64. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

79/2021 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita industriako ETE-ek inbertsioak egiteko laguntzen 2021eko deialdia. DDBN identifikazioa: 551139.

Industria sektoreak Nafarroako produktibitate egitura ekonomikoan duen pisua handitzeko, neurri hau onesten da: dirulaguntzak ematea produkzio-inbertsioko proiektuak egiten dituzten Nafarroako industriako ETE-ei (enpresa txiki eta ertainak). Zehazki, neurri horretan inbertsioetarako laguntzak ematen dira, helburu hauek badituzte: hazkunde ekonomikorako merkaturatze eta produkzioa gauzatzea, produktuak eta merkatuak dibertsifikatzea, prozesu eta teknologia berriak ezartzea eta kostuak murriztea.

Nafarroako Gobernuak 2020ko abuztuaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, deialdi hau ebatz dezan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Industriako ETE-ek inbertsioak egiteko laguntzak emateko 2021eko deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 10.000.000 euroko gastua baimentzea, “Dirulaguntzak industrietan inbertitzeko. Nafarroako 2014-2020 EGEF PE” izeneko 810007 81210 7701 422206 aurrekontuko partidaren kargura, baldin kreditua badago, eta muga hauekin:

URTEA

ZENBATEKOA (eurotan)

2021

1.000.000

2022

9.000.000

GUZTIRA

10.000.000

Zenbateko horiek E-15/000114-01 PEP elementuaren kargura kontabilizatuko dira, eta aldaketak izan ditzake, EGEFen (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa) kofinantzaketarik gabe ematen diren laguntzen arabera.

Halaber, 6.000.000 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetarako aplikatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera arautuko dena.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko otsailaren 25ean.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako industriako ETE-ek produkzio-inbertsioko proiektuak egin ditzaten sustatzea, merkatuan lehiatzeko duten gaitasuna hobetzeko.

2. oinarria. Onuradunak.

1. Honako beharkizunak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira dirulaguntzen onuradunak:

a) ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

b) Nafarroan establezimendu bat izatea edo gero batean izatea.

c) Jarduera hauetako batean aritzea edo gero batean aritzeko asmoa izatea:

–Manufaktura-industriak (Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala (EJSN)-2009: C taldea), salbu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean zerrendaturiko produktuak (arrantza-eraldaketaren sektorea izan ezik).

–Lurrunaren eta aire girotuaren horniketa (EJSN-2009ko D taldeko 353. jarduera).

–Hondakinen tratamendu eta ezabaketa; balorizazio eta deskontaminazio jarduerak, eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (EJSN-2009ko E taldeko 382., 383. eta 390. jarduerak).

–Salgaien gordailutzea, biltegiratzea eta manipulatzea, eta garraioarekin loturiko beste jarduera batzuk (EJSN-2009ko H taldeko 521., 5224. eta 5229. jarduerak).

–Informazioa eta komunikazioak (EJSN-2009ko J taldea).

–Ingeniaritzako zerbitzu teknikoak, aholkularitza teknikoarekin lotuta dauden beste jarduera batzuk eta saiakuntza eta analisi teknikoak (EJSN-2009ko M taldeko 7112. eta 712. jarduerak).

–Ikerketa eta garapena (EJSN-2009ko M taldeko 72. jarduera).

–Diseinu espezialitatutako jarduerak (2009ko EJSNko M taldeko 741. jarduera).

d) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluak ezartzen duenaren arabera (foru agindu horrek Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen eta 2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 20koan argitaratu zen). Inskribaturik egotea beharrezkoa ez bada, erregistro industrialaren arloan eskumena duen organoaren frogagiria aurkeztu behar da.

e) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu bateratuarekin bateraezintzat jo ondoren.

f) Berreskuratze-prozedura baten xedea izan den edo izan behar zukeen operazio baten parte ez izatea, EGEF programaren eskualdetik kanpoko jarduera produktibo baten birkokapena eta gero.

g) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, eta zehapen organoaren txosten batek ez agertzea neurri horiek gauzatu ez izana edo aplikatzeko egutegia bete ez izana.

h) Krisian ez egotea, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. definizioaren arabera.

i) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

j) Garapen jasangarriari buruzko nazioko eta Europako arauak betetzea.

k) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskabidean enpresa eskatzaileak berariaz uko egiten badio horri, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2. Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko da oinarri honen 1. atalean eskatutako baldintzak betetzen direla, eta adierazpen hori eskabideari erantsiko zaio.

3. Nortasun juridikorik ez duten eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkien betebeharrak betetzeko adinako ahalmena duena.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira laguntzaren eskabidean zer konpromiso hartzen dituen bere gain batasuneko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

4. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluko sektore publikoko entitateak ez dira izaten ahal laguntza hauen onuradunak.

3. oinarria. Inbertsio proiektuak: helburua, gauzatzeko aldia eta gutxieneko aurrekontua.

1. Aktibo material edo immaterialetan inbertsioak egiteko proiektuak diruz lagungarriak izanen dira, honako helburu hauetako bat badute:

a) Establezimendu berri bat sortzea.

b) Lehendik dagoen establezimendu bat handitzea.

c) Establezimendu baten ekoizpena dibertsifikatzea, produktu berriak gehituz.

d) Establezimendu bateko ekoizpen prozesu orokorrean funtsezko aldaketa bat egitea.

e) Establezimendu baten aktiboak erostea, ondoko baldintza hauek betetzen direnean:

1. Establezimendua itxita egotea, edo erosi ezean itxiko bazen.

2. Aktiboak hirugarren bati erosiak izatea, eroslearekin harremanik ez duenari.

3. Eragiketa merkatu-baldintzetan gertatzea.

Hasierako jabearen familiako kide batek edo enplegatu batek hartzen dutenean enpresa txiki bat, aktiboak eroslearekin harremanik ez duen hirugarren bati erosteko baldintza ez da aplikatuko. Enpresa batek akzioak erostea ez da inbertsioa izanen.

2. Inbertsio proiektuak gauzatu behar dira laguntza eskatu den egunetik laguntza emateko ebazpenean ezarriko den proiektua bukatzeko egunera bitarte, eta egun hori izanen da:

–2021eko irailaren 30a, eskabidean esan denean proiektuak egun horretarako amaituko direla (aurrerakoan, “proiektu laburrak”).

–2022ko abuztuaren 31, eskabidean esan denean proiektuak 2021eko irailaren 30a baino geroago amaituko direla (aurrerakoan, “proiektu luzeak”).

Ondorio horietarako, hau da inbertsioen hasiera:

–Inbertsioko eraikuntza-lanen hasiera, edo ekipoak eskatzeko lehen konpromiso irmoa edo inbertsioa atzeraezina egiten duen beste konpromiso bat, data hori lehenagokoa bada.

–Inbertsioa gauzatzeko baimenak lortzea ez da hasieratzat hartuko. Laguntza eskatu baino lehenagoko baimenen zenbatekoa ez da izanen diruz lagungarria.

–Eskualdatzeen kasuan, ulertuko da inbertsioak hasten direla zuzenean erositako establezimenduari lotutako aktiboak eskuratzen diren unean.

Inbertsioen hasiera edo gauzatzea ez dela izan laguntzak eskatzeko eguna baino lehen egiaztatzeko, Industria Sustatzeko Zerbitzuko langileek bisita bat eginen dute inbertsioa gauzatuko den enpresaren establezimenduan, hilabeteko epean laguntza eskatzen denetik. Bisita horren emaitzaren akta eginen dute.

3. Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuak honako aurrekontu hau izanen du gutxienez, enpresaren tamainaren arabera, eskabidea egiten den unean:

ENPRESAREN TAMAINA

GUTXIENEKO AURREKONTUA

Mikroenpresa

15.000 euro

Txikia

50.000 euro

Ertaina

100.000 euro

4. oinarria. Kostu diruz lagungarriak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten inbertsioen kostuak dira diruz lagungarriak:

a) Zuzenean proiektuaren helburua lortzeko laguntzea (3.1 oinarria) eta hauetako xede bat izatea:

I) Industrian erabiltzeko lurrak eskuratzea, zenbatekoa ez bada kostu diruz lagungarri osoaren %10 baino handiagoa.

II) Ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo hobetzea.

III) Makineria eta ekipoak, instalazioak eta aktibo immaterialak erostea.

Ondasun horiek finantza-errentamenduaren bidez hartzen badira, edo bigarren eskuko ekipo ondasunak badira, 5. eta 6. oinarrietan ezarritakoari jarraikiko zaio, hurrenez hurren.

IV) Bestelako gastuak, II) eta III) puntuei lotuta, hala nola obra, jarduera eta irekitze lizentziak, edo arkitektura eta ingeniaritzako enpresen ordainsariak, horietako balioaren %20 gainditzen ez badute.

b) 3.2 oinarrian ezartzen den epearen barruan eginda izatea, hau da, epearen barruan fakturatu eta ordaindu direnean, oso-osorik. Finantza-errentamenduaren bidez eskuratzen badira, 5. eta 17.2.b oinarrietan xedatutakoari jarraituko zaio.

Inbertsioen funtzionamendua bermatzeko, onartu egingo da gehienez inbertsio-elementuaren zenbateko osoaren %10eko ordainketa egin gabe egotea. Ordaindu ez den kopuru hori ez da diruz lagungarria izanen.

c) Laguntzaren onuraduna den establezimenduan erabiltzea, moldeak, trokelak, tresnak, erremintak eta haiei atxikiriko gainerako inbertsioak izan ezik, Nafarroako beste industria establezimendu batzuetan erabiltzen ahalko baitira.

d) Enpresaren ibilgetuan aktibatzea, inbertsio proiektua identifikatzen duten kontu espezifikoetan.

2. Lurrak eta ondasun higiezinak eskuratzea diruz lagungarriak izanen dira, baina dirulaguntzaren zenbatekoa ez da izanen merkatuko balioa baino handiagoa, eta hori tasatzaile independente baten ziurtagiriaren bidez frogatuko da. Tasatzaileak behar den akreditazioa izanen du, eta behar den erregistro ofizialean inskribaturik egonen da, edo behar bezala baimendutako erakunde publikoan. Ziurtagiri hori ez da beharrezkoa izanen nahitaez desjabetutako eskuratzeen kasuan, edo konkurtso-prozesu batean eskuratzen badira, prezioa ezartzeko araudi espezifikoko prozedura betetzen bada.

3. Aktibo ukiezinek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Laguntza jasotzen duen establezimenduan bakarrik erabiltzea.

Ulertuko da hodeian kudeatzeko, edo urrutitik gailu mugikorren edo fabrikaren eremutik kanpo dauden terminalen bidez erabiltzeko diseinatu diren software programek baldintza hau betetzen dutela, baldin eta establezimendu onuradunarekin harreman zuzena badute.

a) Aktibo amortizagarritzat hartuko dira.

b) Eroslearekin loturarik ez duten hirugarrenei erosiko zaizkie, merkatuko baldintzetan.

4. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Luxuzko gastuak.

b) Laguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua edo xedea kontuan hartuta.

c) Diruz lagunduriko jarduerarekin bat ez datozenak.

d) Enpresako langileek ibilgeturako egindako lanak.

e) Laguntzaren eskaeraren eguna baino lehen egindako faktura edo ordainketekin egindako inbertsioak.

f) Eratzeko eta lehenbiziko aldiz ezartzeko gastuak.

g) Hauetarako inbertsioak: aktiboak birjartzeko, mantentzeko eta ordezteko inbertsioak, salbu eta teknologiarengatik, errendimenduarengatik edo prestazioengatik ekoizpen gaitasuna handitzen badute.

h) Ibilgailuak, barnean erabiltzekoak salbu, esaterako, orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak; horiek diruz lagungarriak izanen dira.

i) Interes zordunak eta gainerako finantza gastuak.

j) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa).

k) Lurrak eta eraikinak eskuratzea, betiere deialdi honen argitalpen egunaren aurreko 10 urtean dirulaguntzaren bat jaso badute.

l) Inbertsio baten osagaien fakturak, 500 euro baino gutxiagokoak badira.

5. oinarria. Finantza-errentamendua.

Finantza-errentamenduaren bidez aktiboak eskuratzea diruz lagungarria izanen da baldin eta eragiketa 3.2. oinarrian adierazitako aldian egiten bada eta erosketaren xedea bada makinak edo instalazioak erostea.

Kasu horretan, enpresak konpromisoa hartu behar du ondasuna erosteko aukera gauzatzeko, eta horrek eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaintzea ekarriko du. Halaber, bi tramiteok lehenagoko paragrafoan esaten den aldian egin beharko dira.

Ez dira diruz lagungarriak izanen errentatzailearen marjinak, interesak, gastu orokorrak eta finantza-errentamenduari lotutako aseguruen gastuak.

6. oinarria. Bigarren eskuko ekipamendu-ondasunak.

1. Bigarren eskuko ekipamendu-ondasunak eskuratzeko kostuak diruz lagun daitezke, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Saltzailearen adierazpen bat izatea, ondasunen jatorria zehaztu eta Espainiako edo Europar Batasuneko dirulaguntzarik jaso ez dutela adierazteko.

b) Prezioa ez izatea erreferentziako merkatu balioa eta antzeko ondasun berrien kostua baino handiagoa; tasazio independente batek egiaztatuko du hori.

2. Diruz lagungarriak izanen dira ondasun horiek desmuntatzeko, lekualdatzeko, muntatzeko eta egokitzeko gastuak, baldin inbertsioaren kostu handiagoaren gisa kontabilizatzen badira.

7. oinarria. Kostuen moderazioa.

1. Kostu diruz lagungarrietako baten zenbatekoa, BEZa kanpo, 12.000 eurotik gorakoa bada (arkitektura eta ingeniaritza enpresek ekipo-ondasunen hornidura egiten dutenean edo zerbitzuak ematen dituztenean) edo 30.000 eurotik gorakoa (obra gauzatzeko kostuaren kasuan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea aukeratu dela efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera. Horretarako, “Hornitzaile hautaketaren justifikazioa” inprimakia bete eta aurkeztu beharko da, eta harekin batera, gutxienez hiru eskaintza, inbertsioa justifikatzen den unean, 14. oinarrian ezartzen den moduan.

2. Eskaintzek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Eskaintzek 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak izan behar dute.

b) Eskaintzak alderagarriak izatea elkarren artean (enpresak aski informazio eman behar du organo kudeatzaileak alderaketa egin ahal izateko).

c) Eskaintza garestienaren prezioa merkeenarena baino bi aldiz handiagoa denean, justifikatu beharko da zergatik ez dauden prezio antzekoak dituzten eskaintza gehiago.

d) Eskaintza faltsurik aurkeztuz gero emandako dirulaguntza guztiak galduko dira eta hasiera emango zaie dagozkion legezko ekintzei.

3. Hornitzaile-aukera ez bada eskaintzarik merkeena, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.

Halaber, zergatik aukeratu den hornitzaile jakin bat justifikatzen ez bada, edo kudeaketa organoaren ustez justifikazioa aski ez bada, inbertsio-elementu hori ez da diruz lagunduko.

4. Honako kasu hauetan onuradunak ez ditu hiru eskaintza aurkeztu behar:

a) Justifikatzen duenean ezen, merkatuaren edo aktiboaren ezaugarrien berezitasunak direla eta, merkatuan ez dagoela behar adina entitate hornidura hori egiteko enpresak eskatzen dituen baldintzetan.

b) Enpresan instalatutako beste aktibo batzuekin kontroleko software bidez lotutako aktiboak badira, eta frogatzen bada aktibo horiek batera izatearen ondorioz eragiketa-kostuak nabarmenki murrizten direla.

c) Aktiboa hornitzaile horrekin aurretik izandako proiektu, garapen edo lankidetza baten ondorioa denean.

5. Enpresak eskaintza bakarra aurkezten duenean, txosten tekniko-ekonomiko bat egin beharko du justifikatzeko zergatik ez dituen hiru eskaintza aurkeztu, eta eskaintzaren prezioa merkatukoa dela ziurtatzeko. Inbertsio-elementuaren balioa 1.000.000 baino handiagoa denean, peritu-tasazio independentea aurkeztu beharko da.

8. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, inbertsio proiektuaren kostu diruz lagungarri guztiari aplikatuko zaio laguntzaren intentsitatearen portzentajea, zeina ondorengo hau izanen baita, laguntza eskatzen den egunean enpresaren tamainaren arabera:

ENPRESAREN TAMAINA

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

Ertaina

10

Txikia

15

Mikroenpresa

18

2. Gehieneko dirulaguntzaren zenbatekoa enpresa onuradun bakoitzeko 1.000.000 euro izango da.

9. oinarria. Laguntzetarako eskaerak.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta ondorengo egun hauetako batean amaituko:

a) 2021eko apirilaren 30ean (hori barne) proiektu laburretarako (3.2 oinarrian definitutakoak).

b) 2021eko azaroaren 30ean (hori barne) proiektu luzeetarako (3.2 oinarrian definitutakoak).

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es/eu/) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3. Laguntzen eskaeran adierazi behar da enpresa eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektronikoa (GHE) eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 18. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

4. Dokumentazio hau aurkeztu behar da laguntza eskatzeko, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera:

a) Enpresaren eta proiektuaren datuak biltzen dituen eskabidearen inprimakia.

b) Enpresa eta inbertsio proiektua deskribatzen dituen memoria tekniko eta ekonomikoa.

c) Onuradun izateko baldintzak (2. oinarrikoak) betetzearen erantzukizunpeko adierazpena.

d) Itxi diren azken hiru ekitaldietako urteko kontu kontsolidatuak, banaka ikuskatuak, hala badagokio.

e) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako lan bizitzaren txostena, 2020ko abenduaren 31koa.

f) Hala badagokio, laguntzen fitxan zehaztuko den dokumentazio osagarria.

5. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Industria Sustatzeko Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

10. oinarria. Norgehiagoka.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.

Proiektu laburrak aurkezteko epea amaitu eta gero, Industria Sustatzeko Zerbitzuak proiektu hauen zerrenda bat prestatuko du (aurrerakoan, “eskaeren lehen zerrenda”), eta eskaeren arteko lehentasunak ezarriko ditu, 11. oinarrian ezartzen diren balorazio irizpideekin bat etorriz.

Emandako zenbatekoa kalkulatzeko, puntuaziorik handiena eskuratzen duten eskaerei 8. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, 2021eko gastuen aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Aurrekontu aski izan ez eta kontuan hartzen ahal ez diren eskaerak proiektu luzeetarako laguntza eskaeren zerrendara pasatuko dira, eta proiektu luzetzat hartuko dira 13.1 oinarriaren aldaketa-baimenen eskaeren ondorioetarako.

2. Halaber, proiektu luzeen eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gero, bigarren zerrenda bat prestatuko da (proiektu luzeekin eta aurreko apartatuan aipatu diren proiektuekin; aurrerakoan, “eskaeren bigarren zerrenda”), eta eskaeren arteko lehentasunak ezarriko dira, 11. oinarrian ezartzen diren balorazio irizpideekin bat etorriz.

Ematen den zenbatekoa kalkulatzeko, puntuaziorik handiena eskuratzen duten eskaerei 8. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, 2022ko gastuen aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

3. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da, nahiko aurrekonturik ez egoteagatik zegokien dirulaguntza osorik eman ez zaien eskaerei erantzuteko, 8. oinarriaren arabera.

11. oinarria. Laguntza eskaerak baloratzeko irizpideak.

Eskabideak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira; gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:

1. Proiektua egiten duen enpresa baloratzeko irizpideak, gehienez 30 puntu, honela banatuak:

1.1. Enpresaren tamaina eta mota, laguntza eskaera egiten den egunean:

ENPRESA

PUNTUAZIOA

Ertaina

6

Txikia

8

Mikroenpresa

10

Ekonomia sozialeko enpresak (*)

10

(*) Ekonomia Sozialari buruzko martxoaren 29ko 5/2001 Legearen 5. artikuluko baldintzak betetzen dituzten entitateak.

1.2. Nafarroan jarduera 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen hasi zuten enpresen enpresa-hazkundea:

2019KO NEGOZIOEN ZENBATEKO GARBIA /
2020KO NEGOZIOEN ZENBATEKO GARBIA

PUNTUAZIOA

≥ 1,00 eta <1,10

2

≥ 1,10 eta <1,20

4

≥ 1,20 eta <1,50

6

≥ 1,5

8

1.3. Enplegu mugagabearen portzentajea enpresan 2020ko abenduaren 31n:

KONTRATU MUGAGABEA DUTEN PERTSONA KOPURUA/
KONTRATU KOPURUA, GUZTIRA

PUNTUAZIOA

≥ %85 eta < %90

4

≥ %90 eta < %95

6

≥ %95

8

1.4. Emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat hartzea (2 puntu):

a) Emakumeen eta gizonen berdintasun plana egin eta aplikatu izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako irismen eta edukiarekin, dirulaguntza eskatzen den egunean horrelakorik egitea nahitaezkoa ez den kasuetan (lege organikoaren 45. artikuluaren eta hamabigarren xedapen iragankorraren arabera). Berdintasun plan hori inskribatua egon behar da Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan (NHKBPE).

b) Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen “Reconcilia” zigilua, eta abar).

c) Familia, Lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak edo berdintasuna sustatzekoak, frogatzeko modukoak, aplikatu izana. Neurri horiek frogatzeko, enpresaren eta langileen ordezkariek sinatutako dokumentu bat aurkeztuko da.

1.5. Gizarte erantzukizuna: “Jasangarritasunaren memoria” egin izana azken hiru urteetan, InnovaRSE metodologiarekin (2 puntu).

2. Inbertsio proiektuaren kokapena, 15 puntu arte gehienez:

INBERTSIO PROIEKTUAREN KOKAPENA

PUNTUAZIOA

Eskualdeko laguntzen 2014-2020 mapan sartutako eremuko udalerria, eta ≥ 5.000 biztanle dituena (2020ko urtarrilaren 1ean)

10

Eskualdeko laguntzen 2014-2020 mapan sartutako eremuko udalerria, eta < 5.000 biztanle dituena (2020ko urtarrilaren 1ean)

15

Eskualdeko laguntzen 2014-2020 mapan sartuta dauden udalerrien zerrenda laguntzen fitxan kontsulta daiteke.

3. Inbertsio proiektua baloratzeko irizpideak, gehienez 55 puntu, honela banatuak:

3,1. Nafarroan berria den proiektu produktiboa: 20 puntu. Ondorio horietarako, halakotzat hartuko da honako baldintza hauek betetzen dituen proiektua:

a) Enpresa Nafarroan ekoizten hastea 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera.

b) Xedea izatea berreraikitzea nabeak, makinak eta instalazioak, hondatu direnak uholde, sute edo beste natura-hondamendi edo istripu baten ondorioz, enpresak hala nahi gabe. Kasu horietan, berreraikitako aktiboen aseguru polizek ekarritako ordainketek gehi emandako laguntzak ez dituzte kostuak gaindituko.

3.2. Proiektua 2020ko urtarrilaren 1etik laguntza eskatzen den egunera arte gertatu den enpresa-batze edo integrazio ondorioa izatea: 3 puntu.

Bat egitean edo integrazioan sartutako enpresek ez dute eduki behar elkarren arteko lotura, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren definizioaren arabera.

3.3. Makinen eta haiei erantsitako instalazioen portzentajea, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:

MAKINEN ETA HAIEI ERANTSITAKO INSTALAZIOEN %

PUNTUAZIOA

≥ %25 eta < %50

3

≥ %50 eta < %75

5

≥ %75

7

3.4. Fabrikazio aurreratuko sistemetan (4.0 Industria) egindako inbertsioaren portzentajea, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:

4.0 INDUSTRIAN EGINDAKO INBERTSIOAREN %

PUNTUAZIOA

< %25

2

≥ %25 eta < %50

5

≥ %50 eta < %75

7

≥ %75

10

4.0 Industrian egindako inbertsiotzat hartuko dira kategoria hauetako batean sartuta daudenak:

–Robotika aurreratua edo adimen artifizialarekin.

–Ikusmen artifiziala.

–Fabrikazio gehigarria.

–Errealitate birtuala.

–Errealitate areagotua.

–Simulazioa.

–Big data, analitika aurreratua eta business intelligence.

–Gauzen Internet.

–Cloud computing.

–Zibersegurtasuna.

Aipatu puntuazioa lortzeko beharrezkoa da enpresak eraldaketa digitalerako plan bat edukitzea, “Programa Industria Activa 4.0” edo “Itinerarios 4.0” laguntza deialdietan aurreikusitako irismenarekin (2020ko 288. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 15ekoa); planak gauzatua edo gauzatzeko bidean egon behar du.

3.5. Inbertsio ahalegina:

Inbertsio diruz lagungarriaren eta enpresaren ibilgetu garbiaren arteko ratioa baloratuko da, 2020ko edo itxitako azken ekitaldi ekonomikoko datuak kontuan hartuta.

INBERTSIO DIRUZ LAGUNGARRIA / IBILGETU GARBIA (%)

PUNTUAZIOA

≥ %2 eta < %5

3

≥ %5 eta < %10

6

≥ %10 eta < %20

9

≥%20 eta < %50

12

≥ %50

15

4. Puntuazioan berdinketarik bada, irizpide hauei hurrenez hurren jarraikiz hautsiko da:

1. “Inbertsio proiektuaren kokapena” (2. apartatuko irizpidearen puntuazioa).

2. “Inbertsio proiektua baloratzeko irizpideak” (3. apartatuko irizpidearen puntuazioa).

3. “Inbertsio ahalegina” (3.5 irizpideko ratioan baliorik handiena).

12. oinarria. Dirulaguntza ematea.

1. Industria Sustatzeko Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa baita, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskabideak, eta organo eskudunera ebazpen proposamena igorriko du, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Eskaerak baloratzen diren bitartean, aipatutako organoak beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko die enpresei, eta adieraziko die eskaerari 10 egun balioduneko epean erantzuten ez badiote, eskatutako laguntza ukatuko dela.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da laguntza emateari buruz ebatziko duen organo eskuduna.

Proiektu laburrei laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena (lehen zerrenda), gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, 2021eko apirilaren 30etik aurrera kontatuta (9.1.a oinarria). Eta bigarren zerrendako eskaeren ebazpena, lau hilabeteko epean, 2021eko azaroaren 30etik aurrera kontatuta (9.1.b oinarria).

Eskaeren bigarren zerrenda ebazteko ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertu ahal izanen da.

3. Dirulaguntza emateko ebazpenean bilduko da kudeaketa agintaritzak eta tarteko organismoek eskatzen duten informazio guztia, eta inbertsio proiektua amaitzeko eguna finkatuko da, enpresek beren eskaeretan ezarri dutenaren arabera.

13. oinarria. Inbertsio proiektuak aldatzea.

1. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, baimena ematen ahalko zaie oinarri honetan aurreikusten diren inbertsio proiektuen aldaketei.

Aldaketak egiteko baimena eskatzen ahalko da, oinarri honetako 4. apartatuan ezartzen diren nahitaezko epeen kaltetan gabe:

–Proiektu luzeen kasuan: 9.1 oinarriaren b) letran ezartzen den laguntzak eskatzeko epea amaitu baino lehen, edo bestela emateko ebazpenaren jakinarazpena eta gero (laguntzak eskatzeko epea amaitzen denetik emateko ebazpena jakinarazten den arteko epean ezin izanen da aldaketarik eskatu).

–Proiektu laburren kasuan: emateko ebazpena jakinarazi eta gero bakarrik.

2. Aldaketek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ez diote eraginen laguntzen xedeari (3.1 oinarria), eta ez dute gaindituko emateko ebazpenean aurreikusitako aurrekontua.

b) Obra zibileko aldaketak egiteko ez da baimenik eskatu behar, baldin gainditzen ez badute aipatu inbertsio elementurako laguntza emateko ebazpenean onetsi zen aurrekontuaren %10.

c) Aldaketek ukitzen badute 11. oinarriaren araberako eskaeraren balorazioan lortutako puntuazioa, horregatik, laguntza jasotzeko behar den puntuaziora ere ez bada heltzen, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzen dela deklaratuko da.

d) Aldaketak direla eta, 8. oinarriaren arabera emandako laguntzaren intentsitatea aldatzen bada, baimenak beste ehuneko bat finkatuko du laguntzarako, eta hori ezin da izan hasierakoa baino handiagoa.

3. Aldaketak egiteko baimena laguntzen fitxaren bitartez eskatuko da eta dokumentazio hau aurkeztu behar da horretarako:

a) Aldaketa eskatzeko inprimakia, laguntzen fitxan ezarritako ereduaren araberakoa, non justifikatuko baita era arrazoituan aldaketaren beharra.

b) Beste memoria tekniko bat, 9.4.b) oinarrian eskatutakoa bezalakoa, aldatzen diren elementu guztiak zehaztasunez deskribatzeko. Gainera, hasierako eskararekin konparatuta izan diren aldaketen balorazio bat edukiko du, konparazio-koadro gisan.

4. Honako aldaketa hauen baimena nahitaez eskatu behar da ondoren azaltzen diren epeetan:

a) Proiektuaren kokapena aldatzea, deialdiaren betebeharrak betetzen dituen beste kokapen batera, 14. oinarriaren justifikazio epea amaitu baino lehen.

b) Enpresa onuraduna aldatzea, laguntza eman ondoren izan delako bat-egite, xurgatze edo sozietate-mota aldatzeko prozesu bat: 14. oinarriaren justifikazio epea amaitu baino lehen.

Behar den bezala egiaztatu beharko da aldaketa hori, eta, nolanahi ere, oinarri arautzaileetan onuradun izateko ezarritako baldintza guztiak bete beharko ditu ondorengo denak.

c) Proiektua gauzatzeko eta justifikatzeko epea luzatzea, enpresari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik: 14. oinarriaren gauzatze eta justifikazio epea amaitu baino lehen. Epea ez da sekula luzatuko 2021eko azaroaren 30etik aurrerago, proiektu laburren kasuan, eta 2022ko azaroaren 30etik aurrerago, proiektu luzeen kasuan.

d) Inbertsioak ez gauzatzea, emateko ebazpenean diruz lagundu zen proiektuaren %50 baino gehiagoko murrizketa ez badakar: 14. Oinarriaren justifikazio epea amaitu baino lehen.

e) Eskaeran aurreikusten diren inbertsioen aldaketa, zeinak funtzionaltasunari atxikiz, aldaketak baitakartza erabilitako teknologian edo funtsezko ezaugarri teknikoetan: 14. oinarriaren justifikazio epea amaitu baino lehen.

Emateko ebazpena jakinarazi eta gero eskatzen bada, aldaketa egin ahal izateko baldintza hauek bete beharko dira:

–Konpentsatu beharko da emakidan onetsita dauden baina gauzatu ez diren beste inbertsio batzuekin, baina inbertsioen zenbatekoa inola ere murriztu gabe.

–Ezin da inolaz ere gainditu inbertsio proiektuaren guztirako aurrekontua, ezta aipatu proiektuaren ondare masa bakoitzarena ere (lurrak, eraikinak, makineria eta instalazioak eta beste inbertsio batzuk).

f) Inbertsio berriak eskuratzea (eskaeran ageri direnen ez bezalako funtzio bat betetzea dakartenak) inbertsioa eskuratu baino lehen eskatu beharko da, eta, edonola delarik ere, 14. oinarriaren justifikazio epea amaitu baino lehen.

Inbertsioen hasiera edo gauzatzea ez dela izan aldaketak eskatzeko eguna baino lehen egiaztatzeko, Industria Sustatzeko Zerbitzuko langileek bisita bat eginen dute inbertsioa gauzatuko den enpresaren establezimenduan, eta bisita horren emaitzaren akta eginen dute.

Aldaketa hau aurreko e) letraren bi baldintzen mende dago.

5. Aldaketek ez badituzte betetzen oinarri honetan ezarritako baldintzak, 17. oinarrian adierazitako ondorioak gertatuko dira.

14. oinarria. Inbertsioaren justifikazioa.

1. Onuradunek egindako inbertsioa justifikatu beharko dute laguntza ematen dela esaten duen ebazpenetik hauetako bi egunetako batera arte:

–2021eko irailaren 30era arte, emateko lehen ebazpenean diruz lagundutako proiektuen kasuan.

–2022ko abuztuaren 31ra arte, emateko bigarren ebazpenean diruz lagundutako proiektuen kasuan.

2. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntza fitxen bidez:

a) Inbertsioak egin direla justifikatzen duen dokumentazioa, aipatu fitxan zehazten dena.

b) Inbertsioen barruan obra zibilaren proiektuak baldin badira, proiektu horien balioak, gauzatzearen une jakin batzuetan, alderatzen dituen txosten bat aurkeztu beharko da: proiektua, aurkeztutako eskaintzak, obra-lizentzia, obraren ziurtagiri partzialak, obra bukaerako ziurtagiria, fakturak eta ordainketak.

c) Laguntzak kudeatzen dituen organoak onuradunei bidaliko dien dokumentua, behar bezala beteta, kontzesioan sartzen diren inbertsioen xehetasunarekin.

15. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Aipatu ziurtagiriak azterturik, Industria Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa ebazteko proposamena igorriko dio Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiari, eta bertan jasoko da onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak betetzen dituztela.

2. Dirulaguntza ordaindu aurretik, honako hauek egiaztatuko dira:

a) Dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 euro baino gehiago denean, edo kudeatzen duen organoak egoki ikusten duenean, Industria Sustatzeko Zerbitzuko langileek bisita bat eginen dute onuradunen establezimenduan, inbertsioen egiaztapen materiala egiteko. Bisitaren akta eginen dute. Une horretan enpresaren establezimenduan ez dauden inbertsio-elementuei dagokien dirulaguntza ez da ordainduko.

b) Finantza-errentamenduaren bidez finantzatutako inbertsioen kasuan, egiaztatuko da onuradunak eragiketaren kapitala amortizatu duela, gutxienez dirulaguntzaren zenbatekoa adinako kapitala.

3. Ordainketa agintzeko ebazpena bi hilabeteko epean emanen da gehienez, egindako inbertsioak frogatzen dituen dokumentazioa aurkezten denetik hasita.

16. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hau betiere aurkeztuko da, bai gardentasun betebeharra izanik (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko beharkizunak betetzeagatik) bai izan gabe ere (kasu honetan, hori hala dela agertuko da adierazpenean).

Foru dekretu horren 4. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Oinarri arautzaile hauetan eta laguntzaren ebazpenean ezarritako moduan eta epeetan egin eta frogatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko inbertsioak.

c) Dirulaguntza lortzen duen inbertsioa atxikita mantentzea enpresak Nafarroan duen jarduera ekonomikoari, zazpi urtez bederen erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasun higiezinen kasuan, eta hiru urtez gainerako ondasunen kasuan, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera.

d) Laguntzak kudeatzen dituen organoari baimena eskatzea aurreko letran adierazitako epean dirulaguntzaren xedeko ondasun higiezinen destinoa edo karga aldatzen bada edo ondasunak besterentzen badira.

e) Kontabilitate sistema berezitu bat edo kontabilitate kode egoki bat edukitzea diruz laguntzen den proiektuari lotutako eragiketa guztietarako.

f) Laguntzaren ebazpenean haren %50 Europar Batasuneko egitura funtsen bidez finantzatzen dela adierazten denean, onuradunak 19. oinarrian ezarritako betebeharrak ere bete beharko ditu.

g) Kofinantzatzen ez diren proiektuen kasuan, jasotako dirulaguntzaren berri ematea modu egokian, enpresaren webgunean, ageriko lekuan honako esaldi hau paratuz: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, industriako ETE-en inbertsioetarako laguntzen 2021eko deialdian”.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

17. oinarria. Ez-betetzeen mailaketak.

1. Oro har, dulaguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

2. Zehatz esanda, 13.4 oinarriak inbertsio proiektuen aldaketei buruz ezartzen duena ez betetzeak ondorio hauek ekarriko ditu:

a) a) eta b) letretako aldaketen kasuan: emandako laguntza kobratzeko eskubidea galtzea.

b) c) letrako aldaketaren kasuan: proiektua gauzatzeko epetik kanpo egindako inbertsioak ez laguntzea.

c) d) letrako aldaketaren kasuan: gauzatu ez den inbertsioari dagokion laguntza kobratzeko eskubidea galtzea, eta gainera kobratu ez den laguntzaren adinako penalizazio bat ordaintzea.

d) e) letrako aldaketaren kasuan: eskatutako inbertsioen aldaketen kostu gehigarria diruz ez laguntzea.

e) f) letrako aldaketaren kasuan: inbertsio berriak diruz ez laguntzea.

3. Halaber, 16. oinarriaren c) letran ezarritako betebeharra bete ezean, ondorio hauek gertatuko dira, ez betetzearen arrazoia zein den, eta horren arabera:

a) Ekoizpen jarduera bertan behera uztea: laguntza osoa itzultzea.

b) Ekoizpen jarduera Nafarroatik kanpora eramatea: dirulaguntza osoa itzultzea.

c) Inbertsioak Nafarroako beste eskualde batzuetara eramatea, laguntza kalkulatzeko oinarri gisa erabili zirenak ez direnak: kokapen aldaketak eragiten badio 11. oinarrian xedatutakoaren arabera lortutako puntuazioari, eta horren ondorioz ez bada lortzen laguntza izateko eskubidea ematen zuen gutxieneko puntuazioa, laguntza osorik itzuli beharko da.

Halaber, kokapen aldaketak eragiten badio 8. oinarrian xedatutakoaren arabera lortutako laguntzaren intentsitateari, laguntzaren zenbatekoa doitu eginen da. Kasu horretan, laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen hasierakoa baino handiagoa, eta hala badagokio, behar diren zenbatekoak itzuliko dira.

d) Hartzekodunen konkurtso egoera gertatzen bada, enpresak enpresa-plan bat aurkeztu behar du bideragarritasun ekonomikoa frogatzeko. Enpresa onuradunaren bideragarritasun ekonomikoa justifikatzen ez bada, laguntza osoa itzultzeko eskatuko da.

e) Diruz lagundu den aktiboetako baten ibilgetua saltzen bada edo baja ematen bada, aipatu ondasunari dagokion dirulaguntzaren zati proportzionala itzuliko da, eta zati proportzional horri murrizketa bat aplikatuko zaio, ordainketaren ebazpen egunetik salmenta edo baja izan zen egunera arte doan denborarena, 16. oinarriaren c) letran eskatzen den gutxieneko denbora kontuan hartuz.

18. oinarria. Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta onuradunek eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es./eu/) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren (GHE) bidez eginen dira.

Gaitutako helbide elektronikoa Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones.060.es. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

19. oinarria. Kofinantzaketa, Europar Batasuneko egiturazko funtsekin.

1. Laguntza hauek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren %50eko kofinantzaketa izan dezakete, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez (“Industriako ETE-en inbertsioetarako laguntzak” izeneko jarduera, 3. Lehentasunezko Ardatza. 3. Helburu tematikoa. 3c Inbertsio lehentasuna. 3.3.1) Helburu berariazkoa. Horretarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduan eskatzen dena bete beharko dute proiektuek.

EGEFek (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa) kofinantzatzen ahal dituen proiektuak hautatzeko irizpideak:

a) Proiektua Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (S3) identifikatuta dauden Nafarroako sektore estrategikoetako batekoa izatea.

b) Inbertsioko proiektua finantza errentamenduko eragiketen bidez ez finantzatzea.

c) Proiektuak bere baitan ez izatea lurrak edo ondasun higiezinak erostea Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari edo hari zuzenean edo zeharka lotutako beste erakunde edo entitate bati.

d) Laguntzak ez finantzatzea arrantza eta akuikulturako produktuak ekoiztu, eraldatu edo merkaturatzeko inbertsioak.

2. Laguntza hauen onuradunak, betiere kontzesioaren ebazpenean hala zehazten bada, Europako funts horren finantziazioaren onuradunak ere izanen direnez, ondoko betebeharrak aplikatuko zaizkie:

a) EGEFen ekarpena jendaurrean paratzea, inbertsio proiektua egiten den bitartean, web orrian ikusgai jarriz, web-orririk edukiz gero behintzat, esaldi hau:

“Enpresa honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %50ean kofinantzatutako laguntza jaso du, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez”, logotipo hau erantsita:

–Eta enpresan jartzea, jende guztiak ikusteko moduko toki batean, eraikin baten sarreran, esaterako, EGEFen logotipoa daukan kartel bat (gutxieneko tamaina: A3), laguntzak kudeatzen dituen organoak emanen diona.

–Eraikuntza inbertsioen proiektuen kasuan, EGEFen laguntza 500.000 euro baino handiagoa denean, enpresak tamaina handiko kartel bat ipiniko du, jendeak ongi ikusteko moduko toki batean.

b) Industria Sustatzeko Zerbitzuan aurkeztea “alta egoeran dauden langileen batez besteko plantilla” izeneko txostenak, diruz laguntzen den proiektua hasi baino lehenagoko hamabi hilabetekoak, eta diruz laguntzen den proiektua amaitu baino geroagoko hamabi hilabetekoak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindakoak, Industria Sustatzeko Zerbitzuak eskatuz gero.

c) 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 140. artikuluan ezarritakoarekin bat, eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dira, data honetatik hasita: eragiketako gastuen kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera. Horretarako, Industria Sustatzeko Zerbitzuak enpresari adieraziko dio aipatu epearen hasiera, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak txostena egin eta gero.

d) Iruzurraren aurkako neurri eraginkor eta proportzionatuak aplikatzea.

e) Honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea, bai eta kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasun Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

f) Halaber, berekin ekarriko du onartzea sartuko dela Ogasuneko Ministerioaren Europako Erkidegoko Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian argitaratuko den zerrenda batean (www.dgfc.sgpg.meh.es) programa eragilea kudeatzeko agintaria den aldetik. Zerrenda horren argitalpenaren helburua da gardentasunez jokatzea EGEF baliabideen aplikazioari eta helburuari dagokienez, 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115.2 artikuluan xedatu bezala.

20. oinarria. Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak inbertsio beretarako ematen duen beste edozein laguntzarekin.

Alabaina, bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuen laguntzekin, baita nazioko edo nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituztenekin ere. Kasu horretan, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan ezarritako metaketa arauak izanen dira aplikatzekoak.

Halaber, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du inola ere gainditu egin beharreko jardueraren kostua.

21. oinarria. Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako laguntza araubidea.

1. Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta III. kapituluaren 14. artikuluan (“Inbertsiorako eskualdeko laguntzak”) eta 17. artikuluan (“ETE-en aldeko inbertsiorako laguntzak”) ezarritako baldintzak betetzen dituelako, zeinak merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen baititu, Tratatuaren 107. eta 108 artikuluak aplikatuz (2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia 2023ko abenduaren 31 arte luzatu da, Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

2. Halaber, laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik, Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 42. artikuluan (“Arrantzaren eta akuikulturaren produktuak eraldatzeko laguntzak”) ezarritako baldintzak betetzen dituelako. Erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, arrantzaren eta akuikulturaren produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen dituzten enpresentzat Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2014ko L369. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa).

Aipatu erregelamenduaren 4.2 artikuluan ezartzen denarekin bat, emate aldian laguntzen onuradunek bete beharko dituzte arrantza politika komunaren arauak, eta aipatu aldian ikusten bada onuradunek ez dituztela arau horiek betetzen, dirulaguntza itzuli beharko dute, ez betetzearen larritasunaren proportzioan.

22. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Industria Sustatzeko Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu, Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), emandako dirulaguntzak, honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

Orobat, Ogasuneko Ministerioko Europar Batasuneko Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea kudeatzeko agintari gisa, informazio bera argitaratuko du bere web-orrian (www.dgfc.sgpg.meh.es).

23. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2103247