114. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CABREDO

Ordenantza, eguzki-energia jasotzeko instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Cabredoko Udalak, 2021eko azaroaren 3an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, eguzki energia jasotzeko instalazioak arautzen dituena Cabredoko udal-mugartean.

Iragarkia toki-erakunde honen iragarki-taulan argitaratu zen, baita 2021eko 290. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, abenduaren 28an. Horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da, inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, erabakia behin betiko bilakatu da, eta ordenantzaren testu osoa argitara ematen da, ondorio juridikoak izan ditzan.

Cabredon, 2022ko maiatzaren 2an.–Alkatea, Arantzazu Fernández Cayetano.

SARRERA

CO2 emisioak murrizteko Europak hartutako helburua lortzeko oinarrietako bat da energia berriztagarriak ekoiztea eta erabiltzea. Xede horretara bideratutako ekintzen artean dago, bereziki, norberaren kontsumorako energia sortzeko eguzki-instalazioak bultzatzea eraikinetan.

Eguzki-energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: lurraldean modu antolatuan ezartzen dela segurtatzea, batetik, eta natura- eta hiri-balio nagusiak zaintzen direla bermatzea, bestetik.

Cabredoko Udalak arautu nahi ditu eguzki-energia biltzeko udal-mugarteko instalazioak; horretarako, baldintzak ezarriko ditu autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak nahiz termikoak bultzatzeko, eta instalaziook ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik egokiak izateko.

Ordenantza idatzi da udal planeamenduarekiko behar den koherentzia gordez, eta bat etorriz lurzoruaren erabilerek eta eraikuntzek ingurura egokitzeko duten betebeharrarekin.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Cabredoko udal-mugartean eguzki-energia jasotzeko instalazioak ezartzeko, zelula fotovoltaikodun panelen bidez edo panel kolektore termikoen bidez.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremua Cabredoko udal-mugarte osoa da.

3. artikulua. Definizioak.

Eguzki-plaka edo -panel esan ohi zaien gailuek eguzkiaren erradiazioen energia biltzen dute, eta hura energia termiko edo energia elektriko bihurtzen:

–Eguzki-instalazio termikoek eguzkitik jasotzen dugun energia zuzenean baliatzen dute fluido bat berotzeko. Instalazio horiek erabiltzen dira eraikinetan etxeko ur beroa sortzeko, batez ere.

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoek edo termoelektrikoek zenbait material erdieroaleren ezaugarri fisikoak baliatzen dituzte argindarra sortzeko, eguzki-erradiaziotik abiatuta.

Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaiko zein termikoz osatutako eguzki-instalazioak, kontuan hartuta haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena, Cabredoko Udal Plan Orokorrean ezarritakoa.

II. KAPITULUA

Bizitegi-erabilerako hiri-lurzoruan kokatutako instalazioak (G1, G2 eta G2’ eraikuntza multzoak)

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Eguzki-instalazioak baimenduko dira soilik eraikinen energia beharrizana asetzeko –neurri batean edo osorik–, dela etxeko ur beroa sortzen laguntzeko (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako argindarra sortzeko, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak arauturikoaren arabera (errege-dekretu horren bidez arautzen dira energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak).

5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Plakak planokideak izanen dira estalkiko isurialdeekiko, argi-zuloen edo “velux” motako estalkiko leihoen antzera. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte.

–Ezin izanen dute okupatu estalkiaren azaleraren %25 baino gehiago, eta gutxienez 1 m bereiziko dira fatxada-planotik, mehelinetatik eta bizkar-lima eta limatxokonetatik. Mantsardetatik, argi-zuloetatik eta terrazetatik gutxienez 0,50 metrora kokatu beharko dira.

–Estalkian integratutako terrazen, argi-zuloen edo “velux” motako leihoen eta eguzki-panelen azalerak baturik, horiek ezin izanen dute hartu estalki inklinatuaren azaleraren %40 baino gehiago.

–Instalazioaren elementu osagarriak ezin izanen dira agerian geratu eraikinen estalkian eta fatxadetan: biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, kaxa elektrikoak, kanalizazioak eta abar.

2. Estalki lauetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Karelen atzean ezkutaturik gelditu beharko dute, horien gehieneko garaieraren azpitik.

3. Oro har, ezin izanen da fatxadetan instalaziorik ezarri.

4. Udal Plan Orokorreko G2’ - Bizitegietarako Eraikuntza Berria izeneko eraikuntza multzoan, ezohiko neurri gisa, proposatzen ahalko da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, betiere ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

5. Cabredoko Udal Plan Orokorreko G1- Babestua izeneko eraikuntza-multzoan (Historiaren, kulturaren edo ingurumenaren aldetik interesa duen ondarearen katalogoa) sarturiko eraikinetan eguzki-panelak paratzeko eskaerak bidaliko zaizkio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

6. artikulua. Instalazioak, eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuaren gainean.

Baimentzen da eguzki-panelak jartzea lurzoru libre pribatuan, honako baldintzak betez gero:

–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik badagoenean edo aldi berean eraikin horretarako obra-lizentzia ematen denean.

–Panelak lurzoruaren gainean bermaturik paratuko dira. Instalazioak, barne direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin izanen dira izan 1,50 metro baino garaiagoak, lurretik neurtuta.

III. KAPITULUA

Instalazioak, industria-erabilerako hiri-lurzoruan-biltegiak (G3 eta G3’ eraikuntza multzoak)

7. artikulua. Instalazioak eraikinen gainean.

1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Plakak planokideak izanen dira estalkiko isurialdeekiko, argi-zuloen edo “velux” motako estalkiko leihoen antzera. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte.

–Gutxienez 1 m bereiziko dira teilatu-hegalaren ertzetik, mehelinetatik eta bizkar-lima eta limatxokonetatik.

–Instalazioaren elementu osagarriak ezin izanen dira agerian geratu eraikinen estalkian eta fatxadetan: biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, kaxa elektrikoak, kanalizazioak eta abar.

2. Estalki edo teilatu lauen gainean, estalkiaren karelek estali beharko dituzte panelak, eta gailurraren azpitik geratu beharko dira. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak sortzea eskatzen ahalko du.

3. Oro har, ezin izanen da fatxadetan jarri. Salbuespenez, proposatzen ahal da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

8. artikulua. Instalazioak, eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuaren gainean.

Eguzki-panelak jar daitezke industriarako lurzoru libre pribatuan, honako baldintzak hauek betez gero:

–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik badagoenean edo aldi berean eraikin horretarako obra-lizentzia ematen denean.

–Panelak lurzoruaren gainean bermaturik paratuko dira. Instalazioak, barne direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin izanen dira izan 1,50 metro baino garaiagoak, lurretik neurtuta.

IV. KAPITULUA

Instalazioak, lurzoru urbanizaezinean

9. artikulua. Aldez aurreko baimenak.

1. Lurzoru urbanizaezinean, eraikinen estalkietan instalatuta ez dauden eguzki-energiaren aprobetxamendurako instalazioen ezarpena, bai eta horien sarbideena eta linea elektrikoena ere, berariaz arautua dago 64/2006 Foru Aginduan, zeina eman baitzuen Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak.

Salbuespena izanik oinarrizko araudia aplikatuz ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaien kasuak, ingurumen-eraginei buruzko txostena egin beharko da, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen 17/2020 Foru Legean xedatutakoarekin.

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak arauzko baimena lortzea, Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunak emana, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Lehendik badauden eraikinei loturiko instalazioen kasuan, horiek ezarri baziren une hartan indarrean zen araudiaren arabera, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa izanen aldez aurreko baimenik izapidetzea.

10. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki-panelak jarri ahal izanen dira eraikinen estalki inklinatuetan. Plakak planokideak izanen dira estalkiko isurialdeekiko, argi-zuloen edo “velux” motako estalkiko leihoen antzera.

Hartutako gainazala gutxienez metro 1 bereiziko da isurialdearen perimetrotik.

2. Estalki lauen edo zabaltzen gainean, estalkiaren karelek estali beharko dituzte panelak, eta gailurraren azpitik geratu beharko dira. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak pantailak sortzea eskatzen ahalko du.

3. Oro har, ezin izanen da fatxadetan jarri. Salbuespenez, proposatzen ahal da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

4. Cabredoko Udal Plan Orokorreko Katalogoan (Historiaren, kulturaren edo ingurumenaren aldetik interesa duen ondarearen katalogoan) sarturiko eraikinetan eguzki-panelak paratzeko eskaerak bidaliko zaizkio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

V. KAPITULUA

Izapidetzea

11. artikulua. Lizentzia eskatzea. Erantzukizunpeko adierazpena.

Ordenantza honetan arautzen den instalazio bat ezartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Udalari obra-lizentzia eskatu beharko zaio, edo, egoki denean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu; behar diren agiriak ere aurkeztuko dira horretarako.

Betiere, obretarako udal lizentzia beharko dute instalazioek, baldin eta beste administrazio publiko batzuen aldez aurretiko hirigintza baimenak edo bestelakoak behar badituzte, aplikatzekoa den legediari jarraituz. Udal lizentzia eman aurretik, behar diren baimenak izapidetuko dira.

Teknikari eskudunak sinatutako proiektu teknikoa aurkeztu beharko da, indarrean den Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko 38/1999 Legeak hala xedatutako obrak egiteko.

Gainerako kasuetan, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua.

Lizentziak, betiere, emanen dira jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenen kalterik gabe. Eskatzailea izanen da obrek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzule.

Iragarkiaren kodea: L2206924