96. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

JAITZ

Aldaketa, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Jaizko Udalak, 2021eko urtarrilaren 22an egindako bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzaren aldaketa.

Hasierako onespenaren iragarkia 2021eko 29. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 8an.

Jendaurreko epean alegazioak aurkeztu ziren eta 2021eko martxoaren 12ko osoko bilkuran ebatzi dira. Osoko bilkura horretan Udalbatzak aho batez behin betiko onetsi du ordenantza.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela ondorio juridikorik sortuko haien testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen ez den bitartean.

Behin betiko onespen honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Jaitzen, 2021eko martxoaren 12an.–Alkatea, Francisco Javier Eraso Azqueta.

ORDENANTZA, HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Jaizko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua egiteko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Jaizko Udalari dagokio herri-lurretako ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Jaizko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzin, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Jaizko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Jaizko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Jaizko Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen, eta kontra eginen dio haiendako kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Jaizko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aitzinetik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jaizko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Jaizko Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Jaizko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Jaizko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Jaizko Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Jaizko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, posible izanen da herritarren ekimena, horretarako ezartzen den eran. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Jaizko Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Ur gaziaren aprobetxamendua.

e) Herri-lurren aprobetxamendua erlategia jartzeko.

f) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Jaizko Udala herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta lurrok duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori.

16. artikulua.

1. Oro har, Jaizko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Bizilagun gisa izena emana egotea Jaizko Udalaren babespeko kontzeju batean, gutxienez ere urtebeteko antzinatasunarekin.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak Jaizko Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

17. artikulua. Herri-lurrak itxi ahal izateko ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Jaizko Udaleko Alkatetzak idatzizko baimena ematea. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inolaz ere batera hesitu.

18. artikulua. Aprobetxamenduak ezin izanen dira onuradunen artean trukatu interesdun nahiz ukituek aldez aurretik eskabide bateratua egin eta euren adostasuna erakutsi eta Udalaren baimena izan ezean.

19. artikulua. Udalak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa, osotara nahiz zati batekoa, zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak sustatzen dituenetan, baldin eta onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei, behin-behinekoz zein behin betikoz, eragiten badiete. Hori egin baino lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari.

Horren haritik, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

20. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Jaizko Udalaren zuzeneko ustiapena.

Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak

21. artikulua.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren % 30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.

2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duten kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen zergapeko kapitala, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

22. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborearen bizitzaren arabera luzatu ahalko da.

23. artikulua. Udalbatzak urtero onetsiko du herri-lurretako lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen % 50 baino gutxiago.

Udalak finkatuko du herritar bakoitzari adjudikaturiko laborantzako lurraren azalera, kontuan harturik herri-lurrak norainoko aukerak ematen dituen.

24. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikaturiko lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen badira eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

25. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin adjudikaziodunak edo bere familia-unitateko kideek egin behar badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen badituzte. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoiren batengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean komunikatuko zaio Jaizko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 26. artikuluan xedatua aplikatuko da.

26. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Udalak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Jaizko Udalak lurzatien onuradunei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Udalak izanen du ahalmena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo beste arrazoiren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren epea bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

27. artikulua. Jaizko Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen direla ziurtatzeko.

Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten:

a) Nekazaritzako makinak edukita, adjudikatu zaizkien herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez dituztenen kasuan.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez direnean, egin beharra izanda.

c) Adjudikatutako herri-lurzatiak sartzen ez dituztenean familia-unitateko kideen nekazaritzako politika bateratuaren laguntzen aitorpenean, edo hura ordezka dezakeenean, eta ustiategien erregistroari dagokionez ondorioak baditu.

d) Adjudikatutako lurzatien barnean lantzeko modukoak diren lurren % 80 gutxienez lantzen ez badira. Halakoetan kanona ordaindu beharko da nolanahi ere.

e) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarren batzuei errentan emanak dituztenen kasuan.

f) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko aitorpena edo nekazaritzako politika bateratuko laguntzena, edo ustiategien erregistroko ziurtagiria aurkezten ez badute, Udalak datuak egiaztatzeko eskatutakoan.

g) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

Zuzeneko laborantzatzat hartuko da:

a) Belarrak eta bazka: moztu gabe saltzen ahalko dira, baina ereitea eta gainerako lanak adjudikaziodunaren esku geldituko dira.

b) Laboreak: onartuko da kontratatzea herbizida botatzea, uzta biltzea eta fardoak egitea.

2. ATALA

Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak

28. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoan, gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan eta ondokoetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak diren herritarren artean.

29. artikulua. Udalak finkatuko du herritarrendako adjudikazio zuzeneko loteen azalera, eskura diren lurren arabera.

30. artikulua. Adjudikazio epea 22. artikuluan esan den bera izanen da. Loteak zozketa bidez adjudikatuko dira.

31. artikulua. Aprobetxamendu mota honetan, herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona Udalbatzak onetsiko du, lur motaren arabera. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen % 90 baino gutxiago.

Zenbateko horiek kanonari dagozkio, eta urtero proposatuko da, aurreko urteko kontsumoko prezioen indizearen arabera eguneratuz (goiti egiten badu, proportzio berean igoko da prezioa; beheiti egiten badu, berriz, bere horretan utziko da).

32. artikulua. Adjudikazio-hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 24., 25., 26. eta 27. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

33. artikulua. Udalak beretako gordeko du laborantzako herri-lurren azaleraren % 5, gehienez ere, onuradun berriei adjudikatzeko.

3. ATALA

Udalak zuzenean egindako ustiapena edo enkante publikoa

34. artikulua. Jaizko Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurrik baldin badago sobera, enkante irekian eginen du adjudikazioa; azken horri emanen zaion epea hurrengo banaketa egin behar den unean bukatuko da.

Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 24., 25. eta 26. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

Udalak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; eremuan antzeko ezaugarriak dituzten lurren errentamendu-prezioaren parekoa izanen da. Zenbateko horiek KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurrik soberan bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

35. artikulua. Jaizko Udalak aitzinetik erabakia hartu eta iragarki-taulan ediktua paratuta, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurzatien adjudikazioa eska dezaten.

36. artikulua. Eskaerei honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazioa erantsiko zaie:

a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez urtebete lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Udal honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai udal-mugarte honetan bai besteetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan bai besteetan, lehorreko lurrak diren edo ureztatzekoak zehaztuta.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai udal-mugarte honetan bai besteetan.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Jaizko Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 21.3 artikuluan zehazten den bezala.

37. artikulua. Jaizko Udalak, osoko bilkuran bildurik, adjudikazio modu bakoitzera –lehentasunezkoa edo herritarren artekoa– onartu direnen zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

38. artikulua. Aprobetxamendu modu bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan jarriko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

39. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta modu bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

40. artikulua. Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitateen titularren behin betiko zerrenda ikusita, ordenantza honetan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak adjudikatuko dira.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Udalak, zozketa bidez, laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia-unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen araberakoak izanen dira.

Lurzatien adjudikazioa burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, Udalaren iragarki-taulan. Zerrendak Udalak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

41. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegaziorik baldin bada, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

Osoko bilkurak laborantzako herri-lurren aprobetxamendurako onartzen dituen oinarrietan, adjudikazioaren hasieran ordaindu beharreko fidantzaren zenbatekoa finkatuko da; zenbateko hori adjudikazioa bukatzean itzuliko da.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

42. artikulua. Jaizko Udalaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen da:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

43. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako tilularrak izanen dira herri-lurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda izan beharko dituzte eta ustiapen liburuan ere jasorik.

44. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku dira azpierrentamendua zein lagapena. Hori dela eta, Jaizko Udalak uste izanen du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen familia-unitateko bizilagun titularrek haien azienda kentzen dutenean Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abeltzaintzako Zentsuaren Erregistrotik.

45. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria izanen du, dioena indarra duten arauetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela.

Nafarroako Foru Komunitateak baimentzen dituen abeltzaintza-espezieak larratzen ahalko dira bertan.

46. artikulua. Jaizko Udalak, aitzinetik onuradunei ohartarazita, eraginik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien adjudikazioak, herri-lurretan hobekuntzak egitea bultzatzen duenean.

47. artikulua. Herritarren arteko banaketan larrerik soberan gelditzen bada, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, Jaizko Udalak osoko bilkuran erabakitzen duen denborarako eta indarra duen araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari loturik.

48. artikulua. Aprobetxamenduaren banaketa zehazteko, azienda moten arteko baliokidetasun hauek finkatu dira:

a) Behor aziendako abelburu bakoitzeko behi 1.

b) Behi aziendako abelburu bakoitzeko 8 ardi.

c) Ahuntz azienda bakoitzeko ardi 1.

Udalbatzak onetsiko du herri-lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona.

Proposatutako kanona urtero eguneratuko da aurreko urteko kontsumoko prezioen indizearekin (goiti egiten badu, proportzio berean igoko da prezioa; beheiti egiten badu, berriz, bere horretan utziko da).

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

49. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Jaizko Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

50. artikulua. Jaizko Udalak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Jaizko Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

51. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

52. artikulua. Egurra banatzean Jaizko Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, eta diru aldetik apalenak diren familia-unitateei emanen die lehentasuna.

53. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Jaizko Udala irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 21. artikuluan islatzen den bezala.

54. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Udalak aurrekontu arruntean.

55. artikulua. Onuradunak beharturik egonen dira hondarrak bildu eta metatzera egurra eraman eta gero; dena dela, hondakin horiek ezin dira bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bestelako tokietan pilatu. Ingurua garbi utzi beharko da, hondarrik eta adarrik gabe.

Eskatzaileek urtebeteko epean egin eta bildu beharko dute epaitza, hurrengoa eskatu aurretik.

Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

56. artikulua. Haizeak edo elurrak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsitakoak egurretarako aprobetxatzen ahalko dira salbuespen gisa, baldin zura egiteko aprobetxatzerik ez badago. Betiere beharko da basozainaren eta Jaizko Udalaren onespena.

Zuhaitz berberei buruzko eskaera bat baino gehiago badago, izen-emateen araberako zerrenda bat sortuko da, eta, ahal bada, banaketa bidezkoa eginen da eskatzaileen artean. Ezinezkoa bada, ordena horren arabera banatuko da.

Izena eman dutenetako batek mota horretako aprobetxamenduren bat jaso badu eskabidea egin duen urtean bertan edo aurrekoan, automatikoki zerrendan azken postura igaroko da.

V. KAPITULUA

Ur gaziaren aprobetxamendua

57. artikulua. Disolbaturiko gatza duen uraren (gesalaren) aprobetxamendua Jaizko Udalaren herri-ondasuna da. Putzuetatik (butzuandia, butzuberri eta abar) lortzen den ur gazia Jaizko Udalaren “herri-ondasuna” da, eta haren kudeaketa eta admistrazioa Udalari dagozkio.

58. artikulua. Jaizko gatzagako larrainen jabeek eta erabiltzaileek eskubidea dute, antzinako ohitura baita, ura ateratzeko, “lurrunketa naturalaren bitartez gatza lortzeko”; baina soilik erabilera horretarako eta betiere eskura dituzten larrainen azaleraren arabera. Udalaren eskumena da helburu horretarako erabiltzen diren urak kudeatu, administratu eta adjudikatzea.

Helburu horretarako erabiltzen ez diren gainerako urak (aurreko beharrak bete ondoren edo sasoitik kanpo egoteagatik) “soberako urak” dira, eta horien kudeaketa eta xedapena Jaizko Udalari dagozkio.

59. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak dira disolbaturiko gatza duen uraren (gesalaren) aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak, lurrunketa naturalaren bitartez gatza lortzeko.

60. artikulua. Herritarrendako zuzeneko adjudikazioa eginda, disolbaturiko gatza duen uraren (gesalaren) aprobetxamendua adjudikatuko zaie, lurrunketa naturalaren bitartez gatza lortzeko, gatzagen eremuan lurzatiak dituzten titularrei –erroldaturik egon ala ez– edo xede horrekin Jaizko Udalaren EJZn alta emanda duten enpresei, eta lurrunketa bidez gatza ustiatzeko lurzatiak errentan emanda edo lagata dituztenei.

61. artikulua. Lurrunketa naturalaren bidez gatza lortzeko erabiltzen den gesalaren aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona izanen da metodo horren bidez gatza lortzen dutenek beren gain hartzea Udalari jarduera horregatik eragiten zaizkion gastu guztiak (meatzeetako ingeniaria, Nafarroako Gobernuaren tasak, elektrizitate gastuak, kontagailuen eta ponpen mantentze-lanak...), banaketa eginez urtero erabiltzen diren gatz-larrainen metro karratuko, erabilera hori industriala izan ala ez. Horretarako, urte bakoitzeko urriaren 30a baino lehen, erabilitako metroak deklaratuko dituzte Udalean.

62. artikulua. Lurrunketa naturalaren bidez gatza lortzeko gesalaren beharrei erantzun ondoren, horretarako erabiltzen ez den gainerako urari dagokionez (soberako ura), eskaera independientea eginen da, adierazita ura zertarako eta zenbat erabiliko den. Udaleko Osoko Bilkurak onetsiko ditu uraren kontzetsioa, kobratu beharreko kanona eta bi aldeek sinatu beharreko baldintzak. Osoko bilkuran onetsiko da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta iragarki-taulan argitaratuko, hilabeteko epean, orok jakin dezan. Epe horretan ez bada alegaziorik aurkezten hitzarmena sinatuko da, Herri-lurren Departamentuaren aldeko txostena jaso ondotik.

VI. KAPITULUA

Ehizaren aprobetxamendua

63. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua gaiari buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

VII. KAPITULUA

Herri-lurren aprobetxamendua erlategia jartzeko

64. artikulua. Zerga-egitatea da herri-lurrak okupatzea/lagatzea erlauntzekin erlezaintzan aritzeko.

65. artikulua. Erlategiak paratzeko herri-lurren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Udalak aurrekontu arruntean.

66. artikulua. Herri-lur aski izan eta aldez aurretik desafektatzeko espedientea izapidetu eta Nafarroako Gobernuak baimena emanik (Herri-lurren Departamentua), Jaizko Udalak baimena emanen die ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

67. artikulua. Erlezaintzan aritzeko herri-lurren aprobetxamendurako baimenak arautuko dira kasu bakoitzean Udalbatzak onesten dituen baldintza-agirien bidez.

Erlezain orok indarra duen legeriak ezartzen dituen betebeharrak izanen ditu.

Erlezaintzako ustiategien titularrek erlauntz bakoitza identifikatu beharko dute, ikusteko moduko tokian eta irakurtzeko maneran, marka ezabaezin baten bidez; zer ustiategitakoa den, harexeri esleituriko kodea agertuko da bertan. Orobat, ohartarazi beharko da, ikusteko moduko lekuan eta erlategitik hurbil, erleak badirela. Ohartarazpen hori ez da beharrezkoa izanen finka hesiturik baldin badago eta erlauntzak hesitik 25 metrora baldin badaude, gutxienez.

Segurtasun-eremua: erletxe edo erlategi orok babesteko itxitura bat izan beharko du, inguruan aziendarendako dagoenaren antzekoa.

Erlauntzetarako, kalteen eta erantzukizun zibilaren gaineko asegurua izan beharko du, indarrean.

VIII. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

68. artikulua. Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Jaizko Udalak prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

IX. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

69. artikulua.

1. Jaizko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarte proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesteko.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

70. artikulua. Toki erakundeak onetsiko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

71. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak ezartzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Aprobetxamenduaren % 80, gutxienez ere, ez erabiltzea.

e) Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.

f) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

g) Udalak adjudikatu gabe, herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

h) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Udalaren baimenik izan gabe.

i) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

j) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta hura garatzen duen Erregelamendua.

k) Animalia hilak abandonatzea, ingurumenari eta osasunari buruzko arauak urratuz.

l) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

m) Herri-lurra itxi, okupatu edo bertan eraikitzea.

n) Herri-lurren sarbideak okupatzea.

o) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

72. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d) eta l) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezarri ahal dituzten zehapenak ukatu gabe, eta bestelakotutako errealitate fisikoa lehengoratzea, halakorik gertatu bada.

–i) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteetan, egindako kaltearen balioaren halako bostetik halako hamarrera bitarte ordaindu beharko da, eta bestelakotutako errealitate fisikoa lehengoratu beharko da, halakorik gertatu bada. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10 euro eta 1.202,02 euro bitarteko zehapena ezarriko da.

–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera bideratuko da zehapen-prozedura.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau behin betiko onestean indarrik gabe geldituko dira gainerako udal ordenantzak, arautzen dituztenak Jaizko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2105299