89. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

99/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 31koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 2ko 98/220 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren egitura garatu zen bulegoen eta atala baino beheragoko unitateen mailan.

ATARIKOA

Eskubide Sozialetako kontseilariak martxoaren 2an emandako 98/220 Foru Aginduaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren egitura garatu zen bulegoen eta atala baino beheragoko unitateen mailan.

2020. urtean, hainbat eskumen eskualdatu dira Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren artean. Eskumenen eskualdatze hori hiru arlo hauetan gauzatu da: Erreferentzia Nazionaleko zentroen kudeaketa, lanbide gaitasuna egiaztatzeko prozesuen kudeaketa eta, azkenik, modulu bidezko enplegurako lanbide prestakuntza egiaztagarriari lotutako ekimenak gauzatzea. Nafarroako Gobernuari dagokionez, erabaki da aldaketa hori Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Hezkuntza Departamentuak sinatutako hitzarmen baten bidez egitea. Hitzarmen horren bidez, Hezkuntza Departamentuaren esku uzten dira honako eskumen hauek: Energia Berriztagarrien eta Energia-efizientziaren Erreferentzia Nazionaleko Zentroa (CENIFER) zuzentzea eta kudeatzea; Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalak enplegurako lanbide prestakuntzaren arloan aurreikusten duen eskumena, akreditazio ofiziala lortzea sustatzeko; eta akreditazio prozedurei buruzko eskumenak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prozedura horien gaineko informazio eta orientazio eginkizunei eusten diela. Eskumen horien eskualdaketak eskatzen du erakundearen berrantolaketa organikoa, aipatu aldaketetara eta 2021etik aurrerako eginkizun berrietara egokitzeko.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 37. artikuluan Eskubide Sozialetako kontseilariari esleitzen zaizkio erakunde horretako bulegoak eta atala baino beheragoko unitateak sortu, aldatu eta kentzeko eginkizunak.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuek emandako ahalmenak erabiliz, agintzen dut:

1. Artikulu bakarra.–2., 8., 11., 12. eta 13. artikuluak aldatzen dira Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 2ko 98/220 Foru Aginduan, zeinaren bidez garatu baitzen Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren egitura, bulegoen eta ataletik beheragoko unitateen mailan. Artikulu horiek honela idatzita geldituko dira:

Lehena.–2. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

“2. artikulua. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren egitura, bulegoen eta atala baino beheragoko unitateen mailan.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bulego hauek ditu bere egituran:

1. Kudeaketako Zuzendaritzaren mende:

–Zuzendaritza Idazkaritzaren Bulegoa.

2. Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuaren mende.

–Prozesuak Koordinatzeko Bulegoa.

–Zentroak Koordinatu eta Egiaztatzeko Bulegoa.

–Kontrol Administratiboaren Bulegoa.

–Erregistro eta Langileriaren Bulegoa.

3. Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuaren mende:

–Informazio Prozesuen Bulegoa.

–Jarraipen eta Ebaluazio Bulegoa.

–Neurriak Hedatzeko Bulegoa.

–Programazio Propioaren Bulegoa.

–Profilen Garapena Bultzatu eta Sustatzeko Bulegoa.

–Programazioa Diseinatzeko Bulegoa.

4. Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren mende:

–Enplegu eta Prestakuntza Programen Bulegoa.

–Kontratuen eta Enplegu Eskaintzen Bulegoa.

–Ekintzailetza Bulegoa.

5. Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzuaren mende.

–Nazioarteko Programen Bulegoa.

–Mantentze-lanen Bulegoa.

–Enplegu Bulegoa.”

Bigarrena.–8. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

“8. artikulua. Informazio Prozesuen Bulegoa.

Informazio Prozesuen Bulegoa Programen Kudeaketa, Balorazio eta Eraginaren Atalari atxikita dago, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Erakundearen informazio sistemak eta aplikazio informatikoak sustatzea eta koordinatzea.

b) Programak edo jarduketak kanpoan hedatzeko beharrezkoak diren euskarriak eta informazio sistemak diseinatzea, prestatzea eta sustatzea.

c) Enplegu Atariko edukiak eta enplegu arloari lotutako beste aplikazio informatiko batzuk koordinatzea.

d) Erakundearen baliabideak eta euskarri informatikoak koordinatzea.

e) Erakundearen aplikazioetarako sarbidea izateko baimenak kudeatzea.

f) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.”

Hirugarrena.–11. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

“11. artikulua. Programazio Propioaren Bulegoa.

Programazio Propioaren Bulegoa Prestakuntza Programazio Propioaren Atalari atxikita dago, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Erakundearen plangintzaren eta politika publikoen zabalkundearen ondorioz sortzen diren prestakuntza ekintzak koordinatu, programatu eta exekutatzea.

b) Atalak garatzen dituen prestakuntza jarduerei buruzko mandatuak, baliabide materialak eta espedienteak tramitatu eta kontrolatzea.

c) Prestakuntza programazioaren segimendua eta ebaluazioa egitea.

d) Atalaren jardunari buruzko adierazleak eta estatistikak prestatzea.

e) Egindako prestakuntzan sartzeko eta hedatzeko behar diren tresna informatikoak garatzen laguntzea.

f) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.”

Laugarrena.–12. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

“12. artikulua. Profilen Garapena Bultzatu eta Sustatzeko Bulegoa.

Profilen Garapena Bultzatu eta Sustatzeko Bulegoa Prestakuntza Programen Garapen eta Berrikuntzarako eta Sustapen Sektorialerako Atalari atxikita dago, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Erakundeak sektoreekin, enpresekin eta erakunde publiko eta pribatuekin sustatzen dituen neurriak sustatu eta bultzatzea.

b) Sektoreak ordezkatzen dituzten elkarteekin koordinatzea, prestakuntza beharrei erantzuna emateko.

c) Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuekin lotutako proiektuak eta kontratatzeko konpromisoa duten proiektuak diseinatzen eta kudeatzen laguntzea.

d) Arlo estrategikoetako lanbide profil berriei lotutako prestakuntza sustatu eta bultzatzea zentro berekietan eta zentro bateratuetan.

e) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.”

Bosgarrena.–13. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

“13. artikulua. Programazioa Diseinatzeko Bulegoa.

Programazioa Diseinatzeko Bulegoa Prestakuntza Programen Garapen eta Berrikuntzarako eta Sustapen Sektorialerako Atalari atxikita dago, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Prestakuntza beharrak etengabe atzematea eta haien analisi sistematikoa egitea gako iturrien eta gako informatzaileen bidez.

b) Erakundeak sustatzen duen prestakuntza planifikatu eta programatzea.

c) Enplegurako lanbide prestakuntzako irakasleentzako prestakuntza formaleko eta ez-formaleko planak diseinatu eta kudeatzea, haien gaitasun profesional eta metodologikoen garapenari loturik.

d) Prestakuntza proiektuak ezartzea eta prestakuntza modalitate berritzaileekin esperimentatzea.

e) Irakasleen fitxategia kudeatzea.

f) Espezialitateen katalogoak eguneratzea, mantentzea eta lehenestea.

g) Sektoreek eta enpresek eskatzen dituzten prestakuntzako espezialitate berriak garatzea eta horiei alta ematea.

h) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.”

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 31n.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2105446