96. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

48E/2021 EBAZPENA, martxoaren 24koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partzialki onesten baita funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera bat, instalazio honen ingurumen baimen integratuari dagokiona: Zizurko udal mugartean dagoen metalezko bobinak pintura edo xafla plastikoz estaltzeko instalazioa. Replasa Advanced Materials SA da instalazioaren titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 24ko 74E/2018 Ebazpenaren bidez emana.

2020ko urriaren 28an, bere ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskera egin zuen titularrak, zehazki, honako aldaketa hauek egiteko: eraikitako azalera handitzea, esmerilatze linearako patioa estaliz, 1. nabea albo batetik handituz eta APQ biltegia handituz, eta 7. eta 8. fokuetan isurpen atmosferikoen neurketatik salbuestea, gainazaleko tratamenduko bainuen xurgapenei dagozkienak.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aurkeztutako eskera berrikusi du, eta ondorioztatu du onargarria dela 7. eta 8. fokuak kontroletatik salbuestea, ez baita hauteman horiek isurtzeko modukoak diren kutsagarririk, gainazaleko tratamendurako bainuetan erabiltzen diren kontzentrazio eta tenperatura baldintzak kontuan hartuta, eta bat datorrelako ingurumenaren ikuspegitik instalazioak izan behar duen funtzionamendu egokiarekin, eta erabilgarri dauden teknika onenen aplikazioarekin.

Alabaina, eraikitako azalerak aldatzeko, ingurumen baimen integratuan aldaketa nabarmena egiteko prozedura bat izapidetu behar da, behin Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak dokumentazioa ebaluatzen duenean.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 27. artikuluaren d) letrako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezkoa da ingurumen baimen integratuko baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da beharrezkotzat jo aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Partzialki onestea funtzionamendu baldintzak aldatzeko egindako eskaera, instalazio honen ingurumen baimen integratuari dagokionez: Zizurko udal mugartean dagoen metalezko bobinak pintura edo xafla plastikoz estaltzeko instalazioa. Replasa Advanced Materials, SA da instalazioaren titularra. Horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak instalazio horren ingurumen baimen integratuaren espediente administratiboetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak eta neurriak ere.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak ingurumeneko diziplina neurriak hartzea ekarriko du, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, deusetan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Replasa Advanced Materials SAri eta Zizurko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 24an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2104958