116. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2822E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 3koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez finantzaketa emateko deialdi bat onesten baita 2022. urtean erizainen zainketen berrikuntzaren arloko ikerketa lana areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan. DDBN identifikazioa: 625187.

Osasuneko kontseilariak abuztuaren 22an emandako 87/2014 Foru Aginduaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ikerketa sustatzeko programa onetsi zen. Programa horren 7.2.3 puntuan aurreikusita dago ikerketa lana areagotzeko prozedura bat abian jartzea sostengua emateko unitate asistentzial jakin batzuen ikerketa lanari, baldin eta unitate asistentzial horiek ongi zehaztutako ikerketa-proposamen bat badute eta ibilbide profesional nabarmena frogatua duten profesionalak badituzte; 7.4.2 puntuan, jarduketa-ildoen artean, zainketen arloko ikerketa bultzatzea ezartzen da.

Aipatutako baldintzak betetzen dituzten unitate asistentzialen berrikuntzaren arloko ikerketa lana areagotzeko –halakotzat harturik ebidentzian oinarritutako gomendio batzuk ezartzea eta ebaluatzea–, beharrezkotzat jotzen da hautatzen diren ikerlariei jarduera asistentzialaren zati bat kentzea. Horretarako, beharrezkoa den finantzaketa gehigarria bermatu beharra dago, profesional horiek betetzen ez duten jarduera asistentzialari erantzuteko aldi baterako kontratazioak eginez.

Estatuan Carlos III Osasun Institutuaren bidez eskaintzen den areagotze programaren osagarria da prozedura hau, eta, haren ildotik, aurreikusten da Osasun Departamentuak aldi baterako kontratazioen zati bat finantzatzea, hain zuzen, ikerketa lana areagotzen duten erizainen lanaldiaren %50 adinakoa.

Ebazpen honen xedea da finantzaketa emateko deialdi bat onestea 2022. urtean erizainen zainketen berrikuntzaren arloan ikerketa lana areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan.

Azaldutako guztiagatik, ikusirik Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariak emandako txostena eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuaren adostasuna, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Finantzaketa emateko deialdi bat onestea 2022. urtean erizainen zainketen berrikuntzaren arloko ikerketa lana areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan.

2. Finantzaketa emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Guztira, 30.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honen bidez onesten den deialdia finantzatzeko. Aipatutako gastua 2022ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 512002 51300 4809 465102 partidari egotziko zaio, “Osasun langile publikoen ikerketa lana areagotzeko bekak” izenekoari.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzura, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalera, Ogasuneko Kontu-hartzailetza delegatura, Balorazio Batzorde Teknikoko kideei eta Osasun Departamentuko Kontabilitate Bulegora.

5. Agintzea ebazpen hau eta dagokion eranskina argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta nafarroa.eus atariko administrazio publikoaren eremurako katalogoen zerbitzuan, behar diren ondorioak izan ditzaten.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 3an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko unitate asistentzialetako erizaintzako profesionalen zainketen berrikuntzarako ikerketa lana areagotzea 2022. urtean, betiere unitate horiek hobekuntza plan bat baldin badute Nafarroako Pazientearen Segurtasunaren Estrategia ardatz hartuta (Osasuneko kontseilariaren ekainaren 17ko 264E/2016 Foru Aginduaren bidez onetsitako estrategia).

2.–Prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskudunak.

Arau hauetan ezarritako ondorioetarako, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari esleitzen zaizkio prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak, zainketen berrikuntzarako ikerketa lana areagotzeko finantzaketa emateko.

Instrukzio organoak Batzorde Teknikoaren balorazioari jarraikiz eginen du ebazpen proposamena.

Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen denean, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala dela ulertu behar da.

3.–Onuradunak.

3.1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetako unitate organikoetako arduradunek (zerbitzuak, atalak, ospitale arloko unitateak, osasun mentaleko zentroak edo oinarrizko osasun laguntzakoak) eska dezakete beren profesionaletako bat ikerketa areagotzeko programan sartzea, baldin eta unitateek hurrengo oinarrian ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.

3.2. Eskaera egiten duten unitate organikoek bete beharko dituzten baldintzak hauexek dira:

a) Unitate organikoaren Hobekuntza Plan bat aurkeztea, ongi zehazturik helburuak, ekintzak eta ebaluazio-adierazleak. Hobekuntza plana, ebidentzia zientifikoan oinarritutako gomendioen ezarpenean eta ebaluazioan funtsatua, Pazientearen Segurtasunaren Estrategian zentratuko da (Osasuneko kontseilariaren ekainaren 17ko 264E/2016 Foru Aginduaren bidez onetsitako estrategia).

b) Ospitaleen eta osasun mentaleko sarearen esparruan, gutxienez %80ko puntuazio orokorra lortu izana ebaluatutako azken urteko kudeaketa helburuak lortzeari dagokionez; eta oinarrizko osasun laguntzan, “Akreditatua” egoera lortu izana “Akreditazioa” deritzon atalean.

3.3. Bestalde, ikerketa areagotzeko izangaiek funtzionario gisako, estatutupeko edo kontratu bidezko lotura izan behar dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin, erizaintzako langile gisa, laguntza hau eskatzen denetik ikerketa areagotzeko lana bukatu arte.

4.–Gastu finantzagarriak.

4.1. Osasun Departamentuak ordezko langileak aldi baterako kontratatzeko kostua finantzatuko du, 30.000 euroko gastua gehienez ere, 2022ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Osasun langile publikoen ikerketa lana areagotzeko bekak” izeneko 512002 51300 4809 465102 partidaren kargura.

4.2. Finantzaketaren xedea izanen da ikerketa lana areagotzen duten erizaintzako profesionalek utziko duten jarduera aldi baterako kontratazioaren bidez betetzea.

4.3. Unitate organikoari finantzatzen ahal zaion gehieneko diru-zuzkidura 15.000 eurokoa izanen da, Gizarte Segurantzako enpresa-kuota barne.

4.4. Puntu gehien lortzen duten unitate organikoak finantzatuko dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.

4.5. Ikerketa lana areagotzen duen profesionala atxikia duen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroko zuzendaritzak eginen du beharrezkoak diren langile ordezkoen kontratazioa. 12. oinarrian xedatutakoari jarraikiz finantzatuko da kontratazioa.

5.–Ordezteko kontratuaren ezaugarriak.

5.1. Ordezko langileei administrazio kontratua eginen zaie, aplikatzekoa den legerian oinarrituta eta ordeztu beharreko profesionalak urtean duen lanaldiaren erdia, gehienez ere, liberatzeari dagokion denborarako; denbora hori zerbitzuaren beharren arabera banatzen ahal da.

5.2. Diru-zuzkidura hamabi hilabetez erabiliko da gehienez ere, ordezkapeneko lehen kontratua sinatzen denetik hasita. Ordezko langileen kontratazioetan gertatzen diren etenaldiak ez dira berreskuratuko.

6.–Eskaerak.

6.1. Ikerketa areagotzeko laguntzak deialdi honen kargura eskatzeko agiri normalizatuak eskuragarri daude Nafarroako Gobernuaren webguneko administrazio publikoaren esparrurako zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus).

6.2. Eskaerak agiri hauek bilduko ditu:

–1. agiria. Liberatu beharreko profesionala atxikia duen unitate organikoko arduradunak sinatutako eskabidea, ikerketa areagotzeko laguntzaren eskatzaileak berak izenpetua eta unitate asistentzialari dagokion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroko zuzendaritzak ikus-onetsia.

–2. agiria. Ikerketa lana areagotu behar duen profesionala zer unitate asistentzial organikotakoa den, unitate horren hobekuntza plana, ongi zehaztuta helburuak, ekintzak eta esku-hartzearen ebaluaziorako adierazleak.

–3. agiria. Profesionalak ikerketa lana areagotzen duen denboran beteko duen jardueraren kronograma eta zehaztasunak.

–4. agiria. Ikerketa areagotzeko izangaiaren curriculum vitaea, Nafarroako Gobernuaren webguneko administrazio publikoaren esparrurako zerbitzuen katalogoan eskura dagoen ereduaren arabera betea (www.nafarroa.eus).

7.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

7.2. Tramitaziorako, bide elektronikoak erabiliko dira, Nafarroako Gobernuaren webguneko administrazio publikoaren esparrurako zerbitzuen katalogoan eskura dagoen estekaren bitartez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.

7.3. Eskabideak ez badu frogatzen aipatutako baldintzak betetzen direla, instrukzio organoak jakinarazpen administratibo baten bidez eskatuko dio interesdunari gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta jakinaraziko dio, zuzentzen ez baditu, haren eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, bidezko den ebazpena eman ondoren.

8.–Baloraziorako Batzorde Teknikoa.

Honako hauek osatuko duten batzorde tekniko batek baloratuko ditu tramitera onartzen diren eskaerak:

Ana Fernández Navascues andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuko kidea, Nafarroako ordezkaria dena Ebidentzian oinarritutako osasun zainketetarako Espainiako Zentroaren Jarraipen Batzordean, Carlos III Osasun Institutuan.

M.ª Josefa Gonzalez García andrea, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Zainketen Kalitate eta Informazio-sistemetarako Erizaintza Unitateko erizaina.

Lucía Goyeneche Haro andrea, Nafarroako Ipar-Ekialdeko Zainketa Asistentzialetarako eta Etxeko Arretarako Ataleko burua.

M.ª José Lasanta Sáez andrea, Osasun Departamentuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Ataleko burua.

9.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako arau orokorrak.

Dirulaguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko asmoz, 10. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera.

10.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

10.1. Balorazioa irizpide hauen arabera eginen da:

a) Ikerketa areagotzeko laguntzak jasotzeko izangaiaren curriculumeko merezimenduen balorazioa: gehienez 30 puntu.

a.1. Curriculum vitae-an agertzen diren argitalpenen balorazioa. 10 puntu emanen dira gehienez, honela banaturik:

–Journal Citation Report (JCR) delakoan indexatutako argitalpen bakoitzeko: Lehenengo edo azken sinatzaile gisa edo korrespondentziarako egile gisa agertzen bada: puntu bat. Gainerako egileak: 0,5 puntu.

–Beste datu base batzuetan edo beste aldizkari zientifiko batzuetan indexatutako argitalpen bakoitzeko: Lehenengo edo azken sinatzaile gisa edo korrespondentziarako egile gisa agertzen bada: 0,3 puntu. Gainerako egileak: 0,15 puntu.

a.2. Lehiaketa bidezko deialdien xedeko ikerketa proiektuetan parte hartu izana, 5 puntu gehienez, honela banaturik:

Ikertzaile nagusi gisa parte hartzea:

–Europa mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: 1,5 puntu.

–Espainia mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: puntu bat.

–Eskualde mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: 0,6 puntu.

Laguntzaile gisa parte hartu izanez gero, aipatutako puntuazioaren erdia emanen da.

a.3. Beste merezimendu batzuk: 15 puntu gehienez, honela banaturik:

–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako doktore-tesia: 4 puntu tesi bakoitzeko.

–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako masterra: 2 puntu master bakoitzeko.

–Asistentziaren kalitateari buruzko prestakuntza (5 puntu gehienez), honela banaturik:

  • Etengabeko prestakuntzako jarduera frogatuak: puntu bat (1) kreditu bakoitzeko.
  • Etengabeko prestakuntzako jarduera frogatu gabeak: puntu bat 10 prestakuntza orduko.

Esperientzia hobekuntza plan baten bultzatzaile gisa (4 puntu: bai=4, ez=0).

b) Aurkeztutako hobekuntza planaren balorazioa: gehienez 70 puntu.

b.1. Aldatu beharreko arazoaren diagnostikoa: hori baloratzeko, kontuan hartuko dira abiapuntuko egoera, arazoa sortzen ari diren kausarik probableenak eta arazoaren kuantifikazioa. 20 puntu gehienez, honela banaturik:

–Aldatu beharreko arazoaren diagnostikoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren testuinguruan kokatuta badago: 20 puntu.

–Testuinguruan partzialki kokatzen bada (arlo edo zentro batean): 10 puntu.

–Testuinguruan kokatzen ez bada: 0 puntu.

b.2. Proposatutako helburuen eta ekintzen arteko egokitzapena: Baloratuko da hobekuntza ekintzak aukeratu izana honako hauek ezagutzearen ondorio logiko gisa: arazoa nolakoa den, haren kausak, ezarritako helburuak eta ekintzen ebidentzia maila. 30 puntu gehienez, honela banaturik:

–Proposatutako ekintza guztiak ebidentzian oinarrituta badaude eta gomendioaren indarra aipatzen bada: 30 puntu.

–Proposatutako ekintzen erdia, gutxienez, ebidentzian oinarrituta badaude eta gomendioaren indarra aipatzen bada: 20 puntu.

–Proposatutako ezein ekintzaren gomendioaren indarra aipatzen ez bada: 10 puntu.

–Ekintzak helburuei loturik ez badaude: 0 puntu.

b.3. Ongi definitutako neurketa-adierazle kalkulagarriak: haien balioa, sentsibilitatea eta espezifikotasuna baloratuko dira, bai eta proposatutako ekintzetan nahi den aldaketa neurtzeko ahalmena ere. 20 puntu gehienez, honela banaturik:

–Proposatutako ekintza bakoitzerako ongi definitutako neurketa-adierazle kalkulagarri bat badago: 20 puntu.

–Ekintzen erdia, gutxienez, ongi definitutako neurketa-adierazle kalkulagarri batekin lotuta badaude: 10 puntu.

–Ekintzetako bat ere lotuta ez badago, edo ekintzen erdia baino gutxiago baldin badira ongi definitutako neurketa-adierazle kalkulagarri batekin lotuta daudenak: 0 puntu.

10.2. Finantzaketa lortzeko, gutxienez 35 puntu lortu beharko dituzte proiektuek.

11.–Ikerketa lana areagotzearen onespena.

11.1. Batzordeak, 9. puntuan ezarritako irizpideei jarraikiz, dirulaguntza emateko behin-behineko proposamen bat onartu beharko du. Proposamen hori Nafarroako atarian argitaratuko da (Administrazio Publikoaren esparrurako zerbitzuen katalogoan).

11.2. Argitaratu ondoren, 10 egun naturaleko epea irekiko da interesdunek alegazioak egin ditzaten.

11.3. Behin batzordeak bere iritzi loteslea adierazita izangaiek aurkeztutako alegazioez edo behin-behineko zerrendan eragina izan dezaketen bestelako gorabeherez, instrukzio organoak behin betiko proposamena eginen du laguntzak emateko eta ukatzeko.

11.4. Osasuneko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, zehaztuko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zer unitate organikok jasoko duten ikerketa lana areagotzeko laguntza, instrukzio organoak eginiko proposamen arrazoituari jarraikiz.

Ebazpena jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen administrazio prozedura erkidea arautzen duten legeetan ezarri bezala, ikerketa lana areagotuko duten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko unitate organikoei eta ikerketa eginen den zentroko zuzendariari, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jarriko da jendaurrean.

12.–Finantzaketaren kudeaketa.

Esleitutako zenbatekoa 2022. urtean ordainduko zaio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari (Q3150004D IFZ), finantzaketaren xedeko gastuak ordain ditzan, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak” izeneko 543000 52200 4410 000000 partidan.

13.–Proiektua gainbegiratzea.

Proiektuak behar adinako kalitatearekin gauzatzen direla bermatzeko, hobekuntza zikloen aurrerapenaren gainbegiratzea eta tutoretza jarraitua Pazientearen Segurtasunaren Estrategiaren arduradunak eginen ditu (Osasuneko kontseilariaren ekainaren 17ko 264E/2016 Foru Aginduaren bidez onetsitako estrategia).

14.–Ikerketa lana areagotzeko jarduera gauzatzea.

14.1. Ikerketa lana areagotzeko jarduera gauzatuko da deialdi honetan eta ikertzaileak egin beharreko jarduerari buruz aurkeztu den dokumentazioan aurreikusitako moduan.

14.2. Ikerketa lana areagotzeko jarduera aurrera eramatean gertatzen den gorabehera edo aldaketa oro idatziz baimendu beharko du, aurretik, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak.

Frogatzen bada ez direla bete, osorik edo partez, deialdi honetan eta aplikatzekoak diren arauetan ezarritako baldintzak, Osasuneko zuzendari nagusiak, behin Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak txosten arrazoitua emanik, jardueraren finantzaketa eten dezake, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoa itzul dadila eskatu, behar den espedientea tramitatu ondoren betiere, deusetan galarazi gabe izan daitezkeen erantzukizunak.

15.–Ikerketa lana areagotzeko jardueraren amaiera eta justifikazioa.

15.1. Ikerketa lana areagotzeko jarduera amaitzen den egunetik hurrengo hilabeteko epean, hobekuntza asistentzialeko zikloen aurrerapenaren gainbegiratzea eta tutoretza jarraitua egiten duen arduradunak, unitate organikoaren arduradunarekin batera, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari igorri beharko dio azken memoria bat, barne hartuko duena berrikuntzaren eraginari buruzko atal bat: jardun klinikoaren gaineko eragina edo osasun arloko politiken gaineko eragina, osasunaren gaineko eragina edo ematen den osasun zerbitzuaren gaineko eragina. Egoki irudituz gero, informazio osagarria eskatzen ahalko da.

15.2. Beharrezkoa bada ikerketa lana areagotzeko jarduera aurrera eramateko, unitate organikoaren arduradunak Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari eskatzen ahalko dio luza dezala proiektua gauzatzeko edo azken memoria aurkezteko epea, behar bezala arrazoituta, betiere gauzatzeko epea bukatu aurretik edo memoria aurkezteko epea bukatu aurretik, kasuan kasukoa.

16.–Konpromiso osagarriak.

Argitalpen zientifikoetan, ahozko komunikazioetan edo, oro har, ikerketa lana areagotzeko jardueraren ondoriozko emaitzen zabalkundean, deialdi honen bidezko finantzaketa izan dela zehaztu beharko da ohar baten bidez. Produkzio horien berri Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari emanen zaio, ikerketa lana areagotzeko jardueraren espediente zenbakia eta sortzen diren argitalpenak zehaztuta, kontuan izan gabe azken memoria noiz igortzen den.

Iragarkiaren kodea: F2207085