96. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

63E/2021 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen diona Alesbesko udal mugartean, Alesbesko 7. poligonoko 22. lurzatian, ureztatzeko ur hornidurarako PVC hodi bat legeztatzeko proiektuari. Invest Terra Green SL da sustatzailea.

2020ko abuztuaren 4an, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartuta dago (Goi presioko ur horniduraren eta saneamenduaren garraiobideak, beste eranskinetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean egiten badira). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten du.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Jarduketa honako honetan datza: Alesbesko 7. poligonoko 22. lurzatia ureztatzeko lurpetik jarritako 1.464 metro luze den PVC hodi bat legeztatzea. Izan ere, Guardia Zibilaren SEPRONAk 2020ko maiatzaren 30ean salatu zuen instalazio hori egin zutela, obra baimenik gabe.

Sustatzaileak 2020ko ekainean aurkeztutako memoriaren arabera (aipatutako salaketa baino beranduagokoa da), jarduketa Alesbesko 7. poligonoko 22. lurzatian egin da; soro ureztatua da, eta xurgapen bidezko ureztatze sistema bat du, A eta H azpi-lurzatiak ureztatzeko, 250 mm-ko diametroa duen hornidura hodi baten bidez (80L/s-ko emaria garraiatzen ahal du). Emaria 114 L/s-ra arte igota ureztatze baldintzak hobetu ahal izateko, bigarren hodi bat jarri zuten, 34 L/s garraiatzeko. 2020ko maiatzean egin ziren obrak. Zehazki, 200 mm-ko diametroko PVC hodi bat jarri zuten, 1.464 m luze dena, Alesbesko 3. poligonoko 8. lurzatiaren iparraldean dagoen ponpaketa estaziotik, Alesbesko 7. poligonoko 22. lurzatiraino. Bigarren hodi hori instalatuta, lurzatiak ur hornidurarako bi hodi ditu.

Legeztatu beharreko hodia jarduketa lurzatiaren (Alesbesko 7. poligonoko 22. lurzatia) iparraldetik doa, 1.325 metro inguruz Errege Bardeako bidearekiko paraleloan. Bide hori bat dator Martzillako T5-T4 9. Pasabidea abelbidearekin, eta adierazi da tarte horretan hodia lurzati horretarantz alboratuta dagoela 1,5 metroz. Halaber, han dagoen herri bide bat gurutzatzen du perpendikularki, eta, horretarako, birjartzeko aurrekontua egin eta birjartzea gauzatu da.

2020ko urriaren 6an lekura egindako bisitan, harriak eta obra hondarrak (lurzorutik aterata dauden kableak) ikusi dira trazaren ondoan, abelbide hori okupatzen dutenak ponpaketa estazioaren iparralderantz 200 bat metrora. Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari dagokio Nafarroako abelbideak babestea, eta atal horrek 2021eko otsailaren 5ean emandako txostenean (VP093/20) ondorioztatu da izapidetan dagoen proiektuaren obrek abelbidea hartu dutela, eta abelbidean egindako intrusioa zuzendu eta VP112-18 espedientean jasotako eskakizunak administrazio arduradunarekin bat betetzen ez diren bitartean, proposatutako jarduketa ezin dela onartu.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak adierazi du deskribatutako jarduketak ez duela behar lurzoru urbanizaezineko jarduerarako baimenik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.2 artikuluaren arabera; hortaz, ez dago lurzoru urbanizaezineko jarduera baimendu beharrik.

Espedientean jasota dago Alesbesko Udalaren aldeko txostena, 2020ko uztailekoa; adierazi dute ez dagoela hondakinak kudeatzeko planik, eta eskatutako obrek ukitutako bideak baldintza onetara leheneratu behar direla.

Ingurumen Eraginaren Atalak legeztatzeko proiektuaren kontrako txostena eman du, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren 2021eko otsailaren 4eko VP093/20 txosten horretan aipatu bezala abelbidean egindako ukipenengatik.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea, Alesbesko udal mugartean, Alesbesko 7. poligonoko 22. lurzatian, ureztatzeko ur hornidurarako PVC hodi bat legeztatzeko proiektuari. Invest Terra Green SL da sustatzailea.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Alesbesko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 22an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2104886