96. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

57E/2021 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita proiektu honetarako: plaka fotovoltaikoak jartzea Cintruénigoko hondakin uren araztegian. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA) da.

2020ko irailaren 11n, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko i) epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektatutako jarduketa autokontsumorako eguzki instalazio fotovoltaiko bat jartzean datza, soberakinik gabe. Cintruénigoko hondakin uren araztegiaren lurretan instalatuko da, hots, Cintruénigoko 1. poligonoko 2261. lurzatian, Socañete alderdian, araztegiaren instalazioaren hegoaldean.

Hondakin uren araztegi hori Cintruénigo eta Corella artean dago, zehazki, Cintruénigotik 260 metrora hegoaldera eta Corellatik 1,4 kilometrora iparraldera; ekialdera, NA-161 errepidea du 470 metrora, eta Alhama ibaiaren ezkerreko bazterra 25 metrora. Hondakin uren araztegira lurzatiaren iparraldetik sartzen da, NA-160 errepidetik, Socañeteko zabor-legar artifizialeko bidetik 1,8 kilometro egin ondoren. Jarduketaren xedeko lurzatiaren inguruan ureztaketako lehorreko alorrak daude. Hondakin uren araztegiaren ondotik, ureztatzeko bi ubide igarotzen dira, bat iparraldean eta bestea hegoaldean, Alhama ibaia ekialdean gelditzen dela.

Proiektaturiko instalazio fotovoltaikoa lurzatiaren hegoaldeko izkinan jarriko da. 96 modulu fotovoltaiko izanen ditu, 2 × 1 metrokoak, 380 Wp-koak, lurrean seinaka jarriak, multzo bakoitzean 16 modulu. Altzairuzko egitura baten gainean kokatuko da, zeina zoruari ainguratuko baitzaio hormigoizko zapata jarraituen bidez. Horrela, panelak lurzorutik gutxienez 50 zentimetrora izanen dira. Panelak inbertsore bati konektatuko zaizkio, zentroaren kontrolerako eraikinean kokatuko dena, non energia injektatuko baitzaio koadro orokorrari. Plakak jarriko diren eremua sastrakez garbitu zen hondakin uren araztegia eraiki zenean. Lur gainean, trinkotutako hartxintxar eta zaborrez osatutako zenbait geruza zabalduko dira. Gaur egun, araztegiak metalezko hesi perimetral bat du, bihurdura soilekoa, bi metro altu. Proiektuaren arabera, lurzatiaren hegoaldean hesi hori zabalduko da.

Alhama ibaia araztegiaren ondotik pasatzen den tokian, ibai-bazterretako berezko landareak daude, lizarrak, tamarizak eta sahatsak. Leku lasaia da, naturala. Hurbil, Torrazako bide goratua dago, Cintruénigoko herritarrek paseatzeko maiz erabiltzen dutena, eta handik instalazioa ikus daiteke. Hegoaldean, araztegia inguratzen duen erretenaren inguruan, jarduketaren eremuaren ondoan, landaredia dago, Alhama ibaitik hurbil dagoelako. Katalogatutako espezieei dagokienez, nabarmendu beharra dago Alhama ibaian bisoi europarraren (mustela lutreola) eta igarabaren (lutra lutra) presentzia jaso dela.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du 2021eko otsailaren 23an, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: plaka fotovoltaikoak jartzea Cintruénigoko hondakin uren araztegian. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA) da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Materialak pilatzeko eremua jarduketaren xedeko lurzatiaren ipar-mendebaldeko izkinan jarriko da, urak findu eta kontrolatzeko proiektua gauzatzeko egiten ari den bezala.
  • Jarduketaren eremuan sartzeko modu bakarra araztegiaren barruko esparruan barna izanen da.
  • Jarduketaren eremuaren ondoan, araztegiaren hegoaldea inguratzen duen erretenean dagoen landaredi naturala zaintzeko ahaleginak eginen dira.
  • Behar diren neurriak hartuko dira erretenetara inolako substantziarik ez botatzeko. Arreta berezia jarriko da gai kutsatzaileak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak edo hormigoia. Hormigoi freskoa ibilguan botaz gero, fauna piszikola berehala hilko da.
  • Baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obran bertan erabiltzen ez diren hondeaketako soberako lurrak. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruzko araudi indardunarekin.
  • Beharrezko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratuko dira. Era berean, eremua garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek babesten du, bakar-bakarrik, autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat jartzea hondakin uren araztegirako (Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak abuztuaren 8an emandako 1388/1994 Ebazpenaren bidez baimendutako araztegia), aurkeztutako dokumentazioaren arabera eta baimen honetan ezarritako determinazioak kontuan harturik.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk horniketa edo banatze sarera konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea. Energia elektrikoa ateratzea ere baimenetik kanpo gelditzen da.
  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
  • Klima Aldaketaren Atalaren 2021eko urtarrilaren 22ko txostenari kasu egin beharko zaio, eta baldintza hauek bete beharko dira:
  • a) Instalazioa urpean gera daitekeenez plakaren euskarriaren aldean, sustatzaileak bermatu behar du egitura uholde bati aurre egiteko modukoa dela.
  • b) Sustatzaileak, jarduera hasi baino hilabete bat lehenago gutxienez, Ebroko Konfederazio Hidrografikora bidali beharko du uholde-arriskua duten eremuetako jarduketetarako erantzukizunpeko adierazpena, 14bis.3 artikulua aplikatuz. Helbide honetan dago adierazpen horren eredua: http://www.chebro.es/dph/documents/modelodeclaracionresponsableinundaciones.pdf.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, jarduketak Alhama ibaiaren polizia eremua ukitzen duenez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eskuratu beharko du sustatzaileak.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan ezartzen da lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Cintruénigoko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako Koordinazio Unitatea), Klima Aldaketaren Atalera, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko martxoaren 12an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2104765