111. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Gutxieneko zerbitzuak, haur eskolen greba deialdia dela eta

Alkatetzaren apirilaren 27ko 344/2022 Ebazpena, haur eskolen greban eman beharreko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena: beharrezko neurriak, oinarrizko udal zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko.

Ikusirik Haur Eskolen Plataformak greba deitu duela 2022ko maiatzaren 2ko 7:00etatik aurrera, iraupen mugagabearekin, eta horri batuko zaiola Zizur Nagusiko Paquita Ansa Haur Eskola.

Kontuan harturik Fundación Pauma enpresak –Paquita Ansa Haur Eskolaren zerbitzu-kontratuaren egungo adjudikazioduna– eskatu duela grebak irauten duen bitartean bete beharreko gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, ordutegiari, profesionalen kopuruari eta lanbilde-profilari dagokienez.

Kontuan harturik greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar dela gizartearen ezinbesteko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar direla. Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriro xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta zerbitzu horiek ezartzea behar bezala arrazoitu behar da.

Kontuan harturik, Konstituzioaren 23.1 artikuluaren arabera, herritarrek eskubidea dutela gai publikoetan parte hartzeko, zuzenean edo bozkatze unibertsaleko aldian aldiko hauteskundeetan libreki hautatutako ordezkarien bidez.

Kontuan hartuz, orobat, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. artikuluak eta hurrengoek zenbait zerbitzu publiko ezartzen dituztela, udalek eman beharrekoak; eta greba deialdiaren aurrean, Zizur Nagusiko Udalak ematen dituen zerbitzu publikoak ezin direla erabat gelditu, herritarrei kalte konponezina eraginen litzaiekeelako.

Aurreko guztiagatik, gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri beharra dago, grebarako eskubide konstituzionala errespetatuz, gai publikoetan parte hartzeko eta zerbitzu publikoak hartzeko herritarrek duten eskubidea ere bermatuta egon dadin, Espainiako Konstituzioaren 23. eta 28. artikuluek botere publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betez.

Lan harremanetarako eskumena Nafarroako Foru Komunitateari transferitu zitzaion, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.1.b) artikuluaren arabera. Lan harremanei buruzko araudia aldatzen duen martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan xedaturikoaren arabera, oinarrizkotzat jotzen diren zerbitzuak zehaztu eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko neurriak hartzeko eskumena gobernuaren agintaritzari dagokio.

Horrenbestez, kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikuluan xedatutakoa, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak eta aplikatzekoak diren gainerakoek emandako eskudantzien arabera,

EBAZTEN DUT:

1. Fundación Pauma enpresaren langileek (Zizur Nagusiko Udalak haren esku utzia du Paquita Ansa Haur Eskolaren zerbitzua) greba eginen dute 2022ko maiatzaren 2an –eta hurrengo egunetan, jarraitzen badu– errespetatuz jarraian zehazten diren oinarrizko gutxieneko zerbitzu hauek:

–Hezitzaile 1, sektore bakoitzeko.

–Hezkuntza-premia berezietako hezitzaile guztiak.

–Zuzendaria.

–Jantokiko laguntzaile 1.

–Garbiketako laguntzaile 1.

2. Aurreko artikuluan jasotako oinarrizko zerbitzuak gutxieneko zerbitzuan dagoen erabiltzaileari arreta eman ohi dioten gutxieneko zerbitzuetako langileek emanen dituzte; behar izanez gero, Fundación Paumak Gerentziaren bidez izendatuko ditu gutxieneko zerbitzu horiek emanen dituzten langileak, sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

3. Lehen zenbakian aipatu gutxieneko zerbitzuak egiteko hautatzen diren langileek zerbitzua ematen ez badute edo hartan edozein aldaketa eginez gero, legearen kontrakotzat joko da ondorio guztiekin, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Dekretu Legearen 16. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta zerbitzua bete ez edo hura aldatzen dutenek erantzukizuna izanen dute.

Era berean, Paquita Ansa 0-3 urte bitarteko Haur Eskolaren zerbitzuak ematen dituen eta ebazpen honetan zehaztutako gutxieneko zerbitzuak betetzen ez dituen enpresak dagozkion kontratu-erantzukizunak izanen ditu.

4. Aurreko apartatuetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

5. Ebazpen hau Zizur Nagusiko Udalaren iragarki-taulan jartzea, eta Fundación Pauma enpresari eta Udaleko Gizarte Zerbitzuen Alorrari jakinaraztea.

Zizur Nagusian, 2022ko maiatzaren 20an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

Iragarkiaren kodea: L2207555