115. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2816E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 3koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez finantzaketa emateko deialdi bat onesten baita 2022. urtean ikerketa lana areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan. DDBN identifikazioa: 625284.

Ebazpen honen xedea da deialdi bat onestea finantzaketa emateko 2022. urtean ikerketa lana areagotu dadin Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan.

Osasuneko kontseilariak abuztuaren 22an emandako 87/2014 Foru Aginduaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ikerketa sustatzeko programa onetsi zen. Programa horren 7.2.3. puntuan aurreikusita dago ikerketa areagotzeko prozedura bat abian jartzea, baldintza hauek betetzen dituzten unitate asistentzial jakin batzuen ikerketa lanari sostengua emateko: ikerketarako estrategia oso zehatza izatea eta ikerketan ibilbide nabarmena frogatua duten profesionalak izatea, bai eta ikerketarako proiektu aktiboak eta kalitatezkoak ere.

Aipatutako baldintzak betetzen dituzten unitate asistentzialen ikerketa lana areagotzeko, beharrezko jotzen da hautatutako ikerlariei jarduera asistentzialaren zati bat kentzea. Horretarako, beharrezkoa den finantzaketa gehigarria bermatu beharra dago, profesional horrek betetzen ez duen jarduera asistentzialari erantzuteko aldi baterako kontratazioak eginez.

Estatuan Carlos III Osasun Institutuaren bidez eskaintzen den areagotze programaren osagarria da prozedura hau, eta, haren ildotik, aurreikusten da Osasun Departamentuak aldi baterako kontratazioen zati bat finantzatzea, hain zuzen, ikerketa lana areagotzen duten fakultatibo espezialisten, unibertsitateko diplomadunen edo erizaintzako, odontologiako edo fisioterapeutako gradudunen lanaldiaren %50 adinakoa.

Azaldutako guztiagatik, ikusirik Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariak emandako txostena eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuaren adostasuna, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2022. urtean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ikerketa lana areagotzeko finantzaketa emateko deialdia onestea. Horretarako prozedura ebazpen honen I. eranskinean araututa dago.

2. Guztira, 90.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honen bidez onesten den deialdia finantzatzeko. Aipatutako gastua 2022ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 512002 51300 4809 465102 partidari egotziko zaio, “Osasun langile publikoen ikerketa areagotzeko bekak” izenekoari.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 3an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Ebazpen honen xedea da 2022. urtean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko unitate asistentzialetako profesionalen ikerketa lana areagotzeko finantzaketa emateko oinarriak onestea. Unitate asistentzial horiek, deialdian eskatutako baldintzez gain, ikerkuntzan ibilbide nabarmena frogatua duten ikerlariak izan beharko dituzte, bai eta ikerketa proiektu aktiboak eta kalitatezkoak ere.

2.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Arau hauetan ezarritako ondorioetarako, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari esleitzen zaizkio ikerketa lana areagotzeko finantzaketa emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eginkizunak.

Instrukzio organoak batzorde teknikoaren irizpenari jarraikiz eginen du ebazpen proposamena. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen denean, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala dela ulertu behar da.

Prozedura ebazteko eskumena Osasuneko zuzendari nagusiari dagokio.

3.–Eskatzaileak eta onuradunak.

3.1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetako unitate organiko asistentzialen arduradunek (zerbitzuak, atalak, ospitale-unitateak, osasun mentaleko zentroak edo oinarrizko osasun laguntzako zentroak) eskatzen ahalko dute bertako profesional baten edo gehiagoren ikerketa lana areagotzea, betiere hurrengo puntuan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.

3.2. Eskaera egiten duten unitate asistentzialek bete beharko dituzten baldintzak hauexek dira:

–Unitate organikoak bere ikerketa plana izatea, ikerketa ildo batekin edo gehiagorekin eta helburu zehatzekin, 3 urteetarako gutxienez.

Ospitaleen esparruan eta osasun mentaleko sarearen esparruan, gutxienez %80ko puntuazio orokorra lortu izana ebaluatutako azken urteko kudeaketa helburuak lortzeari dagokionez; eta oinarrizko osasun laguntzan, “Akreditatua” egoera lortu izana “Akreditazioa” deritzon atalean.

3.3. Bestalde, ikerketa lana areagotzeko izangaiek, onuradun izaera izanen baitute, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Jarduera asistentziala izatea eta funtzionario gisako, estatutupeko edo kontratu bidezko lotura izatea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin, laguntza hau eskatzen denetik ikerketa lana areagotzeko jarduera bukatu arte.

–Ikertzailea nagusia izatea lehia publikoa edo pribatua izan duen deialdi baten bidez finantzatutako ikerketa proiektu aktibo batean edo gehiagotan, eta eskaera egiten den unean gutxienez urtebete faltatzea hura bukatzeko, edo, bestela, 2021. urtean halako deialdietara aurkeztutako eta gutxienez on gisa ebaluatutako proiektu bateko ikertzaile nagusia izatea, edo kanpo-egiaztapeneko erakunde independente batek 100etik 70 puntu edo gehiago eman izana proiektuari.

4.–Gastu finantzagarriak.

4.1. Osasun Departamentuak ordezko langileak aldi baterako kontratatzeko kostua finantzatuko du, 90.000 euroko gastua gehienez ere, 2022ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Osasun langile publikoen ikerketa lana areagotzeko bekak” izeneko 512002 51300 4809 465102 partidaren kargura.

4.2. Finantzaketaren xedea izanen da ikerketa lana areagotzen duten profesionalek (fakultatibo espezialistak, unibertsitateko diplomadunak edo erizaintzako, odontologiako edo fisioterapiako gradudunak) utziko duten jarduera asistentziala betetzea aldi baterako kontratazioen bidez.

4.3. Unitate organikoari ematen ahal zaion gehieneko diru-zuzkidura 30.000 eurokoa izanen da langile fakultatiboen ordezkapenetarako, eta 15.000 eurokoa unibertsitateko diplomadunak edo erizaintzako, odontologiako edo fisioterapiako gradudunak ordezkatzeko kasuetan, Gizarte Segurantzako enpresa-kuota barne.

4.4. Puntu gehien lortzen duten unitate organikoak finantzatuko dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.

4.5. Ikerketa lana areagotzen duen profesionala atxikia duen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroko zuzendaritzak eginen du beharrezkoak diren langile ordezkoen kontratazioa. 11. atalean xedatutakoari jarraikiz finantzatuko da kontratazioa.

5.–Ordezteko kontratuaren ezaugarriak.

5.1. Ordezko langileei administrazio kontratua eginen zaie, aplikatzekoa den legerian oinarrituta, eta, gehienez ere, ordeztu beharreko profesionalak urtean duen lanaldi asistentzialaren erdia liberatzeko adina denborarako; denbora hori zerbitzuaren beharren arabera banatzen ahal da.

5.2. Diru-zuzkidura hamabi hilabetez erabiliko da gehienez ere, ordezkapeneko lehen kontratua sinatzen denetik hasita. Ordezko langileen kontratazioak etenda emandako denbora ez da berreskuratuko.

6.–Eskaerak.

6.1. Ikerketa lana areagotzeko laguntzak deialdi honen kargura eskatzeko agiri normalizatuak Nafarroako Gobernuko webguneko tramiteen katalogoan daude eskura (www.nafarroa.eus).

6.2. Eskaerak agiri hauek bilduko ditu:

1. agiria. Liberatu beharreko profesionala atxikia duen unitate organikoko arduradunak sinatutako eskabidea, ikertzaileak berak izenpetua eta unitate asistentzialari dagokion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroko zuzendaritzak ikus-onetsia.

2. agiria. Ikerketa lana areagotzeko programan sartu beharreko profesionala zein unitate asistentzial organikotakoa den, unitate horren ikerketa plana, baldintza hauek betetzen dituena: ikerketa ildo bat edo gehiago izatea, helburu zehatzak 3 urteetarako gutxienez, eta azken 5 urteetako memoria zientifikoa.

3. agiria. Proiektuaren kronograma, ongi zehaztuta burutzeko falta zaion denbora eta, orobat, ikerketa lana areagotzeko aldian ikertzaileak garatu beharreko jarduera.

4. agiria. Ikerketa lana areagotzeko programan sartu nahi den ikertzailearen curriculum vitae-a, 6.1 atalean xedatutakoaren araberako eredu normalizatuarekin bat bete beharko dena nahitaez, edo Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología (FECYT) elkartearen curriculum vitae normalizatua (CVN), betiere azken horrek bere baitan biltzen badu informazio berbera. Baloratu nahi den argitalpen bakoitzaren lehenengo orrialdearen kopia erantsiko da, gehienez 10.

5. agiria. Lehia bidezko deialdi publiko edo pribatu baten bidez finantzatu den ikerketa proiektu aktiboaren kopia, edo, bestela, deialdi horietara 2021. urtean aurkeztutako proiektuaren kopia. Azken kasu horretan, ezinbestekoa da gutxienez on gisa ebaluatu izana, edo kanpo-egiaztapeneko erakunde independente batek 100etik 70 puntu edo gehiago eman izana.

Proiektuari buruzko informazioan honakoak jaso beharko dira, gutxienez: aurrekariak, helburuak, metodologia, ekintza plana, proiektuaren emaitzen aplikazioak izan lezakeen eragina, eskatutako eta emandako aurrekontua eta aurkeztu zen deialdian lortutako puntuazioa frogatzen duen agiria.

7.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Tramitaziorako, bide elektronikoak erabiliko dira, Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan eskura dagoen estekaren bitartez: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

7.3. Eskabideak ez badu frogatzen aipatutako baldintzak betetzen direla, instrukzio organoak mezu elektroniko baten bidez eskatuko dio interesdunari gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta jakinaraziko dio, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, bidezko den ebazpena eman ondoren.

8.–Ebaluazio batzorde teknikoa.

Onartzen diren eskaerak batzorde tekniko batek baloratuko ditu, eta, ondoren, irizpen bat emanen du, instrukzio organoak ebazpen proposamena egin dezan.

Batzordea honako hauek osatuko dute:

María Luisa Antelo Caamaño andrea, Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko barrutiko fakultatibo espezialista eta Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Ikerketa Batzordeko idazkaria.

Ana M.ª Mateo Cervera andrea, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Zainketen Garapen eta Berrikuntzarako Erizaintza Arloko burua.

Carmen Beorlegui Arteta andrea, Osasun Departamentuko Ikerketarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Ezagutza Kudeatzeko Bulegoko burua.

María José Lasanta Sáez andrea, Osasun Departamentuko Ikerketarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Ataleko burua.

Batzordeak onartzen diren eskaeren balorazioa eginen du, II. eranskinean jasotako ebaluazio irizpideen arabera, eta irizpen bat emanen du, eskaerak lehenetsiz lortutako emaitzen arabera.

9.–Eskaeren ebaluazioa.

Dirulaguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz izapidatuko da, aurkeztutako eskaerak alderatuz.

Instrukzio organoari dagokio finantzaketaren xede diren eskaeren gaineko proposamen arrazoitua egitea, Batzorde Teknikoak prestatzen duen lehentasun zerrendaren arabera. Unitate organiko bakoitzeko eskaera bat sartzen ahalko da gehienez, aurreikusitako baliabide ekonomikoak agortu arte.

10.–Ikerketa lana areagotzearen onespena.

Osasuneko zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, eta Batzorde Teknikoaren irizpenaren eta instrukzio organoaren proposamen arrazoituaren arabera, lehia bidez erabakiko ditu ikerketa lana areagotzeaz baliatuko diren unitate organikoak.

Ebazpena jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen administrazio prozedura erkidea arautzen duten legeetan ezarri bezala, ikerketa lana areagotuko duten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko unitate organikoei eta ikerketa lana eginen den zentroko zuzendariari, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jarriko da jendaurrean.

11.–Finantzaketaren kudeaketa.

Esleitutako zenbatekoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari ordainduko zaio (Q3150004D IFZ), laguntzaren xedeko gastuak ordain ditzan, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak” izeneko 543000 52200 4410 000000 partidan.

Laguntza ematen den unean ordainduko da.

12.–Ikerketa lana areagotzeko jarduera gauzatzea.

12.1. Ikerketa lana areagotzeko jarduera gauzatuko da deialdi honetan eta ikertzaileak egin beharreko jarduerari buruz aurkezten den dokumentazioan aurreikusten den moduan.

12.2. Ikerketa lana areagotzeko jardueraren garapenean gertatzen den gorabehera edo aldaketa oro jakinarazi beharko zaio Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari.

Frogatzen bada ez direla bete deialdi honetan eta aplikatzekoak diren arauetan ezarritako baldintzak, Osasuneko zuzendari nagusiak, behin Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak txosten arrazoitua emanik, finantzaketa eten dezake, eta jasotako zenbatekoa itzul dadila eskatu, galarazi gabe izan daitezkeen erantzukizunak.

13.–Ikerketa lana areagotzeko jardueraren bukaera.

13.1. Ikerketa lana areagotzeko jarduera bukatzen den egunetik hurrengo hilabeteko epean, unitate organikoaren arduradunak azken memoria bat bidali beharko dio Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari, ikerketaren eraginari buruzko atal bat sartuta,hots: eragin bibliometrikoa, jardun klinikoaren gaineko eragina edo osasun arloko politiken gainekoa, osasunaren gaineko eragina edo eskaintzen den osasun zerbitzuaren gainekoa, patenteen sorkuntzaren gainekoa, produktuen merkaturatzearen gainekoa edo spin-off konpainien sorkuntzaren gainekoa. Egoki irudituz gero, informazio osagarria eskatzen ahalko da.

13.2. Ikerketa lana areagotzeko jarduera garatzeko beharrezkoa bada, unitate organikoaren arduradunak Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalean azken memoria aurkezteko epea luzatzeko eskatzen ahalko du, behar bezala arrazoituta.

14.–Emaitzetan parte hartzea.

Ikerketaren emaitzaren jabe intelektuala proiektua gauzatzen duen taldea izanen da.

15.–Konpromiso osagarriak.

Argitalpen zientifikoetan, ahozko komunikazioetan edo, oro har, ikerketa lana areagotzeko jardueraren ondoriozko emaitzen zabalkundean, deialdi honen bidezko finantzaketa izan dela zehaztu beharko da ohar bidez. Produkzio horien berri Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari emanen zaio, ikerketa lana areagotzeko jardueraren espediente zenbakia eta sortzen diren argitalpenak zehaztuta, kontuan izan gabe azken memoria noiz igortzen den.

II. ERANSKINA

Ebaluazioa honako irizpide eta baremo hauen arabera eginen da:

A.–Hautagaiaren curriculumeko merezimenduen balorazioa: 70 puntu. Kontuan hartu beharreko aldia 2015eko urtarrilaren 1etik eskaerak aurkezteko epea bukatu artekoa izanen da. Hala ere, hautagaiak egiaztatzen badu aldi horretan amatasun, aitatasun, edoskitze edo bere kargura dauden senitartekoak zaintzeagatiko baimenak izan dituela, 2014ko urtarrilaren 1era arte luzatuko da baimen horren hasiera.

a) Curriculum vitae-an agertzen diren argitalpenen balorazioa. Gehienez 10 argitalpen baloratuko dira, eta gehienez 40 puntu emanen dira, honela banatuta:

Journal Citation Report (JCR) delakoan indexatutako argitalpen bakoitzeko: lehen edo azken egilea edo korrespondentziako egilea bada: 4 puntu. Gainerako egileak: 2 puntu.

b) Lehia bidezko deialdien ondoriozko ikerketa proiektuetan parte hartzea: 10 puntu gehienez.

Ikertzaile nagusi gisa:

–Europa mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 1,5 puntu.

–Espainia mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, puntu bat.

–Eskualde mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 0,6 puntu.

Ikertzaile laguntzaile gisa:

–Europa mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 0,5 puntu.

–Espainia mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, puntu bat.

–Eskualde mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 0,15 puntu.

c) Osasun sistemaren garapen kliniko, asistentzial edo teknologikoari egindako beste ekarpen batzuk: 20 puntu gehienez.

–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako doktore-tesia: 4 puntu tesi bakoitzeko.

–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako doktore-tesiaren zuzendaritza: 0,5 puntu zuzendutako tesi bakoitzeko.

–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako masterra: 1 puntu master bakoitzeko.

–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako master bukaerako lanaren zuzendaritza: 0,15 puntu master bukaerako lan bakoitzeko.

–Patente bakoitzeko: 4 puntu.

–Biltzar batean lehenengo/azken egile gisa aurkeztutako lan bakoitzeko:

• Nazioarteko biltzarra: 0,30 puntu.

• Biltzar nazionala: 0,15 puntu.

–Batzorde zientifiko, tekniko edo aholku-emaileetako kide izateagatik:

• Nazionalak edo nazioartekoak: 0,30 puntu.

• Autonomia erkidegokoak: 0,15 puntu.

• Zentro asistentzialaren edo elkarte zientifikoaren mailakoak: 0,10 puntu.

–Praktika klinikoko gidetan, osasun arretako protokoloetan, berrikuntza sanitarioko proiektuetan edo dokumentu zientifiko eta teknikoetan egile gisa parte hartzeagatik: 0,20 puntu parte-hartze bakoitzeko.

B.–Proposamenaren balorazio estrategikoa: 30 puntu gehienez.

a) Aurkeztutako ikerketa proiektuak Nafarroako osasun sistema publikoarentzat duen interes estrategikoa 2014-2020 Osasun Planaren arabera eta gaixotasun kutsakorrei buruz ikertzeko beharraren arabera: 10 puntu gehienez, honela banatuta:

• Osasunaren prebentzioa eta sustapena (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu baldin eta tabakoa, nutrizioa, obesitatea eta ariketa fisikoa lantzen baditu.
  • Beste puntu 1 baldin eta haurrak eta nerabeak baditu aztergai.
  • Beste 2 puntu baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea, desgaitasuna murriztea eta autonomia pertsonala sustatzea, edo hilkortasun goiztiarra eta saihesteko moduko hilkortasuna gutxitzea.

• Minbizia (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu, baldin eta hauek lantzen baditu: prostatako minbizia, koloneko, ondesteko eta uzkiko minbizia, bronkioetako edo biriketako minbizia, bularreko minbizia, edo gaixotasunaren/tratamenduaren sekuela fisikoak: linfedema, ostomia, ahotsa berreskuratzea, etab.
  • Beste puntu 1 baldin eta hau lortu nahi bada: oinarrizko ikerketa, osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen ebaluazioa edo gaixotasuna duten pertsonen arreta integrala.
  • Beste 2 puntu baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, edo norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea.

• Osasun mentala (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu baldin eta suizidioak eta autolesioak lantzen baditu.
  • Beste puntu 1 baldin eta honako hauek lantzen baditu: gaixotasunaren etiologia, osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena eta/edo ebaluazioa edo gaixotasuna duten pertsonen arreta integrala.
  • Beste 2 puntu baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, edo norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea.

• Gaixotasun neurologikoak eta neurodegeneratiboak (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu baldin eta hauek lantzen baditu: Parkinson-en gaixotasuna, esklerosi anizkoitza edo Alzheimer-en gaixotasuna.
  • Beste puntu 1 baldin eta hauek lantzen baditu: hautematea eta baheketa, oinarrizko ikerketa, gaixotasunaren etiologia, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena, gaixotasuna duten pertsonen arreta integrala.
  • Beste 2 puntu baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea, edo desgaitasuna murriztea eta autonomia sustatzea.

• Denboraren menpeko larrialdiei arreta ematea (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu baldin eta hauek lantzen baditu: infekzioak, sepsiak eta shock septikoak, trauma kranialak eta politraumatismoak, erreanimazio maniobra kardiakoak, gaixotasun zerebro-baskularra eta min toraziko akutua.
  • Beste puntu 1 baldin eta hauek aztertzen baditu: osasunean izanen diren emaitzen arrisku faktore iragarleak, edo pazienteen arretaren denbora-sekuentzia.
  • Beste 2 puntu baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, edo norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea.

• Gaixotasun baskularrak eta endokrinoak (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu baldin eta honako hauek lantzen baditu: balbuletako alterazioak, miokardioko infartu akutua, ateroesklerosis koronarioa, gaixotasun zerebro-baskular akutua, diabetes mellitusa eta horren konplikazioak (erretinopatia, nefropatia, etab.).
  • Beste puntu 1 baldin eta honako hauek lantzen baditu: osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen ebaluazioa edo gaixotasuna duten pertsonen arreta integrala.
  • Beste 2 puntu baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea, hilkortasun goiztiarra eta saihesteko moduko hilkortasuna gutxitzea, edo jasangarritasuna sustatzea.

• Arnasbideetako gaixotasunak (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu baldin eta hauek lantzen baditu: asma, gripea, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa eta bronkiektasiak, edo pneumonia.
  • Beste puntu bat baldin eta gai hauetan zentratzen bada: etiologia, osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, edo tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena eta/edo ebaluazioa.
  • Beste 2 puntu baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, edo norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea.

• Paziente pluripatologikoak (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu baldin eta osasun laguntzako mailen eta diziplina anitzeko mailen arteko harremanean zentratzen bada.
  • Beste puntu 1 baldin eta tratamendu eta esku-hartze terapeutikoak garatzen edo ebaluatzen baditu.
  • Beste 2 puntu baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea, desgaitasuna murriztea eta autonomia pertsonala sustatzea, edo jasangarritasuna sustatzea.

• Zainketa aringarriak (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu baldin eta alderdi hauetan zentratzen bada: nekea, linfedema, delirioa, goragalea, kakexia, etab., laguntza soziala, familiarena, erlijiosoa, alderdi komunikatiboak, galdera zailak, kontraesanak dituen informazioa, pazientearen inplikazioa, laguntza psikologikoa: depresioa, desmoralizazioa, antsietatea, etab.
  • Beste puntu 1 baldin eta alderdi hauetan zentratzen bada: zainketen koordinazioa eta integrazioa, familia medikuaren rola zainketa aringarrietan, edo tratamendu farmakologikoa eta ez-farmakologikoa.
  • Beste 2 puntu baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea edo desgaitasuna murriztea eta autonomia pertsonala sustatzea.

• Mina (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu baldin eta hauek lantzen baditu: min neuropatikoa, artrosiari lotua, osteoporosiari lotua, bizitzaren amaieran, zefaleak, metastasia, morbilitate asko eta min muskuloeskeletikoa duten adinekoen kasuan.
  • Beste puntu 1 baldin eta hauek lantzen baditu: minaren ebaluazioa, arreta integrala, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena eta/edo ebaluazioa.
  • Beste 2 puntu baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: gaixotze-tasa jaistea eta larritasuna murriztea, norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea, desgaitasuna murriztea eta autonomia pertsonala sustatzea edo jasangarritasuna sustatzea.

• Pazienteen segurtasuna (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu medikazio akatsetan zentratzen bada.
  • Beste puntu bat baldin eta alderdi hauetan zentratzen bada: taldeko lana, segurtasun tresnak (hala nola check-list-a, pazienteen transferentzia txantiloiak, etab.), jakinarazpen sistemak, komunikazio eta informazio prozesua, gertaera kaltegarrien epidemiologia eta arrisku faktoreak, eskumenak, profesionalen entrenamendua eta abileziak, edo pazienteen segurtasun adierazleak garatzea.
  • Beste 2 puntu baldin eta helburuetako batzuk hauek badira edo alderdi hauek ebaluatzeko prozedurak zehazten baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, norberak hautemandako osasuna eta bizi kalitatea hobetzea edo hilkortasun goiztiarra edo saihesteko modukoa gutxitzea.

• Gaixotasun transmitigarriak (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • Beste 2 puntu baldin eta osasun publikoan eta osasun sistemen antolakuntza hobetzean zentratzen bada.
  • Beste 2 puntu baldin eta SARS-CoV-2 edo COVID-19aren gaixotasunari buruzko ikerketa bat bada.
  • Beste puntu 1 baldin eta gizatalde kalteberak ikertzen badira.

b) Aurkeztutako ikerketa proiektua bat etortzea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 51. artikuluarekin: gehienez 5 puntu, honela banaturik:

• Puntu 1 baldin eta gizonen eta emakumeen gaixotze-tasa edo hilkortasun diferentziala aztertzen badu.

• Puntu 1 baldin eta osasun sistemetan generoen arteko arreta-desberdintasunak aztertzen baditu.

• Puntu bat baldin eta ikerketa genero-indarkerian edo sexu- eta ugalketa-osasunean zentratzen bada.

• Puntu 1 baldin eta aztertutako patologian eragina duten desberdintasun biomedikoak eta generoari lotutako baldintzak (sozialak, kulturalak eta hezkuntzakoak) aztertzen baditu.

• Puntu 1 baldin eta genero-arrakala gutxitzeko proposamenak hautematean zentratzen bada.

c) Proposamenak Osasunbidearentzat eta Osasun Departamentuarentzat duen interes estrategikoa: Unitate asistentzialeko profesionalak ikerketa-egituretakoak izatea: 15 puntu, gehienez.

• Unitateko profesional bat gutxienez IdisNa-koa izatea: 5 puntu.

• Unitateko profesional bat gutxienez Ikerketa Biomedikoaren Zentro (CIBER) batekoa izatea: 5 puntu.

• Unitateko profesional bat gutxienez Osasun Emaitzetara Bideratutako Ikerketa Kooperatiboko Sare (RICOR) batekoa izatea: 5 puntu.

Iragarkiaren kodea: F2207084