113. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

26/2022 FORU AGINDUA, maiatzaren 24koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesten duena Antsoaingo 15 jabeen erkidegotarako (esp.: PIG 42.).

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbearekin harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Aipatutakoarekin bat, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesteko eskaera egin da Antsoaingo 399 etxebizitzatarako, 15 ataritan eta 4 bloketan banatuak, hots:

–Artzaintsa Jainkotiarraren kalea, 8, 9, 10, 11 eta 13 zenbakiak.

–Nafarroako Foruen kalea, 2 eta 4 zenbakiak.

–Lerin kalea, 8, 11, 13, 15, 17, 19, 21 eta 23 zenbakiak.

Eraikin horiek etxebizitzen kooperatiba gisa eraiki ziren 1968. eta 1970. urteetan, eta horietako batzuk propano bidezko bero-sare baten parte dira. Esku-hartze orokorreko proiektu honen eremua osatzen duten bloke guztiek tipologia bera dute eta eraikuntza-sistema berdinak edo oso antzekoak dituen multzo arkitektoniko batean sartuak daude.

Jarduketa honen bidez, inguratzaile termikoa hobetuko da, eta eraikinak irisgarritasun unibertsalari buruzko berariazko araudira egokituko dira. Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren eta Antsoaingo Udalaren txostenak jaso dira, non adierazten baita espedientea aztertu dela eta zuzen dagoela: betetzat jotzen dira herritarren parte-hartzearen betebeharra eta Antsoaingo Udalaren parte-hartzearen betebeharra, eta proposatutako konponbide teknikoa birgaitzearen arloko jarduketa babesgarri gisa kalifika daiteke behin-behinean.

Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Antsoaingo jabeen erkidego hauetarako esku-hartze orokorreko proiektua onestea (esp.: PIG 42.):

–Artzaintsa Jainkotiarraren kalea, 8, 9, 10, 11 eta 13 zenbakiak.

–Nafarroako Foruen kalea, 2 eta 4 zenbakiak.

–Lerin kalea, 8, 11, 13, 15, 17, 19, 21 eta 23 zenbakiak.

Proiektua jabeen erkidego guztiei aplikatuko zaie, Lerin kaleko 8, 13 eta 21 zenbakiei izan ezik. Dena dela, esku-hartze orokorreko proiektuaren indarraldian zehar, noiznahi jakinarazten ahalko diote etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari proiektura bildu nahi dutela, eta hori nahikoa izanen da proiektua atari horietan ere aplikatzeko.

Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan, eta jabeen erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabeen erkidego onuradunek hala eskatuta.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabeen erkidegoei, esku-hartze orokorreko proiektua idatzi duen arkitektura estudioari, Antsoaingo Udalari, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 24an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2207693