizketa bat eginen zaie. Elkarrizketari 5 puntu arteko balorazioa emanen zaio, honako hauek aintzat hartuz: migrazio politikekin zerikusia duten lanei buruzko ezagutza, sentsibilitate-kanpainei buruzko ezagutza, araudi administratiboa ezagutzea eta, bereziki, migrazio-politikekin lotutakoa; motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, lantaldean aritzeko gaitasuna eta bestelako trebetasun sozialak.

Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketa egitea ezinbestekoa da, eta hautapen prozesutik kanpo geratuko da bertara agertzen ez dena.

10. Beka ematea.

10.1. Migrazio Politiketako zuzendariaren ebazpen bidez emanen da beka, instrukzio organoak proposaturik. Ebazpenean, gutxienez, gainditu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, baita beka nori emanen zaion ere (puntuazio altuena lortzen duenari, alegia), eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.

Ebazpen hori eta hautagaien lehentasun-ordena, merezimenduen baremazioan lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, argitaratu eginen da informazio gisa.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

10.2. Beka jasotzeko hautatzen den pertsonak, beka emateko ebazpena jakinarazten denetik gehienez ere 10 egun balioduneko epean, prestakuntza beka eskatzerakoan alegatu zituen merezimendu guztien jatorrizko egiaztagiriak edo haien kopia konpultsatuak aurkeztu beharko ditu. Dokumentazioa aurkeztu ezean, puntu-sailkapenean bigarren denari esleituko zaio beka, eta, horrela, modu berean jokatuko da hurrengoekin ere.

11. Tutoretzak.

11.1. Bekaren onuradunaren egintzak Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuko zuzendariak zuzendu eta gainbegiratuko ditu.

11.2. Bekadunari Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren sentsibilizazio ekintzetan laguntzeko prestakuntza ekintzak egitea aginduko zaio, “Nafarroa Koloretan” markaren esparruan, baita sare sozialen kudeaketan laguntzeko ere. Eskatutako titulazioarekin zerikusia duten beste prestakuntza ekintza batzuetan ere laguntzen ahalko du.

11.3. Tutoreak ordutegiak zehaztuko ditu (gehienetan 8:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera), eta begiratuko du bekadunak bere betebehar orokor eta zehatzak betetzen dituela.

12. Justifikatzeko epea eta modua.

Beka amaitu eta hurrengo hilabeteko epean, egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du onuradunak.

Azken memoria hori prestatzen ez badu, jaso duen bekaren azkeneko hileko saria itzultzeko eskatuko zaio.

Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

13. Onuradunaren betebeharrak.

Bekaren onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 19. artikuluan adierazitako betebehar orokorrak bete beharko ditu, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra. Besteak beste, betebehar hauek izanen ditu:

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egiten ahal dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak egunean dituela egiaztatzea. Dena dela, eskaera-orrian hala adieraziz, baimena ematen ahalko dio Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuari jarduerak hasten direnean bere zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan.

f) Bere gain hartzea Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak.

g) Organo eskudunari jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

h) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.

i) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.

j) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne- edo funtzionamendu-araudia betetzea.

14. Prestakuntza jardueraren hasiera eta ukoak.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

Bekari uko eginez gero, Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuko Zuzendaritzari eman beharko zaio horren berri, hamabost egun natural lehenago gutxienez.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da utzitako beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengoa denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.

15. Prestakuntza jarduera egitea.

Bekaren xede diren jarduerak Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiaren instalazioetan eginen dira, astean gehienez ere 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio onuradunari.

16. Jabetza intelektuala.

Bekadunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

17. Lan edo administrazio harremanik eza.

17.1. Beka gozatzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, harreman administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

17.2. Prestakuntza bekaren onuradunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

18. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari den, administrazio horrekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

19. Ez-betetzeak.

Bekadunak esleitzen zaizkion betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, azken memoria aurkezten ez badu, edo tutorearen oniritzia lortzen ez badu, edo beka emateko aintzat hartu ziren baldintzak aldatuz gero, eta, batez ere, bateraezinak diren bekak edo dirulaguntzak lortuz gero, beka itzuli beharko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarri bezala.

20. Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Oinarri arautzaile hauek aplikatuz Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak ematen dituen ebazpenen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

21. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Eskaera-orria.

Deskargatu II. eranskina (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2208299