39. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

45E/2021 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez baimentzen baita deialdi honen gastua: “Dirulaguntzak ekonomia sozialeko enpresa eredua sustatzeko, bazkide berriak sar daitezen lagunduz”.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko,horien oinarri arautzaileak 2021. urtea baino lehen onetsi badira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Hortaz, bidezkoa da 2021. urterako behar den gastua baimentzea bazkide-langile berriak sar daitezen lagunduz eta enpresak ekonomia sozialeko enpresak bihurtuz enplegua sustatzeko dirulaguntzetarako.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 15eko 140E/2019 Ebazpenaren bidez, dirulaguntzen deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onetsi ziren ekonomia sozialeko enpresa eredua sustatzeko, epe mugagabe baterako bazkide-langile berriak sar daitezen lagunduz eta enpresak ekonomia sozialeko enpresak bihurtuz.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2021eko gastu aurrekontuaren kargura baimentzea dirulaguntza-deialdi honen gastua: ekonomia sozialeko enpresa eredua sustatzeko dirulaguntzak, bazkide-langile berriak epe mugagaberako sar daitezen eta enpresak ekonomia sozialeko enpresak bihurtzea lagunduz. Dirulaguntza horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 15eko 140E/2019 Ebazpenaren bidez arautu ziren (547559 zenbakia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean). Zehazki, 300.000 euroko gastua baimentzen da, eta 2021eko gastu aurrekontuko “Suspertu Plana. Enpresaburuen ondorengotzarako laguntzak ekonomia sozialeko enpresetan” izeneko 950001 96100 7709 241202 partidaren kargura ordainduko dira.

2. Aurreko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2021eko ekitaldiko aurrekontuaren kargura erantzutea.

3. 60.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, eraginkortasuna izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez berriz hastea ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuaren aurrean aldez aurretiko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epeetan.

Iruñean, 2021eko otsailaren 5ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2102053