90. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

56E/2021 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio Cascanteko udalerrian neurketa anemometrikoko dorre bat instalatzeko proiektuari, Eólica Cascante SLUk sustaturik.

2020ko uztailaren 7an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Baliabide eolikoaren neurketa hobetzeko, proposatzen da neurketa anemometrikorako dorre bat instalatzea, 120 metro altu, koordenatuan (X:606.324, Y:4.649.437), eta hortik oso hurbil dagoen 80 metroko dorre baimendua desinstalatzea.

Dorreak sekzio triangeluarreko saretazko egitura du, metalezkoa, hiru norabidetan txarrantxatua tiranteen bidez, zeinak hiru planotan baitaude, elkarren artetik bereiziak 120º-ko angelua sortuz. Haizeen ainguratze sistema xafla lau eta karratuen bidezkoa izanen da (metro bat zabalak alde bakoitzean), lurpean sartuak 2 metrora, eta aipatutako hiru planoetan banatuak. Dorrearen oinarria metalezko xafla karratu bati soldatuko zaio (metro bateko zabalerako xafla), hori ere lurpean sartua. Ez dago aurreikusia bideak eta plataformak egokitzea sarbideak egiteko eta dorrea muntatzeko.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Cascanteko udalerrian neurketa anemometrikoko dorre bat instalatzeko proiektuari, Eólica Cascante SLUk sustaturik.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Inguru hartan dagoen 80 metroko dorrea desmuntatzeko eta azpiegitura berria instalatzeko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira. Soberako lurren eta obra-materialen hondakinak kudeatzaile baten esku jarri beharko dira, edo hondakindegi baimendu batera eraman, hondakin motaren arabera.
  • Dorrearen tentsore-soka guztietan hegaztiak babesteko balizak jarriko dira, tentsoreak hobeto ikus ditzaten eta horien kontra jo ez dezaten. Balizak jarriko dira tentsoreen arteko gehieneko distantzia 5 metrokoa izan dadin.
  • Dorrea funtzionamenduan dagoen aldian, jarraipen plan bat garatuko da, puntu hauek aurreikusiko dituena:
  • Hilean hileko bisitak, hegaztien babeserako balizak erori baldin badira horiek berriz jartzeko eta instalazioak abifaunaren gainean duen eragina kontrolatzeko, aztarnarik edo hilotzik ote dagoen begiratuz.
  • Txostenak egitea sei hilean behin, neurketa-antena instalatuta dagoen bitartean, bisita horien emaitzak jasotzeko, gehienbat ikusgarritasuna hobetzeko neurriaren egokitasunaz eta egindako mantentze-lanez, bai eta abifaunari dagokionez gertatu diren gorabeheren erregistroa egiteko ere: espeziea, espeziearen kategorizazioa, alearen ezaugarriak (arra/emea/heldua, heldugabea, gaztea, etab.), ale kopurua, urte-sasoia, etab.
  • Instalatu gogo den 120 metroko dorrea ingurumen ukipenetarako baimenaren ebazpena ematen denetik gehienez 5 urtera desmuntatuko da. Eremua garbi utzi beharko da, eta lurrak leheneratuko dira; sortutako hondakinak bakoitzaren izaeraren arabera kudeatuko dira, dagokion araudia betez.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek neurketa eolikorako dorre bat eraikitzea baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraituz.
  • Jarraituko zaio egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari, eta/edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
  • Herri-lurren Atalak 220ko irailaren 22an egindako txostenaren arabera, baliabide eolikoa neurtzeko dorre berri honen instalazioak 19. poligonoko 471. lurzatia ukitzen du, Cascanteko Udalaren herri-lurra baita. Hortaz: “Kontuan hartuta baliabide eolikoa neurtzeko orain dagoen 80 metroko dorrearen ordez jarri nahi den 120 metroko dorre berriaren instalazioak Cascanteko Udalaren lurrak ukituko dituela, edozein jarduketa hasi baino lehen, enpresa sustatzaileak okupatu nahi den lurra erabiltzeko baimena lortu beharko du. Horretarako, Cascanteko Udalak aginduzko baimena lortzeko behar den okupazio espedientea tramitatu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalean, hala ezartzen baitu Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluak.”
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 86. artikuluan ezarritakoa betetzeko asmoz, non ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak inguruneari egokitu behar direla, jarduketa hau paisaian txertatu beharko da, eta udalaren hirigintza araudian ezarritako baldintzak bete beharko dira, batez ere inguruneari egokitu beharraz ezarritakoa. Begi inpaktua murrizteko, ukitutako lurrek tratamendu egokia izanen dute, eta bermatuko da landare-pantailak paratuko direla eta egin beharreko lur-erauzketa eta ezpondetan tratamendu egokia gauzatuko dela.
  • Udalak begiratuko du betetzen direla sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan adierazitako baldintzak, hartan esaten baita erabiltzen ez diren azpiegiturak/neurketa dorreak desmuntatuko direla
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, eraikinek eta itxiturek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Zortasun Aeronautikoei buruzko otsailaren 24ko 584/1972 Dekretuan ezarritakoarekin bat, sustatzaileak lortu beharko du aurretik Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziak emandako aldeko ebazpena, neurketa eolikorako dorreak 100 metrotik gorako garaiera izanen duelako.
  • Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (eposta: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
  • Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, gehienez bi urteko epea ezartzen da ebazpen honen babespeko jarduketak egin edo abian jartzeko, baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira zuzenean, eta baliorik gabe geldituko da. Bamendutako jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretan, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat etorriz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 6.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan ezartzen da lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Cascanteko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko martxoaren 12an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2104758