106. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

138E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez berrikusten baita Castejóngo udal-mugartean energia elektrikoa ekoizteko dagoen instalazioaren ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Totalenergies Clientes SAU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua; Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 22ko 298/2011 Ebazpenaren bidez eman zen, eta gero Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 20ko 356E/2017 Ebazpenaren bidez eguneratu zen.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen– 26. artikuluan ezartzen duenez, baimenaren baldintzak berrikusi egin behar dira teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak argitara eman ziren Batzordearen 2017ko uztailaren 31ko 2017/1442 Erabakiaren bidez; erabaki horretan errekuntza instalazio handietako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.

2019ko ekainaren 24an, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen– 26. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Totalenergies Clientes SAri eskatu zitzaion 2020ko urriaren 31 baino lehen aurkez zezala ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa, instalazioa Batzordearen 2017/1442 Betearazpen Erabakian eskatzen diren baldintzetara egokitzeko. Titularrak 2020ko urriaren 29an aurkeztu zuen dokumentazioa.

T-699/17 auziari buruzko 2021eko urtarrilaren 27ko epaiaren bidez, Auzitegi Orokorrak baliogabetu egin zuen 2017/1442 Betearazpen Erabakia (EB), eta Batzordearen azaroaren 30eko 2021/2326 Betearazpen Erabakiak(EB) ordezkatu zuen.

2022ko otsailaren 23an, jabari publiko hidraulikora hondakin urak isurtzearen onargarritasunari buruzko txosten loteslea jaso zen, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren aldetik, bai eta erakunde horrek instalazioa 2021/2326 Erabakira egokitu zen egiaztatzeko egindako berrikuspena ere.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ondorioztatu du instalazioa Batzordearen azaroaren 30eko 2021/2326 Betearazpen Erabakira egokitu dela.

Era berean, ingurumen baimen integratuaren testua zuzendu da. Hain zuzen ere, apirilaren 7ko PRA/321/2017 Aginduan ezarritakora egokitu da II. eranskinaren 1.1 puntua egokitu da. Agindu horren bidez, errekuntza instalazio handietatik datozen SO2, NOx, partikular eta CO airearen kutsatzaileen emisioak zehazteko prozedurak, horiek neurtzeko tresnen kontrola eta emisio horiekin loturiko tratamendua eta informazio bidalketa arautzen dira.

Azkenik, ebazpen honen II. eranskinean azaldutako arrazoiengatik, instalazioaren ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzen da, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarritakoak baino muga balio zorrotzagoak ezartzeko immisio akustikoan.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez. Ebazpen honen eranskinean zerrenda bat gehitu da aurkeztutako alegazioekin eta haiei emandako erantzunekin.

Espedientea tramitatzeko, urriaren 16ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluari jarraitu zaio (815/2013 Errege Dekretua, urriaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatu eta industriako emisioen Erregelamendua onesten duena).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Castejóngo udal-mugartean energia elektrikoa ekoizteko dagoen instalazioaren ingurumen baimen integratua berrikustea (instalazioaren titularra Totalenergies Clientes SAU da), instalazioa Batzordearen azaroaren 30eko 2021/2326 Betearazpen Erabakira egokitzeko proiektua gauzatzearren (betearazpen erabaki horrek Batzordearen uztailaren 31ko Betearazpen Erabakia ordezkatu zuen, TEOei buruzko ondorioak ezartzen dituena). Horrela, instalazioak eta jarduerak berak bete egin beharko dituzte ebazpen honetan adierazitako baldintzak.

Bigarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena eguneratzea, hots, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bateginaren –uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia– hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean ageri da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezartzen badu, ez da eragozpen teknikorik izanen hasierako epea, besterik gabe, arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Hirugarrena.–Etorkizunean, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak isurketaren kontrol jarraituaren emaitzak bere informazio hidrologikoko sistema automatikora (IHSA) konektatzeko eskatzen ahalko du, konfederazioak espresuki eskatu ondoren.

Laugarrena.–Ebazpen honetan agertzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan zehaztutakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), eta, subsidiarioki, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea Totalenergies Clientes SAUri, Castejóngo Udalari, Zuzenbideko eta Ingurumeneko Nazioarteko Institutuari (IDMA), Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 6an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2206975