10. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 14a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

2/2022 FORU AGINDUA, urtarrilaren 11koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez Osasuneko kontseilariaren azaroaren 24ko 60/2021 Foru Aginduan (zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak ezarri baitziren, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta) eta abenduaren 26ko 63/2021 Foru Aginduan ezartzen ziren neurriak luzatzen baitira.

Irailaren 29an Osasuneko kontseilariaren 35/2021 Foru Agindua onetsi zen. Haren bidez bertan behera utzi ziren COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta hartu eta indarrean ziren berariazko neurrien ondoriozko murrizketak. Foru agindu horren hirugarren xedapen gehigarrian ezarri zen baldin eta, edozein arrazoi tarteko izanik ere, Nafarroako Foru Komunitatean aldatzen badira egoera epidemiologikoa eta pandemia orokorraren egungo joera, osasun agintaritzak egoki irizten dizkion osasun arloko prebentzio neurri berariazkoak ezartzen ahalko dituela osasun publikoa babesteko eta COVID-19agatiko kutsatzeak saihesteko asmoz. Horrelakoetan, bete beharko ditu indarrean diren osasun arloko arauetan ezarritako zuhurtasun eta proportzionaltasun printzipioak.

Geroago, Osasuneko kontseilariaren azaroaren 24ko 60/2021 Foru Agindua onetsi zen, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak ezarri baitziren, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta; bertan prebentziorako osasun gomendio batzuk ezarri ziren, bai eta ziurtagiri bat aurkeztu beharraren neurria ere, 12 urteko eta hortik gorako pertsonak lokal eta establezimendu hauetara sartzeko: diskoteken, dantzalekuen, eta ikuskizunetarako kafetegien lizentzia duten lokal eta establezimenduak, lizentzia berezia duten tabernak, 60 jankidetik gorako edukiera duten jatetxeak (unibertsitateetako jantokiak eta enpresako jantokiak izan ezik) eta 1.000 pertsonatik gorako edukiera izanik barneko guneetan egiten diren kultura arloko ekitaldi jendetsuak, jan-edanak eskaintzen direnean. Aipatutako agiriak, osasun zerbitzu publiko batek edo Osasun Departamentuak baimendutako zentro batek emandakoak, egiaztatu behar du haren titularrari eman zaiola COVID-19aren aurkako txertaketaren pauta osoa, baimendutako txertoren batean oinarritua (txertaketa ziurtagiria), titularrak COVID-19arekin lotutako proba diagnostiko negatibo bat duela, azken 72 orduetan egina RT–PCR proben kasuan eta azken 48 orduetan antigenoen testen kasuan (proba diagnostikoaren ziurtagiria), edo titularra COVID-19tik sendatu dela azken sei hilabeteetan, agintaritza eskudunak baliozkotu duen proba diagnostiko baten bidez lortutako emaitza positibo baten ondoren (sendatze ziurtagiria). Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak azaroaren 25eko 164/2021 Autoaren bidez.

Halaber, Osasuneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 1155/2021 Ebazpenaren bidez, osasun arloko prebentzio gomendio garrantzizkoak eman ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz. Gomendio horiek orokorrak ziren, sektore espezifikoei eta Eguberrietako ekitaldiei buruzkoak, eta beren helburua zen birus horrek Nafarroan duen transmisio komunitario handia minimizatzea eta osasun sistemaren egoera zaintzea, batez ere oinarrizko laguntza, osasun etxeak eta zainketa intentsiboetako unitateak, bai COVID-19ak dakarren eskaerengatik, bai COVID-19arekin zerikusirik ez duten beharrengatik; eta aldi berean, helburua zen, noski, gizartearen gehiengoak azken hilabeteetan egin duen ahaleginari esker lortutako suspertze sozial, emozional eta ekonomikoa ahalik eta gehien babestea.

Osasuneko kontseilariaren abenduaren 26ko 63/2021 Foru Aginduaren bidez, aurreko foru aginduetan hartutako neurriak indartu egin ziren. Izan ere, COVID-19 ziurtagiria eskatzeko beharra egoitza soziosanotarioetara zabaldu zen, baita beste espazio itxi batzuetara ere: jatetxeak (mahaikideen mugarik gabe), bingoak, joko eta apustu aretoak, jolas-aretoak, funtzio anitzeko espazioak, aterpetxeak, hotelak, kirol jarduerak edo gimnasioak, besteak beste. Espazio hauen ezaugarria da denak itxiak direla, eta bertan maskararen erabilera aski laxoa dela, maskara erabiltzea bateraezina delako bertan egiten den jarduerarekin (jan edo edan), edo kirol jarduerak egiten direlako. Horren ondorioz, toki horietan kutsatzeko arriskua handiagoa da. Era berean, jarduera jakin batzuk 01:00etatik 06:00etara ixtea ezarri zen, ostalaritza eta jatetxeen arloan murrizketak ezarri ziren, hala nola barran kontsumoa debekatzea, 10 jankideko gehieneko mahaiak, kultura, gizarte eta kirol ekitaldietan sukaldaritza debekatzea, eta Eguberrietako jardueretarako ekitaldi espezifikoei zegokienez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak nahitaezko txostena egin behar zuen, barnean 500 pertsonako muga edo kanpoan 1.000 pertsonako muga gainditzen baziren. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak abenduaren 28ko 190/2021 Autoaren bidez.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenak dioenez, une hauetan omikron aldaera nagusi bihurtu da, bera baita astero zoriz analizatzen diren laginen %85,5ean agertzen dena; hori dela eta Nafarroako egoera epidemiologikoa nabarmen okertu da: 14 egunean metatutako intzidentziaren kopuruak bider 3,7 egin du, eta 7 egunean metatutako intzidentziarenak bider 2,7. Hori horrela, 14 egunean metatutako intzidentzia 7.018 kasu izatera iritsi da 100.000 biztanleko, eta 7 egunekoa 3.199 kasu 100.000 biztanleko. Balio horiek 14 eta 13 aldiz handiagoak dira, hurrenez hurren, intzidentzia globalerako arrisku-maila oso altua (4. arrisku-maila) definitzen duten balioak baino.

Nahiz eta une honetan IM14/IM ratioa 2,2 izan, eta Rt-a 0,96, ezin esan daiteke egoera egonkortu dela edo inflexio-puntura iritsi dela, azken aste honetan proba gutxiago egin direlako aurrekoan baino, Osasun Publikoaren Batzordeak azaroaren 30ean onetsi zuen COVID-19aren detekzio goiztiarraren, zaintzearen eta kontrolaren estrategia egokituarekin bat etorriz, eta hortaz, hurrengo egunetan zer gertatzen den ikusi behar da, bilakaera nolakoa den atzemateko.

Ildo horretan, infekzio aktiboaren diagnostiko-proben posibotasunaren ehunekoa %20,2tik %52ra igo da, positibotasunaren handitze horretan beste faktore batzuek eragin badute ere, esaterako pertsonek beren buruari egiten dizkioten testen positibotasuna ontzat ematea, osotara halako zenbat test egin diren jakin gabe.

Orain arte Nafarroa alerta-maila altuan (3. alerta-maila) egon da; urtarrilaren 10ean 4. alerta-mailara igo da (oso altua), ZIUn dauden gaixoen kopurua altua delako, eta ZIUetako oheen okupazioaren ehunekoa %25etik gorakoa delako. Bilakaera nolakoa den hurrengo egunetan ikusiko da.

COVID-19ari aurre egiteak lan-karga handia dakar, diagnostikatu behar delako eta morbilitatea kalkulatu behar delako. Lan-karga horrek eremu guztiei eragiten die: osasun publikoa, oinarrizko osasun-laguntza, ospitaleak eta eremu soziosanitarioa. Horrek ekarri du lanak gainez egiten duen egoera bat, denboran luzatzen ari dena. Hori gutxi balitz bezala, intzidentzia-tasak hain handiak direnez, asko dira kutsatu diren langileak, baita osasun zentroetan eta zentro soziosanitarioetan ere. Jakina, kutsatutakoak aldi baterako ezintasun egoeran daude, astebete gutxienez, eta esan den bezala, asko dira egoera horretan daudenak. Horrek eragin handia du zentroen antolaketan eta funtzionamenduan, eta ondorio txarrak dauzka osasunerako oso kaltegarriak diren beste patologia batzuk dauzkaten erien arretan.

Ministerioak ezarri zituen txertatze-helburuak betetzen ari dira. Bere datuen arabera, urtarrilaren 9an, 12 urte edo handik gora dituzten pertsonen %91,3k txertoaren pauta osoa hartu du. Oroitzapeneko dosiari dagokionez, 70 urte edo gehiago dituztenen %93ri eman zaie, 60-69 urteen arteko %88ri, Janssen txertoa hartu zutenen %80ri eta 50-59 urteen arteko %41i. 5-11 urteen arteko %42,3k dagoeneko lehen dosia hartu dute. Oroitzapeneko dosi horri esker gaixotasuna, harrapatzen bada ere, ez da larria izaten; baina dosi horrek ez du lortu transmisioa galaraztea denbora luzean. Horren ondorioz, infektatzea eta berriz infektatzea gero eta maizago gertatzen da adinez nagusien artean.

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren kudeatzaileak egindako txostenaren arabera, urtarrilaren 9an, laguntza integratuko sareko ospitaleetan, 176 gaixo daude ospitaleratze arruntean, 21 etxeko ospitalizazioan eta 30 ZIUn. ZIUn dauden gehienak txertatu gabeko gaixoak dira, edo arrisku-patologia elkartuak dauzkatenak. Bestalde, adierazi du bereziki kezkagarria dela 75 urtetik gorakoen ospitaleratze-tasa, modu esponentzialean hazi baita abenduaren amaieratik, txertoak gehien babesten duen kolektiboa izan arren.

Azkenik, osasun sisteman tentsio handiagoa dagoela esaten amaitzen du; izan ere, aurrez ezagutu gabeko kasu positibo askoren ondoren, kasu gehiago sortzen ari dira larrialdietan, eta ospitaleratzeak ere gora doaz. Gainera, ospitaleratzeak hazten ari dira oraindik, eta uste izatekoa da horren ondotik ZIUn sartzeak eta heriotzak etorriko direla. Hori gutxi balitz bezala, arnas aparatuko beste birus batzuk ere zabaltzen ari dira, gripearena eta birus sintziziala, batez ere. Birus horien ondorioz ere ospitaleratzeak eta ZIUn sartzeak gertatzen dira. Horri gehitu behar zaizkio kutsatu diren profesionalen bajak. Guztiaren ondorioz, arretarako gaitasuna murriztu egin da.

Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzaren txostenaren arabera, oinarrizko osasun-laguntzan lan-gainkarga gertatzen ari da pandemia hasi zenetik, eta gainkarga hori areagotu da azken asteetan.

Oinarrizko osasun-laguntzan jarraitzen dira kasu gehienak (%90 baino gehiago), diagnostiko goiztiar bat egiteko eta larriagotzeei goiz heltzeko. Oinarrizko osasun-laguntzak kontrolatzen ditu, halaber, ospitaleratutakoak, dela ospitaleratu baino lehen, dela alta eman eta gero.

Gainera, oinarrizko osasun-laguntzan jarraitzen dira gainerako patologia gehien-gehienak, eta bertako profesionalek artatu eta jarraitu behar izaten dituzte. Gure osasun sisteman, oinarrizko osasun-laguntza sistema osoa egituratzen duen ardatza da.

Azken bi asteetan gehikuntza handi bat gertatu da, eta abenduaren 17tik 23rako asteko kasu kopurua hirukoiztu egin da (eta aste hartako kasu kopurua handia izan zen, eta goranzko joera zuen).

Kasu horiek diagnostikatzeko proba diagnostikoen kopuru handia egin da, bai antigenoena, bai PCRa. Horiei gehitu behar zaizkie gaixoek berek egindako probak, testak botiketan erosi eta gero. Emaitza horiek sisteman txertatzen dira, eta osasun etxeek beren jarraipena egiten dute.

Horren guztiaren ondorioz, osasun etxeetako jarduera nabarmen handiagotu da, bai kontsulta presentzialetan, bai ez presentzialetan, bai etxeko kontsultetan. Gainera, txertaketan ahalegin handia egiten ari da, eta horrek ere eragina du osasun etxeen jardueran, batez ere landa-eremuan.

Honekin batera, osasun etxeetako profesionalen laneko bajak gertatzen ari dira, COVID-19aren infekzioarekin loturikoak edo beste arrazoi batzuengatik hartutakoak. Oinarrizko osasun-laguntzako langileen laneko bajen batezbestekoa, urrian, 103 zen; abenduan 150 izatera igo zen, eta urtarrilaren lehen astean 233 da, hau da, %55 gehiago.

Laburbilduz, intzidentziaren handiagotzeari, eta horrek dakarren jardueraren emendatzeari, gehitu behar zaie laneko bajaren egoeran dauden profesional kopuruen igoera.

Espedienteari gaineratu zaizkion txosten teknikoak kontuan hartuta, bidezkoa da luzatzea lehen aipatutako foru aginduetan ezarritako neurriak, aldaketa bakar batekin: ez sartzea ikuskizunetarako kafetegiak Osasuneko kontseilariaren abenduaren 27ko 63/2021 Foru Aginduaren lehen apartatuaren 2. puntuan.

Egoera epidemiologikoak ez du hobera egin azken 15 egun hauetan; aitzitik, intzidentziak hazten segitu du, eta are kezkagarriagoa dena, eragin kaltegarri gogorra izaten ari da gure osasun sisteman, bai oinarrizko osasun-laguntzan, bai gure komunitateko sare publiko pribatuko ospitaleetan. Horixe nabarmentzen du argiki Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren kudeatzailearen txostenak. Gainera, gero eta eragin kaltegarriagoa izaten ari da Nafarroako jarduera sozial eta ekonomikoan, kutsatzen ari diren pertsonen laneko bajen kopuru handiarengatik, arriskuan jartzen ari dena Nafarroarako funtsezkoak diren jarduera ekonomikoak, eta ukitutako pertsonen kopuru handia oihartzun zabala izaten ari delako gizarteko maila guztietan. Oraingoz, Administrazioarekiko Auzien Salak duela bi aste baimendu zituen neurri murriztaileak, farmakologikoak ez diren gainerako neurri eta jarduera prebentiboekin batera, ez dira gai izan intzidentzia-kurben hazkundea inflexio-puntura eramateko. Gainera, egia da, era berean, objektibatu gabe dagoela urte berriarekin eta errege jaiekin lotutako gizarte elkarreraginek eta mugikortasunaren hazkundeek transmisio komunitarioan duten eragina. Gainera, eskola-jarduera berriz hasteak eta ikasleak Nafarroako bi unibertsitateetara itzultzeak eduki lezakete, ondorio moduan, kutsatzeen eta infekzioen gehiagotzea. Horrela ikusi da, behintzat, pandemiaren beste uhin batzuetan.

Orain arte esandako guztiak justifikatzen du gaur egun indarrean dauden neurriak luzatzea, lehenago aipatu ditugun inpaktuak, espero izatekoak direnak, gertutik monitorizatu, egoera horren arabera baloratu eta, hala badagokio, neurri egoki gehigarriak proposatzen diren bitartean. Hortaz, datozen egunak giltzarri izanen dira pandemiaren bilakaera gure komunitatean objektibatzeko.

Oinarrizko eskubideen murrizketa dakarren premiazko eta beharrezko neurri horiek ezartzeko arau-babesa osasun legeriak ematen du. Zehazki, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak eta Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak. Auzitegi Gorenaren 2021eko irailaren 14ko 1112/2021 epaiak, Administrazioarekiko Auzien Salaren 4. sekzioarenak, Galiziako Autonomia Erkidegoari buruz dioenaren arabera, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 3. artikuluaren edukia laburra bada ere, nahikoa da oinarrizko eskubideen murrizketaren bat dakarten osasun-neurriak arauen aldetik babesteko, nahiz eta murrizketa hori, kasu honetan den bezala, arina izan.

Azkenik, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako administrazioarekiko auzien salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta, betiere, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehenengoa.–Osasuneko kontseilariaren azaroaren 24ko 60/2021 Foru Agindua 2022ko urtarrilaren 31ra arte luzatzea (egun hori barne), bere horretan. Foru agindu horrek berariazko prebentzio neurri apartekoak ezarri zituen, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta (Osasuneko kontseilariaren abenduaren 27ko 63/2021 Foru Aginduak aldatu zuen).

Bigarrena.–Osasuneko kontseilariaren abenduaren 27ko 63/2021 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak ezarri zituena, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta, 2022ko urtarrilaren 31ra arte luzatzea, bere horretan, lehen apartatuaren 2. puntuan ezartzen dena izan ezik, hura aldatzen baita.

Hirugarrena.–Osasuneko kontseilariaren abenduaren 27ko 63/2021 Foru Aginduaren lehen apartatuaren 2. puntua aldatzea; honela idatzita geldituko da:

“2. Ostatuak eta jatetxeak.

Taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxerako lizentzia duten establezimenduetako barnealdeetan:

a) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa. Kontsumitzaileek barrak erabiltzen ahalko dituzte edariak eskatu eta jasotzeko. Zilegi da tabureteak dituzten mahaietan kontsumitzea, barraren ondo-ondoan daudenetan. Mahaiak bi lagunentzat izanen dira gehienez, eta haien artean 1,5 metroko tartea utzi beharko da.

b) Mahaien arteko tartea 1,5 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

c) Mahai bakoitzean edo mahai multzo bakoitzean, ezin da hamar lagun baino gehiago elkartu, eta, betiere, 70 cm-ko segurtasun tartea utzi beharko da pertsonen artean.

d) Establezimenduek kartelak jarri beharko dituzte toki nabarmenetan, bezeroek birusaren transmisioa saihesteko bete beharreko neurri orokorrak adierazteko (distantzia, eskuen higienea eta batez ere maskara).

e) Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean.

f) Puntu honetan ostalaritzarako eta jatetxeetarako jarritako neurri guztiak aplikatzekoak izanen dira elkarte gastronomikoetarako eta peñetarako, baita ondoren zerrendatzen diren hauetarako ere: etxabeak, piperoak eta antzekoak, bingoak, joko aretoak, apustu aretoak, jolas-aretoak eta funtzio anitzeko espazioak, ostalaritzako jarduerak edo jatetxe-jarduerak egiten dituztenean”.

Laugarrena.–Foru agindu honetan luzatzen diren neurrien eta ezartzen diren aldaketen indarraldiak 2022ko urtarrilaren 15etik 31ra iraunen du. Ondoren luzatzen, aldatzen edo bertan behera uzten ahalko dira, uneko egoera epidemiologikoaren arabera.

Bosgarrena.–Foru agindu honek 2022ko urtarrilaren 15ean hartuko du indarra, 00:00etan.

Seigarrena.–Osasuneko kontseilariaren irailaren 29ko 35/2021 Foru Aginduak, zeinaren bidez bertan behera uzten baitira COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta indarrean diren berariazko neurrien ondoriozko murrizketak, indarrean jarraitzen du, foru agindu honetan ezarritakoaren aurka ez dagoen guztian.

Zazpigarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 11n.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2200337