72. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOZAR

Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak arautzen dituen erregelamendua. Behin betiko onespena

Berriozarko Udalak, 2020ko azaroaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Berriozarko Udalaren aldi baterako kontratazioetarako zerrendak arautzen dituen erregelamendua. 2020ko 301. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 29an.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, erregelamendu hori behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriozarren, 2021eko martxoaren 12an.–Alkatea, Raúl Maiza González.

BERRIOZARKO UDALAREN ALDI BATERAKO KONTRATAZIOETARAKO ZERRENDAK ARAUTZEN DITUEN ERREGELAMENDUA

1.–Xedea, aplikazio eremua eta irizpideak.

1.1. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da arauak ezartzea Berriozarko Udalean lanpostuak aldi baterako lan-kontratuen bidez betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko.

1.2. Aplikazio eremua.

a) Helburua: plantilla organikoan hutsik dauden lanpostuak betetzea bitarteko langileekin, bai eta hainbat inguruabarrengatik sor daitezkeen beharrei erantzutea (zereginen pilaketa, obra edo zerbitzu jakin bat, bitarteko kontratuak aldi baterako ezintasunagatik, baimenak edo antzekoak).

b) Subjektiboa: araudi hau, oro har, Berriozarko Udaleko lanpostuak aldi batez betetzeko kontratazio guztiei aplikatuko zaie, langileak kontratatzeko irizpide propioak dituen dirulaguntza deialdiren baten babespean egiten direnei izan ezik (adibidez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren gizarte-intereseko lanak, gazte bermea).

1.3. Aldi baterako langileak hautatzeko irizpideak.

Langileak deialdi publikoaren bidez hautatuko dira, betiere, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak bermatuz.

Nolanahi ere, aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan kontratazioa ahalik eta eraginkortasun eta arintasun handienarekin egitea ahalbidetuko da.

2.–Zerrenden eraketa.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak deialdi publikoetatik abiaturik prestatuko dira, lehiaketa, oposizio edo oposizio-lehiaketa bidez. Betiere, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak bermatuko dira.

2.1. Eratzen ahal diren izangaien zerrenda motak.

1. Prestakuntzarako eta hobekuntzarako barreneko deialdietan gainditu duten udal langileen zerrendak, kontuan harturik lehenbizikoak lehentasuna duela hurrengoen gainetik.

2. Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda.

Zerrenda hau prestatuko da, kategoria bereko lanpostu batean plantillako langile gisa sartzeko oposizioaldia gainditu arren lanposturik lortzen ez duten izangaiekin. Oposizioan edo oposizio-lehiaketan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira.

3. Oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaien zerrenda.

Zerrenda honetan, lehentasun hurrenkera ezartzeko, kontuan hartuko da, lehenik, gainditutako proba kopurua, eta, gainditutako proba kopuru bera izanik, guztirako kalifikazioa hartuko da kontuan.

Kontuan hartuko da lehenbizikoak lehentasuna duela hurrengoen gainetik.

4. Hautaprobetarako deialdi publiko baten bidez kontrataziorako osatutako izangai zerrenda.

1., 2., 3. eta 4. puntuetan aipatutako zerrendetan, lehentasuna izanen dute zaharrenek ondorengo guztien aurretik, baldin eta zerrenda horiek indarrean jarraitzen badute edo baliogabetu edo baliogabetzat jo ez badira.

5. Nafarroako Enplegu Zerbitzura igorritako enplegu eskaintza orokorren ondorioz egindako hautaproben bitartez eratutako izangaien zerrendak, horiek kasuan kasuko lanpostuaren betebeharrak betetzen badituzte, delako hautaprobetan lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera.

Hautapen sistema hori erabiliko da 1. puntutik 4.era bitarteko artikuluetako zerrendetan deitzeko moduko izangairik ez dagoenean eta justifikatzen denean kontratatzeko premia larria dagoela edo lanpostu horiek betetzeko zailak direla, berariazko ezaugarriak dituztelako.

2.2. Kontratu motak.

Bi zerrenda eginen dira, bata, kontratu laburretarako, eta, bestea, luzeetarako, izangaiek hautatzen dutenaren arabera.

1. Kontratu laburtzat hartuko dira honako helburu hauetarako erabiltzen direnak:

–Jardunean dauden plantillako langileak ordeztea, kontratu luzetzat hartzen ez direnean.

–Lanaldi partzialeko kontratazioak egitea, lanaldi osoaren %85etik beherakoak direnean, zeinahi delarik ere kontratu mota eta iraupena.

–Oro har, hasiera bateko aurreikuspenen arabera, 6 hilabetetik beherako iraupena duten kontratazio guztiak.

2. Kontratu luzetzat hartuko dira honako helburu hauetarako erabiltzen direnak:

–1. puntuan jasotzen ez diren lanpostu hutsak bitarteko gisa betetzea.

–Plantillako langileei erreserbatutako lanpostuak, 1. puntuan jasotzen ez direnak, betetzea.

–Oro har, hasiera batean, sei hilabeterako edo gehiagorako diren beste edozein egiturazko kontratazio.

2.3. Dei egitea.

1. Kontratazio zerrenda batean dauden izangaiei kontratatzeko deitu ahal izateko, beharrezkoa izanen da une horretan indarreko kontraturik ez izatea Berriozarko Udalarekin. Zerrendako ordenari zorrozki segituz deituko zaie, eta, betiere, prozesua gainditu baina lanposturik lortu ez zuten izangaiei lehentasuna emanez gainerako izangaien aurretik, kontratazioa hobetzeko adierazi dena galarazi gabe.

2. Berriozarko Udalean jabetzako lanpostu bat daukan izangai bati deitzea suertatzen denean, eta eskaini beharreko lanpostua jabetzan daukana bezalakoa ez bada, izangaiari deituko zaio, bakar-bakarrik, kontratazio eskaintza goragoko kategoria edo maila batean aritzeko baldin bada. Izangaiak eskaintzari uko egiten badio, ez zaio berriz dei eginen sei hilabeteko epean, maila berean dirauen bitartean.

3. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko, errespetatuko dira desgaitasunaren arloan ezarritako arauak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langileei aplikatu beharreko araudikoak.

4. Aldi baterako kontratatzeko zerrendetan dauden 55 urtetik gorako izangaiek, Berriozarko Udalean 10 urteko edo gehiagoko zerbitzualdia egina dutenek, lehentasuna izanen dute sartuta dauden zerrendetatik deituak izateko, salbu eta aurreko apartatuan aipatutako egoeran dauden izangaien aldean. Interesdunek egoera horretan daudela komunikatu beharko diote kontratazio zerrendak kudeatzeko unitate eskudunari.

5. Dei egiten den unean zerrendetan lan egiteko prest daudenei eginen zaie dei, izangaiari eskaintzaren berri emanez, honako bitarteko hauek erabiliz, hurrenkera honetan eta eskuragarritasunaren arabera:

–Telefono mugikorra.

–Telefono finkoa.

–Telefono mugikorrerako mezularitza (SMS).

–Helbide elektronikoa.

Horretarako, izangaiek adierazitako zenbaki eta helbideak erabiliko dira, eta haiek arduratu beharko dira etengabe eguneraturik edukitzeaz.

6. Iraupen laburrekotzat hartzen diren kontratazioetan, egun berean bi saiakera eginen dira izangaiarekin harremana izateko, ordu desberdinetan, gutxienez ere ordubeteko tartearekin.

Iraupen luzeko kontratazioetan, bi saiakera eginen dira harremana izateko, bi abisu eginez ordu desberdinetan (gutxienez 2 orduko tartearekin), egun baliodun desberdinetan.

Bi kontratazio motetan, eta eskainitako kontratua egunean berean hasten bada edo hurrengo 24 orduetan, dei bakarra eginen da, izangaiak adierazitako komunikazio bitarteko guztien bidez.

Kontratazio unitateak egindako deien berri utziko du.

7. Iraupen laburrerako deietan izangaiari 24 ordu balioduneko epea emanen zaio erantzuteko, eta iraupen luzerako deietan 2 egun baliodun, eta ulertuko da ezen, denbora hori igarotzen bada erantzunik gabe, eskaintzari uko egin zaiola bidezko arrazoirik gabe.

Premiazko kontratazioen kasuan, eskainitako kontratuaren hasiera hurrengo 3 egun naturalen barruan badago, ez zaio erantzuteko epe hori emanen, eta komunikazioa telefono mugikorraren eta finkoaren bidez eginen da.

8. Ezinezkoa bada izangai batekin harremanetan jartzea arestian zehaztutakoari jarraikiz, hurrengoari deituko zaio, eta horrela jarraituko da postua bete arte. Halakoetan, lan eskaintza honen gaineko eskubide guztiak galduko dira.

9. Artikulu honetan deskribatutako dei sistema beste batzuekin ordez daiteke, baldin kontratazio zerrenden kudeaketa errazteko bitarteko eta prozedura teknologikoak badaude.

10. Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukatu gabe, izangai bat aldi baterako kontratu baten bidez lanpostu batean aritu bada eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 15 egun balioduneko epearen barruan, zerbitzu berean lanpostu berdina aldi baterako betetzea baimentzen bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, baldin eta berriz dei egiten zaion unean honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Horrelako lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietan betetzeko zerrendan deitzeko moduko izangairik ez egotea.

b) Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.

c) Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

11. Baldin, ordenamendu juridikoan jasotako edozein bitartekoren bidez, aldi baterako kontratazio bat deusez deklaratzen bada, zerrendako dei hurrenkerari ez jarraitzeagatik, indarrean den kontratua deuseztatuko da, eta haren ordez kontratatuko da deitua izateko eskubide hobea duena, eta, hori dena, galarazi gabe antzinatasuna aitortzeko eskubidea, ezta, behar denean, bestelako ondorioetarako eskubidea ere.

2.4. Deiak, erditzearen, adopzioaren edo harreraren lizentzia kasuetan.

1. Erditzearen, adopzioaren edo harreraren lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.

2. Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.

3. Lanpostuan sartuko dira erditzearen, adopzioaren edo harreraren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarentzat edo beste gurasokidearentzat ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.

4. Horrelakoetan, erditzea, adopzioa edo harrera gertatu izan ez balitz lanpostuan hasiko zatekeen egunetik lanpostuan benetan hasten den egunera bitarteko epea Administrazioan egindako zerbitzu gisa onartuko zaio. Aldi hori onartuko zaio kontratua sinatzen baldin badu, eta ondorioak izanen ditu lanpostuan hasten den unetik aurrera.

2.5. Deia egitean sor daitezkeen bestelako egoera bereziak.

1. Langile bat haurdunaldiko bajagatik eta/edo erditzearen lizentziagatik ordezteko kontratatzen diren izangaiek kontratu bat baino gehiago pilatzen ahalko dituzte bata bestearen atzetik etenik gabe, langilea berriz ordeztu beharra baldin badago edoskitzearen ondoriozko arriskuagatik edo edoskitzealdiak metatzeagatik, edo oporrengatik, bai eta, aipatutako egoera horiek bukatu eta 15 egun balioduneko epearen barrenean, ordezturiko langilea seme-alabak zaintzeko eszedentzia bereziaren egoerara igarotzen bada.

3.–Kontrataziorako prestasuna.

1. Kontratazio zerrendetan dauden izangaiek edozein unetan kontratatzeko prest egon beharko dute, salbu eta kontratu harremana hasteko egunean eskuragarri ez egoteko arrazoi hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Lanean aritzea.

b) Gaixotasun baten ondoriozko baja-egoeran egotea.

c) Kargu politiko baterako edo ordezkaritza kargu baterako izendatua edo hautatua izatea, eta, horren ondorioz, bere eginkizunetan aritzeko bateraezintasuna izatea, administrazio publiko batean izendapen libreko postu batean aritzeko aukeratua izatea, edo Gorte Nagusiek edo parlamentu autonomiko batek aukeratua izatea konstituzio organoetan parte hartzeko edo ganbera batek hautatu beharreko beste postu batean aritzeko.

d) Ezkontzearen edo bikote egonkor izatearen ondorioz dagokion lizentzia gozatzen ari direnean, arau honekin bat: otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

e) Otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat hiltzen denean edo gaixotasun larriren bat duenean.

f) Amatasun, aitatasun edo adopzio zein harrera kasuetan, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.

g) Hiru urtetik beherako haur bat zaintzen egotea, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian.

h) Legezko zaintza dela eta, zuzenean zaintzea desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duen pertsona bat, %33ko edo hortik gorako minusbalioa duena, eta lan ordaindurik ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

i) Bere kargura izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat, bere kasa bizitzeko gauza ez dena adinagatik (65 urtetik gorakoa), istripuagatik edo gaixotasunagatik, eta lan ordaindurik egiten ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

j) Izangaiak hala erabakitzen duenean, urtebetez genero indarkeriaren biktima izatearen ondorioz.

k) Erakunde ofizial baten beka bat jasotzen hasi denean.

l) Izangaiak berak eskatzen ahalko du, arrazoi pertsonalengatik, jaso dezatela ez dagoela prest Berriozarko Udalaren kontratu laburretarako eta/edo luzeetarako zerrendetako lanpostuetan aritzeko, gutxienez 6 hilabetez.

2. Aipatutako prestasun ezaren egoeraren batean dauden izangaiek frogatu egin beharko dute egoera hori, kontratua eskaintzeko deia jaso eta biharamunetik hasita hiru egun balioduneko epean.

Alegatutako egoera frogatzen ez badu horretarako ematen zaion epean, eskainitako kontratuari bidezko arrazoirik izan gabe uko egiten diola ulertuko da deiaren egunetik hasita.

Era berean, hautagaiak edozein unetan jakinarazi ahalko dio Berriozarko Udalari prestasunik ez izateko edozein kausatan dagoela, eta jakinarazpena egiten den unean egiaztatu beharko du.

3. Gorago aipatutako egoeraren batean dagoela alegatzen duen izangaia prestasun ezaren egoerara igaroko da eskainitako lanari uko egiten dion egunetik, edo prestasun ezaren egoera batean zegoela komunikatu eta frogatu zuenetik, tartean kontratazio eskaintzarik izan gabe, eta, ordutik aurrera, zerrendan duen tokiari eutsiko dio egoera horretan irauten duen bitartean.

4. Izangaiak eska dezake prestasun ezaren egoerari bukaera ematea, eta, horretarako, organo eskudunari komunikatu eta frogatuko dio alegatutako egoera bukatu dela. Organo eskudunari eskatzen dion unetik izanen da eraginkorra prestasuna.

5. Artikulu honetan aurreikusitako komunikazioak Berriozarko Udalarekin rrhh@berriozar.es posta-kontuaren bidez edo Udalaren erregistroan eskabide orokorraren bidez eginen dira.

4.–Zerrendatik kanporatzea.

1. Deia eragin duen zerrendatik kanpo geratuko dira honako egoera hauetakoren batean dauden izangaiak:

a) Betebehar orokorrak eta titulazioari lotutakoak ez betetzea, ezta lanpostuan aritzeko beharrezkotzat jotzen diren gainerako baldintzak ere.

b) Lanbidean jarduteko edo eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua izatea, edo Berriozarko Udaletik edo edozein administrazio publikotatik diziplinako espediente baten bidez baztertua izatea, egoera horrek irauten duen bitartean.

c) Probaldia ez gainditzea, zerbitzuaren arduradunaren txosten arrazoitua eta langileen ordezkariekiko adostasuna badaude.

2. Epai irmo baten bidez biktimaren lanpostutik urruntzeko agindua duten izangaiak kanporatu eginen dira kasuan kasuko zentroetako kontratazio zerrendetatik, epaia betetzeko, baldin biktimak Berriozarko Udalean ematen baditu zerbitzuak.

3. Honako hau izanen da zerrendatik kanporatzeko prozedura:

Kanporatzeko kausaren bat dagoela jakinez gero, kasuan-kasuan eskumena duen organoak aginduzko txostena eginen du, eta 10 eguneko epean entzutea eman ondoren, bidezkoa denean, kanporatzeko proposamena igorriko dio Berriozarko Udaleko alkateari, edo une oro erakunde autonomo honetan langileen arloan eskumen orokorrak dituen organoari.

Alkateak edo eskumena duenak izangaiak kanporatzeko ebazpena emanen du, 1. eta 2. apartatuetan ezarritako arrazoiekin bat.

4. Kanporatzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio gehienez ere 10 eguneko epean, eta espresuki adieraziko zaio kanporatzearen arrazoia.

5. Kanporatzeko prozedura tramitatu bitartean, ulertuko da pertsona ez dagoela eskuragarri kontratatzeko.

5.–Lehentasun ordena.

1. Kasuan kasuko kontratuak amaitzean, pertsona bakoitzak azkeneko kontratua sinatu aurretik zerrendan zeukan tokiari eutsiko dio.

2. Egoera hauetakoren batean dauden izangaiek zerrendan duten tokia galduko dute:

a) Bidezko arrazoirik izan gabe, uko egitea bi lan eskaintzari edo indarreko lan kontratu bati.

b) Kontratatzeko deitzea eta ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea hark emandako bitartekoen bidez, gutxienez 6 aldiz saiatuta 2 hilabeteko epean.

Lehentasun hurrenkera galdu bada aurreko paragrafoan ezarritako arrazoiarengatik, eta berriz ere ezinezkoa bada deskribatutako moduan harremana izatea, izangaia prestasun ezaren egoerara igaroko da kontrataziorako, gutxienez ere 6 hilabeterako. Aldi hori iraganda, eskatuko du berriz ere lan egiteko prest egoerara igarotzea.

3. Aurreko apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako, uko egiteak justifikatutzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Zerrendak kudeatzeko araudi honen 3. artikuluko 1. apartatuan jasotako kasuetan uko egitea kontratazio eskaintzei, edo deiaren eta kontratuaren benetako hasieraren artean 24 ordu baino gutxiagoko tartea badago.

b) Lan kontratu bati uko egitea zerrendak kudeatzeko araudi honen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Lan kontratu indardunari uko egitea lanaldiaren %50ekoa edo laburragoa bada, gutxienez ere sei hilabete igaro badira kontratuaren hasieratik eta gutxienez 10 egun baliodun lehenago komunikatzen bazaio organo eskudunari.

d) Udalak eskainitako iraupen laburreko kontratu bati uko egitea, izangaiak gero iraupen luzeko bat onartzen badu Berriozarko Udalean eta ez badu benetan hasi lehenbiziko kontratuzko erlazioa.

e) Indarrean dagoen lan kontratu bati uko egitea, lanpostu finkoa lortzeagatik administrazio publiko batean. Kasu horietan, kontrataziorako prestasunik ezaren egoerara igaroko da izangaia, gutxienez 6 hilabeterako. Aldi hori iraganda, pertsona horrek eskatuko du berriz ere prestasuna izatea.

6.–Kontratua hobetzea.

1. Berriozarko Udalarekin aldi baterako lotua dagoenak indarreko kontratuari uko egiten ahal dio baldin kontratua hobetzeko beste bat eskaintzen bazaio, baldin eta kontratatua dagoen eremu berekoa bada, kasuan kasuko zerrendan badago eta kasu hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Kontratu labur bat izatea indarrean eta kontratu luze bat eskaintzen bazaio.

b) Kategoria jakin bateko indarreko kontratua izatea eta kategoria goragoko bateko kontratu luze bat eskaintzen bazaio.

2. Kontratu hobe bati uko egiten diotenei ez zaie beste kontratu hobe bat eskainiko harik eta daukan kontratuak indarra galdu arte, eta, betiere, 6 hilabetez gehienez.

7.–Publizitatea eta gardentasuna.

Zerrenda guztiak Udalaren web-orrian argitaratuko dira, eskuragarri egoteko maneran eta aldiro eguneratuko dira; horrela, une bakoitzean zehaztu ahalko da zerrendako pertsonen lehentasun ordena.

8.–Zerrenden indarraldia.

2. artikuluan araututako zerrendek 7 urteko indarraldia izanen dute gehienez ere (SNE-Nafar Lansarekoak izan ezik). Salbuespenez, Alkatetzak edo Tokiko Gobernu Batzarrak, hark eskuordetuta, zerrenda horien indarraldia luzatzea erabaki ahalko du, Udaleko Giza Baliabideen arduradunak proposaturik eta Langileen Batzordearen oniritziarekin, beste deialdi publiko bat egin bitarteko denboran.

Giza Baliabideen Departamentuak 6 urte bete ondoan zerrenda berriak sortzeko tramiteak hasi beharko ditu.

9.–Indarrean jartzea eta atzeraeragina.

Erregelamendu hau indarrean jarriko da behin betiko onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

Erregelamendu hau indarrean jartzean lehendik indarrean diren aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendei bertan ezarritako indarraldi araubidea aplikatuko zaie. Era berean, indarrean jartzen den egunetik aurrera aplikatuko da zerrendetako lehentasun araubidea, testu honetan xedatua.

Zerrenden indarraldia amaitzen bada, kasuan kasukoaz baliatzen ahal da, 2. artikuluan ezarritako lehentasun hurrenkeraren arabera, indarraldia bukatuta badago ere, Alkatetzaren edo Tokiko Gobernu Batzarraren berariazko erabakiaren bidez horren luzapenaren gainean ebazten den bitartean.

Iragarkiaren kodea: L2104375