106. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

42E/2022 FORU AGINDUA, maiatzaren 9koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita honako deialdi hau: “Dirulaguntzak, 2022an Nafarroako Foru Komunitateko ondare higigarrian esku-hartzeak egiteko”. DDBN identifikazioa: 625689.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 87. artikuluak ezartzen du kultur arloko eskumena duen departamentuak Nafarroako kultur ondareko ondasunen ikerketa, dokumentazioa, kontserbazioa, berreskurapena, zaharberritzea eta zabalkundea bultzatuko dituela, dirulaguntzen eta bestelako sustapen neurri ekonomikoen bitartez.

Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legeak 37. artikuluan ezartzen duenez, urtero, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak dirulaguntzak eta bestelako laguntzak ezarriko ditu erabakitzen diren kultur sektoreetarako, foru lege horren 2. artikuluan aipatzen diren printzipioekin bat. Artikulu horrek foru legearen xedetzat jotzen du Nafarroako kultur ondare materiala eta immateriala babestu, zaindu, zabaldu eta haren balioa nabarmentzea. Halaber, foru lege beraren 10. artikulua bete dadin sustatzea ere aurreikusten du.

Deialdiaren xedea hauxe da: Nafarroako Foru Komunitatean irabazi-asmorik gabeko entitateek sustatzen dituzten ondare higigarrian esku hartzeko proiektuei laguntzea. Azken batean, Nafarroako kultur ondarea babestu eta zaintzeaz gain, Nafarroako ondare higigarriaren ondasunak zaindu eta zaharberritzearekin loturiko enpresa txiki eta autonomoei laguntzea ere bada helburua. Horrela, administrazio publikoen mende nabarmen dagoen sektore horren enplegagarritasuna sustatuko da.

Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, eta lortutako puntuazioaren lehentasun ordenari jarraikiz, hain zuzen ere oinarri arautzaileetako balorazio irizpideak eta mugak aplikatuz lortzen den puntuazioaren arabera, hala ezartzen baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan.

Aurrekontuko gehieneko zuzkidura 70.000 eurokoa da, eta esku-hartze bakoitzari emanen zaion gehieneko dirulaguntza, berriz, ez da izanen onartutako aurrekontuaren %70etik gorakoa.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuei dirulaguntza emateko deialdia, ondare higigarrian esku-hartzeak egin ditzaten.

2 Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3 Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskabideak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20001-A2100-4819-337100: Ondare higigarrian esku-hartzeak egiteko laguntzak

2022

70.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 9an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IRABAZI-ASMORIK GABEKO ENTITATE PRIBATUENTZAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, 2022an ONDASUN HIGIGARRIAN ESKU-HARTZEAK EGITEA SUSTATZEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzen xedea eta araubide juridikoa.

1.1. Oinarri hauen xedea da irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuentzako dirulaguntza batzuk arautzea, hain zuzen ere helburu dutenak ondare higigarria zaintzeko eta zaharberritzeko esku-hartzeak sustatzea, 2022an, Nafarroako Foru Komunitatean.

1.2. Deialdi honen ondorioetarako, ondare higigarritzat hartzen dira garraia daitezkeen eta balio historiko, artistiko edo arkeologikoa duten ondasunak edo ondasun multzoak. Horrela, ez dute nahitaez higiezinen egiturari atxikiak izan behar, edozein dela haien euskarri materiala.

1.3. Dirulaguntzak ematea oinarri hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren bidez arautuko da.

1.4. Dirulaguntzak emanen dira norgehiagokako araubidea erabiliz, aplikatuz 7. oinarrian azaltzen diren balorazio irizpideak, 4. oinarrian ezarritako mugekin.

1.5. Honako hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

Zabalkundea egiteko eta balioa nabarmentzeko jarduketak, hala nola hitzaldiak, bisita gidatuak, eskuorriak, etab.

2.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Dirulaguntza jaso dezakete helbide soziala Nafarroan duten eta Nafarroako Foru Komunitatean esku-hartzeak sustatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuek.

2.2. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea eta, horiez gainera, honako hau: une honetan ez egotea ez administrazio zehapen edo kondena-epai irmo bat betetzen sexuan edo generoan oinarritutako lan praktika diskriminatzaileak izateagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiengatik ezarritako zehapen edo kondena epai bat betetzeko zain ere.

b) Egunean izatea tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

c) Zuzenbidean onartutako edozein bitarteko erabiliz frogatzea esku-hartzea egin gogo den ondasunaren titularra den pertsona fisiko edo juridikoak baimena eman duela.

d) Frogatzea lortu direla jarduerarako behar diren gainerako baimen eta lizentzia guztiak.

2.3. Dirulaguntza hauetatik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten irabazi-asmorik gabeko entitate partikularrak.

b) Dirulaguntza izendun baten onuradunak direnak.

3.–Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.

3.1. Deialdi honen ondorioetarako, diruz lagungarriak dira honako esku-hartze hauek:

a) Zaharberritze proiektuak idaztea ahalbidetzen duten aurretiko azterlanak.

b) Ondasun higigarriak berrikusi eta mantentzeko salbuespenezko esku-hartzeak.

c) Ondasun higigarriak kontserbatu eta zaharberritzeko esku-hartzeak.

d) Ondasun higigarriak konpontzeko eta haien segurtasun eta babes baldintzak zaintzeko esku-hartzeak.

3.2. Esku-hartzeek Nafarroako Foru Komunitatean 2022an eginak izan behar dute.

3.3. Deialdi honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe bat datozenak diruz lagundutako jardueraren izaerarekin. Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

3.4. Honako kontzeptu hauetan egindakoak izanen dira gastu diruz lagungarriak:

a) Diruz laguntzen den jardueran aritzen diren langileen gastuak; horretan emandako denbora adierazi beharko da. Langile mota eta haien gaikuntza zehaztuko dira.

b) Jarduera betetzeko zuzeneko gastu arruntak, hala nola, ekipoak alokatzea, materialak, kontsumigarriak eta abar erostea, betiere esku-hartzerako baizik ez badira erabiltzen.

d) Ondasun higigarriak konpontzeko eta haien segurtasun eta babes baldintzak zaintzeko gastuak.

d) Esku-hartzean aritzen diren langileen dietak eta joan-etorriak: dirulaguntzak emanen zaizkie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileei bezala, hots, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen dieta eta kilometroetarako kalte-ordainak erregulatzen dituen araudian aurreikusitako kopuru, baldintza eta kasu beretan.

e) Egiaz egiten diren eta esku-hartzerako beharrezkoak diren zeharkako kostuak, baldin eta aurretik berariaz jaso badira gastuen aurrekontuan. Horien zenbatekoa ez da izanen aurrekontuaren %5etik gorakoa.

3.5. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

a) Finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako esku-hartzea gauzatzeko peritu gastuak eta administrazio gastuak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

c) Zeharkako zergak, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal direnean, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

d) Kapital ondasunak edo ondasun inbentariagarriak sortu edo eskuratzeko erabili behar diren ondasunetan egindako inbertsioak.

e) Zabalkunde lanen gastuak, hots, dirulaguntzaren xedearekin zuzenean loturik ez daudenak, edo panelak, argitalpenak, erreprodukzio digitalak, kartelak eta beira-arasak.

4.–Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

4.1. Esku-hartze bakoitzerako emanen den dirulaguntzaren zenbatekoa onartutako aurrekontuaren %70 izanen da gehienez.

Onartutako aurrekontua izanen da entitateak aurkeztutako aurrekontua, kenduta deialdi honen 3. oinarrian ezarritakoarekin bat diruz lagungarriak ez diren zenbatekoak.

4.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

5.–Aurrekontuetako egozpena.

Deialdi honetarako baimendutako gastua 70.000 eurokoa da, eta honako partida honi egokituko zaio: 2022ko Gastuen Aurrekontu Orokorreko “Laguntzak, ondare higigarrian esku-hartzeak egiteko” izeneko A20001 A2100 4819 337100 partida.

6.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

6.1. Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.navarra.es).

Eskaerak Kultura eta Kirol Departamentuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari zuzenduko zaizkio.

Hurrengo apartatuetan eskatutako agiriak erantsiko dira, eskatzaileak edo haren legezko ordezkariak sinatuta.

6.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

A) Dokumentazio administratiboa.

–Tributu arloko betebeharrak eguneratuak dituela dioen ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izatearen ziurtagiria.

–Dirulaguntzen onuradun izateko debekurik ez duela dioen adierazpena.

–Ondasunaren titularraren aldez aurretiko baimena.

–Jarduerarako behar diren gainerako baimen eta lizentzia guztiak lortu izanaren frogagiriak.

B) Dokumentazio teknikoa:

a) Dirulaguntza zer esku-hartzetarako eskatzen den, horri buruzko azalpen-memoria. Memoriak honako atal hauek izanen ditu:

–Ondasunaren ezaugarriak eta titulartasuna.

–Esku-hartzearen proiektua.

–Prebentziozko kontserbaziorako neurriak.

Esku-hartzea proiektu orokorraren barneko zer fasetan eginen den adierazi beharko da.

Jasorik utziko da teknikari zaharberritzaile bat izanen dela esku-hartzearen zuzendari teknikoa.

b) Esku-hartzearen gastuen aurrekontu xehakatua, BEZa barne, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

–Proiektuaren barnean 2022an eginen den fasearen aurrekontua, guztira.

–Dirulaguntza zertarako eskatzen den 2022an, horren kostu zehatza, adieraziz zenbateko horrek zer portzentaje egiten duen egin beharreko aurrekontu osoan, guztira eta kontzeptuz kontzeptu.

C) Entitate eskatzailearen lege ordezkariak izenpetutako konpromisoa, adierazten duena esku-hartzean erabiliko duela aurrekontua, baita dirulaguntzaren xede ez den zatia ere.

D) Eskaera 7. oinarrian xedatutakoari jarraikiz baloratzeko behar den gainerako dokumentazioa.

6.3. Entitate partikular bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du, eta eskaera bakoitzak ondare higigarrian esku hartzeko proiektu bakarrerako izanen da.

6.4. Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, gehienez, hamar egun balioduneko gehieneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

6.5. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.–Balorazio irizpideak.

7.1. Dirulaguntzak onartu eta haien zenbatekoa zehazteko honako alderdi hauek baloratuko dira, eta gehienez ere 100 puntu emanen dira. 60 puntura iristen ez diren eskaerak ezetsi eginen dira.

7.2. Hauek dira baloratuko diren alderdiak:

a) Balioa edo interesa kultura ikuspegitik, esku-hartzearen xede den ondasun bakoitzaren babes mailaren arabera. 35 puntu gehienez.

b) Jarduketaren egokitasuna. 35 puntu gehienez.

c) Kontserbazio egoera, eta esku-hartzearen presakotasuna. 15 puntu gehienez.

d) Esku-hartzeak nola eraginen dien ondasunak dituen ondare-intereseko elementu espezifikoei. 15 puntu gehienez.

Aipatutako balorazio irizpideak honako hauek aintzat hartuz aztertu eta haztatuko dira:

a) Balioa edo interesa kultura ikuspegitik, esku-hartzearen xede den ondasun bakoitzaren babes mailaren arabera. 35 puntu gehienez.

Balorazioa baremo honen arabera eginen da:

–Interes kulturaleko ondasuna: 35 puntu.

–Ondasun inbentariatua: 30 puntu.

–Babesteko proposatutako ondasuna: 25 puntu.

–Beste egoera batzuk: 20 puntu gehienez.

b) Jarduketaren egokitasuna: 35 puntu gehienez.

Aurkeztutako proiektu edo txosten teknikoaren kalitatea baloratuko da, aurreikusitako esku-hartzea eta dokumentazio teknikoa kontuan hartuz. Bestalde, aplikatutako irizpideak egokiak diren baloratuko da. Balorazio orokorra eginen da. Kalkulu objektiborik ezin denez egin, kualitatiboa eginen da, baremo honen arabera:

–Oso ona: 30 eta 35 puntu artean.

–Ona: 20 eta 30 puntu artean.

–Zuzena: 5 eta 20 puntu artean.

–Ez nahikoa: 0 eta 5 puntu artean.

–Urria: punturik ez.

c) Eskaeraren xede den ondasunaren kontserbazio egoera eta esku-hartzearen presakotasuna: 15 puntu gehienez. Balorazio orokorra eginen da. Kalkulu objektiborik ezin denez egin, kualitatiboa eginen da, baremo honen arabera:

–Egoera oso txarra eta presaz zuzendu beharrekoa: 15 puntu.

–Txarra eta presakoa: 13 puntu.

–Ertaina eta presakoa: 10 puntu.

–Txarra eta presarik gabekoa: 8 puntu.

–Ertaina eta presarik gabekoa: 5 puntu.

–Beste egoera batzuk: punturik ez.

d) Esku-hartzeak ondasunaren berariazko interes-elementuetan duen eragina: 15 puntu gehienez. Balorazio orokorra eginen da. Kalkulu objektiborik ezin denez egin, kualitatiboa eginen da, baremo honen arabera:

–Eragin handia: 10 eta 15 puntu artean.

–Eragin ertaina: 5 eta 10 puntu artean.

–Eragin txikia: 0 eta 5 puntu artean.

–Eraginik gabe: punturik ez.

7.3. Proposamen bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, irizpide honi jarraituko zaio:

a) Eskatutako gutxienekoa, alegia, 60 puntu, lortu duten eskaera guztien puntuak batu, eta eskaera bakoitzari 59 puntu kenduko zaizkio.

b) Baimendutako gastuko 70.000 euroak aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera lortutako puntuen baturaz zatituko dira, puntu/euro ratioa lortzeko.

c) Banaketa zuzenki proportzionala eginen da, aurreko puntuan zehaztutako ratioa kontuan hartuta proposamen bakoitzak lortutako puntuen arabera.

7.4. Aurreko 7.3 puntuan adierazitako kalkulua zein den ere, dirulaguntzaren zenbatekoa ez da izanen, guztira, onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa. Proposamenetako batek portzentaje hori gainditzen badu, soberakina lortutako puntuazioaren zuzeneko proportzioan banatuko da gainerako esku-hartze diruz lagungarrien artean, nahiz eta aipatutako portzentajera ez iritsi.

8.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

8.1. Eskaerak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak tramitatuko ditu.

Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten justifikatua emanen du eskaera bakoitzari emandako puntuazioez.

8.2. 7. oinarrian ezarritako irizpideen araberako ebaluazioa egin ondoren, Ondare Historikoaren Zerbitzuak ebazpen proposamen bat eginen du eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak.

9.–Laguntza emateko ebazpena.

9.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori ebazpenik eman gabe iraganez gero, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduraren barruan ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.

Deialdiaren ebazpena Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da (Navarrería kalea 39, Iruña).

10.–Dirulaguntzen ordainketa.

10.1. Onartutako dirulaguntzak egintza bakar batean ordainduko dira, egin diren lanen frogagiriak aurkeztu eta onetsi ondoren.

10.2. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

Onartutako aurrekontuaren zenbateko osoa justifikatzen ez bada, eta diruz lagundutako jarduera egin bada, honela kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa: gastu justifikatuen baturari aplikatuko zaio onartutako aurrekontuaren eta emandako dirulaguntzaren arteko portzentaje bera.

11.–Dirulaguntzak justifikatzeko epea eta baldintzak.

11.1. Dirulaguntzen onuradunek justifikatu beharko dute bete dituztela ezarritako baldintzak eta lortu dituztela dirulaguntza emateko ebazpenean aurreikusi diren helburuak.

11.2. Frogagiriak aurkezteko epea 2022ko azaroaren 15ean bukatuko da.

11.3. Laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, eta aldez aurretik honako agiri hauek bidali behar dira:

a) Jarduketari buruzko memoria, adierazita egindako jarduerak eta noraino bete den onartutako proposamena.

b) Fakturak, edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera duten bestelako agiriak. Faktura horiek izan behar dute Fakturazio Betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritako baldintzen araberakoak.

Fakturak hurrenez hurren zenbakituta egonen dira, eta partiden arabera antolatuta, adierazita hartzekoduna, zenbatekoa eta jaulkipen data.

Fakturak ordaindu direla frogatu behar da, ordainagiriekin.

Langileria gastuak frogatuko dira langileen eguneroko parteen kopien bidez; esku-hartzearen titular teknikoak eta aitortzaileak sinatuko dituzte, eta bertan jasoko dira egiaz lan horretan emandako orduak.

c) Diruz lagundutako jardueraren gastuen zerrenda.

Zerrendarekin batera, Excel taula bat aurkeztuko da, nahitaez. Honako hauek jasoko dira bertan: fakturaren edo frogagiriaren zenbakia, jaulkitzailea, kontzeptua, gastu mota (3.4 oinarriaren arabera), ordainketaren eguna eta zenbateko konputagarria.

11.4. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten bat erantsiko dio gastuaren justifikazioari, adierazten duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak; ondorio horietarako beharrezkoak izan daitezkeen frogagiriak eskatzen ahalko dizkio onuradunari.

12.–Onuradunen betebeharrak.

12.1. Onuradunak betebehar hauek ditu:

12.1.1. Administratiboak.

a) Organo emaileari justifikatzea bete direla betebeharrak eta baldintzak, egin dela dirulaguntzaren xedeko esku-hartzea, eta lortu dela dirulaguntza eman eta jasotzeko helburua, deialdi honen 11. oinarrian aipatzen den moduan.

b) Onartzea organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta beste kontrol organo eskudun batzuek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

c) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Dirulaguntza onartu dela jakin eta 15 egun naturaleko epean eman beharko da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

d) Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek gardentasun betebeharraren gaineko aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoarekin.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren bidez.

Izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

e) Emandako dirulaguntzaren ziurtagiriak aurkeztea, 11. oinarrian aipatzen diren datan eta moduan.

f) Egiaztapenak eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izateko, edukitzea kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak, onuradunari kasu bakoitzean aplikatu behar zaizkion legeek agindu moduan.

g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

h) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

12.1.2. Teknikoak.

a) Dirulaguntzak emateko oinarria izan den proiektua onetsitako moduan eta epean gauzatzea.

b) Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari idatziz jakinaraztea esku-hartze arkeologikoa hasteko eta amaitzeko datak.

c) Proiektuan egin nahi den edozein aldaketaren berri ematea Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, erakunde horren onarpena beharko baita.

d) Esku-hartzea garaiz amaitzea, oinarri hauetako 11.2 puntuan ezarritako dirulaguntza justifikatzeko epea betetzeko.

12.1.3. Bestelakoak.

Jarduerei buruzko publizitate guztian adieraztea jaso dutela Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren laguntza.

Laguntzen onuradunek adierazpen bat aurkeztu beharko dute, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen 10.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko konpromisoa jasoko duena.

12.2. Hemen adierazitako edo Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharretako edozein bete ezean, emandako dirulaguntza itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

13.–Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

Kultur mezenasgoaren arloko zerga pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean ezarritako baldintza eta betebeharrak bete beharko dituzte, baita Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritakoak ere, foru agindu horren bidez onetsi baitzen kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua.

14.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak Kultura eta Kirol Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak xede berarekin emandako beste edozein dirulaguntzarekin.

Hala ere, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste erakunde publiko edo pribatu batzuenak nahiz partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, enpresa edo profesional onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

15.–Arau hausteak eta zehapenak.

Arau hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da (42. artikulua eta hurrengoak).

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

16.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2206780