62. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZUDAIRI

Ordenantza, Hilerriaren erabilera arautzen duena.
Behin betiko onespena

Zudairiko Kontzejuko Batzarrak, 2020ko urriaren 30ean egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen, legez eskatzen den gehiengoarekin, Zudairiko hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza. Erabaki horren iragarkia 2020ko 283. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 4an.

Jendaurreko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onesten da, eta testu osoa argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua).

Zudairin, 2021eko otsailaren 22an.–Kontzejuko burua, Diego Iriarte Oses.

ORDENANTZA, ZUDAIRIKO HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA

Zudairiko Kontzejuak ez du hilerriaren espazioa orokorki arautzen duen ordenantzarik. Orain arte, planteatzen zen kasu zehatz bakoitzerako, batzar bakoitzak komenigarritzat jo dituen irizpideen arabera kudeatu da.

Beraz, beharrezkoa da gaia arautzea, Hileta-osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuak zehazten duen arau esparruaren barruan, honako hauek argitzeko: ehorzketa eskubideen egoera juridikoa, eskubide horien eskualdaketak, haien denbora-muga, gorpuzkiak ehortzeko nahiz hobitik ateratzeko eragiketak, hilobien eraikuntza eta zainketa, eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

I. KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. artikuluaren eta Hileta-osasunari buruzko Erregelamendua onetsi zuen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren arabera, Zudairiko Kontzejuari dagozkio bere hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, deusetan ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dituzten legezko eskumenak.

2. artikulua.

Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerrietako higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilerriak zaindu, garbitu eta egokitzea. Hala ere, norbanakoen betebeharra izanen da hobia edo nitxoa mantendu eta zaintzea, behar bezala segur, xahu eta apain egon daitezen.

c) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

d) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

e) Bidezko diren eskubide eta tasak kobratzea.

f) Hilobien erregistroa eramatea, liburu zigilatu eta zenbatu batean.

3. artikulua.

Kontzejuko buruaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du, eta behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Kontzejuari, bere eginbehar hori ahalik eta hobekiena betetzeko.

4. artikulua.

Udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako hilobi kopurua egonen da Zudairiko hilerrian, edo haiek hartzeko lur aski bederen bai.

5. artikulua.

Zudairiko hilerrian lurperatuko dira ehorztera ekartzen diren hilotz guztiak, legezko tramiteak bete badira; tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira zerbitzu horiengatik.

6. artikulua.

Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobietarako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez besterako. Azken lan horiek egiteko, obra lizentzia beharko da, eta dagokien zerga ordaindu.

7. artikulua.

Hobien kokalekua, lur-erauzketen gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Kontzejuaren kargura izanen dira.

Heriotza bat gertatzen denean, ahaideek edo ehorzketan interesa dutenek hau eginen dute:

–Kontzejuari aditzera eman, hobia edo nitxoa presta dadin.

–Bake Epaitegiko Idazkaritzan heriotzaren ziurtagiri medikoa aurkeztu, Erregistro Zibilean inskribatzeko eta ehorzketarako lizentzia egiteko

8. artikulua.

Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

Hilobiaren kontserbazioa behar bezalakoa ez denean, Kontzejuko buruak 30 egun naturaleko epea emanen die interesdunei behar diren obrei ekiteko, eta gehienez ere 2 hilabeteko epean bukatu beharko dira.

Aipatu epea igarota, Kontzejuko buruak obren ordezko exekuzioa xedatuko du, eta aplikatuko du ordenantza fiskalak horren gainean dioena; kostua interesdunek ordaindu beharko dute.

9. artikulua.

Errauts-kutxatilak ehorzteko nahiz hobitik ateratzeko, ordenantza honetan ezarritako arauak aplikatuko dira.

Baimendurik dago errauts-kutxatilak beste ahaide batzuen hobietan ehorztea. Halakoetan, errautsak ehortzi diren hobia ehorzketarako erabiltzeko kontzesioa ez da horregatik eteten, eta betiere iraungiko da hilotza ehorzten denetik 10 urtera.

10. artikulua.

Aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungi daiteke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.

11. artikulua.

Hilotzak hilerrian bertan lekualdatzeko atera daitezke hobitik, bai eta beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

12. artikulua.

Hilotzak hobitik zer egun eta ordutan atera behar diren adieraziko zaie hartan interesa dutenei, lan hori ikus dezaten, hala nahi badute.

Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.

Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura kontratatzen ahalko ditu. Kontzejuko buruari komunikatu beharko dio aurretik, 30 egun naturaleko epean, horrek baimena eman eta lanak ikuskatu beharko baititu.

13. artikulua.

Hilerrian bertan beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkiak ez dira gorputegira eramaten ahalko.

Beste hilerri batetik ekartzen diren hilotzak ehorzteko ez da lur berria okupatuko. Gutxienez ere hamar urteko antzinatasuna duen hilobian ezarriko dira edo, bestela, hezurtegira eramanen dira.

14. artikulua.

Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik izan ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurperatu ondotik gutxienez ere hamar urte iraganda, lurrean, panteoietan, hobietan edo nitxoetan ehortzitako hilotzak atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan, zinkezko hilkutxan ehortzi bada, noiznahi atera eta lekuz aldatzen ahalko da, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Aipatutakoak baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile batek agindu ezean. Salbuespenezko kasuak izan daitezke, baina, Kontzejuko buruak hala baimenduta.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da baimenik emanen hilotzak ateratzeko aipatu baino epe laburragoetan, epaile batek agindu ezean.

Hala ere, ateratzen ahalko dira hilabete horietan hildako baten ezkontidearen gorpuzkiak edo 2. mailako odol ahaide batenak, hildakoarekin batera ehorzteko, aldi berean eta haren ondoan.

Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko a) eta b) baldintzak bete beharko dira.

15. artikulua.

Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, baldin ongi kontserbaturik ez badago.

16. artikulua.

Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko, bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar den liburuetan.

II. TITULUA

Xedapen bereziak

17. artikulua.

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, nitxo edo hobietan baizik ez dira ehorzten ahalko hilotzak edo gorpuzki erraustuak; ez da panteoirik egiteko baimenik emanen, azalera txikia baitu ehorzketa lekuak.

18. artikulua.

Zudairiko hilerrian ehortziak izateko eskubidea izanen dute baldintza hauetariko bat betetzen dutenek:

a) Zudairin erroldaturik dauden bizilagunak, heriotza gertatzen den unean.

b) Zudairiko seme-alabak. Ordenantza honen aplikazioari dagokionez, Zudairiko seme-alabak dira frogatzen dutenak jaiotzaren inskripzioa Zudairiko Erregistro Zibilean egina dutela, edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Zudairin izan zutela.

c) Aurreko bi baldintzetako bat betetzen dutenen ezkontideak.

d) Aurreko kasuetan egon gabe ere, Zudairiko hilerrian ehortziak izan nahi duten guztiak:

19. artikulua.

Interesdunek aurretik eskatuta, Kontzejuak eskaeren ordenari jarraikiz emanen du ehorzketarako erabiltzeko kontzesioa. Lurreko hilobi, panteoi eta nitxoak ehorzketarako erabiltzeko kontzesioa 10 urtera iraungiko da, ehorzketaren egunetik hasita.

Nitxo eta kolunbarioei dagokienez, elkarren hurreneko ordena ezarriko da. Erabilgarri dauden nitxoak agortzen direnean, berriz ere lehenbizikotik hasiko da, baldin eta hobiratzetik 10 urte baino gehiago iragan bada.

Lurpeko hobiei dagokienez, Kontzejuak ehorzteko ordena ezarriko du, honako salbuespen hauek ezarririk:

–Familiakoek hala eskatzen baldin badute, Kontzejuak lurpeko hobian ehorzteko ordena aldatzen ahalko du, eta familiakoen hilobian ehorztea baimendu.

–Kontuan hartuz hilobi batzuen eta besteen erabilera-datak desberdinak direla, Kontzejuak ehorzteko ordena aldatzea onesten ahalko du, antzinatasun txikieneko hilobiak alde batera utziz eta lehentasuna emanez 40 urte edo gehiagoko erabilera dutenak okupatzeari, baldin eta familiak hala espresuki eskatu badu.

Hobien kokalekua, lur-erauzketen gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Kontzejuaren kargura izanen dira.

20. artikulua.

Hilobietan paratu edo idatzi nahi diren hilartitzak, oroigarriak eta ikurrak begirunetsuak izan beharko dira, eta lekuarekin bat egin.

Kontzejuak ezarritako arauak beteko dira hilobietako hilarrietan:

–Ez dira finkoak izanen eta aise desmuntatuko dira.

–Berariaz debeku da hobien gainean harlauzak, hormigoia, marmolezko plakak edo gisako materialak ezartzea. Hilobiak libre geldituko dira, hilobiratzeko edo hobitik ateratzeko lanak ez trabatzeko maneran.

–Hobiak estali gabe gelditu behar dira, eta lurra agerian.

–Hilarrien gehieneko neurriak hauek dira: 1,50 metro altueran eta 0,60 metro zabaleran.

–Hilarriak hilerriko murruan paratzen badira, begiratu beharko dira arestian adierazi neurriak; murruari lotzeko euskarriak erabiliko dira, eta ez material aglomeratzailerik, zementatzailerik edo itsasgarririk (porlana, lekeda, erretxinak, etab.).

Neurriak nahitaez bete behar dira, bai hilarri berriak paratzeko obretan bai egungoak zaharberritzekoetan. Hilobi berria egitea edo egungoa aldatzea baimendurik, ehorzketalekua ordenantza honetan ezarritako neurrietara egokitu beharko da, bereziki delako hobiak zailtzen baditu ehortzeko edo hobitik ateratzeko lanak.

Debeku da zurezko zurtoina duten zuhaixkak lurrean landatzea, haien tamaina edozein izanik ere (heskaiak, pinuak, arrosak, etab.).

Nitxoetan, hilarria ez da aterako hormigoizko pilastrek eratzen duten planotik, eta ez du beste nitxorik inbadituko.

Hilobiaren kontserbazioa behar bezalakoa ez denean, Kontzejuak 30 egun naturaleko epea emanen die interesdunei behar diren obrei ekiteko, eta gehienez ere 2 hilabeteko epean bukatu beharko dira.

Aipatu epea igarota, Kontzejuak obren ordezko exekuzioa xedatuko du, eta aplikatuko du ordenantza fiskalak horren gainean dioena; kostua interesdunek ordaindu beharko dute.

II. KAPITULUA

Tasak Zudairiko hilerrian zerbitzu egiteagatik

Oinarria.

21. artikulua. Hilerriaren erabilerari dagozkion tasen ordainarazpena arautzen du ordenantza honek, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 100. artikuluan eta ondokoetan du oinarria.

Zerga-egitatea.

22. artikulua. Hona hemen zerga-egitatea:

Hilerrian zerbitzuak egitea, bai hilerriko zerbitzuei dagokienez, bai hilotzak ehorzteari zein hobitik ateratzeari dagokionez, bai eta hilerrian, haren helburuak betetze aldera, ematen diren gainerako zerbitzu osagarriei dagokienez ere, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

Subjektu pasiboa.

23. artikulua. Adjudikazioa edo zerbitzua eskatzen duen pertsona natural edo juridikoak ordaindu beharko du dagokion tasa, subjektu pasibo gisa.

Zerga-oinarria eta tarifak.

24. artikulua. Ordenantza honen tarifen eranskinean jasotako kopuruei jarraikiz, zerga-oinarria finkatuko da honako kontzeptu hauei dagozkien zerbitzu moten arabera:

a) Lurperatzeko edo ehorzteko eskubideak. Zenbateko finkoa ehorzketagatik, non egiten den: lurpean, nitxoan ala kolunbarioan.

b) Gorpuzkiak hobitik ateratzeko eskubideak.

Aplikatzen diren tarifak Kontzejuko Batzarrak onesten dituenak izanen dira.

Tasen sortzapena.

25. artikulua. Ordenantza honen 4. artikuluan aipatzen diren zerbitzuetako bat egiteko eskatzen den unean sortuko dira tasak.

Kudeaketa arauak.

26. artikulua. Hilotzak hilerriraino eramateaz arduratzen diren ehorzketa enpresek, Kontzejuan likidatuko dituzte bidezko diren ehorzketa eskubideak, eta haiek ordaindu izanaren gordekina emanen zaie. Hilerriko kargudun, enplegatu edo arduradunak eskatuko du erakuts dakion behar den gordekina, gorpua bertaratzen denean. Salbuetsirik daude ezinbesteko premia izan edo udal bulegoetan jaiegun denean gertatzen diren kasuak; horrelakoetan enplegatuak datuak jaso eta Kontzejuari igorriko dio informazioa, bertatik bide eman dakion dagokion ordainarazpenari.

24. artikuluan ezarritako zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak egin baino lehen ordaindu beharko dira, salbu premia larrietan edo udal bulegoek jaiegun den kasuetan. Horrelakoetan enplegatuak datuak jaso eta Kontzejuari igorriko dio informazioa, bertatik bide eman dakion dagokion ordainarazpenari.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatuari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

27. artikulua. Garbiketa zerbitzua edo gorpuzkiak lekualdatzeko zerbitzua, besteak beste, hartzeko interesik duenak Kontzejura jo beharko du halakoak eskatzeko. Behar diren eskubideak ordaindu beharko dituzte, eta ordaindu izanaren ordainagiria emanen zaie. Hilerriko kargudun, enplegatu edo arduradunak eskatuko du erakuts dakion behar den ordainagiria, zerbitzuak egin baino lehen.

28. artikulua. Urtero, eta urte bakoitzeko urtarrilaren lehena erreferentziatzat hartuz, Zudairiko hilerrian dauden nitxo eta hilobi guztien errolda edo zentsua eginen da. Horretan oinarriturik ordainaraziko dira zerbitzu orokorrak egiteko tasak.

Diru-bilketa.

29. artikulua. Ateratzen diren kuotak ordaindu beharko dira 30 egun balioduneko epearen barnean, ordenantza honen 22. artikuluan ezarritako zerbitzuak egin eta tasa jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita.

30. artikulua. Ateratzen diren kuotak borondatez ordaintzeko aldietan ordaintzen ez dituztenek, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Erregelamenduan adierazten diren errekarguak izanen dituzte.

Arau-hausteak eta zehapenak.

31. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiko zaio.

TARIFEN ERANSKINA

1.–Ehorzketak, lurrean.

a) Zudairin erroldaturiko bizilagunak: zerbitzuaren kostua.

b) Zudairiko seme-alabak (ordenantza honen aplikazioari dagokionez, Zudairiko seme-alabak dira frogatzen dutenak jaiotzaren inskripzioa Ameskoabarreneko Erregistro Zibilean egina dutela –Zudairi herrian–, edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Zudairin izan zutela): 300,00 euro.

c) Aurreko bi baldintzetako bat betetzen dutenen ezkontideak: 300,00 euro.

d) Aurreko kasuetan egon gabe ere, Zudairiko hilerrietan ehortziak izan nahi duten guztiak: 600,00 euro.

e) Errauts-kutxatilak beste ahaide batzuen lurpeko hobietan ehorztea: ordaintzetik salbuetsia.

2.–Nitxoan ehorztea:

a) Zudairin erroldaturiko bizilagunak: zerbitzuaren kostua.

b) Zudairiko seme-alabak (ordenantza honen aplikazioari dagokionez, Zudairiko seme-alabak dira frogatzen dutenak jaiotzaren inskripzioa Ameskoabarreneko Erregistro Zibilean egina dutela –Zudairi herrian–, edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Zudairin izan zutela): 300,00 euro.

c) Aurreko bi baldintzetako bat betetzen dutenen ezkontideak: 300,00 euro.

d) Aurreko kasuetan egon gabe ere, Zudairiko hilerrietan ehortziak izan nahi duten guztiak: 1.000,00 euro.

3.–Hobitik ateratzea:

Hilerriko hilobi guztietan: zerbitzuaren kostua.

4.–Errauts-kutxatilak kolunbarioetan ehorztea:

a) Zudairin erroldaturiko bizilagunak: zerbitzuaren kostua.

b) Zudairiko seme-alabak (ordenantza honen aplikazioari dagokionez, Zudairiko seme-alabak dira frogatzen dutenak jaiotzaren inskripzioa Zudairiko Erregistro Zibilean egina dutela, edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Zudairin izan zutela): 300,00 euro.

c) Aurreko bi baldintzetako bat betetzen dutenen ezkontideak: 300,00 euro.

d) Aurreko kasuetan egon gabe ere, Zudairiko hilerrietan ehortziak izan nahi duten guztiak: 600,00 euro.

4.–Errauts-kutxatilak hobitik ateratzea: hilerrian egiten diren halako ehorzketa guztietarako, zerbitzuaren kostua.

Iragarkiaren kodea: L2103049