114. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko maiatzaren 25ean hartua, Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko eta masterreko unibertsitate-titulu ofizialak eskuratzeko irakaskuntzak ezartzeko baimena ematen duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak baimena eskatu dio Nafarroako Gobernuari Genero, Emakume eta Berdintasun Gaietako Ikasketen unibertsitate-masterra ezartzeko.

ANECA-Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak master horren aldeko ebaluazioa egin du, eta Unibertsitateen Kontseiluaren egiaztapena eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluaren txostena ere aldekoak izan dira.

Unibertsitateko zuzendari nagusiak aldeko txostena egin du titulu berria ezartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Baimena ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoan Genero, Emakume eta Berdintasun Gaietako Ikasketen unibertsitate-masterra ezartzeko.

2. Erabaki hau Politika Unibertsitarioaren Konferentzia Orokorrera eta Unibertsitateetako Ministeriora igortzea, gero Espainiako Gobernuari bidal diezaion baimendutako tituluaren izaera ofiziala ezartzeko proposamena, eta Unibertsitateen, Ikastetxeen eta Tituluen Erregistroan inskriba dezan.

3. Erabaki hau Unibertsitateen Zerbitzura eta Unibertsitateen Atalera igortzea.

4. Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari jakinaraztea.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2207798