47. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

57E/2021 EBAZPENA, otsailaren 10ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdi honen gastua baimendu eta deialdiaren oinarri arautzaileak aldatzen baitira: “S3 lehentasunezko arlo ekonomikoetan 30 urtetik beherako gazteak kontratatzeko dirulaguntzak”.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko, horien oinarri arautzaileak 2021. urtea baino lehen onetsita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik bidezkoa da behar den gastua baimentzea espezializazio adimentsuaren estrategian finkatutako lehentasunezko arlo ekonomikoko enpresetan, 2021. urtean, 30 urtetik beherako langabeen kontratazioak sustatzeko dirulaguntzetarako.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 4ko 2188/2017 Ebazpenaren bidez, dirulaguntza batzuk arautu ziren 30 urtetik beherako langabeen kontratazioa sustatzeko asmoz espezializazio adimentsuaren estrategian finkatutako lehentasunezko arlo ekonomikoko enpresetan.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2021eko Gastuen Aurrekontuaren kargura, 970.00 euroko gastua baimentzea espezializazio adimentsuaren estrategian finkatutako lehentasunezko arlo ekonomikoko enpresetan 30 urtetik beherako langabeen kontratazioa sustatzeko dirulaguntzetarako; hain zuzen, partida honen kargura: “Suspertu Plana. Enpresek gazteak kontratatzeko pizgarriak. Konferentzia Sektoriala” izeneko 950001 96100 4709 241205 partida. Dirulaguntza horiek Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 4ko 2188/2017 Ebazpenaren bidez arautu ziren (Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko 547674 zenbakia).

2. Aurreko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2021eko ekitaldiko aurrekontuaren kargura erantzutea.

3. 160.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, eraginkortasuna izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea eskaerak aurkezteko, ez berriz hastea ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.

4. Deialdiko 12.12.2.c) oinarri arautzailea aldatzea. Honela geldituko da:

12.2.c) Urteko gutxieneko lansari gordina (aparteko pagak barne) kontratuan agertuko da, eta ez da legez ezarritako lanbide arteko gutxieneko soldata halako 1,75 baino txikiagoa izanen.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2021eko otsailaren 10ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2102231