93. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

92E/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 13koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Osasuneko kontseilariaren irailaren 14ko 68/2016 Foru Agindua. Horren bidez xedatzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzako zerbitzuburu eta atalburuen lanpostuak bitarte baterako izendapenez betetzeko prozedura.

Atarikoa

Osasuneko kontseilariaren 68/2016 Foru Aginduak, irailaren 14koak, xedatu zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzako zerbitzuburu eta atalburuen lanpostuak bitarte baterako izendapenez betetzeko prozedura. Horren bitartez, bete nahi ziren Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiak, baita berdintasunaren, merituaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak ere.

Berriki, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salak apelazioa ebazten duen epai bat eman du, non ordenamendu juridikoaren kontrakotzat jotzen baititu 68/2016 Foru Aginduaren ondoriozko laguntza zerbitzuko eta ataleko burutzen deialdiak.

Epai horren edukiaren ondorioz eta 68/2016 Foru Aginduaren indarraldiaren ondoren hobekuntzak egiteko eta akatsak zuzentzeko antzeman diren zenbait aukera direla eta, beharrezkoa da agindu horretan aldaketak sartzea; besteak beste, honako hauei dagozkienak: kalifikazio epaimahaiaren osaketa, barne burutzaren izendapen prozedura eta izendapenerako puntuazioa. Aldaketa horiekin arauaren argitasun eta eraginkortasun handiagoa lortu nahi da.

Prozedura honen bitartez esleitzen diren lanpostuak urtebeteko indarraldia izanen dute, eta urtero luzatzen ahalko da gehienez hiru urtera arte, baldin eta bitartean ez bada burutzaren deialdia egiten, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta lanpostuak betetzea arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Lehen artikulua.

Aldatzen da Osasuneko kontseilariaren irailaren 14ko 68/2016 Foru Aginduaren bigarren artikulua. Agindu horren bidez xedatzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzako zerbitzuburu eta atalburuen lanpostuak bitarte baterako izendapenez betetzeko prozedura. Artikulu hori honela idatzita geldituko da:

“2. artikulua. Baldintzak.

Deialdian parte hartzen ahalko dute baldin eta jardunean badaude, jarduneko zerbitzuaren luzapen egoeran ez badaude eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan lanpostuaren jabe badira kasuan kasuko espezialitatean (gutxienez bost urteko antzinatasunarekin zerbitzuko burutzetarako, eta gutxienez bi urtekoarekin ataleko burutzetarako).

Eskaerak aurkezteko epealdia amaitu eta baldintza horiek betetzen dituen izangairik ez bada, hamar egun balioduneko beste epealdi bat irekiko da. Horretan, aurkezten ahalko dira, hala nahi badute, lanpostuaren jabe izanda aipatutako antzinatasun baldintzak betetzen ez dituztenak eta lanpostuaren jabe izanda jarduneko zerbitzuaren luzapen egoeran daudenak”.

Bigarren artikulua.

Aldatzen da Osasuneko kontseilariaren irailaren 14ko 68/2016 Foru Aginduaren hirugarren artikulua. Agindu horren bidez xedatzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzako zerbitzuburu eta atalburuen lanpostuak bitarte baterako izendapenez betetzeko prozedura. Artikulu hori honela idatzita geldituko da:

“3. artikulua. Prozedura.

Hautapena ondoko prozedura honen arabera eginen da:

1. Publizitatea:

Deialdia argitara emanen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentroetako iragarki tauletan eta Osasuneko web orrian (https://empleosalud.navarra.es/eu/).

2. Eskaerak aurkezteko epea eta modua:

Hilabeteko epea izanen da deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko, deialdia Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erakunde zentraletako iragarki tauletan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Parte hartu nahi dutenek eskabidearekin batera aurkeztu beharko dute bete nahi den zerbitzuaren edo atalaren kudeaketa proiektua, bai eta planteatutako helburuak ere.

3. Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, behin-behineko zerrenda argitaratuko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun zentroetako iragarki tauletan eta Osasuneko web orrian (https://empleosalud.navarra.es/eu/), eta 5 egun balioduneko epea emanen da alegazioak aurkezteko. Inor baztertu ez bada, behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatzean, pertsona onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun zentroetako iragarki tauletan, eta Osasuneko web orrian (https://empleosalud.navarra.es/eu/).

Behin betiko zerrenda onartzean, argitara emanen da zer egunetan, zer tokitan eta zer ordutan izanen den aurkeztutako kudeaketa proiektua defendatzeko jendaurreko saioa.

5. Kalifikazio epaimahaia.

Honako kide hauek izanen dituen epaimahaia eratuko da: lanpostua deitzen den zentroko kudeatzaileko titularra edo medikuntzaren alorreko zuzendaritza edo zuzendariordetzakoa edo Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzako titularra; deitutako espezialitateko zerbitzuburu edo atalburu bat; eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile bat (medikua edo BFEa, funtzionario izaera duena), deitutako lanbide kategoriakoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langile Batzordean dauden sindikatuen proposamenez izendatuta. Langileen Batzordeak izendatutako pertsonaren datuak jakinarazi beharko dizkio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzari, izendapena eskatu eta biharamunetik hamabi egun balioduneko epean. Epe horretan izendatutako pertsona zein den jakinarazi ezean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak zuzenean izendatzen ahalko du epaimahaiko kide hori.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak izendatuko du epaimahaia; eta zenbat epaimahaikide izan, hainbat ordezko izendatuko dira.

6. Kudeaketa proiektuaren defentsaren eta lehiaketaren fasea:

6.1. Behar den epean eta moduan aurkeztutako kudeaketa proiektuaren dokumentazioa balioetsiko du epaimahaiak, proiektua jendaurrean defendatu aurretik betiere.

Ondoren, izangaiek jendaurrean aurkeztuko dute proiektua eta epaimahaiak egiten dizkien galderei erantzungo diete.

Zerbitzuaren edo atalaren kudeaketa proiektua gainditu dutenek I. eranskinaren 2. apartatuko (laneko esperientzia: emandako zerbitzuak) eta 3. apartatuko (prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak) dokumentazioa aurkeztu beharko dute, proiektuaren defentsaren emaitza argitaratu eta hamar egun balioduneko epean.

Izangaiek aukeratzen ahalko dute kalifikazioa foru agindu honen I. eranskinaren 3.2 apartatuan xedatutakoaren arabera izatea (lanbide karrerako maila kontuan hartuta). Kasu horretan, ez dute aurkeztu beharko prestakuntzari, irakaskuntzari, ikerkuntzari eta hizkuntzei lotutako dokumentazioa.

6.2. Gehienez ere, ezin izanen dira 100 puntu baino gehiago eman. Puntu horiek, bidenabar, honela banatuko dira:

–Kudeaketa proiektua eta jendaurrean azaltzea. 50 puntu gehienez.

–Laneko esperientzia: emandako zerbitzuak. 28 puntu gehienez.

–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak. 22 puntu gehienez.

Foru agindu honen I. eranskinean ezarritako baremoaren arabera baloratuko dira alegatutako edo justifikatutako merezimenduak.

Izangaiek 50 puntu lortu behar dituzte, gutxienez, proposatuak izateko, eta gutxienez ere 25 puntu lortu beharko dituzte kudeaketa proiektuaren defentsaren balioespenean.

Kudeaketa proiektuaren defentsaren fasea izangai bakarrak gainditu badu, ez da merezimenduen gainerako apartatuak balioetsiko eta ez da horien gaineko dokumentaziorik aurkeztu beharko. Fase hori gainditu duen izangaiak zuzenean izanen da izendapenerako proposatua.

7. Kudeaketa proiektuaren defentsaren fasea eta lehiaketaldia egin ondoren, epaimahaiak prozesuaren azken emaitza eta puntuazioak argitara emanen ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentroetako iragarki tauletan eta Osasuneko web orrian (https://empleosalud.navarra.es/eu/)”.

Hirugarren artikulua.

Aldatzen da Osasuneko kontseilariaren irailaren 14ko 68/2016 Foru Aginduaren seigarren artikulua. Agindu horren bidez xedatzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzako zerbitzuburu eta atalburuen lanpostuak bitarte baterako izendapenez betetzeko prozedura. Artikulu hori honela idatzita geldituko da:

“6. artikulua. Lanpostua bitarte baterako betetzea.

Deialdia hutsik gelditzen bada (bai gainditu duen inor ez dagoelako, bai 2. artikuluan aipatutako hamar egun balioduneko epea pasatu delako prest dagoen izangairik aurkeztu gabe), zerbitzuko fakultatiboen artean egokien jotzen den pertsona aukeratuko da. Bete beharreko lanpostua dagoen zentroko kudeatzaileak eginen du horretarako proposamena. Behin behineko izendapenerako proposamena arrazoitua izanen da, eta berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren irizpideen arabera justifikatuko da.

Kasu hauetan, ezin izanen da izendatu ordu arte burutzan aritu den pertsona”.

Laugarren artikulua.

Aldatzen da Osasuneko kontseilariaren irailaren 14ko 68/2016 Foru Aginduaren I. eranskina. Agindu horren bidez xedatzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzako zerbitzuburu eta atalburuen lanpostuak bitarte baterako izendapenez betetzeko prozedura. Eranskin hori honela idatzita geldituko da:

“I. ERANSKINA

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzako zerbitzuburu edo atalburuen lanpostuak bitarte baterako betetzeko deialdiaren merezimenduen baremoa

Gehienez ere 100 puntu emanen dira, gisa honetara banaturik:

–1. apartatua: kudeaketa proiektua eta jendaurrean azaltzea. 50 puntu gehienez.

–2. apartatua: laneko esperientzia: emandako zerbitzuak. 28 puntu gehienez.

–3. apartatua: prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak. 22 puntu gehienez.

1. apartatua. Kudeaketa proiektuaren defentsa.

Apartatu honetan, guztira, 50 puntu emanen dira gehienez. Puntuak azpiatal hauen arabera banatuko dira:

a) Proiektuaren balorazioa: 30 puntu gehienez.

Eduki hauek balioetsiko dira:

–Antolakuntzaren eta kudeaketaren alorra: zerbitzuaren edo atalaren organigrama, burutzaren eta hari atxikitako gainerako lanpostuen eginkizunak adierazita.

–Laguntzaren alorra: laguntzaren alorrean helburuak eta adierazleak ezartzea, eta horien jarraipena eta ebaluazioa.

–Irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorra: zerbitzuan edo atalean irakaskuntza plana ezartzea.

b) –Jendaurrean azaltzea (20 puntu gehienez)

Proiektua jendaurrean azaltzean, argitasuna eta zehaztasuna balioetsiko dira, bai eta alderdirik garrantzitsuenak azaltzeko gaitasuna ere.

Kudeaketa proiektuaren defentsa gainditzeko, apartatu osoan 25 puntu lortu beharko dira.

2. apartatua. Laneko esperientzia: emandako zerbitzuak.

Honako hauek baloratuko dira:

1.1. Edozein administrazio publikotako zentroetan dagokion espezialitateko zerbitzuburu gisa emandako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 1,5 puntu.

1.2. Edozein administrazio publikotako zentroetan dagokion espezialitateko atalburu gisa emandako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 1,5 puntu.

1.3. Edozein administrazio publikotan, dagokion espezialitateko fakultatibo gisa emandako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, puntu bat.

Egindako zerbitzu gisa hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.

Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraituko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.

Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.

Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

Atal honetan, guztira, 28 puntu emanen dira gehienez.

3. apartatua. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak.

1. Osasuneko kontseilariaren irailaren 19ko 111/2011 Foru Aginduaren II. eranskineko 2. apartatuan jasotako irizpideen, puntuazioen eta apartatuen arabera eginen da balioztapena. Agindu horrek arautzen ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan osasun arloko A mailako langileen lanpostuetan (A.1 eta A.2 estamentuak) sartzeko eta lanpostu horiek betetzeko prozedurak, eta ezartzen ditu horietan aplikatu beharreko merezimendu baremoak.

Atal honetan, guztira, 22 puntu emanen dira gehienez.

2. Izangaiek, irailaren 19ko 111/2011 Foru Aginduaren II. eranskinean 2. apartatuan ezarritakoari jarraikiz egokitzen zaien puntuazioaren ordez, aukeratzen ahalko dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aitortua duten lanbide karreraren mailari dagokion puntuazioa:

–I. maila: 0 puntu.

–II. maila: 6,6 puntu.

–III. maila: 11 puntu.

–IV. maila: 17,6 puntu.

–V. maila: 22 puntu”.

Azken xedapenetan lehena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta egun horretatik aurrera abiarazten diren bitarte baterako betetze prozedurei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2021eko apirilaren 13an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2105910