96. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

22E/2021 EBAZPENA, martxoaren 30ekoa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, 2021erako deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena abeltzaintzako ustiategien biosegurtasuna hobetzeko inbertsioetarako laguntzak emateko. DDBN identifikazioa: 555563.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluaren arabera, Nafarroak, bere foru antolamenduaren indarrez, eskumen esklusiboa du nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak interes berezia du nekazaritza sektorearen lehiakortasuna mantendu eta hobetzeko. Alde horretatik, begien bistakoa da lehen sektorearen esparru tekniko-ekonomikoan eta merkatuan aldaketa sakonak gertatzen ari direla abiadura handian. Horrek pareko egokitzapena egitera behartzen du, sektorearen iraunkortasuna bermatzeko moduko lehiakortasun eta eragimen mailak lortuko badira.

Animalia-gaixotasunek galera ekonomiko larriak eragin ditzakete abeltzaintzako ustiategietan, hala ustiategi bakar batean, nola multzo batean; eta multzo bati eragiten diotenean galerak eremu zabalagoetan atzematen ahal dira, are erkidegoan edo herrialdean ere. Prebentzio-neurriak ezartzea da galerak saihesteko tresnarik eraginkorrenetako bat.

Biosegurtasunean inbertitzea ezinbesteko hobekuntzatzat jo daiteke, eta abeltzaintza-sektore osoa indartzen laguntzen du, merkataritza-bazkideen konfiantza handitzen baitu, ekoizpen handiagoa ahalbidetzen baitu eta ekoizpenen osasun-kalitatea hobetzen baitu, ustiategietan gaixotasunak sartzeko arriskua murrizten baitu, eta, infekzioa gertatuz gero, hedapen-ahalmena murrizten baitu.

Bestalde, biosegurtasuna osasun arloko gai nagusietako bat bihurtu da, eta hori agerian geratzen da hura funtsezko alderdi gisa sartu baita prebentzio-neurrien barruan Europako Animalien Osasunari buruzko Lege berrian (2015eko amaieran argitaratua (2016/429 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko martxoaren 9koa).

Ondorioz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak abian jartzen du Nafarroako abeltzaintzako ustiategien biosegurtasuna hobetzeko inbertsioetarako laguntza-lerro hau. Laguntza-lerro horren helburua da aziendak behar dituen osasun-segurtasunaren mailak hobetzea, bai abeltzaintzako ustiategien artean gaixotasunak zabal daitezen galarazteko, bai basa faunak etxeko abereak kutsatzea galarazteko, basa fauna baita zenbait gaixotasunen gordetegia eta kutsadura-iturria.

Deialdi honetako laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 14. artikuluan kokatzen dira; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Arau hau onetsi aurretik, Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak adierazi zuen Nafarroako Foru Komunitateak igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela, eta goian aipatutako arau proiektua erregistratu zuen, SA.55340 laguntza zenbakiarekin.

Abeltzaintzako ustiategien biosegurtasuna hobetzeko inbertsioetarako laguntzak 14. artikuluan sailkatzen dira Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren barnean, zeinak barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen baititu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Kontuan harturik Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direla eta laguntzen araubide honen indarraldia 2020ko abenduaren 31ra artekoa dela, bat etorriz Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduarekin, zeinaren bidez barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen baitira nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Aplikazio aldia gorabehera, kontuan harturik NPEa berritzeko legegintza prozedura ez dela bukatu, eta denbora pixka bat joan daitekeela esparru juridikoa onartu arte (horren ondoriozko ekintza eskuordetuak eta betearazleak barne), 2022ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko abenduaren 8ko 2020/2008 (EB) Erregelamenduaren indarraldia (erregelamendu horren bidez 702/2014 (EB) Erregelamendua aldatu zen, aplikazio aldiari dagokionez).

Nafarroako Foru Komunitateak, 2020ko abenduaren 31n iraungi ziren estatuko laguntzetarako tresna eta araubideak luzatu direla ikusirik, asmoa du 2021eko ekitaldian behar den deialdia egitea abeltzaintzako ustiategien biosegurtasuna hobetzeko inbertsioetarako laguntzak emateko.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2021erako deialdia eta oinarri arautzaileak onestea abeltzaintzako ustiategietako biosegurtasun neurrietarako laguntzak emateko.

2. Dirulaguntzen deialdia eta bere oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB).

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena egiteko eredua onestea, esteka honetan eskuratu daitekeena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

4. 2021eko ekitaldian 250.000,00 euroko gastua baimentzea, ebazpen honetatik eratorritako konpromisoei erantzuteko, Nafarroako 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren partida honen kargura: 720004 72230 7700 412105, “Abeltzaintzako ustiategietako biosegurtasuna hobetzeko inbertsioak” izenekoa.

Baimendutako kredituari 750.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez ere, Nafarroako 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren partida honen kargura: 720004 72230 7700 412104, “Makineriaren erabilera komuneko kooperatiben inbertsioetarako laguntzak”, aurrekontu erabilgarririk baldin badago, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluaren a) letran ezarritako baldintzekin.

Zenbateko gehigarri horrek ondorioak izan ditzan, azkenean erabilgarri dagoen kreditua argitaratu beharko da Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratu baino lehenago.

Argitalpen horrek ez du ekarriko eskaera gehiago aurkezteko epe bat irekitzea, ez eta deialdia ebazteko epea berriz kontatzen hasi beharra ere.

5. Eskaerak aurkezteko epea 30 egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Mendialdetzat, goi mendialdetzat eta, mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokitzat hartuko dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 76/2020 Foru Aginduaren V. eranskinean jaso direnak. Foru agindu horren bidez honako deialdi hauek egin ziren 2020ko kanpainarako: Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenei eta Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren halako laguntza batzuei dagokien eskaera bakarra, Erreserba Nazionalerako eskubide eskaerak, Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikoko Sistemarentzako aldaketa eskaeren aurkezpena eta urteko jakinarazpena, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean erregistra dadin.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko martxoaren 30ean.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

Abeltzaintzako ustiategietan biosegurtasuna
hobetzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

1. Oinarri hauen xedea da laguntzak arautzea abeltzaintzako ustiategietan bertan ekipoak erosteko eta inbertsioak egiteko, betiere biosegurtasun neurriak hobetzeko helburuarekin, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 14. artikuluaren eremuan. Erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (EBAO, L 193, 2014-7-1).

2. oinarria. Neurriaren aplikazio eremua eta helburua.

1. Laguntza hauek Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremutik baztertuta daude kasu hauetan:

a) Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, berreskuratze agindu baten zain dauden enpresentzako banakako laguntzak ordaintzen diren kasuan.

b) a) letran jasota dauden enpresei ad hoc emandako laguntzen kasuan.

c) Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.14) artikuluan definitzen diren moduan krisiak jota dauden enpresentzako laguntzak direnean.

2. Biosegurtasun terminoa azpiegiturei, maneiatzeko edo abiarazteko praktikei eragiten dieten neurrien multzoari dagokio. Neurri horien helburua da gaixotasun infekto-kutsakorrak eta parasitarioak sartzeko arriskua saihestea edo murriztea, eta, ondoren, horiek ustiategi baten barnean edo abeltzaintzako beste ustiategi batzuetan zabaltzekoa.

3. Helburu gehigarri gisa, laguntza hauek berariazko biosegurtasun helburuak lortzera bideratzen dira; zehazki, txerri-ustiategietan gaixotasunak kontrolatzeko hobekuntzak lortzera.

3. oinarria. Onuradunak.

1. Neurriaren hartzaileak abeltzaintzako ustiategi baten titularrak dira, pertsona fisiko eta juridikoak izan, inbertsioak Nafarroan egiten dituztenak, onuradunak izateko aldez aurreko baldintzak betetzen dituztenak eta hitza ematen dutenak aplikatzekoa den araudian ezarritako konpromisoak betetzeko.

2. Administrazio publikoak ez dira onuraduntzat hartuko, ezta nortasun juridiko propioa duten entitate eta sozietate publikoak ere, baldin administrazio publikoen menpekoak badira edo haiei lotuta badaude.

4. oinarria. Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Laguntzen eskaera aurkezteko egunean onartuak izateko irizpide hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak izan daitezke neurriaren onuradunak:

a) Adinez nagusi izatea, pertsona fisikoak badira.

b) Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan (REGA) inskribatuta dagoen abeltzaintzako ustiategi baten titularra izatea.

c) ETE izateko behar diren betekizunak betetzea, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.2) artikuluan xedatutakoaren arabera (erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).

d) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu bateratuarekin bateraezintzat jo ondoren.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan ez egotea.

f) Egunean izatea tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

5. oinarria. Ustiategiak onartuak izateko irizpideak.

1. Abeltzaintzako ustiategiek Nafarroako Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan (REGA) inskribatuta egon beharko dute laguntza eskaera aurkezten den egunean, eta inbertsioen xede den espezieko gutxienez AzLU 1 izan beharko dute.

AzLU delakoa kalkulatzeko, abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak ezartzen dituen martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuaren 1. eranskinean biltzen den AzLU baliokidetza taula aplikatuko da.

2. Hobetu nahi den ustiategiak dagokion ingurumen baimena izan beharko du (ingurumen eraginaren adierazpena, ingurumen baimen integratua, ingurumen ukipenetarako baimena, ingurumen ukipenei buruzko txostena, jardueraren udal lizentzia edo erantzukizunpeko adierazpena).

6. oinarria. Inbertsioen plana.

1. Inbertsio planak ustiategiko biosegurtasun baldintzak hobetu beharko ditu, eta halakotzat hartuko da neurrietan izandako aurrerapen positiboa, bai azpiegituretan, bai erabilera edo abiarazte praktiketan, gaixotasun infekto-kutsakorrak eta parasitarioak sartzeko edo hedatzeko arriskua saihesteko edo murrizteko.

2. Inbertsio planean, gutxienez ere, alderdi hauek sartuko dira:

a) Ustiategiaren abiapuntuko egoeraren azalpena, datu hauek barne, besteak beste:

–Ustiategiaren identifikazioa, kokalekua eta ekoizpenaren ildoa.

–Nortasun fisiko edo juridikoa, titulartasuna eta, bidezkoa bada, azaltzea titularren zerrenda eta sozietatearen kapitaleko partaidetza.

–Abelburuak, espezieen eta animalia motaren arabera.

–Biosegurtasunari dagokionez, ustiategiaren erabilera eta puntu kritikoen zerrenda.

b) Ustiategiaren azken egoeraren deskribapena, abiapuntuko egoeran agertzen ziren parametroekiko alderaketarekin.

c) Egin asmo diren inbertsioen zerrenda eta azterketa, ikuspuntu tekniko, ekonomiko eta finantzariotik begiratuta, eta abiapuntuko ustiategiaren eta amaierakoaren arteko koherentziarena, biosegurtasunaren baldintzak hobetu direla nabarmen uzteko.

Azterketa horrek bere baitan izan beharko ditu, halaber, inbertsio horiek laguntza jaso dezaketela erabakitzeko behar diren justifikazio teknikoak eta agiri egokiak, bat etorriz oinarri arautzaile hauetako 6. oinarrian ezarritako beharkizun eta baldintzekin.

d) Kostuen apaltzea aplikatzeko justifikazioa, oinarri arautzaile hauetako 14. oinarriaren arabera.

e) Inbertsio planaren iraupena. Inbertsioen izaeraren eta burutzeko aurreikuspenaren araberakoa izanen da, barnean dela inbertsio bakoitza hasteko aurreikusitako eguna.

f) Inbertsioen operazioek ingurumenean ondorio kaltegarriak edukitzen ahal dituztenean, inbertsio planari erantsi beharko zaizkio, dokumentazio gisa, ingurumen eraginaren adierazpena, ingurumen baimen integratua, ingurumen ukipenetarako baimena, ingurumen ukipenei buruzko txostena, jarduerarako udal lizentzia, edo erantzukizunpeko adierazpena, egoki dena jarduketa motaren arabera, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera (Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa), edo hura ordezten duen arauan jasotzen diren betekizunak, edo eskatu izanaren gordekina. Kasu honetan, gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu beharko da baimena, txostena edo lizentzia, laguntzen eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik aurrera.

7. oinarria. Inbertsio diruz lagungarriak.

1. Inbertsioek ustiategiaren biosegurtasun baldintzak hobetu behar dituzte, galaraziz ustiategiko abereak harremanetan jar daitezela arrisku-faktoreekin (ustiategikoa ez den jendea, ibilgailuak, beste animalia batzuk, basa fauna ere barne, eta abar), edo arrisku hori mugatuz.

2. Inbertsioek ingurumenean kalterik ekar badezakete, beharrezkoa izanen da dagokion administrazio baimena eskuratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean aurreikusitakoak bereziki.

3. Inbertsioak Nafarroan gauzatu behar dira.

4. Agintaritza eskudunari laguntza eskaera aurkeztu ondoan hasi eta gauzatutako inbertsioak eta gastuak baizik ez dira diruz lagungarriak, oinarri honen 5. e) apartatuan aurreikusiak izan ezik. Ondorio horietarako:

Kontuan hartuko dira, bestelako frogabideen artean, inbertsioak justifikatu beharrez aurkezten diren faktura, albaran eta konturako ordainketen datak.

Inbertsioen kokapen geografikoa zehazten ahal bada, aldez aurretik egiaztatu beharko da inbertsioak ez direla hasi. Ondorio horietarako, eskatzaileak inbertsioen hasiera egunaren berri eman beharko dio Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari, hasi baino 15 egun natural lehenago gutxienez.

5. Laguntzen ahal diren inbertsioak –eta haien kostuak, berriz, hautatzen ahal direnak– honako hauek izanen dira:

a) Hobekuntzak eta aldaketak zerri ustiategien eta haragitarako, arrautzetarako eta ehizarako hegaztien hazkuntzarako ustiategien perimetroen itxituretan eta sarreretan, helburu hauetako bat, gutxienez, lortzeko:

I. Ibilgailuak ustiategian sartzeari dagokionez, ekoizpen eremuetan sar daitezen galarazteko neurriak, argi zehaztuz, seinaleen bidez, eremu garbiaren (ustiategiko langileak eta ibilgailuak ibiltzeko tokia) eta eremu zikinaren artean (kanpoko ibilgailuak eta beren gidariak ibiltzeko tokiak).

II. Hobekuntzak animaliak kargatzeko eta deskargatzeko puntuetan, eragiketa horiek ustiategiaren perimetroaren kanpotik egin ahal izateko.

III. Ibilgailuak minda-putzuetara edo minda-hobietara, elikadura siloetara edo gorpuen edukiontzietara sartzeko hobekuntzak, ustiategiaren perimetrotik kanpotik egin ahal izatearren erretiratze edo hornitze zerbitzu horiek.

b) Ustiategiaren larreetako ur-putzuetarako edo urasketarako sarrerak eta perimetro-itxiturak hobetzea edo aldatzea, herri-aprobetxamenduko bazka-laboreetakoak izan ezik, basa fauna bertara sartzea galarazten baldin badute edo sartzea murrizten badute.

c) Zerri ustiategietan, ekoizpen ereduak eskatzen duenean animaliak aire zabalean erabiltzea, zerrien eta basa faunaren arteko harreman zuzena galarazten duten hesi bikoitzeko sistemak jartzea diruz lagungarria izanen da. Sistemak gutxienez 1,5 metro duten bi hesi edukiko ditu, eta hesien arteko distantzia gutxienez 30 zentimetrokoa izanen da, eta gehienez 60 zentimetrokoa.

Hesiek abereak eta basa fauna igarotzea galaraziko dute. Horretarako, hesiaren altueraren lehen 40 zentimetroetan, sarearen begiaren aldea ez da izanen 5 cm baino zabalagoa.

Kanpoko hesiaren ordez, gutxienez 0,40 metroko altuera eta bi hari izanen dituen hesi elektriko bat jartzen ahal da, bat lurretik 20 zentimetrora eta gainerakoak gehienez 20 zentimetroko tarteekin.

Dauden itxituren egokitzapenak ere diruz lagungarriak izanen dira, lehen deskribatu den hesi bikoitzaren izaera eduki dezan.

Diruz lagungarria den hesi bikoitzeko ekipamendua duen gehieneko azalera 0,83 hektarea da, eskaera egiten den uneko zerri aziendako AzLU bakoitzeko.

Balioespena edukiko duen memoria batek bilduko du zer hesi-longitudetarako eskatzen den laguntza. Eskatutako azalera handiagoa bada lehen jarritako muga aplikatuz legokiokeena baino, lagundu beharreko hesi bikoitzeko longitudea kalkulatzeko ondoko formula hau aplikatuko da:

Laguntzen ahal den hesiaren longitudea =

Gehieneko azalera mugaren arabera

× hesiaren longitudea memoriaren arabera

Hesitu beharreko azalera memoriaren arabera

d) Gorpu errauskailuak ustiategian bertan.

e) Aurreko apartatuetan bildutako gastuei loturiko gastu orokorrak, esaterako ingeniaritza enpresen, nekazaritza sindikatuen eta aholkularitza enpresen ordainsariak, 800 euroko mugarekin.

6. Ez dira diruz lagungarriak izanen eta, beraz, ez dira hautatzen ahal honako hauetatik heldu diren kostuak:

a) Ordezpen huts diren inbertsioak, salbu eta erosten diren makinak edo ekipamendua aurrekoak ez bezalakoak badira, erabiltzen duten teknologiagatik edo haien errendimenduagatik edo 10 urtetik gorako antzinatasuna izateagatik.

b) Aurretik dauden ondasun higiezinak zaindu, mantendu eta konpontzeko baizik ez diren inbertsioak, edo eskaeraren aurreko 10 urteko epearen barnean diruz lagundu diren higiezinak, ekipoak edo instalazioak eskuratzeari dagozkionak.

c) Zorren interesak, horien birfinantzazioa, aseguruak eta nekazaritzako enpresaren bestelako gastu orokorrak.

d) Makineria autopropultsatua edo arrastatua.

e) Lurrak eta higiezinak eskuratzea.

f) Ustiategiko bertako laneskuaren gastuak eta zuzeneko beste ekarpen batzuk, salgaietan.

g) Ezkontideen edo lehen mailako ahaideen artean ondasunak eta zerbitzuak eskualdatzea, edozein izanik ere eskualdatzeko prozedura edo era, baita pertsona fisiko eta juridikoen arteko eskualdaketak ere, baldin horiek bazkide gisa parte hartzen badute, salbu eta 14/2006 Foru Legearen 65.1 a) artikuluaren arabera katalogaturiko kooperatibek egiten dituzten fakturak eta likidazio ziurtagiriak.

h) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), beste zerga batzuk eta proiektuen industria mozkina.

i) Bigarren eskuko ekipamendua erostea.

8. oinarria. Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzak izanen dira kapitaleko zuzeneko dirulaguntzak.

2. Honako muga hauek erabiliko dira laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko:

a) Laguntza jaso dezakeen gutxieneko inbertsio tamaina, espediente bakoitzeko: 2.000 euro.

b) Gehieneko laguntza, onuraduneko eta deialdiko: 50.000 euro.

Zenbateko horiek kalkulatuko dira bai laguntza eskatzeko unean, aurkeztutako inbertsio planaren arabera, bai azkeneko ordainketa egiteko eskaera egiten denean, inbertsio plan gauzatuaren arabera, betiere kostuak apaltzeko irizpideak aplikatu ondoren.

3. Laguntzak diruz lagungarria den inbertsioari ehuneko hauek aplikatuz kalkulatuko dira:

a) % 40, orokorrean.

b) % 60, 6. oinarriaren 5. zenbakiaren c) letran biltzen diren inbertsioen kasuan, mendialdeko, goi mendiko edo muga natural garrantzitsuak dituzten ustiategietan egiten direnak, zeinetan zerriaren AzLU gehienak “Euskal Txerria” arrazakoak baitira. Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira Abeltzaintza Zerbitzuak arrazaren gainean ematen dituen txostenak eta Nafarroako Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan (REGA) dauden datuak, laguntza eskaera aurkezten den egunekoak.

Kokagunearen sailkapena zehazteko, kontuan hartuko da Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren fitxako ustiategiaren parametroetan agertzen den NEIaren udalerria. Mendialdetzat, goi mendialdetzat eta, mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokitzat hartuko dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 76/2020 Foru Aginduaren V. eranskinean jaso direnak. Foru agindu horren bidez honako deialdi hauek egin ziren 2020ko kanpainarako: Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenei eta Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren halako laguntza batzuei dagokien eskaera bakarra, Erreserba Nazionalerako eskubide eskaerak, Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikoko Sistemarentzako aldaketa eskaeren aurkezpena eta urteko jakinarazpena, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean erregistra dadin.

9. oinarria. Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko lehentasun ordena ezartzeko.

2. Eskaeren lehentasun prestatzeko, honako balorazio irizpide hauek aplikatuz lortzen diren puntuak batuko dira (gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira):

a) “Euskal Txerria” arraza autoktonoa lantzen duten zerri ustiategiek, zeinetan ekoizpen ereduak barne hartzen baitu abereak aire zabalean erabiltzea: 30 puntu.

b) Kokapen geografikoarengatik, ustiategiaren kokapenaren arabera, 8. oinarriaren 3. zenbakiaren b) letraren bigarren paragrafoan biltzen diren kokagunearen sailkapenaren eta esleipen-irizpidearen arabera: 40 puntu gehienez.

I. Inbertsioak goi mendiko ustiategietan gauzatzen direnean: 40 puntu.

II. Inbertsioak mendialdeko ustiategietan gauzatzen direnean: 35 puntu.

III. Inbertsioak muga natural garrantzitsuak dituzten tokietako ustiategietan gauzatzen direnean: 30 puntu.

c) Eskaera aurkezten den unean Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren fitxak definitzen dituen ustiategiaren ezaugarriak eta ustiategiaren titularraren baldintzen arabera, 20 puntura arte ematen ahalko dira, ondoko irizpide hauek kontuan hartuta:

I. Onuraduna baldin bada lehentasunezkotzat sailkatu den nekazaritza ustiategi baten titularra eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean: 20 puntu.

II. Onuraduna baldin bada ogibide nagusia nekazaritza duen pertsona fisiko bat, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean: 15 puntu.

III. Onuraduna baldin bada nekazari profesional gisa sailkatutako pertsona fisiko bat, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean: 5 puntu.

d) Generoa: emakumeak baldin badira laguntza espedientearen onuradunak edo, pertsona juridikoen kasuan, bazkideen % 30 gutxienez: 10 puntu. REAN fitxarekin egiaztatuko da irizpide hori, eskaera egitean.

3. Onuradunak bere eskaeran adierazi beharko du, berariaz, zer balorazio irizpideren arabera eskatzen duen aplika dakiola aurreko baremoa. Eskaera hau erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean biltzen diren irizpideei dagokienez, edo, egoki denean, eskaerak aurkezteko epea bukatzeko egunari dagokionez, eta bete beharreko konpromisotzat inbertsioen planean aurreikusitako ekintzei dagokienez, eta plan horrekin bat etorri beharko du.

4. Onuradunak eskatutako balorazio irizpideek ekarritako puntuak bakarrik emanen dira. Baldin betetzeko zenbait kasu onartzen dituen irizpide bat ezarri bada, puntu gehien ematen dituen egoera hartuko da aintzat, betiere eskura dagoen informazioarekin egiaztatzen ahal bada, eskatutako puntuazioa inola ere gehitu gabe.

10. oinarria. Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Norgehiagokako araubideko tramitazioan, lehentasunak ezarriko dira eskaeren artean aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideak aplikatuz, eta aipatu irizpideen arabera balorazio handiena lortzen duten eskaerei emanen zaie dirulaguntza, deialdian erabilgarri dagoen kredituak ezarritako muga gainditu gabe.

2. Espedienteen puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, lehentasuna izanen dute, lehenbizi, aurreko oinarriaren 2. zenbakiaren a) atalean puntuazio handiena lortzen duten espedienteek, eta gero, hurrenez hurren, b), c), eta d) apartatuetan lortzen den puntuazioa hartuko da aintzat, aurrekontua agortu arte. Aurreko irizpidea aplikatu eta gero berdinketak irauten badu, lehenago aurkeztu diren eskaerek edukiko dute lehentasuna.

3. Deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira dagokion ekitaldiko aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren guztiak.

11. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

1. Laguntza hauen onuradunek honako betebehar eta konpromiso hauek izanen dituzte:

a) Inbertsio plana 2021eko irailaren 15a baino lehenago gauzatzea. Aurrekoa gorabehera, onuradunek eska dezakete muga-eguna luza dadila, baldin eta frogatzen badute justifikatutako arrazoiengatik ezin dituztela inbertsioak burutu epearen barnean. Luzapena 2021eko urriaren 15era arte atzeratuko da gehienez, eta abuztuaren 15a baino lehenago eskatu beharko da.

b) Jarduketak egitea eta, hala bada, mantentzea, eta espedienteak lehenesteko (9. oinarriaren arabera) erabili diren kalifikazioak mantentzea inbertsio plana bukatu arte eta ordainketa egin aurretik.

c) 12. oinarriaren arabera etorkizunean bete beharreko konpromisoei eustea bost urtez, azkeneko ordainketa onesten duen ebazpena ematen denetik aurrera.

d) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan honako hauek frogatzea:

–Jasotako funtsak aplikatuta egindako gastuak eta ordainketak, eta

–Hartu diren funtsak laguntza emateko arrazoi izan ziren helburuetarako erabili direla, ezarrita dauden epe eta moduan.

e) Behar diren kontrolak onartzea, egiaztatzeko laguntza ongi eman dela, inbertsioa ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela.

f) Behar diren argibideak ematea ustiategiaren alderdi tekniko-ekonomikoez, lan arlokoez eta sozialez, baita neurri honen esparruan hartutako laguntzez ere, haien jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

g) Dirulaguntza jaso duten jarduketak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, azkeneko ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

h) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, pertsona onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

i) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

j) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

k) Bidezko denean, inbertsioko ondasunak inskribatuko dira Nafarroako Foru Komunitateko behar diren erregistro ofizialetan, plana amaitu baino lehen.

l) Eskatzailearen ardura da ingurumenerako kaltegarriak izan daitezkeen inbertsioetarako 6. oinarriko 2. zenbakiaren f) letran aurreikusten den baimena eskuratzea. Laguntza emateak ez dakar berekin inola ere inbertsioek baimen hori izatea.

m) Enpresa deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16an 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Eginbehar hau ez betetzeak aipatutako foru legean aurreikusten diren itzultzeak ekarriko ditu.

2. Laguntzen eskaera aurkezteak berekin dakar oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoak onartzea.

12. oinarria. Gerora bete beharreko konpromisoak.

1. Etorkizunean bete beharreko konpromisoak dira onuradunak bere gain hartu dituenak, bost urtez horiei eusteko baldintzarekin, azkeneko ordainketa onesten duen ebazpenaren egunetik aurrera.

2. Hauek hartuko dira gerora bete beharreko konpromisotzat, oro har, era guztietako espediente eta onuradunen kasuan:

–Ekoizte jarduerari eta kokapenari eustea.

–Azpiegiturako eta/edo inbertsioko elementuen jabetzari eustea.

–Eragiketaren helburuak, izaera eta gauzatzeko baldintzak mantentzea, funtsezko aldaketarik gabe eta jatorrizko helburuak kaltetu gabe.

–Ustiategiaren baldintzei, kokapenaren sailkapenari, ustiategiaren kalifikazioari, titularren kalifikazioari eta generoaren kalifikazioari eustea, 9. oinarriaren 2. zenbakiaren arabera baremo-puntuak lortzeko balio izan badute.

Konpromiso horiek ez zaizkie eskatuko eragiketei ekoizpen jarduera bat bertan behera uzten bada iruzurrezkoa ez den porrotarengatik.

3. Ulertuko da onuradunak hartzen dituela aurreko 2. puntuko konpromisoak, balidatu badira laguntza onartu eta/edo ordaintzean.

13. oinarria. Laguntza eskaera eta dokumentazioa.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari zuzenduko zaizkio eskaerak. Modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko tramiteen katalogoaren bidez.

2. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarikoko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus) eskuratzen ahal da. Harekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen IFZren edo IFKren fotokopia eta, Europar Batasunetik kanpoko lurralde bateko nazionalitatea duten pertsona fisikoak badira, egoitza-baimen iraunkorrarena.

b) Ingurumen baimenak edo haien eskaerak, sozietateen eraketa eskriturak, memoria baloratuak, aurrekontuak eta/edo proformako fakturak, eta oinarri arautzaile hauen aplikazioaren ondoriozko guztiak, eta zehazki, 6. oinarrian aurreikusitako inbertsio plana, eta 14. oinarriko kostuen moderazioari buruzkoa.

3. Onuradunak eskaera bakarra aurkeztu beharko du deialdi bakoitzeko.

14. oinarria. Kostuen moderazioa.

1. Inbertsio planean kostuen moderazioaren printzipioa aplikatuko dela bermatzeko, diruz lagungarria den inbertsioa ondoren aipatzen denaren arabera zehaztuko da.

2. Moderazio prozedurak.

a) “Inbertsio moduluak” izeneko III. eranskinean jasotako inbertsioetarako, beharrezkoa izanen da aurrekontua edo proformako faktura aurkeztea.

b) III. eranskinean, “Inbertsio moduluak” izenekoan, aipatzen ez diren inbertsio eta gastuetarako, eskatzaileak laguntza eskaerarekin batera aurkeztu beharko dituen hiru aurrekontu edo proformako fakturen artean aukeratuko da.

Egiazko enpresa hornitzaile independenteenak izanen dira eskaintzak, eta alderatzeko behar bezain zehatzak izanen dira. Nolanahi ere, ez da beharrezkoa izanen hiru eskaintzak aurkeztea, baldin justifikatzen badu merkatuan ez daudela behar adina entitate hornitzaile edo emaile, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik. Salbuespen hori behar bezain justifikatua egonen da inbertsio planean.

c) Aurreko kasuetan sartzen ez diren inbertsioak badira, Balorazio Batzorde batek baloratuko ditu. Batzorde hori instrukzio organoaren arduradunak eta profil teknikoa duten hango bi teknikarik osatuko dute, eta aurkeztutako aurrekontuaren aldeko txostena eman beharko dute, edo bestela, ordezko aurrekontua aurkeztu.

Batzorde horren erabakia justifikatua izanen da, orobat, ondasunaren prezioak egiaztatuz onuradunari dagokion jarduketa-merkatu logiko batean.

3. Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa: zein den txikiena onuradunak aurkeztutako aurrekontuaren eta ebaluazioaren ondoriozkoaren artean, horixe izanen da diruz lagundu daitekeen zenbatekoa.

4. Kostuen moderazioari buruzko egiaztatze kontrolak laguntza esleitu aurretik eginen dira, laguntza eskaeran oinarrituta, eta azken ordainketa egin aurretik, onuradunak aurkeztutako ordainketa-eskaeran oinarrituta. Egiaztatze kontrolak eginen dira, orobat, onuradunak aldaketak egitea eskatzen duenean.

5. Kostuen moderazioa zuzen aplikatzeko, onuradunak behar diren agiriak erantsiko dizkio (memoria, aurrekontua, proformako faktura, etab.) inbertsioen planari, legez eska daitekeen informazio guztiarekin eta agiria igorri duenaren identifikazio datuei buruzko informazio fidagarriarekin, eta, orobat, entregatu beharreko ondasunaren ezaugarri teknikoak, lan egiteko gaitasunak, tamaina eta abar zehatz-mehatz azalduta.

6. Onuradunak aurkeztutako agiriak nahikotzat jotzen ez badira ondorio horietarako, gastuen moderazioa behar den bermearekin aplikatu ezin zaien kostuak ez dira diruz lagungarritzat joko.

15. oinarria. Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa dagokio Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari; atal hori atxikia dago Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari.

16. oinarria. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 eguneko epean, gehienez ere, zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen hori egin ezean eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

2. Eskaera osorik dela, egiaztatuko da eskatzen diren baldintzak betetzen dituela, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean edo, kasua bada, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denean dagoen informazioaren arabera.

Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan kontsultatu daitezkeen parametroak zehazteko, datuak onartutako azken katalogazioaren arabera erabiliko dira.

4. Instrukzioaren prozeduran zehar, unitate erantzuleak eska dezake aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa argitzea. Behar izanez gero, gehienez 15 eguneko epean zuzendu ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen hala egiten ez badu agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

5. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, inbertsio diruz lagungarrien aurrekontua eta aplikatzekoak diren mugak, baremoak eta moduluak hartuko dira kontuan, oinarri arautzaile hauen arabera.

6. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunetan oinarriturik.

7. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta esleipen espedientean jaso beharko da onuradunek laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

17. oinarria. Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean azalduko da dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, eta eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsitakoak.

Aurrekoa gorabehera, konkurrentzia prozeduraren eteteko puntuan gelditzen den eskatzaileak, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik laguntzarik jasotzen ez badu, dagoen aurrekontuaren araberako laguntza eskatzen ahalko du, ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean. Halakoetan, proposatutako ekintzen artean zein mantentzen diren identifikatu beharko du. Eskabidea berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa, baldintzak eta, orobat, onuradunak bete behar dituen konpromisoak.

5. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin berariazko ebazpenik eman ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatzean, edo deialdiak ezarritako epean.

6. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka onuradunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ebazpena berariazkoa izanez gero, edo isiltasun administratiboz ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespena izanez gero.

18. oinarria. Inbertsio plana aldatzea.

1. Bidezko arrazoiengatik onuradunak beharrezkotzat jotzen badu aldaketak egitea hasiera batean onetsitako inbertsio planean, aldatzeko eskaera bat aurkeztu beharko du. Ondasun eta/edo konpromiso berriak hartu aurretik aurkeztuko da eskaera hori, eta, betiere, inbertsioak bukatzeko epea bukatu baino hiru hilabete lehenago.

2. Proposatutako aldaketa behar bezainbat arrazoitu eta justifikatu beharko da, eta honako hauek bermatu beharko dira:

–Inbertsio plan berriaren bideragarritasuna.

–Ez dela urratzen eskaeren hurrenkerako emaitza ekarri zuten balorazio irizpideen aplikazioa.

3. Aldaketa horiek nabarmenak izanen dira baldin eta laguntzen ahal den inbertsio osoaren % 30 baino gehiago gehitu edo kentzen bada obra zibileko edo ekipamenduko elementu bakoitzean, eta goiti-beheiti hori 15.000 euro baino handiagoa bada.

4. Inbertsio planaren aldaketa nabarmen bakarra aurkeztea onartuko da.

5. Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da aldaketak onestea. Onespen horrekin ere, hasiera batean onarturiko laguntzak ez dira handituko.

–Aldaketak nabarmenak badira, kostuak apaltzeko prozedurarako modulu berriak aplikatzea badakarte eta/edo emandako laguntza murrizten bada, inbertsio plan berria ebazpen bidez onetsi beharko da, hasierako planak agertzen zituen irizpide tekniko-ekonomikoei eta kostuak apaltzeko irizpideei jarraikiz.

–Aurreko paragrafoan aipatu gabeko aldaketak badira, azken ordainketaren unean eginen da behar den doikuntza, bai inbertsioetan bai esleitutako laguntzan.

6. Kudeaketa organoak lagungarritzat jo ditzake epean jakinarazten ez diren aldaketak, baldin betetzen badituzte oinarri honen 2. atalean ezarritakoa eta 14. oinarriaren araberako kostuen moderazioa. Bidezkotzat jotzen dituen frogagiriak eskatzen ahalko dizkio onuradunari, galarazi gabe 21. oinarrian ezarritako murrizketak.

Ondorio horietarako, baldin aurreikusitako inbertsioak egiten ez badira, edo osorik egiten ez badira eta hori aldaketa nabarmentzat jo badaiteke, komunikatu gabeko aldaketatzat hartuko dira.

19. oinarria. Ordainketa eskaera.

1. Laguntzak eskuratzeko, onuradunak ordainketa eskaera aurkeztu beharko du. Ordainketa eskaera zehaztu diren egunen aurretik aurkeztu ezean, laguntzak galdu eginen dira.

2. 2021eko irailaren 15ean bukatuko da epea ordainketa eskaera aurkezteko eta, berekin batera, fakturak, ordainagiriak, baimenak, erregistroak eta aurkeztu behar diren gainerako agiriak aurkezteko. Beraz, ulertuko da data hori dela baimen horiek lortzeko eta/edo erregistro horiek egiteko mugaeguna.

Onuradunek inbertsioaren muga-egunaren luzapena onartuta badute 11. oinarriarekin bat, ulertuko da hein berean luzatu dela ordainketa eskaera aurkezteko epea.

3. Ordainketa eskaerarekin batera, onuradunak inbertsioen bukaeraren berri eman beharko du, baita justifikatu ere horiek nola bete diren eta ordainketak nola gauzatu diren laguntzaren xede ziren kontzeptuengatik; horretarako, aurkeztuko dira behar diren fakturak edo frogagiri baliokideak eta gastu eta inbertsio diruz lagungarri guztien ordainagiriak.

20. oinarria. Laguntzen ordainketa.

1. Laguntzen ordainketa deialdian aurreikusitako aurrekontu ekitaldiaren kargura eginen da.

2. Oro har, dirulaguntza eman aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

Horri dagokionez, ez da ulertuko jarduera gauzatua dagoela frogatu denik harik eta instrukzio organoak inbertsio plana bukatu dela frogatu eta ordainagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.

3. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera. Kontrol horien barnean, bisitak egiten ahalko dira ustiategietara, egiaztatzeko inbertsioak bukatu direla eta zuzen gauzatu, edo egiaztatzeko instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi.

Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan kontsultatzen ahal diren parametroak zehazteko, onetsitako azken katalogazioaren araberako datuak erabiliko dira.

5. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideratzeak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa eskaerarekin alderatuta, hurrengo oinarrian aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira.

21. oinarria. Murrizketak eta bazterketak baremoa ezartzeko irizpideetan, laguntzetan eta ordainketetan.

1. Inbertsio plana 11.1.a) oinarrian adierazitako epean bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, laguntza galdu eginen da.

2. 11.1.d) oinarrian jasotako konpromisoa (gastuen justifikazioarena) edo 11.1.e) oinarrikoa (kontrolen onarpenarena) betetzen ez bada, laguntza osoa galduko da.

3. Informazioa ematearen konpromisoa, beste laguntza batzuen jakinaraztekoa, kontabilitatearena, dokumentazioa gordetzearena eta erregistroetako inskripzioarena, 11. oinarriaren 1. zenbakiko f), g), h), i), k) eta l) letretan jasotakoak, betetzen ez badira, konpromisoari zuzenean lotutako laguntza galduko da.

4. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak bete ez direla, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, laguntza guztia galduko da.

5. Aurreko murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketa horiek, hurrengo oinarriaren 5. puntuaren arabera, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

6. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, onarturiko laguntzak bertan behera utziko dira, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak, edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

22. oinarria. Gerora bete beharreko konpromisoen murrizketak.

1. Oinarri arautzaile hauetan azaldutako gerorako konpromisoak betetzen ez badira, laguntzak itzuli beharko dira osoki edo partez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. eta 35. artikuluekin bat.

2. Konpromiso horiek noraino ez diren bete mailakatu eginen da, ondoren ezartzen diren irizpideekin bat, eta, horien arabera, jasotako laguntza itzultzeko portzentajeak kalkulatuko dira, baita legez ezarritako berandutze-interesak ere.

3. 12.2 oinarria, oinarri horretan ezartzen diren salbuespenekin, ez direla bete egiaztatzen bada, eta ez betetzea lehen urtean gertatzen bada, laguntzaren % 100 galduko da, % 80 bigarren urtean gertatzen bada; % 60 hirugarrenean gertatzen bada; % 40 laugarrenean gertatzen bada eta % 20 bosgarrenean gertatzen bada, eta dagokion diru-itzulera egin beharko da.

4. Honi dagokionez, ez da ulertuko jarduera bertan behera utzi dela baldin pertsona fisikoa den onuradun batek, azken ordainketaren ebazpenaren ondoan, erabakitzen badu nortasun juridikoa duen entitate bat sortzea edo halako batean sartzea bere ustiategia osorik edo hein batean jarriz, baldin eta entitate horren kapital sozialean onuradunak duen partaidetza bada lehen berak zuenaren adinakoa edo handiagoa. Betiere, entitate hartzaileak subrogatu beharko du etorkizunean bete beharreko konpromisoei eusteaz den bezainbatean.

Orobat, ulertuko da jarduerari eusten zaiola, onuradunak erretiroa hartzen duelarik, betiere ustiategia beste ustiategi bati eskualdatzen bazaio, eta hura subrogatzen bada etorkizunean bete beharreko konpromisoei eusteaz den bezainbatean.

Azpiegiturako elementu baten jabetzan –inbertsioak higiezinetan, ekipamenduan edo makinerian– aldaketarik izan bada, eta onuraduna ez bada jada ondasunaren erabiltzaile bakarra, salmenta, lagatze, alokatze edo antzeko sistema baten ondorioz, 3. zenbakian aurreikusitako laguntzaren galera ondasun horregatik jasotako laguntzari aplikatuko zaio.

Ez da ez betetzetzat joko 9. oinarriaren araberako balorazio-irizpide bati buruz ari garenean, espedienteari legokiokeen puntuazioak kontzesioari eusteko modua emanen balio.

5. Ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauek gertatzen direnean ez da ulertuko bete gabe gelditu direla aurreko ataletan aipatzen diren konpromisoak:

a) Onuraduna hiltzea.

b) Onuradunak lanerako ezintasun luzea izatea.

c) Ustiapena edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eskaera aurkeztu zuenean ezin bazen aurreikusi. Ustiategiaren zati handi bat dela ulertuko da baldin Europako neurri unitateen % 40 baino gehiago murrizten badira.

d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurrak eta/edo instalazioak asko ukitzen dituena.

e) Ustiategiko eraikinen eta/edo instalazioen suntsipena, istripuz.

f) Onuradunaren azienda osoari edo zati bati eragindako epizootia.

6. Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, onuradunak edo haren eskubidedunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

23. oinarria. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

1. Oinarri hauetan araututako laguntzak bateraezinak izanen dira, inbertsio-elementu berberetarako, legez ezarritako beste edozein laguntzarekin.

2. Ebazpen honetan araututako laguntzak ez dira metatuko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 81. artikuluko 2. apartatuan eta 82. artikuluan jasotako ordainketekin, diruz lagungarriak izan daitezkeen kostu berei dagozkienak, baldin eta metaketa horrek Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako laguntzaren intentsitatea edo zenbatekoa gainditzen badu.

3. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak ez zaizkio metatuko kostu berberei dagokien “de minimis” motako beste laguntza bati baldin horrek berekin badakar Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduan (EB) ezarritako laguntzaren intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

24. oinarria. Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitateak beharturik daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira eta horiek gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Edozein kasutan, foru legearen 3. artikuluko c) letran jasotako entitateen kasuan, ebazpen honen 3. puntuan aipatzen den gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren arabera, honako hauei buruzko informazioa jasoko da, jendaurrean jarri ahal izateko: gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaketa; karguen zerrenda eta haien dedikazio araubidea, lansari gordinak eta entitateak kargu bakoitzarengatik jasotzen dituen diru konpentsazioak, kontzeptuen arabera zehaztuta, eta urteko kontuak.

2. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzatutako aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek, dirulaguntzarik jasotzen badute, informazio hau eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan duen dedikazio mota.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

25. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Ebazpen honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, abeltzaintzako ustiategietako biosegurtasuna hobetzeko inbertsioen 2021eko laguntzei dagokien fitxan.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak bermatuko du honako informazio hau argitaratzen dela Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean: Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren III. eranskinean aipatzen den informazioa, nekazaritzako ekoizpen primarioan dabiltzan eta 60.000 eurotik gorako banakako laguntza jasotzen duten onuradunei buruzkoa.

3. Aurreko apartatuan aipaturiko informazioa antolatuko da eta jendaurrean jarriko da, normalizaturik, III. eranskin horretan ezarrita dagoen moduan. Informazioa bilatzeko eta deskargatzeko funtzio eraginkorrak jarriko dira horretarako. 2. apartatuan aipatzen den informazioa sei hilabeteko epean argitaratuko da, eta gutxienez hamar urtez mantenduko da. Bi kasuetan, laguntza ematen den egunetik aurrera hasiko da kontatzen epea.

II. ERANSKINA

Laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Eskaera egiten duen entitatearen NAN/IFZren kopia.

b) Pertsona juridikoen kasuan:

1. Gobernu organoa osatzen dutenen NANa.

2. Eratze eskriturak eta estatutuak.

3. Kontseilu Errektoreak edo gobernu organoak emandako ziurtagiria, alderdi hauek jasotzen dituena (guztiak):

–Laguntza aurkezteko edo laguntzarekin lotutako edozein tramite egiteko ordezkaria izendatzea.

–Entitateko aginte organo eskudunaren erabakia inbertsioei ekiteko eta dirulaguntza eskatzeko, inbertsiorako aurreikusten den zenbatekoa eta inbertsioaren xedea jasoz.

c) Inbertsioen plana.

d) Aurrekontuak, balioespen memoria edo proformako fakturak aurreikusten den inbertsio bakoitzerako.

Memoriek honako hauek edukiko dituzte:

1. Txostenaren xedea.

2. Aurrekariak.

3. Jarduketen deskribapena:

–Jardueraren/obraren deskribapena.

–Erabilitako materialak.

–Kokalekua (poligonoa, lurzatia eta udalerria), kontzeptu bakoitzarena.

4. Jarduketen balorazioa (aurrekontua):

–Neurketak.

–Prezioen taula: unitate balioa (euro/neurketa unitatea).

–Aurrekontua eta neurriak: kontzeptuaren zenbateko osoa.

5. Proformako fakturak edo aurrekontuak, kasuan-kasuan dagokiona.

6. Lurzatien zedulak; egin beharreko jarduketak bertan marraztuko dira, ahalik eta zehaztasun handienaz.

7. Ingurumen ukipenen azterlana eta/edo eraikuntzaren hondakinen kudeaketa, kasuan-kasuan dagokiona.

8. Inbertsioen laburpen taula (obra eta/edo jarduketaren osagaiak eta horien balorazio ekonomikoa).

9. Memoria zerri aziendarako hesi bikoitza instalatzeko bada, honako hauek jaso beharko ditu:

–Ustiategia zerri aziendaren zenbat buruk osatzen duten, eta haren korrespondentzia azienda larriko unitateetan (AzLU).

–Zerri azienda larratzeko erabiltzen diren lurzatien zerrenda (udalerria, poligonoa, lurzatia eta azalera) eta ustiategiaren azalera osoa.

–Hesi bikoitza instalatzeko laguntza eskatzen den lurzatien zerrenda (udalerria, poligonoa, lurzatia eta azalera).

e) Hornitzaileak eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu direla frogatzea, edo irizpide horiek aplikatzea galarazten duten arrazoiak, gastuak 12.000 eurotik gorakoak direnean. Horri dagokionez, aurreikusitako gastuen zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada laguntza teknikoko edo aholkularitzako enpresen zerbitzu emateetan, entitate eskatzaileak hainbat hornitzaileri eskatutako eskaintzak aurkeztu beharko ditu. Eskaintza merkeena hautatu ezean, aurkeztutako memorian berariaz justifikatu beharko da.

f) Abeltzaintzako ustiategiari dagokion ingurumen baimena, martxoaren 22ko Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen arabera edo hura ordezten duenaren arabera (ingurumen eraginaren adierazpena, ingurumen baimen integratua, ingurumen ukipenetarako baimena, ingurumen ukipenei buruzko txostena, jarduerarako udal lizentzia, edo erantzukizunpeko adierazpena).

g) Inbertsioen operazioek ingurumenean ondorio kaltegarriak edukitzen ahal dituztenean, inbertsio planari erantsi beharko zaizkio, dokumentazio gisa, ingurumen eraginaren adierazpena, ingurumen baimen integratua, ingurumen ukipenetarako baimena, ingurumen ukipenei buruzko txostena, jarduerarako udal lizentzia, edo erantzukizunpeko adierazpena, egoki dena jarduketa motaren arabera, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera (Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa), edo eskatu izanaren gordekina. Kasu honetan, gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu beharko da baimena, txostena edo lizentzia, laguntzen eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik aurrera.

III. ERANSKINA

Inbertsio moduluak:

KONTZEPTUA

EUROAK/UNITATEA

BIDEAK

1. Bide osoa (honako hauek barne: sasi garbiketa, erauzketa, karga eta garraioa, areka, lubeta bat egitea, lodiera ezberdineko zabor-legarra, zoladura egitea, ureztapena eta trinkotze lanak)/m²

7,50

2. Bide sinplea (sasi garbitzea, lurra profilatzea, ureztaketa eta trinkotze-lanak, lodiera ezberdineko zabor-legarra, zoladura egitea)/m²

5,75

3. Areka gaineko pasabidea (honako hauek barne: hodia, aldeetako paramentuak, hormigoitzea –beharrezkoa bada–, igeltserotza-lanei dagokien zati proportzionala, indusketa, legarra eta lurra ekartzea)/ml

–Diametroa 30 cm

70

–Diametroa 40 cm

100

–Diametroa 50 cm

150

–Diametroa 60 cm

200

–Diametroa 80 cm

250

4. Hesi kanadarra (neurri aldakorrak, metalezko parrilla, profil laminatua T bikoitzean, hormigoizko murruak eta zolata dituena, baita saneamendua eta drainatzea ere)/unitatea

6.000

FINKAK HOBETZEA

1. Hustubide berriak (hondeaketa, lurrak zabaltzea edo karga eta garraioa)

–euro/m³

1,5

–euro/metro lineala

3

2. Ubideak garbitzea (hondeaketa, lurrak zabaltzea edo karga eta garraioa)

–euro/m³

1,25

–euro/metro lineala

2,5

3. Lur erauzketa eta tarte aldakorretarako garraioa, buldozer bidezkoa/m³

0,68

4. Lur erauzketa pala kargatzailearekin, eta kamioian garraiatzea, finkaren barnean/m³

1,70

5. Lur erauzketa beldar-traktorearekin, eta are-makina motordunean garraiatzea, finkaren barnean/m³ lur

1,25

6. Nibelazioa edo landare geruza kentzea are-makina motordunarekin, finkaren barnean/m³ lur

0,85

7. Arroka erauzketa, baita karga eta garraioa edo lurperatzea ere/m³

22

8. Zangak, putzuak, etab. hustea/m³

13

9. Material solteak kargatzea eta finkatik kanpo garraiatzea/m³

2

10. Drainatzeak

10.1. Geotestila drainatzeetarako euroak/ml

1

10.2. Hodi eta legarrez drainatzea euroak/ml

8

10.3. Legar edo hodiz drainatzea euroak/ml

6

10.4. Drainatzea hodi bikoitzarekin, gehikuntza metro linealeko

5

HESIAK ETA ITXITURAK

(honako hauek barne: sartzeko ateak eta atakak, atea automatikoak salbu)

1. Sare erronboidal zokaloduna (2 m.)/metro lineala

35

2. Sare erronboidal zokalorik gabea (2 m.)/metro lineala

25

3. Harri-horma 2 m/metro lineala

45

4. Hesi arrunta 1,50 m/metro lineala

8

5. Hesi bikoitzeko sistema 1,50 m/metro lineala

14

6. Hesi elektrikoa/artzain elektrikoa: 230 v-ko bateria edo ekipoa

500

7. Hesi elektrikoa/artzain elektrikoa: 2 hari/metro lineala

2

ERRAUSKAILUAK

1. 50 kg/h edo gutxiagoko erretzeko gaitasuna duen errauskailua

20.000

2. 50 kg/h edo gehiagoko erretzeko gaitasuna duen errauskailua

30.000

ZOLADURA

Hormigoi armatuko zoladura, 5 cm-ko lodiera/m²

8

Zabor-legarrezko zoladura, 5 cm-ko lodiera/m²

1,25

Hormigoitua/m³

130

Eustormak/m³

400

Edozein diametrotako kareharri hautatuzko lubeta, beharrezkoak diren obra osagarri guztiak barne, lurra harriak paratu aitzin egokitzea eta material iragazlez betetako estradosa, hormigoitua beharrezkoa izanez gero, erabat funtzionala eta bukatua.

–euro/m³

–euro/t

70

40

Iragarkiaren kodea: F2105342