78. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 8a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 13/2021 Foru Dekretua, apirilaren 6koa, zeinaren bidez luzatzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren martxoaren 23ko 10/2021 Foru Dekretuan onetsitako neurriak. Foru dekretu horren bidez, neurriak hartu ziren SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez emandako eskumen horiek erabiliz onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa. Horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Zehazki, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatu zen gauez Nafarroako Foru Komunitatean, 23:00etatik 06:00etara bitartean; mugatu egin zen Nafarroako Foru Komunitatera sartzea eta bertatik irtetea, salbu foru dekretu horretan aipatutako eta behar bezala justifikatutako joan-etorrien kasuan; eta mugatu egin ziren pertsonen arteko bilerak: sei lagun, gehienez ere, eremu publiko eta pribatuan, eta bizikidetza-unitatea eremu pribatuan, foru dekretuan jasotzen ziren salbuespenekin. Pertsonen joan-etorriei gaueko ordutegian ezarritako mugen indarraldiari dagokionez, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan deklaratutako alarma-egoerak zeukan berbera ezarri zen, eta gainerako neurrien kasuan, berriz, 2020ko azaroaren 4ra arteko indarraldia, egun hori barne. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 4ko 26/2020 Foru Dekretuaren bidez luzatu zen foru dekretu hori, 2020ko azaroaren 18ra arte luzatu ere, eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 16ko 28/2020 Foru Dekretuaren bidez, berriz, 2020ko abenduaren 18ra arte.

Alarma-egoera 2021eko maiatzaren 9ko 00:00etara arte luzatu da. Luzapena xedapen hauetan bildutako baldintzen menpe dago: urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratu zuena SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko, eta, kasua bada, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretu horren azken xedapenetako lehenbizikoak emandako gaikuntza erabiliz ematen diren dekretuak, ezertan galarazi gabe hurrengo apartatuetan ezartzen dena.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren martxoaren 23ko 10/2021 Foru Dekretuaren bidez, neurri berriak ezarri ziren SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Neurri horien indarraldia 2021eko apirilaren 9ra artekoa da, egun hori barne.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, martxoaren 29tik apirilaren 4ra arteko asteko diagnostiko berrien tasak gora egin du, 182 kasukoa izan baita 100.000 biztanleko, hau da, aurreko astekoa baino %7 altuagoa.

Gaixotasunaren transmisioaren adierazle epidemiologikoak, 7 egunean populazio osoaren artean eta 64 urtetik gorakoen artean metatutako intzidentzian islatzen direnak, arrisku maila oso altuetara igo dira. Izan ere, duela bi astetik hona, transmisioak gora egin du, eta orain egonkortu da. Ildo horretan, oinarrizko ugaltze zenbakiak behera egin du, gaur egun 1,15 baita.

Ingalaterrako aldaerak gero eta ugariagoa izaten jarraitzen du (%93,7 azken datuaren arabera); era berean, positiboen ehunekoak gora egin du, infekzio aktiboa diagnostikatzeko probetan.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenak ondorioztatzen du azkeneko bi asteetan SARS-CoV-2 birusaren transmisioan gertatutako igoera nabarmena egonkortu dela eta ospitaleratzeak ugaritu direla. Dena dela, beharrezkotzat jotzen da hurrengo asteetan egoera baloratzea, ikusteko, alde batetik, ea egonkortze hori benetakoa den edo jaiegun hauetan izandako asistentzia-jardueraren beheititzearen ondorioa den, eta bestetik, egunotan izandako mugikortasun eta interakzio handiagoaren ondorioak. Horregatik, beharrezkoa da prebentzio neurriak mantentzea eta indartzea.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Kudeatzailetzak egindako txostenean adierazten da martxoaren 1etik aurrera gora egin duela COVID-19arekin loturik ospitaleetako larrialdietan arreta jaso dutenen kopuruak. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ospitaleetako larrialdietan, COVID-19ari lotutako 57 arreta-kasu izatetik 202 izatera igaro dira martxoaren 29ko astean.

SARS-CoV-2 birusaren infekzio aktiboaren diagnostiko berrien hazkundeari galga jarri bazaio ere, gero eta gehiago dira, nabarmenki, Nafarroako ospitaleetan COVID-19arekin lotutako ospitaleratzeak. Era berean, gero eta gehiago dira ospitaleratze arruntean eta ZIUn ospitaleraturik jarraitzen duten pertsonak, nabarmenki. Aurreko sei asteetan egonkortu egin zen ZIUn sartzen ziren pazienteen kopurua (astean 6-8 pertsona), eta altak gehiago ziren ospitaleratzeak baino. Horrek ekarri zuen COVID-19ak jota ZIUn zeuden pertsonen kopurua poliki-poliki jaistea. Orain, ordea, joera hori aldatu egin da. Martxoaren 15eko astetik hona, 35 pertsona sartu dira ZIUn SARS-CoV-2 birusagatik, eta gaur arte 28 alta eman dira bakarrik. Azkeneko astean, ZIUn sartu direnen kopuruak behera egin du, eta asteko kasuak 14tik 11ra jaitsi dira. Azkenik, COVID-19arekin lotuta ospitaleetan hiltzen direnen tasa jaitsi da, biztanle zaurgarrienak gero eta gehiago txertatzen ari direlako, seguruenik.

Adierazle horiek guztiek COVID-19 infekzioaren laugarren olatua zirriborratzen dute, eta haren ondorioak laster islatu dira hirugarren olatutik errekuperatu gabe zegoen sistema asistentzialean.

Azkeneko astean, apaldu egin dira positibo kasuak, eta ZIUn sartu direnen kasuak ere zertxobait. Dena dela, probetan positiboen tasak gora egin du, eta noiz edo noiz %10eko tasa gainditu da. Ospitaleratze arrunten kasuek ere gora egin dute, baita larrialdi zerbitzuetako arretek ere. Datu horiek kautelaz baloratu behar dira. Izan ere, bost jaiegun izanda, sozializazioa handiagoa izan da, eta litekeena da horrek birusa hedatzen lagundu izana.

Txostenak ondorioztatzen du ezen, laugarren olatu honen bilakaera ahalik eta lasterren kontrolatu ahal izateko, COVID-19ari lotuta ez dauden patologien ahalmen asistentzialean eraginik ez izateko eta hurrengo bi asteetan baliabide asistentzialen igoerari eusteko, beharrezkoa dela orain arte hartutako neurriak luzatzea.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko neurriak luzatzea.

Luzatzen dira Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren martxoaren 23ko 10/2021 Foru Dekretuaren bidez SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko ezarri ziren neurriak.

2. artikulua. Luzatutako neurrien indarraldia.

Luzatutako neurriak 2021eko apirilaren 22ra arte egonen dira indarrean, egun hori barne, eta uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

3. artikulua. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2021eko apirilaren 10ean hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 6an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2105415