48. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Merkataritzaren, Ostalaritzaren eta Zerbitzuen Kontseilu Sektorialaren erregelamendua. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2020ko azaroaren 26an egin zuen osoko bilkuran, Zizur Nagusiko Merkataritzaren, Ostalaritzaren eta Zerbitzuen Kontseilu Sektorialaren Erregelamenduaren hasierako onespena eta ondorengo izapidetzea onetsi zituen.

Erregelamendu horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2020ko 299. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 28an, eta Udaleko iragarki oholean. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da.

Argitara ematen da, aipatutako erregelamenduaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan.

Zizur Nagusia, 2021eko otsailaren 12a.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

ZIZUR NAGUSIKO MERKATARITZAREN, OSTALARITZAREN ETA ZERBITZUEN KONTSEILU SEKTORIALAREN ERREGELAMENDUA

Aurkibidea

ZIOEN AZALPENA

I. KAPITULUA: Xedapen orokorrak.

1. artikulua. Xedea.

2. artikulua. Izaera juridikoa.

3. artikulua. Araubide juridikoa.

4. artikulua. Helburuak eta eskumenak.

II. KAPITULUA: Osaera eta kideak.

5. artikulua. Kontseiluaren osaera.

6. artikulua. Kontseiluaren egitura.

7. artikulua. Kideen izendapena.

8. artikulua. Kontseiluburua.

9. artikulua. Lehendakariordetza.

10. artikulua. Idazkaritza.

11. artikulua. Kontseilukideak.

III. KAPITULUA: Eskubideak eta betebeharrak.

12. artikulua. Kideen eskubideak.

13. artikulua. Kideen betebeharrak.

14. artikulua. Kide izaera galtzea.

IV. KAPITULUA: Kontseiluaren jardunbidea.

15. artikulua. Biltzarra eratzeko bilkura eta ohiko bilkurak.

16. artikulua. Ezohiko bilkurak.

17. artikulua. Deialdia.

18. artikulua. Bertaratze quoruma.

19. artikulua. Gai zerrenda.

20. artikulua. Bilkuraren aktak.

21. artikulua. Bozketak.

22. artikulua. Erabakiak.

V. KAPITULUA: Lantaldeak.

23. artikulua. Xedea eta sortzeko era.

24. artikulua. Lantaldeetan parte hartzea.

VI. KAPITULUA: Memoria eta ebaluazioa.

25. artikulua. Memoria.

26. artikulua. Ebaluazioa.

VII. KAPITULUA: Erregelamendua aldatzea eta/edo Kontseilua desegitea.

27. artikulua. Erregelamendua aldatzea eta/edo Kontseilua desegitea.

AZKEN XEDAPENA

ZIOEN AZALPENA

Herritarren Parte-hartzearen Udal Ordenantzari eta Udal Erregelamendu Organikoaren 131. eta 132. artikuluei jarraikiz, Zizur Nagusiko Udalak udal kudeaketan parte hartzeko eta horri buruzko informazioa jasotzeko bide batzuk antolatu nahi ditu herritarrentzat, herriko hainbat erakundek eta kolektibok duten rola aintzatetsiz eta kontuan izanik ezen, ordenantza horren III. kapituluaren arabera, kontseilu sektorialak ezartzen ahal direla udalaren jarduera eremuetan, horrela behar edo erabakitzen bada.

Azken helburua kontseilu sektorialen funtzionamendua eraginkorragoa eta efizienteagoa izan dadin lortzea da, Zizur Nagusiko Udalaren jarduerari buruzko informazioa emateko, parte hartzeko, proposatzeko eta kontrolatzeko organoak baitira. Jarduera hori –eta beraz, zerbitzuen kalitatea– hobetzen laguntzea da horren guztiaren helburua.

2018an, Toki Garapenaren eta Enpleguaren Diagnostikoa egin zen, eta ahulezia hauek identifikatu ziren diagnostiko horretan: herrian, jarduera ekonomikoa ahula da, merkataritzak beheranzko joera du eta industria jarduera falta da.

Egoera horri aurre egiteko, Toki Garapeneko Zerbitzua birbideratu eta beste norabide bat eman zitzaion herriko merkataritza , ostalaritza eta zerbitzu sarearekiko harremanari, jarduerari bultzada bat emateko eta elkarrekin lan egiteko, hurbileko negozioetan kontsumoa sustatze aldera.

Horrela, eta merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu estamentu guztien parte-hartzearen eta ordezkagarritasunaren bidez, Merkataritzaren, Ostalaritzaren eta Zerbitzuen Kontseilua (aurrerantzean, Merkataritzaren Kontseilua) sortu zen, iritziak trukatzeko, estrategiak dinamizatzeko eta Udalaren eta udalerriko negozioen arteko elkarrizketarako foro bat.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea Merkataritzaren, Ostalaritzaren eta Zerbitzuen Kontseilu Sektorialaren antolaera, eskumenak eta funtzionamendua arautzea da. Zizur Nagusiko Udalaren Herritarren Parte-hartzearen Udal Ordenantzaren III. kapituluko 18. artikuluan eta Udal Erregelamendu Organikoaren 131. eta 132. artikuluetan xedatutakoaren arabera eratzen da kontseilu hori.

2. artikulua. Izaera juridikoa.

Merkataritzaren, Ostalaritzaren eta Zerbitzuen Kontseilu Sektoriala edo, besterik gabe, Merkataritzaren Kontseilua, Zizur Nagusiko Udalaren kide anitzeko organo iraunkor bat da, eta haren bidez udalerriko herritar eta erakundeen parte-hartzea bideratzen da, merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen arloan.

Kontseilua Ogasuneko eta Ekonomiaren Garapeneko Informazio Batzordeari edo merkataritzaren alorreko gaiak koordinatzeko eginkizunarekin sortzen den Informazio Batzordeari lotuta egonen da; halaber, Kontseiluak egiten dituen bileren berri eman beharko dio Batzorde horri.

Kontsulta eta parte-hartze organoa da Kontseilua, eta udal ekintzarako proposamenak jasotzeko, sustatzeko, aztertzeko eta egiteko helburua du, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu ekintzaren berezko alderdiei dagokienez, hori ebazteko arauzko bidearen bidez, eta Zizur Nagusiko udalerrian sektore horri laguntzeko helburu orokorraren barruan.

3. artikulua. Araubide juridikoa.

Merkataritzaren Kontseiluaren jarduna Erregelamendu honen araberakoa izanen da. Erregelamenduan aurreikusten ez den guztirako, toki erakundeetan beharrezkoak diren organoen funtzionamenduari buruzko xedapen orokorrak aplikatuko dira, bai eta Herritarren Parte-hartzearen Udal Ordenantza bera ere.

Araudi hau ezartzeko eta aplikatzeko zeregina Udaleko Osoko Bilkurari dagokio, Kiroletako Informazio Batzordearen irizpena jaso ondoren.

4. artikulua. Helburuak eta eskumenak.

Merkataritzaren, Ostalaritzaren eta Zerbitzuen Kontseiluari dagokio:

a) Iritziak adierazteko eta Udalaren organoei proposamenak egiteko foro gisa jardutea, merkataritzarekin, ostalaritzarekin eta zerbitzuekin lotutako gai guztietan finkatutako bideak baliatuta.

b) Azterlanak eta txostenak egitea, datuak hartzea, estrategiak planteatzea, eta alkatetzak edo zinegotziak bere erantzukizunen esparruan eskatzen dizkion kontsulta guztiak ebaluatzea.

c) Alkatetzari edo zinegotziei helburuak betetzeko beharrezkoak diren txosten teknikoak eskatzea.

d) Zizur Nagusiko merkataritza esparru guztien alde egokitzat jotako ekimenak proposatzea Informazio Batzordeari.

e) Zorrotz zaintzea, bere eskumenen esparruan, indarreko legeria betetzen dela, eta, beharrezkoa izanez gero, legeria alda dadila sustatzen ahalko du.

f) Kontseiluaren funtzionamendurako behar diren baliabide materialak eros daitezela proposatzea alkate edo zinegotzi ordezkariari.

g) Kontseilua osatzen duten pertsonek arlo horretan egiten duten salaketa eta ikuskapen lana bideratzea.

h) Udalak baimena eman ondoren, merkataritza garatzeko eta sustatzeko hitzarmenak edo itunak formalizatzea.

i) Administrazio publikoei edo erakunde ofizialei dirulaguntzak eskatzea, betiere Informazio Batzordearen oniritziarekin.

j) Zizur Nagusiko Ogasun eta Garapen Ekonomikorako Zerbitzuak eta Informazio Batzordeak emandako beste edozein eskumen, merkataritza esparrukoak badira.

k) Merkataritzaren Kontseiluak talde eragile gisa jardunen du sustatzen diren kanpainetan.

l) Topaketa , parte-hartze eta kontsulta foro gisa jardutea.

m) Zizur Nagusiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreari udal babesa ematea.

n) Sektore horrek parte har dezala sustatzea, eta Zizur Nagusian diharduten saltokien, ostalaritza lokalen eta zerbitzuen artean parte hartzeko gune bat sortzea.

o) Merkataritza jarduera dinamizatzea, hala nola udalerrian sektorea –baita toki negozioetako kontsumoa bera ere– sustatzeko kanpainak eta ekintzak gauzatzea.

p) Helburu orokorraren barruan egoera jakin batzuei erantzuna emanen dieten neurriak eta proiektuak bultzatzea.

II. KAPITULUA

Lehendakaritza eta horren kideak

5. artikulua. Kontseiluaren osaera.

Honako kide hauek izanen ditu Kontseiluak:

a) Alkatea edo Alkatetzaren Ebazpen bidez izendatutako ordezko zinegotzia.

b) Udalbatzan ordezkaritza duten udal talde politikoek eta talderik gabeko zinegotziek izendatutako ordezkari bana.

c) Toki garapeneko teknikaria, zeinak Kontseiluko idazkariaren zereginak izanen baititu, eta, hala badagokio, aholkua emanen baitu, hitza izanik, baina bozkatzeko eskubiderik ez.

d) 9 kide, zeinak honetara banatuko baitira eta osaera paritarioa izan beharko baitute:

–Saltokia: 3 kide.

–Ostalaritza: 2 kide.

–Zerbitzuak: 3 kide.

Kontseiluaren bileretara joaten ahal dira, halaber, hitz egiteko eskubidearekin baina botorik gabe, kontseiluburuak gonbidatutako pertsonak, adituak eta eztabaidatuko diren gaiek ukitutako erakundeak, besteak beste.

Legegintzaldi bakoitzaren hasieran, kontseilukideak berrituko dira; zehazki, udalbatza berria eratu eta lehenengo sei hilabeteen barruan gauzatu beharko da berrikuntza hori.

Kontseiluak ahaleginak eginen ditu ordezkaritza eta osaera orekatua izateko, Zizur Nagusiko Udaleko emakume eta gizonen arteko berdintasunerako ordenantzan jasota dagoen moduan (170. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2019ko abuztuaren 29an).

6. artikulua. Kontseiluaren egitura.

Kontseiluak egitura hau izanen du:

a) Kontseiluburua: alkatea edo hark eskuordetutako zinegotzia.

b) Lehendakariordea: 8. artikuluaren arabera hautatutako pertsonak hartuko du kargu hori bere gain.

c) Idazkaria: Ogasun eta Garapen Ekonomikorako zerbitzuko funtzionario batek edo langile lan kontratudun batek hartuko du kargu hori bere gain.

d) Kideak: Merkataritzaren, Ostalaritzaren eta Zerbitzuen alorreko ordezkariak, baita Udalbatzan ordezkaritza duten udal talde politikoek eta talderik gabeko zinegotziek izendatutako ordezkariak ere.

e) Kontseiluaren Biltzarra, aurreko guztiak eta, hala badagokio, gonbidatuak bilduko dituena.

f) Lantaldeak eratzen ahalko dira gai zehatzetarako edo Kontseiluko Biltzarrak eskatzen duenean edo kontseiluburuak proposatzen duenean.

7. artikulua. Kideen izendapena.

Sektoreetako bakoitzak (merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak) hiru ordezkari titular eta hiru ordezko izendatuko du, kontseiluburuari igorritako idazki baten bidez.

Era berean jokatuko dute Udalbatzako talde politikoek beren ordezkariak eta horien ordezkoak izendatzeko.

8. artikulua. Kontseiluburua.

Kontseiluburua alkatea bera edo hark eskuordetutako zinegotzia izanen da, eta eskumen hauek izanen ditu:

a) Kontseiluaren bileren deialdia egitea, gai zerrenda ezartzea eta bilerak amaitutzat jotzea.

b) Kontseiluaren bileren buru izatea eta Kontseiluaren ordezkari gisa jardutea, beharrezkoa denean.

c) Kontseiluko bileretako eztabaidak zuzentzea eta moderatzea.

d) Kontseiluaren gainean ezarritako arauak aplikatzea.

e) Kontseilukideek aurkezten dituzten proposamenei erantzuna ematea.

9. artikulua. Lehendakariordetza.

Merkataritzaren Kontseiluko lehendakariordea Udalbatzan ordezkaritza duten udal talde politikoek eta talderik gabeko zinegotziek izendatutako ordezkarien artetik hautatuko da bozketa bidez. Bozka gehien lortzen duen hautagaia izanen da hautetsia. Kontseiluburuak eskuordetzen dizkion eskudantziak hartuko ditu bere gain, eta kontseiluburuaren ordez arituko da bururik ez dagoenean, bilkuretara joan ezin denean edo gaixo dagoenean.

10. artikulua. Idazkaritza.

Kontseiluko idazkaritza lanak Ogasun eta Garapen Ekonomikorako zerbitzuko teknikariek eginen dituzte.

Idazkaria arduratuko da bileretako akta egiteaz eta kontseiluburuari eta, oro har, Kontseiluari aholkularitza teknikoa emateaz. Gainera, Kontseiluaren bileretan onetsitako erabakiak jakinaraziko ditu, kontseiluburuak ikusi eta onetsi ondoren.

11. artikulua. Kontseilukideak.

a) Kide gisa parte hartzen ahalko dute Zizur Nagusiko udalerrian jendearentzat irekitako lokal bat duten negozio guztiek, baldin eta Ogasun eta Garapen Ekonomikorako Zerbitzuak horretarako sortutako Erregistroan inskribatuta badaude eta Zizur Nagusiko Udalarekin ordainketak eguneratuta badituzte.

b) Lehen aipatutako erregistroan inskribatutako negozio guztiak derrigortuta egonen dira merkataritza, ostalaritza edo zerbitzu gisa atxikitzera, Ogasuneko eta Ekonomia Garapeneko Zerbitzuaren jarraibideen arabera.

c) Inskribatutako negozioen multzoak osatuko du Merkatarien Biltzarra, eta urtean behin bildu beharko dute gutxienez, edo erregistratutakoen erdiak baino gehiagok eskatzen dutenean.

d) Erregistratutako negozioen artean, erregelamendu honetako 6.d) artikuluan aipaturiko 9 kideak aukeratuko dira, eta negozio bakoitzak dagokion sektoreko negozioei soilik ematen ahalko die botoa.

III. KAPITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

12. artikulua. Kideen eskubideak.

Merkataritzaren Kontseiluko kideek honako eskubide hauek dituzte:

a) Kontseiluaren Biltzarreko bilkuretara bertaratzea.

b) Kontseiluaren eta haren edozein organoren eta Informazio Batzordearen jarduerei buruzko informazioa jasotzea.

c) Kontseiluaren aktak eta dokumentazioa eskuratu ahal izatea.

d) Norbere erakundearen, elkartearen edo talde politikoaren ordezkari izatea eta haren interesen alde egitea.

e) Kontseiluan ekimenak eta proposamenak aurkeztea eta defendatzea. Proposamen horiek onetsi eta, beharrezkoa bada, Informazio Batzordeari helarazten ahal zaizkio.

f) Erregelamendu honen kontrakotzat jotako erabakiak aurkaratzea.

13. artikulua. Kideen eginkizunak.

Merkataritzaren Kontseiluko kideek honako eskubide hauek dituzte:

a) Kontseiluaren Biltzarreko bileretara bertaratzea.

b) Kontseiluaren funtzionamendu egokia eta sustapena bultzatzea.

c) Inolako kudeaketarik ez egitea Kontseiluaren izenean hark espresuki jakin eta baimendu gabe.

d) Kontseiluaren Biltzarrak harturiko erabakiak betetzea.

e) Kontseiluak bere jarduera gauzatzean bere gain hartzen dituen lan guztietan laguntzea.

f) Erregelamendu honetan xedatutakoa betetzea.

14. artikulua. Kide izateari uztea.

Inguruabar hauek direla-eta utziko zaio kontseilukide izateari:

a) Kargua borondatez uztea, Kontseiluburuari idatziz jakinarazita.

b) Erregelamendu honetako 14. artikuluan ezarritakoa ez betetzea, behin eta berriz eta nahita.

c) Ordezten duen negozioa edo taldea desegitea, baja hartzea edo antzeko inguruabarren bat.

d) Dagokion negozioaren edo taldearen ordezkariak kargua uztea.

e) Jarrera desegokia izatea, baldin eta Kontseiluaren izen onari kalte egien badio edo larri erasaten badie Kontseiluak antolatzen dituen jarduerei edo kontseilukideen arteko bizikidetza normalari.

f) Kontseiluaren bilkuretara ez joatea justifikaziorik gabe, bi aldiz jarraian edo hiru aldiz jarraian izan gabe.

g) Kontseilutik kanporatzeko erabakia –betiere b) eta e) letretan aurreikusitako kausei jarraikiz– Kontseiluaren Biltzarrak hartuko du. Kontseiluburuak bakarrik proposatzen ahalko du kide bat kanporatzea, eta hala erabakiz gero kide horrek ezin izanen du Kontseiluan parte hartu aurreko akordioa jakinarazi eta gutxienez urtebete iragan arte.

IV. KAPITULUA

Kontseiluaren Biltzarraren funtzionamendua

15. artikulua. Biltzarra eratzeko bilkura eta ohiko bilkurak.

Merkataritzaren Kontseiluaren Biltzarra formalki eratuko da Erregelamendu honen indarraldia hasi eta hurrengo hiru hilabeteetan. Lehen bilkura horretan ohiko bilkuren egutegia onetsiko da, gutxienez hilean ohiko bilkura bat ezarrita. Ondoren, urtero antolatuko du Biltzarrak bileren egutegia, lehen aipatutako maiztasunari jarraikiz.

Kontseilua eratu aurretik, beharrezkoa bada, Udalak bilera eginen du negozio guztiekin, jarraitu beharreko prozeduraren berri emateko.

16. artikulua. Ezohiko bilkurak.

Landu beharreko gai bereziren bat dagoenean, ezohiko bilera egiten ahal da, kontseiluburuak edo kontseilukideen heren batek eskatuta.

Azken kasu horretan, ezohiko bilkura eginen da eskaera egin eta hamabost egun naturalera, beranduenez ere.

17. artikulua. Deialdia.

1. Kontseiluaren biltzarra egin aurretik, ohiko bilkuretan deialdia igorriko zaie kideei bitarteko elektronikoen bidez, bilera egin baino 72 ordu lehenago, gutxienez. Kontseiluburuak ezarritako gai zerrenda eta bilkuraren lekua eta ordua adieraziko dira deialdian. Kideek deialdia hartu izanaren agiria igorri beharko dute.

2. Ezohiko bilkuretarako deialdia bilera baino 24 ordu lehenago egin beharko da, gutxienez.

18. artikulua. Bertaratze quoruma.

Bilkurak egin ahal izateko, kideen gehiengoak bertaratu beharko du, gutxienez, lehen deialdian, eta heren batek bigarrenean, Kontseiluburuaz eta idazkariaz gainera. Bigarren deialdia lehen deialdia eta ordu erdi beranduago izanen da.

19. artikulua. Gai zerrenda.

Kontseiluburuak finkatuko du gai zerrenda. Gai zerrendako gaiak baino ez dira landuko, premiazko kasu arrazoituetan izan ezik. Premia hori badela berretsi beharko dute kontseilukideek gehiengo osoz.

20. artikulua. Bilkuraren aktak.

Kontseiluko Biltzarraren bilkura guztien akta eginen du Kontseiluko idazkariak. Akta publikoa izanen da eta kontseilukide guztiei igorriko zaie.

Honako hauek jasoko dira aktan: bilkuraren eguna, ordua eta lekua, bertaratu direnen izenak eta hartutako erabakien edukia. Aktak bilera bakoitzaren amaieran onartuko dira.

Aktak erregistro liburu bati erantsiko zaizkio.

21. artikulua. Bozketak.

1. Bozketak, oro har, eskua altxatuta eginen dira, salbu eta kontseilukokide bat bozketa sekretua egiteko eskatzen badu. Kasu horretan, boto paper bidez eginen dira.

2. Botoa aldekoa, aurkakoa edo abstentzioa izan ahalko da. Bozketako emaitzak zenbatzeari dagokionez, bileran egonik ere bozketan parte hartzen ez duten pertsonak eta gai baten eztabaida hasi ondoren bileratik joan direnak abstenitu egin direla joko da.

22. artikulua. Erabakiak.

Erabakiak gehiengo sinplez hatuko dira, hots, aldeko botoak aurkakoak baino gehiago izan behar dira. Berdinketa izanez gero beste bozketa bat eginen da eta, berdinduta jarraituz gero, buruaren kalitatezko botoak erabakiko du.

Gairen bat informazio batzorde batek aztertu edo funtsatu behar badu edo horrelako batzorde baten irizpena behar bada, ahal bezain laster jakinaraziko zaio batzordeburuari edo, halakorik ez badago, alkateari. Batzordeak onartu ondoren, ohiko administrazio prozedurari jarraituko dio, eta Ogasuneko eta Garapen Ekonomikorako Zerbitzuak prozedura hori betetzen dela zainduko du.

V. KAPITULUA

Lantaldeak

23. artikulua. Xedea eta sortzeko era.

Kontseiluak proposatuta, merkataritzarekin lotutako gai zehatzak modu eraginkorragoan lantzeko lantaldeak sortzen ahal dira (adibidez, negozio jakinei buruzkoak –merkataritza, ostalaritza edo zerbitzuak– kanpaina jakinei buruzkoak –hala nola Gabonetakoa eta udakoa–, etab.). Lantalde horiek eginiko azterlanak Kontseiluari, Ogasuneko eta Ekonomiaren Garapeneko Informazio Batzordeari eta/edo gobernu organo eskudunari aurkezten ahal zaizkio. Gobernu organoak, Informazio Batzordeak aldeko irizpena eman ondoren, horiek berresten baditu, Ogasuneko eta Garapen Ekonomikorako Zerbitzua arduratuko da horiek betetzen direla bermatzeaz.

24. artikulua. Lantaldeetan parte hartzea.

Lantaldeetan parte hartu ahal izanen dute, Lehendakaritzari aldez aurretik eskatuta eta Kontseiluaren oniritziarekin, Kontseiluaren jardun esparruan kaudimen eta interes aitortua duten pertsona eta erakundeek. Gainera, udaleko edo kontratatutako teknikarien aholkularitza jaso ahalko dute, betiere Batzordeak onetsi badu.

VI. KAPITULUA

Memoria eta ebaluazioa

25. artikulua. Memoria.

Urtero, epe horretan egindako jarduketei buruzko txosten/memoria bat eztabaidatu eta onetsiko da kontseilu sektorial bakoitzean, eta hobetzeko zer egin proposatuko da. Txosten hori Udalean aurkeztuko da, eta batzordeetan edo dagokion gobernu eta erabaki organoetan eztabaidatuko da horri buruz.

26. artikulua. Ebaluazioa.

Etengabeko ebaluazioa sustatuko da. Urteko bilera batean, gutxienez, Kontseiluaren funtzionamendua, erabilgarritasuna, parte-hartzea eta jarduera ebaluatuko dira.

Metodologia bat diseinatuko da kontseilu sektorialaren beraren funtzionamendua eta Zizur Nagusiko Udalak kontseilu horren erabakien azken onespena egiteko modua ebaluatzeko. Metodologia hori Ogasuneko eta Garapen Ekonomikorako Zerbitzuak eginen du, behar duen aholkularitzarekin, eta Batzordeak eta Kontseiluak berak onetsiko dute.

Ebaluazioa negatiboa bada, egoera oneratzeko bideak sortuko dira. Ebaluazioak negatiboa izaten jarraitzen badu, Merkataritzaren Kontseilu Sektorialaren kideek, gehiengo osoz, Kontseilua desegiteko prozesua abiarazten ahalko dute.

VII. KAPITULUA

Estatutuak aldatzea eta/edo desegitea

27. artikulua. Erregelamendua aldatzea eta/edo Kontseilua desegitea.

Kontseilua desegin ahalko da, edo Erregelamendua aldatu, osoko bilkurak onetsita bakarrik, Kontseiluak berak eskatu ondoren eta, edonola ere, azken horri entzun ondoren.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek ez du ondorio juridikorik izanen, harik eta oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira.

Iragarkiaren kodea: L2102357