114. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

27/2022 FORU AGINDUA, maiatzaren 25ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, “Talentu Artistikoa Sustatzeko 2022ko Saria” Sofía Esparza Jáuregui andreari ematea xedatzen duena.

Kultura eta Kiroleko kontseilariaren martxoaren 8ko 12/2022 Foru Aginduaren bidez, Talentu Artistikoa Sustatzeko Sariaren 2022ko deialdia egin zen. Sari horrek helburu du gazte ekintzaileen ekimena bultzatzea eta babestea artearen eta kulturaren arloan, bai eta gazteentzat eredugarri izatea, eta laguntzea Nafarroan sortzen ari den talentua ikusarazten eta profesionalizatzen.

Aurkeztu diren hautagaitzak aztertu eta horiek deialdiko oinarrien arabera baloratu ondoren, epaimahaiak erabaki du Sofía Esparza Jáuregui andrea proposatzea “Talentu Artistikoa Sustatzeko 2022ko Saria” eman dakion.

Sofía Esparzak (Iruñea, 1994) kantu, harpa eta pedagogia musikaleko ikasketak egin zituen Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, eta ikasketen bukaeran ohorezko matrikula eta karrera amaierako saria eman zioten. Ondoren, Bartzelonako ESMUC Eskolan masterra egin zuen, eta Victoria de los Ángeles beka berezia jaso zuen. Tenerifeko Ópera Estudio proiektuan parte hartu zuen (2019-2020).

Dozena bat sari baino gehiago irabazi ditu nazioarteko lehiaketetan, bai Espainian, bai kanpoan. Lehiaketa horietan, lirika munduan gorabidean ari den promesa gaztetzat aitortua izan da.

Espainiako hainbat auditorio eta antzokitan jokatu du, besteak beste, Valentziako Palau de les Arts jauregian, Tenerifeko auditorioan, Las Palmaseko Ópera antzokian, Oviedoko Campoamor antzokian, Bilboko Arriaga antzokian, Gayarre antzokian eta Baluarte auditorioan. Baita Georgiako Tbilisi Opera State Theatre antzokian ere.

Italian debutatu du “L’Elisir d’Amore” izeneko operarekin, Adina gisa, Bolognako Teatro Comunale delakoan, eta Teatro de la Zarzuela antzokian, “El Rey que Rabió” obrako protagonista gisa.

Egun hauetan, Monumental antzokian dihardu, Bizet-en “Carmen” operarekin, zeinak bukaera ematen baitio RTVEren Orkestra eta Koroaren abonamenduko denboraldiari.

Sofía Esparza Jáuregui andrearen hautagaitza aukeratzeko orduan, epaimahaiak kontuan hartu du interpretatzaile gisa duen erregistroaren aniztasuna eta zabaltasuna, bai opera eta zarzuela ikuskizunetan, bai kontzertuetan, bakarlari gisa, bai eta ganbera-musikako emanaldietan eta oratorioetan ere, eta horrek Espainiako lirikaren alorreko soprano gazte nagusietako bat bihurtzen du; musika-prestakuntza sendo eta zabala du, egonaldiak egin ditu Espainian eta Europan erreferentzialak diren erakundeetan, non nazioarteko kantu maisu-maistra nagusiengandik ikasteko aukera izan baitu; eta beka, sari eta aintzatespen ugari jaso ditu.

Era berean, Nafarroako musika-ondarea zabaltzen egin duen lana baloratu da, ondare hori bere errepertorioaren funtsezko zati izan baita eta bere proiektu pertsonalenak ondare horren gainean oinarritu baitira; baloratu da, orobat, publiko berriak, batez ere gazteak, musika eta arte diziplinetara erakartzeko egin duen etengabeko lana –konparazio batera, operara edo zarzuelara hurbiltzekoa–, eta bere proiekzio artistikoa Espainian eta nazioartean.

Horregatik guztiagatik, epaimahaiaren proposamena ikusirik, bidezko da “Talentu Artistikoa Sustatzeko 2022ko Saria” Sofía Esparza Jáuregui andreari ematea.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Sofía Esparza Jáuregui andreari ematen zaio “Talentu Artistikoa Sustatzeko 2022ko Saria”.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Sofía Esparza Jáuregui andreari jakinaraztea.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 25ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2207825