12. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1E/2022 EBAZPENA, urtarrilaren 4koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez 2023ko abenduaren 31ra arte luzatzen baita nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan energia-efizientzia hobetzeko jarduketak egiteko laguntzen programan eskaerak aurkezteko epea. DDBN identifikazioa: 565228.

Martxoaren 9ko 149/2021 Errege Dekretuaren bidez arautu zen nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan energia-efizientzia hobetzeko jarduketak egiteko laguntza programa.

Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren maiatzaren 19ko 35E/2021 Ebazpenaren bidez onartu zen deialdia Nafarroan.

Abenduaren 21eko 1126/2021 Errege Dekretuaren bidez 149/2021 Errege Dekretua aldatu da, eta 4. artikulua honela idatzita gelditu da:

«Laguntza programa honek indarra izanen du errege dekretu hau “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitaratu eta biharamunetik hasi eta 2023ko abenduaren 31ra arte».

Hori horrela, bidezkoa da nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan energia-efizientzia hobetzeko jarduketak egiteko laguntza programaren deialdiaren 3. oinarria aldatzea eta haren iraunaldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatzea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren maiatzaren 19ko 35E/2021 Ebazpenaren I. eranskineko 3.3 oinarria. Ebazpen horrek “Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan energia-efizientzia hobetzeko jarduketak egiteko laguntzak” izeneko dirulaguntzen deialdia onesten du. Hona idazketa berria:

3.3. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2023ko abenduaren 31n bukatuko.

Indarraldia bukatu ondoren, ez da eskaerarik onartuko.

Aurrekontu eskuragarria agortzen denean, horren berri emanen da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus).

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 4an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2200266