9. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 14a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 2/2021 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 13koa, zeinaren bidez neurriak ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez emandako eskumen horiek erabiliz onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa. Horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Zehazki, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatu zen gauez Nafarroako Foru Komunitatean, 23:00etatik 06:00etara bitartean; mugatu egin zen Nafarroako Foru Komunitatera sartzea eta bertatik irtetea, salbu foru dekretu horretan aipatutako eta behar bezala justifikatutako joan-etorrien kasuan; eta mugatu egin ziren pertsonen arteko bilerak: sei lagun, gehienez ere, eremu publiko eta pribatuan, eta bizikidetza-unitatea eremu pribatuan, foru dekretuan jasotzen ziren salbuespenekin. Pertsonen joan-etorriei gaueko ordutegian ezarritako mugen indarraldiari dagokionez, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan deklaratutako alarma-egoerak zuen berbera ezarri zen, eta gainerako neurrien kasuan, berriz, 2020ko azaroaren 4ra arteko indarraldia, egun hori barne. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 4ko 26/2020 Foru Dekretuaren bidez luzatu zen foru dekretu hori, 2020ko azaroaren 18ra arte luzatu ere, eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 16ko 28/2020 Foru Dekretuaren bidez, berriz, 2020ko abenduaren 18ra arte.

Alarma-egoera 2021eko maiatzaren 9ko 00:00etara arte luzatu da. Luzapena xedapen hauetan bildutako baldintzen menpe dago: urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratu zuena SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko, eta, kasua bada, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretu horren azken xedapenetako lehenbizikoak emandako gaikuntza erabiliz ematen diren dekretuak, ezertan galarazi gabe hurrengo apartatuetan ezartzen dena.

Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak 2020ko abenduaren 2an hartutako Erabakiaren bidez hartu dira Eguberrietan COVID-19ari aurre egiteko osasun publikoko neurriak. Erabaki horren bidez, zenbait neurri malgutzen dira: autonomia erkidegoetan eta hiri autonomoetan sartzeko eta bertatik irteteko mugak, familiakoekin eta hurbileko pertsonekin elkartzeko bilkurak, gaueko mugikortasunaren muga eta Eguberrietako ekitaldiak.

Abenduaren 14an, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 29/2020 Foru Dekretuaren bidez (gero abenduaren 28ko 31/2020 Foru Dekretuaren bidez aldatua), neurriak ezarri ziren Eguberrietarako. 29/2020 Foru Dekretuan ezarritako neurrien ondorioak 2021eko urtarrilaren 14ra arte luzatzen dira, egun hori barne.

Horrenbestez, bidezko da neurri berriak hartzea SARS-CoV-2ak eragindako infekzioen hedapenari kontzeko; funtsean, abenduaren 14an onetsitako neurriei eusten zaie, salbu eta, jakina, Eguberrietako ospakizun bereziei zegozkienak.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, azken 4 astean metatutako intzidentzia (azaroaren 30etik abenduaren 27ra) egonkorra izan da: 95 kasu ingurukoa 100.000 biztanleko. Joera hori, nolanahi ere, eten egin zen urteko azken astean, kasuak %34 igo baitziren, eta aste horretan metatutako intzidentzia 100.000 biztanleko 123 kasura iritsi zen, eta goranzko joera horrek aste honetan ere jarraitu du (urtarrilaren 4tik 10era), 100.000 biztanleko 169 kasura iritsi baikara 7 egunetan. Horren eraginez, transmisio mailaren adierazleak arrisku maila oso altuan daude jada.

Tasa handienak 15 urtetik 34 urtera artekoen taldean daude (258 kasu 100.000 biztanleko); haren ondotik dira 35 urtetik 54 urtera artekoen taldea eta 75 urtetik gorakoena (100.000 biztanleko 169 eta 158 kasurekin, hurrenez hurren). Azken horiek dute ospitaleratzeko eta hiltzeko arriskurik handiena, argi eta garbi.

Oraindik ez da eragin handirik ikusten osasun zerbitzuen okupazioan, 2 edo 3 asteko atzerapena baitu intzidentzia handitzen hasten denetik, ezta heriotzetan ere. Ildo horretan, arrisku handiko mailan daude ospitaleak okupatzeko mailaren adierazleak.

Horrek guztiak kezkatzeko moduko egoera osatzen du, goranzko intzidentzia tasa duena, Estatuan eta nazioartean bezala, eta bateragarria dena neguko klimarekin, horrek birusaren hedapena bultzatzen baitu, baita Eguberrien garaiarekin ere, horrek ekarri baitu mugikortasuna handitzea eta harreman gehiago izatea familian eta gizartean.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren txostenak dioenez, gorabeherak ditu ospitalizazio arruntean eta etxekoan arreta behar duten gaixo kutsatuen kopuruak, kutsatutako pertsona berrien kopuruaren arabera eta haien ezaugarri klinikoen arabera. Behea jo zuen abenduaren 21eko astean (49 ospitaleratze), baina handitu egin zen abenduaren 28ko astean (61 ospitaleratze) eta urtarrilaren 4ko astean (58 ospitaleratze).

Abenduaren 4tik aurrera, aldakorra izan da SARS-CoV-2ak kutsatuta egoteagatik ospitalizazio arruntean eta etxekoan arreta behar duten gaixoen kopurua: 143 ziren abenduaren 10ean, eta 100, berriz, abenduaren 24an.

Abenduaren 15ean etxeko ospitalizazioan 11 pertsona egotetik abenduaren 30ean 33 egotera pasatu zen, esparru soziosanitarioko agerraldiei dagokienez, eta urtarrilaren 10ean 14ra jaitsi zen kopuru hori. Ospitalizazio arruntak urtarrilaren 3an jo zuen behea (75 pertsona), baina urtarrilaren 10ean 95 ziren. Gorabehera horiek adierazten dute gure egoera ezegonkorra dela.

Urtarrilaren 10ean, 109 paziente daude ospitaleratuta. Nafarroako Foru Komunitateko ospitale publikoetan SARS-CoV-2aren infekzioekin zerikusia duten larrialdiak handitu dira azken bi astean. Nabarmenki jaitsi ziren urriaren 19ko asteko 475 kasuetatik abenduaren 21eko asteko 92 kasuetara. Abenduaren 7tik 21era bitarteko asteetan egonkortu zen COVID-19arekin lotutako larrialdien eskaera, baina azken bi asteetan handitu da: 92tik 117ra (%27,2ko igoera).

Nafarroako ZIUetan dauden COVID-19aren pazienteen kopurua aldakorra izan da azken asteotan: 15 pazientetik 23ra bitarte. 2021eko urtarrilaren 10ean, 18 dira ZIUetan dauden pazienteak.

Ildo horretan, SARS-CoV-2ak kutsatutako pertsonen ospitaleko hilkortasunak behera jo du: 19 heriotza izan dira azken bi astean, eta 32 aurreko bietan.

Azken bi asteetan, nabarmenki egin du gora kutsatu berrien kopuruak eta gora egin du, halaber, larrialdietan eta ospitalizazio arruntean arreta jaso dutenen kopuruak, nahiz eta horren eragina oraindik ez den nabari ZIUetan eta hilkortasunean.

Argi dago, beraz, 2 eta 3 asteko aldea dagoela komunitatean neurriak hartzen direnetik neurri horien ondorioak ikusten hasi arte (kutsatutakoen kopurua murriztea, ospitaleratzeak eta ZIUan sartutakoen kopuruak behera egitea eta hildakoena jaistea). Alde hori, bada, malgutze neurriei nahiz neurri zorrotzagoei dagokie (mugikortasuna eta harreman sozialak mugatzen dituztenak). Horregatik, joan diren hilabeteetan ikasitakoa oinarri hartuta, beharrezkoa da aurrea hartzea erabakiak hartzeko orduan, horrek eraginik izan ez dezan COVID-19ko pazienteei eta COVID-19az kanpokoei laguntza sisteman arreta emateko gaitasunean.

Testuinguru horretan, beharrezkoa da indarrean dauden neurriei eustea, harik eta egoera epidemiologikoa hobetu eta laguntza sistemaren gaineko presioa jaitsi arte COVID-19aren beharrei eta COVID-19az kanpoko beharrei laguntza osoa ematearekin bateragarria den maila batera, eta osasungintzako profesionalei bide eman arte beharrezko atsedenaldia hartzeko, pandemia honen olatu gehiago ailegatuko baitira ziur aski.

Horrenbestez, aipatutako txosten teknikoak kontuan edukita eta azaldutako arrazoiengatik, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean ezartzea SARS-CoV-2ak eragindako infekzioen hedapenari eusteko prebentzio neurriak; egoera epidemiologikoaren arabera, berriz luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira, kutsatzeen murrizketa finkatzeko.

Horrenbestez, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratzen baita SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Gauez zirkulatzeko askatasuna mugatzea Nafarroako Foru Komunitatean.

23:00etatik 6:00etara bitarte, jarduera hauek egiteko bakarrik ibili ahal izanen da Nafarroako Foru Komunitateko erabilera publikoko bide edo espazioetatik:

a) Sendagaiak, osasun produktuak eta premia biziko beste ondasun batzuk erostea.

b) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

c) Larrialdiko arrazoiengatik albaitaritzako zentroetara joatea.

d) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

e) Ohiko bizilekura itzultzea, apartatu honetan aurreikusitako jardueretako batzuk egin ondoren.

f) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

g) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

h) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

i) Gasolindegietan edo gasolina-zerbitzuguneetan depositua betetzea, aurreko paragrafoetan aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoa denean.

2. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatean sartzeko eta bertatik irteteko mugak.

1. Mugatuta egonen da Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean sartzea eta bertatik irtetea, salbu eta behar bezala justifikatutako joan-etorriak, arrazoi hauetako batengatik egiten direnak:

a) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

c) Unibertsitateetara, ikastetxeetara eta heziketa zentroetara joatea, barne direla haur-hezkuntzako eskolak eta irakaskuntza ez-arautua ematen duten akademiak, autoeskolak barne.

d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.

e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

f) Mugakide diren lurraldeetako finantza eta aseguru entitateetara edo gasolina-zerbitzuguneetara joatea.

g) Organo publikoen, judizialen edo notarioen aurrean eskatutako jarduketak edo presako jarduketak egitea.

h) Baimenak eta agiri ofizialak berritzea, bai eta atzeratu ezin diren beste administrazio-izapide batzuk ere.

i) Atzeratu ezin diren azterketa edo proba ofizialak egitea.

j) Honakoetan parte hartzen duten kirol taldeak, kirolariak, teknikariak eta arbitroak:

–Estatuko txapelketa ofizial ez-profesionalak eta Espainiako kirol federazioen menpeko nazioarteko txapelketak. Haiei aplikatuko zaie Kirol Kontseilu Gorenak Estatuko 2020-2021eko denboraldiko txapelketa ofizial ez-profesionaletara itzultzeko prestatu duen jarduteko protokoloa.

–Autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizialak.

Horrez gain, maila eta errendimendu handiko kirolariak, apartatu honetan aipatzen diren lehiaketa ofizialak prestatzeko kontzentrazioetan parte hartzen dutenak.

k) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

l) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

2. Nafarroaren lurraldea gurutzatzen duten errepideetan eta bideetan zirkulatzea baimenduta dago, baldin eta bidaiaren jatorria eta destinoa horretatik kanpo badaude.

3. artikulua. Bilerak mugatzea eremu publikoan eta pribatuan.

1. Sei pertsona biltzen ahalko dira gehienez erabilera publikoko espazioetan, bizikideak ez badira behintzat, eta galarazi gabe jendearentzat irekitako bulego, instalazio eta establezimenduei buruz ezartzen diren salbuespenak.

Elkartzen direnak bizikideak nahiz elkarrekin bizi ez direnak badira, aurreko paragrafoan aipatzen den gehieneko kopurua sei pertsonakoa izanen da.

2. Erabilera pribatuko guneetan, berriz, bi bizikidetza-unitate desberdinetako sei pertsona elkartuko dira gehienez ere; bizikidetza-unitatetzat joko da etxe berean bizi den pertsona taldea, zaintzaileak eta laguntzakoak barne. Dena dela, gomendatzen da bilera horiek bizikidetza-unitatera mugatzea; hau da, etxe berean bizi diren pertsonak bakarrik bilduko dira, zaintzaileak eta laguntzakoak barne.

3. Mugatu, baldintzatu edo debekatu ahal izanen dira igarobide publikoetan egiten diren bilerak eta manifestazioak, hots, Konstituzioaren 21. artikuluan araututako oinarrizko eskubidea erabiliz egindakoak, baldin eta ez bada bermatzen kutsatzeak eragozteko behar den segurtasun-tartea sustatzaileek aurkeztutako aldez aurreko jakinarazpenean.

4. Ez dira sartuko artikulu honetan aurreikusitako mugan laneko edo erakundeetako jarduerak, garraioarenak edo Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeenak, unibertsitateko irakaskuntza barne; era berean, ez dira sartuko aplikatzekoak diren arauetan berariazko neurriak ezarriz arautzen diren horiek.

4. artikulua. Neurrien indarra.

Foru dekretu honetan ezarritako neurriek indarra izanen dute 2021eko urtarrilaren 15etik otsailaren 15era bitarte.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2021eko urtarrilaren 15ean hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 13an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2100470