114. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

185E/2022 FORU AGINDUA, maiatzaren 25ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Disayt SL operadore logistikoak, sendagaien eta osasun produktuen garraio eta banaketari dagokionez, egin beharreko gutxieneko funtsezko zerbitzuak ezartzen dituena, 2022ko maiatzaren 27rako, 30erako eta 31rako deitutako legezko greba dela eta.

Zenbait sindikatuk legezko grebarako deia egin dute 2022ko maiatzaren 27rako, 30erako eta 31rako.

Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Greba deialdiaren aurrean, operadore logistikoak sendagaien eta osasun produktuen garraioaren eta banaketaren arloan ematen dituen zerbitzuak ezin dira geldiarazi. Egunero banaketarako prestatzen dituzten sendagaien bolumena oso handia da; beraz, sendagai generikoak badira ere, zerbitzua grebaren hiru egunetan eteten bada, farmazietan hornidura arazoak sortzen ahal dira, baita hornigai falta ere, eta horrek eragina izan dezake herritarren osasunean. Sendagaiak prestatzeko eta biltegiratzeko jarduera bat denez –handik Espainiako lurralde osoko farmazietara eta sendagaien handizkako biltegietara garraiatzeko eta hornitzeko–, funtsezko jardueratzat hartu behar da. Banatzen diren sendagaien bolumenaz gain, nolako sendagaiak diren ere kontuan hartu behar da; izan ere, horietako askok mediku-errezeta behar dute, eta patologia larrietan gomendatzen dira.

Jarduera logistiko hori bertan behera uzteak eragina izan lezake ospitaleen, farmazien eta sendagai eta osasun produktuen banatzaileen funtzionamenduan, eta horrek kalteak eragin litzake pertsonen bizitzan, osotasunean eta osasunean. Hortaz, osasun laguntza behar bezala emateko zerbitzu osagarri bat da, botere publikoek bermatu behar dutena. Zerbitzu hori betetzea osasuna babesteko eskubidearen ondoriozko eskakizun bat da –Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan jasotako eskubidea–, eta, beraz, pertsonen oinarrizko eskubideei eragiten die, hala nola pazienteen osotasun fisikorako eskubideari eta bizitzeko eskubideari.

Beste alde batetik, gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 53. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Azaldutakoaren arabera, foru agindu honen helburua da, 2022ko maiatzaren 4an deitutako greba dela kausa, arautzea operadore logistikoak sendagaien eta osasun produktuen garraioaren eta banaketaren arloan egiten dituen zerbitzuei dagozkien gutxieneko funtsezko zerbitzuak. Zerbitzu horiek ezartzean aintzat hartu da, batik bat, ezinbestekoak direla herritarren osasun beharrei egoki erantzuteko. Arrazoi horiekin, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezko zerbitzutzat hartzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Gutxieneko zerbitzuak zehazteko orduan, ezinbestekotzat jotzen da sendagaien eta osasun produktuen banaketarako handizkako biltegiek, farmaziek eta behar bezala baimendutako farmazia-zerbitzuek premiaz eska ditzaketen sendagaien eta osasun produktuen gutxieneko banaketa bermatzea, halako moldez non enpresak zerbitzua eta herritarren osasuna bermatuko dituen, gutxieneko maila batean bada ere, eta betiere langileen greba-eskubidea errespetatuz.

Kontuan hartuta martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoa, kasu honetan Foru Komunitateak erabili behar du eskumen hori, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 53. eta 58.1.b) artikuluetan eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Legearen 41. artikuluan xedatutakoaren arabera bere gain hartutako eskumenen indarrez. Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. 2022ko maiatzaren 27rako, 30erako eta 31rako deitutako legezko greba gauzatuko da jarraian zehazten diren gutxieneko funtsezko zerbitzu hauek errespetatuz:

1.1. Disayt SL operadore logistikoak bermatu beharko du farmazientzat eta handizkako biltegientzat egiten den sendagaien eta osasun produktuen hornidurak ez duela etenik izanen. Ezinbestekotzat jotzen da sendagaien eta osasun produktuen banaketarako handizkako biltegiek, farmaziek eta behar bezala baimendutako farmazia-zerbitzuek premiaz eska ditzaketen sendagaien eta osasun produktuen gutxieneko banaketa bermatzea, halako moldez non enpresak zerbitzua eta herritarren osasuna bermatuko dituen, gutxieneko maila batean bada ere, eta betiere langileen greba-eskubidea errespetatuz.

2. Foru agindu honen 1. atalean jasotako gutxieneko funtsezko zerbitzuei dagokienez, ukituriko enpresan horretarako izendatzen diren langileek egin beharko dituzte, eta zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea legez kontrakotzat joko da eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Foru agindu hau Greba Batzordeari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 25ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2207826