120. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko maiatzaren 25ean hartua, Iruñerriko Hondakinen Tratamendurako Zentroaren (Iruñerriko Ingurumen Zentroaren, IIZren) proiektua udalez gaindiko proiektu sektorialtzat (UGPrS) jotzen duena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean aurreikusten diren ondorioetarako. Sustatzailea Iruñerriko Zerbitzuak SA da (IZSA).

I. Aurrekariak

Nafarroako Gobernuak 2021eko abenduaren 15ean hartu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2022ko urtarrilaren 13an, 8. zenbakian, argitaratu Erabaki bidez, udalez gaindiko proiektu sektorial (UGPrS) hau onetsi zen: Iruñerriko Hondakinen Tratamendurako Zentroa (Iruñerriko Ingurumen Zentroa, IIZ), zeinaren sustatzailea Iruñerriko Zerbitzuak SA (IZSA) baita.

Proiektu hori Iruñeko Garraioaren Hiria Handitzeko udalez gaindiko plan sektorialaren (UGPSren) 4. faseko lursailetako batean planteatzen zen.

Iruñeko Garraioaren Hiria Imarkoaingo hirigunearen ondoan dago, Noain Elortzibarko udal mugapean, eta udalez gaindiko bi plan sektorialen bidez planifikatu da.

Tresna horiek hainbat aldaketa espediente izan dituzte, eta CTP garatzeko 4 eremu edo fase definitzen dituzte.

4. fasearen antolamendua, zeina Nafarroako Gobernuaren 2019ko abenduaren 27ko Erabaki bidez onetsitako Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaren xede izan baitzen, baliogabetu egin da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2021eko abenduaren 23an emandako 421/2021 Epaiaren bidez, “funtsezko aldaketa bat gertatu delako Iruñeko Garraioaren Hiriaren 4. fasearen plangintzan, espedientea berriz jendaurrean jarri gabe”.

Epai horrek kateko deuseztasun efektua delakoa eragin du, eta, horrenbestez, berekin ekarri du, behar den arau-estaldurarik gabe geratzeagatik, aipatu UGPrSa deuseza izatea Iruñerriko Hondakinak Tratatzeko Zentrorako.

Beraz, Iruñeko Garraioaren Hiriaren 4. faseko hirigintza antolamenduaren aldaketa deuseztatuta, Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk UGPSa aldatzeko beste espediente bat aurkeztu du tramitera.

Ondoren eta egun berean, bere sustapenaren oinarrian zegoen beharra ez baitzen desagertu, IZSAk berriz aurkeztu zuen tramitera Iruñerriko Hondakinen Tratamendurako Zentroaren, Iruñerriko Ingurumen Zentroaren (IIZ), udalez gaindiko proiektu sektoriala.

Orain aurkeztutako proiektuak aldaketa hauek ditu deuseztatutako proiektuarekin alderatuta:

–Eguneratzeak: partzela/erregistro egitura, partzelaren jabetza eta 4. fasea dagoeneko urbanizatuta egotea.

–Eransketak: estalkietan parte hartzeko eta energia fotovoltaikoa sortzeko plan berriaren ekarpenak.

–Aurreikusitako eraikin eta instalazio batzuetan eta exekuzio faseetan kokapen, okupazio eta eraikigarritasun aldaketak.

II. Proiektuaren helburua eta justifikazioa

Lurraldea antolatzeko tresna honen xedea da behar diren determinazioak zehaztea, zertarako eta Iruñeko Garraioaren Hiriaren 4. fasean ezartzeko funtzio anitzeko zentro bat, Iruñerriko hiri hondakinen frakzio nagusien tratamendu integrala egin dezan.

Zentroaren kokapena, zehazki, Noain Elortzibarko udal mugapeko 13., 4. eta 5. industrialdeei hurrenez hurren dagozkien 27., 32. eta 146. katastro partzeletan dago, eta guztira 107.142,86 m² hartzen dituzte.

Aurkeztutako memoriaren arabera, 2019an Iruñerriko Zerbitzuak SAk 150.751 tona etxeko hondakin kudeatu zituen, gehienak bide publikoan honako frakzio hauek jasotzeko bost edukiontzi motatan bilduta: errefusa, gaika bildutako materia organikoa (FORS), ontziak eta materialak, papera eta kartoia, eta beira.

Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planean aurreikusitako helburuei erantzuteko, Iruñerriko Mankomunitatean, IZSAren bidez, erabaki da zerbitzu horri lotutako 48 udalerrietako bide publikoan dauden bost edukiontzietatik lauko hondakinak (guztiak, papera eta kartoia izan ezik) jasotzeko/tratatzeko zentro baten ezarpena sustatzea.

Zentroa instalazio modularra eta malgua da, eta udal hondakinen arteko frakzio hauen tratamendua integratu behar du: FORS, gainerakoak, ontziak eta materialak, eta zurezko hondakinak (aukerakoa).

III. Zentroaren deskribapen laburra

IIZ instalazio modularra eta malgua da, eta instalazio hauek ditu:

–Digestio anaerobikoan sortutako biogasa arazteko instalazioa, biometanoa lortzeko, bai eta hori gas sarean injektatzeko ere.

–Gas natural konprimatuaren (GNKren) karga lasterra egiteko instalazioa, hondakinen kamioien eta ibilgailuen hornidurarako.

–Energia aprobetxamendu fotovoltaikoa ezartzea, IIZko eraikinen estalki gehienetan plaka fotovoltaikoak paratzearen bidez, aurreikusita dagoen 1.180 Kw-eko potentzia izendatua instalatuta.

–Hondakinak biltzeko kamioi eta ibilgailuetarako nabea.

IIZ kokatzeko partzelak bi sarbide izanen ditu Nafarroako etorbidetik, bai eta barreneko bide sare bat ere.

Ez da kanpo azpiegiturarik aurreikusten: Iruñeko Garraioaren Hiriaren 4. faserako aurreikusita dauden edo hor dauden azpiegituren edo zerbitzuen sareekiko hartuneak edo konexioak egiteko behar direnak baino ez.

Zentroa egiteko 75.232.000 euroko guztizko aurrekontua zenbatetsi da, eta bi faseko programazio orientagarri bat pentsatu; eta hondakinak biltzeko ibilgailuetarako nabea modu independentean egitea aurreikusi da, edo pentsatutako bi faseetako bat gauzatzearekin batera.

Proiektu hori gauzatzeak soil-soilik behar du bertan jasotako instalazioak garatzeko eraikuntza proiektuak idaztea eta tramitatzea, Iruñerriko Mankomunitateak denboran zehar zehazten dituen faseen edo programazioaren arabera.

IV.–Txosten sektorialak

2022ko apirilaren 27an eta 28an, Iruñerriko Mankomunitateko Azpiegitura eta Garraio Zerbitzuek aldeko txostenak egin dituzte hornidura eta saneamendu azpiegiturei eta eskualdeko hiri garraioari dagokienez.

2022ko maiatzaren 12an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak txosten bat eman zuen, honako hau dioena: “Iruñerriko Zerbitzuak SAk (IZSAk) eskatuta Iruñerriko Ingurumen Zentroak (IIZk) aurreikusita daukan jarduketa Nafarroako Gobernuak hondakinei dagokienez daukan politika sektoriala gauzatzeko aurreikusitako neurrietako bat da, bereziki Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakin Plana, eta Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritako helburuak betetzea ahalbidetuko du.”

Bestalde, aplikatzeko araudia berrikusi eta ukipenak detektatu ondoren, 2022ko apirilaren 20an, beren eskumeneko gaiari buruzko txostena eskatu zaie honako departamentu eta erakunde hauei:

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

–Sustapen Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia.

–Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioko Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusia.

–Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzua.

–Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

–Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde Plangintzaren eta Parte hartzearen Atala.

V. Ingurumen arloko tramitazioa

2022ko maiatzaren 11n, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emandako txostenean hau ondorioztatzen zen:

“Orain izapidetzen ari den IIZren proiektua ia ezertan ere ez da desberdintzen 2021eko abenduaren 15ean izapidetu eta onetsi zenarekin alderatuta, zeinari buruz, bestalde, 2021eko ekainaren 15ean eman baitzuen bere irizpena unitate honek. Orain sartutako aldaketek ez dute funtzionalitatea aldatzen, ez eta ia morfologia bera ere. Eta hala, 2021ean jakinarazi zen bezala, hondakinak kudeatzeko jarduera egiteko eraikinak trinkoak eta itxiak dira, ez dute airerik zabaltzen usain kargarekin IIZren ingurura onartutako mugen gainetik, eta airea hartzeko eta behartuta erauzteko sistemak dituzte, nabeak depresioan eta airea etengabe berrituz izanda.

Proiektuaren ezaugarriak ikusita, ondorioztatzen da proiektua ez dagoela sartuta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren 8. multzoan; beraz, ez zaio ohiko ingurumen inpaktuaren ebaluaziorik egiten (ez dira hondakin arriskutsuak erraustuz tratatzen; horiek ez dira zabortegian uzten; hondakin ez-arriskutsuak ez dira tratatzen edo ezabatzen tratamendu fisiko eta kimikoaren bidez; eta ez da hondakin ez-arriskutsuetarako zabortegi bat). 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldeko b eta e idatz-zatietan zerrendatuta daudenen artean ere ez dago, eta proiektuan deskribatutakoaren arabera, ez da egiten hondakinen tratamendurako eragiketarik nabeen kanpoaldean; beraz, ez zaio ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikaturik egiten.

Hala, ondorioztatzen da proiektua ez dagoela plan eta programen ingurumen ebaluazio estrategikoari lotuta, ez eta proiektuen ingurumen inpaktuaren ebaluazioari lotuta ere, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen arabera. Kutsaduraren kontrol integratua behar bezala egiteko ingurumen izapidea ingurumen baimen integratua da, eta Ingurumen Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan adierazitakoaren arabera izapidetuko da.”

VI. Kontuan hartzekoak

–Hirigintzako tramitazioari dagokionez:

Udalez gaindiko proiektu sektorialak egin eta onesteko prozedura uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren (LAHFLTBren) 45.2 artikuluan araututa dago. Bestalde, lege testu horren 7. eta 42. artikuluetan xedatuarekin bat etorriz, eta hizpide dugun proiektuari dagokionez, herritarrek parte hartzeko kontsulta prozesu bat egin da, Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko eragina duen prozesutzat jo baino lehen.

–Udalez gaindikotzat jotzeko arrazoien justifikazioa dela eta:

LAHFLTBren 42.4 artikuluaren arabera: “Nafarroako Gobernuari dagokio plan edo proiektu sektorial bat udalez gaindikoa dela deklaratzea, foru lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako. Horretarako, honako hauek arrazoitu eta justifikatu beharko ditu espedientean: a) Aurreikusitako jarduketek edo azpiegiturek udalez gaindiko esparruan eragiten diotela lurraldearen antolamenduari, eta baldintza hauetakoren bat betetzen dutela: lurraldearentzat izaera antolatzaile eta egituratzailea izatea; baliagarriak izatea Nafarroako Gobernuaren, toki entitateen edo Estatuaren politika sektorialak foru komunitatean garatu, ezarri edo exekutatzeko; edo foru legedi sektorialean ezarritako determinazioei dagozkie.”

Ondoren horretarako, proiektuaren memoriak atal espezifiko bat jasotzen du, eta, horretako kontsiderazioetatik, bidezko da honako hau nabarmentzea: Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakin Plana da foru komunitatean hurrengo urteetarako hondakinen prebentzioa eta kudeaketa antolatzeko politikaren oinarrizko tresna, eta bertan aurreikusitakoaren arabera, sortutako errefus zatikiaren %100 tratatzeko kudeaketa alternatiba bat eratu behar zen, materialak eta gai organikoeak ahalik eta gehien birziklatu eta baloratzeko, zabaldu aurretik trata zitezen, eta hori da, hain zuzen ere, proiektu honek planteatutako IIZrekin egin nahi dena.

Bestalde, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, lehenago jaso bezala, adierazi du IIZ dela Nafarroako Gobernuak hondakinei dagokienez duen politika sektoriala gauzatzeko neurrietako bat, bereziki Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakin Plana, eta Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean xedatutako helburuak betetzea ahalbidetuko duela.

–Indarreko plangintzarekiko koherentzia:

Proiektuan aurreikusitako jarduketa bat dator Nafarroako Lurralde Estrategiarekin (NLErekin) eta Eremu Zentraleko Lurraldearen Antolamenduko Planarekin (LAP3).

Era berean, egiaztatu da proiektua izapidetzen ari den Iruñeko Garraioaren Hiriko UGPSaren 4. faseari buruzko araudira egokitzen dela, zeina aplikatzekoa baita IIZren kokapenean, araudi hori proiektu sektorial hau baino lehenago onetsiz gero.

Hala ere, partzela atzeraemateei dagokienez, zehaztu egin behar da, eta, hala egokituz gero, aparkalekuen grafismo berarekin zuzendu beharko da Administrazio Eraikinaren ezkerraldean adierazita dagoen identifikaziorik gabeko elementuaren lerrokadura.

Azkenik, adierazi behar da IGHaren UGPSaren 4. faserako araudiak erregulatutako gainerako kontuak, bereziki barne urbanizazioari edo akaberei dagozkienak, bai eta araudi sektoriala betetzeari eta IGHaren 4. faseko birpartzelazio eta urbanizazio proiektuetara egokitzeari dagozkienak ere, aztergai izanen direla Iruñerriko Ingurumen Zentroa gauzatzeko beharko diren eta bertan jasotzen diren instalazioei buruzko eraikuntza proiektuen tramiteetan.

–Proiektua gauzatzeari dagokionez:

Lehenago esan bezala, 2021eko abenduaren 23ko 421/2021 Epaiak deuseztzat jo du Iruñeko Garraioaren Hiriaren (IGHaren) 4. faseko hirigintza berrantolaketa onesten duen Nafarroako Gobernuaren Erabakia. Deuseztasun horrek kateko deuseztasun efektua delakoa eragin du, eta, horrenbestez, behar den arau estaldurarik gabe geratu direlako, berekin ekarri du deusezak izatea aipatu fasea gauzatzeko birpartzelazio eta urbanizazio proiektuak, zeinak, hurrenez hurren, Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emandako martxoaren 26ko 11E/2021 eta ekainaren 3ko 24E/2021 ebazpenen bidez onetsi baitziren.

Testuinguru horretan, UGPrS hau gauzatzeko, tramitatzen ari den IGHaren UGPSaren 4. fasea antolatzeko aldaketa eta haren xede diren instalazioei dagozkien eraikuntza proiektuak onartzeaz gain, berriz tramitatu behar dira birpartzelazio edo urbanizazio proiektuak.

–Dokumentazioari dagokionez.

UGPrSak aplikatzekoa den legeriak eskatzen duen edukia betetzen du, baina honako hauek baliatuta osatu behar da:

  • Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 39., 42., 52. eta 64. artikuluak betetzen direlako justifikazioa. Artikulu horiek honako hauek dituzte aipagai: sistema fotovoltaiko indibidualak edo partekatutako erabilerakoak ezartzea eraikinetan eta aparkatzeko plazetan; aparkatzeko plazak gordetzea emisiorik gabeko ibilgailuentzat; eta diseinu bioklimatikoko konponbideak nahiz naturan oinarritutakoak.
  • Informazio geografiko bektoriala honako foru dekretu honek eskatutakoaren arabera: 253/2019 Foru Dekretua, urriaren 16koa, Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua arautzen dituena.
  • Genero eraginari buruzko txostenak tresna osatzen duen dokumentazio osoari buruzkoa izan behar du. Gainera, dokumentu guztiak nola dauden idatzita aztertu behar da, eta hizkuntza inklusiboa erabili.

–Proposatutako determinazioei dagokienez:

Lehenago adierazi bezala, UGPrSaren xedea da Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko UPSaren 4. fasean IIZ ezartzeko behar diren determinazioak arautzea edo ezartzea. Horretarako, UGPrSak ez ditu aldatzen indarrean dauden edo tramitatzen ari diren hirigintza antolamenduko determinazioak, baizik eta determinazio gehiago ezartzen ditu IIZren kokapen eremu edo partzelaren gainean (Noain Elortzibarko udal mugapeko 27., 32. eta 146. katastro partzelak; 13., 4. eta 5. industrialdeetakoak, hurrenez hurren); zehazki:

  • Erabilera nagusia: Iruñerriko Ingurumen Zentroa (IIZ), Iruñerriko hiri hondakinen frakzio nagusien tratamendua egiteko.
  • Erabilera bateragarriak: bertan erabiltzeko behar diren ibilgailuak, ordezko piezak edo makineria osagarria konpontzeko lokalak eta tailerrak; bulegoak eta laborategiak; jantokiak, atseden guneak, lehen sorospeneko guneak, langileen komunak eta aldagelak; estalkipean edo nabean aparkatzeko lekuak; aire zabaleko aparkalekuak; ingurumen arloko prestakuntza/sentsibilizazio arloa; bisita zirkuituak, bertako egiturak barne; behar diren lokal teknikoak, instalazioak eta azpiegiturak; energia berriztagarria sortzea eta autokontsumoa edo injektatzea sare energetikoetan; erregaia biltegiratzea edo hornitzea; produktuak hirugarrenei saltzeko guneak; eta hondakinen zerbitzuak erabiltzen dituen ekipoak eta materiala metatzea eta/edo biltegiratzea.
  • Zentroaren ezaugarriak hauei dagokienez: eraikin eta instalazioen banaketa eta kokapena, partzela okupazioa, eraikinen garaiera, eta eraikitako eremua.
  • Lurralde fisikoaren gaineko eraginari eta ingurumen ukipenei buruzko azterketaren ondoriozko prebentzio eta zuzenketa neurriak, eta haiek guztiak zuzendu edo minimizatzeko bitartekoak.
  • Genero eraginari buruzko txostenaren ondorioz, eremua ingurunearekiko eta pertsonekiko ikuspegi inklusibo batekin egokitzeari eta abegitsu bihurtzeari buruzko determinazioak.
  • Babes Zibilaren txostenaren ondoriozko determinazioak.
  • Abiazio Zibilaren txostenaren ondoriozko determinazioak.

–Zentroaren ezaugarriei dagokienez, UGPrSaren araudiaren 5. artikuluak, LAHFLTBren 44.1 artikuluan xedatua babestzat hartuta, obrak gauzatzeko beharrezkoak izan daitezkeen egokitzapenak egitea ahalbidetzen du, muga batzuekin.

Bestalde, UGPrSaren norainokoa eta kokalekua kontuan hartuta, eta hala ez egokitzeagatik, ez da determinaziorik jasotzen ekipamendu publiko, zerbitzu edo sistema orokorretarako espazioak lagatzeari buruz.

Garapenari dagokionez, 3. artikuluak LAHFLTBren 49. artikuluan ezarritakoa bete behar du, eta hirigintzako betebeharrak betetzeko epeekin osatu behar da.

–Interes orokorreko adierazpenari dagokionez.

Mankomunitate sustatzaileak, halaber, IIZri buruzko UGPrSa interes orokorrekotzat jotzeko eskatu du, LAHFOTBn xedatuta baitago.

Adierazpena emateko erabakia espedientea behin betiko onestean hartzen ahalko du Nafarroako Gobernuak, egoki bazaio.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu Batzordearen 2022ko maiatzaren 16ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Iruñerriko Hondakinen Tratamendurako Zentroaren (Iruñerriko Ingurumen Zentroaren, IIZren) proiektua udalez gaindiko proiektu sektorialtzat (UGPrS) jotzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean aurreikusten diren ondorioetarako. Sustatzailea Iruñerriko Zerbitzuak SA da (IZSA).

2. Tresna hau onetsi aurretik, sustatzaileak erabaki honetako kontsiderazioak kontuan hartu beharko ditu, bai eta txosten sektorialek horri buruz xedatzen dutena ere.

3. Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala jendaurrean jartzea hilabete batez, eta, aldi berean, entzunaldia ematea haren eremuak eragindako udalei.

Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko da bi izapide horien epea.

Ondorio horietarako, proiektua Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian kontsultatzen ahalko da, eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

4. Udalez gaindiko proiektu sektorial hau behin betiko onesteko baldintza izatea aurrez behin betiko onestea honako espediente hau: Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, zeina zortasun aeronautikoei eta 4. fasearen berrantolamenduari baitagokie Noain Elortzibarko udal mugartean, eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoak sustatu baitu.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta honako hauek helaraztea: Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Eraginaren Atala eta Hondakinen Atala; Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibil eta Larrialdietako Zerbitzua; Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia; Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atala; Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusia; eta Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioko Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusia; bai eta honako hauei jakinaraztea ere: Ebroko Ur Konfederazioa; Noain Elortzibarko Udala; eta sustatzailea. Behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2207809