39. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

4E/2021 EBAZPENA, otsailaren 2koa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Nafarroako toki entitateei (udalak eta kontzejuak) dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena, 0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxeetan obrak egiteko. DDBN identifikazioa: 537020.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra, oro har, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezarri zen. Lege horren xedea zen prozeduraren kontrol eta gardentasun handiagoa lortzea, publizitate, lehiakortasun eta objektibotasun printzipioak betez.

Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorretan, 410001-41810-7609-325106 partida sartu da, “Obrak berriz martxan jartzeko plana, 0-3 urtekoen udal jabetzako ikastetxeetan” izenekoa. Partida hori, dirulaguntzaren prozedura erabiliz, arlo horretako inbertsio proiektuak finantzatzeko da. Partidak 250.000 euroko aurrekontua du.

Toki entitateek aukera izan dezaten 0tik 3 urtera bitartekoen Haur Hezkuntzako ikastetxe publikoak eraiki, handitu eta egokitzeko laguntzak eskuratzeko, nahitaezkoa da ebazpen bat ematea, 2021erako aurrekontuan aurreikusi diren dirulaguntzen deialdia onetsi eta laguntzak banatzeko oinarriak ezar daitezen.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 91/2019 Foru Dekretuaren artikulu bakarraren 4. puntuak ezarritakoarekin bat etorriz, eta Hezkuntza Departamentuko egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren 44. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateentzako (udalak eta kontzejuak) dirulaguntzen deialdia onestea, obrak egin ditzaten 0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxeetan. Deialdia honako honen kargura finantzatuko da: 2021eko aurrekontuko “Obrak berriz martxan jartzeko plana, 0-3 urtekoen udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325106 partida. Gehienez, 250.000 euro.

2. Deialdi berri honen oinarri arautzaileak onestea, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa betez.

3. Ebazpen hau igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, 0-3 urteko Zikloaren eta Landa Eskolen Atalera, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Obren Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5. Ebazpen honen kontra administrazio publiko interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2021eko otsailaren 2an.–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko udalentzako dirulaguntzak arautzeko oinarriak. Dirulaguntzen xedea da 0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxe berriak eraikitzeko obrak, handitzeko obrak eta berritzeko inbertsioak eta obra txikiak egitea

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xedatutakoa betez, laguntzen gaineko arauak ezartzen ditu oinarri hauen bitartez:

OINARRIAK

1. Helburua.

0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxeetan honako obra hauek finantzatzeko erabiliko dira oinarri hauetan aipatutako dirulaguntzak. Ikastetxeak berriak edo aurretik sortuak izanen dira, martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuari jarraikiz (haren bidez arautu zen Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa):

–0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxe berriak eraikitzeko obrak, eskola berriak sortzeari begira, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuarekin bat.

–Jada sortuta dauden ikastetxeak handitzeko obrak, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuarekin bat.

–Berritzeko obrak kanpoko eta barneko eremuetan, erabiltzaileen segurtasunean eragina dutenak, 0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxeetan. Beharra egoki arrazoituko da.

Atal honetan sartzen dira, besteak beste, irisgarritasuna hobetzen duten obrak eta erabiltzeko segurtasuna nahiz osasungarritasun-baldintzak bermatzen dituzten neurriak.

–Berritzeko obrak kanpoko (patioak) eta barneko eremuetan, ikastetxearen funtzionamendua hobetzea bermatuko dutenak, eta erabiltzaileen ongizatean zuzenean eragina izanen dutenak.

Atal honetan sartzen dira, besteak beste, ikuspena hobetzeko berritze lanak, espazioak komunikatzekoak, patioetan pergolak edo estalpeak ezartzea eguzkitik eta euritik babesteko, etab.

–Babes pasiboko edo aktiboko sistemak ezartzeko inbertsioak, eraikinen efizientzia energetiko handiagoa lortzera bideratuak.

Atal honetan sartzen dira, besteak beste, eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeko berritze lanak, hala nola isolamendu termikoak, eguzkitik babesteko kanpoko sistemak eta abar hobetzea.

–Inbertsioak barneko eremuetan, jada sortuta dauden ikastetxeetan instalazioak berritzeko, beharrezkotzat jotzen badira ikastetxearen funtzionamendu egokirako edo hura hobetzeko.

Atal honetan sartzen dira eraikinaren instalazioekin lotutako berritze lanak. Atal honetatik kanpo gelditzen dira mantentze-lanak.

Diruz lagundu beharreko obra guztiek Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak ezartzen dituen baldintzak bete beharko dituzte.

2. Onuradunak.

Dirulaguntza hauek eraikin horien titular diren toki entitateek (udalak edo kontzejuak) eska ditzakete.

3. Dirulaguntzen portzentajea eta gehieneko zenbatekoak.

Diruz lagunduko den obra motaren araberakoa izanen da ikastetxe bakoitzeko gehienez emanen den dirulaguntza:

–0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxe berriak eraikitzeko obrak, 100.000 euro gehienez.

–Jada sortutako ikastetxeak handitzeko obrak, 75.000 euro gehienez.

–Kanpoko eta barneko eremuak berritzeko obrak, eta inbertsioak kanpoko eta barneko eremuetan, jada sortuta dauden ikastetxeetan instalazioak berritzeko, gehienez ere 50.000 euro.

Ikastetxe bakoitzeko portzentaje diruz lagungarriak ez du gaindituko eraikitzeko eta urbanizatzeko inbertsioaren kostuaren %65, barnean direla obrako proiektuen eta zuzendaritzen zerbitzu-sariak.

Pirinioen Garapenerako Plan Estrategikoari lotuta dauden toki entitateek inbertsioaren %95 arteko dirulaguntza eskuratzen ahalko dute.

Aurrekontu-kontsignazioa izanen da dirulaguntzetarako muga.

Dirulaguntzaren xedeko inbertsioen gaineko kostu-gehikuntzak toki entitate onuradunak hartuko ditu bere gain.

Obren azken kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murrizketaren arabera gutxituko da.

4. Helburua eta epeak.

Eranskin honen 1. oinarrian (Helburua) azaldutako obrak egitea aurreikusten duten jarduketak izanen dira diruz lagungarriak.

Dagokion obra edo obraren fasea 2021eko ekitaldi ekonomikoan hasi eta gauzatu beharko da.

2021eko azaroaren 1a baino lehen burutu behar dira obrak, eta gastuen ziurtagiriak aurkeztu.

Esku-hartzearekin zuzenean lotutako elementu edo lanen kostua izanen da soilik diruz lagungarria. Proiektua eta obren zuzendaritza gauzatzeko aholkularitza teknikoaren ordainsariek dirulaguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira. Instalazioen eguneroko mantentze eta konponketa lanei dagozkien ohiko gastuak ez dira deialdi honen xede.

Deialdi honen ondorioetarako balio erantsiaren gaineko zerga bai da gastu diruz lagungarria, Udalak konpentsatu edo berreskuratu ezin duen kasuetan.

Ez da diruz lagunduko beste urte batzuetan helburu bererako diruz lagundutako jarduerarik.

Ez da dirulaguntza honen xede izanen ekipamendua erostea, ezta eraikina eta bertako instalazioak mantentzeko obrak ere.

Ez dira diruz lagungarriak izanen patioko ekipamendua (kanpoko altzariak; adibidez, jostatzeko elementuak), ezta behin-behineko elementuen instalazioa ere.

Hezkuntza Departamentuko teknikariek gainbegiratu beharko dituzte proiektuak.

Deialdi honetan emandako dirulaguntzen gastuaren frogagiriak 2021eko azaroaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Jarduketek beste administrazio edo entitate batzuen dirulaguntza jaso badute, edo jaso dezaketela aurreikusten bada, eskabidean horren berri eman beharko da, eta jasotako diru kopurua edo jasotzeko dutena jakinarazi. Halaber, diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri eman beharko dute, egoera hori jakin bezain laster eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

5. Dirulaguntzak emateko eskaeren aurkezpena, epea eta ekarri beharreko agiriak.

Eskaerak aurkezteko epea 40 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Toki entitateen legezko ordezkariek aurkeztu behar dituzte eskaerak. Toki entitate bakoitzak eskabide bakarra aurkezten ahalko du.

Jarduketa bakoitzeko eskera bat aurkeztuko da, 6. oinarrian aipatzen diren esku-hartzeekin bat etorriz.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es/eu/) Tramiteen katalogoko fitxa erabiliz. Tramitazio elektronikoa nahitaezkoa da prozeduraren fase guztietan.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere.

Dirulaguntzak eskatzeko aurkezten diren eskaerak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio. Eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:

1. Proiektu teknikoaren, memoria baloratuaren edo eskatutako dirulaguntzaren xede diren obren aurrekontuaren ale bat, aurrekontua partidaka xehatuta eta, egoerak hala eskatuz gero, baita lansari teknikoen aurrekontua ere.

Eskaera arrazoitu eginen da, obra egiteko arrazoiak eta dirulaguntzaren xede diren konponbideak adierazita.

Hartan sartuko dira gaur egungo egoeraren planoak eta berritze proposamenarenak, eta zer elementutan esku hartuko den, horien egungo egoeraren argazkiak.

Diruz lagungarria den jarduketa bat baino gehiago eskatuz gero, proiektu, memoria edo aurrekontu independenteak aurkeztuko dira, eskaera independenteetan.

2. Obra exekutatzeko konpromisoari buruzko udal erabakia, diruz laguntzeko eskatu den inbertsioaren zenbateko osoa eta oinarri hauek betetzen direla adierazita. Adieraziko da ezen azpiegiturak sortu edo egokitzeari buruz aurrerantzean eginen diren jarduketek bete beharko dituztela Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak ezartzen dituen baldintzak.

3. Udalaren idazkaritzaren ziurtagiria, non adieraziko baita eskatutako dirulaguntza jasoz gero, konpromisoa hartzen dela udaleko edo kontzejuko aurrekontuetan aski zuzkidura ekonomikoa egonen dela diruz lagundu den obraren kostu osoari aurre egiteko.

4. Kasua bada, Udaleko Idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena Udalak ezin dituela berreskuratu edo konpentsatu eskatutako dirulaguntzari dagozkion zeharkako zerga ordainduak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.

5. Adierazpena honako hauei buruzkoa (I. eranskineko ereduaren arabera):

a. Deialdi honen helburua finantzatzeko eskatu edo lortutako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, adierazita eskatutako, jasotako edo jasotzekoak diren zenbatekoak.

b. 2021eko urtarrilaren 1ean ikastetxean matrikulatutako haurren kopurua.

6. Lurren jabetzari buruzko frogagiria (soilik finantzaketa eskaera 0tik 3ra bitartekoen ikastetxe berri bat eraikitzeko edo egun dagoen ikastetxe bat handitzeko bada) edo 0tik 3ra bitartekoen ikastetxeak dauden eraikinen jabetzari buruzko frogagiria.

7. Erakunde eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jo dezakeen beste edozein dokumentazio, baldin eta oinarri arautzaileetan adierazi diren lehentasun edo irizpideekin lotuta badago.

Eskaerak adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

Bai proiektuek bai obrek indarra duen araudiari jarraituko diote, eta Hezkuntza Departamentuko teknikarien jarraibideak betez egin beharko dira.

Laguntza jasotzen duen toki entitateak deialdi honetan ezarritako xederako erabili beharko du dirulaguntza, eta kalkulatutako obraren zatia egin eta gastua justifikatuko du ezarritako epeetan; halaber, aipatu xederako mantendu beharko du azpiegitura, haren bizitza baliagarriak iraun bitartean.

6. Lehentasun-ordena.

Deialdia lehentasun-ordena honi jarraituz ebatziko da:

–Lehenik: 0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxe berriak eraikitzeko obrak, eskola berriak sortzeari begira, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuarekin bat.

–Bigarrenik: jada sortuta dauden ikastetxeak handitzeko obrak, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuarekin bat.

–Hirugarrenik: berritzeko obrak (kanpoko eta barneko eremuak), erabiltzaileen segurtasunean eragin zuzena dutenak, 0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxeetan.

–Laugarrenik: berritzeko obrak kanpoko (patioak) eta barneko eremuetan, ikastetxearen funtzionamendua hobetuko dela bermatuko dutenak, eta erabiltzaileen ongizatean eragin zuzena izanen dutenak.

–Bosgarrenik: eraikinen babes pasiboko edo aktiboko sistemak ezartzeko inbertsioak, beren efizientzia energetiko handiagoa lortzera bideratuak.

–Seigarrenik: inbertsioak barneko eremuetan, jada sortuta dauden ikastetxeetan instalazioak berritzeko, ikastetxearen funtzionamendu egokirako edo hura hobetzeko beharrezkotzat jotzen badira.

Aurrekontuko kreditua nahikoa ez bada lehentasun-ordenan (1.tik 6.era) ezarritako taldeetako bateko onuradun guztiei erantzuteko, ordena kronologikoa jarraikiz erantzunen zaie, haur eskolaren sorrera-dataren arabera (zeina jasota baitago haur eskola sortzeko hitzarmenean), aurrekontuko diru erabilgarria agortu arte (datu hau ematea ez da beharrezkoa, Hezkuntza Departamentuak badaukalako).

Lehentasun-ordena bereko bi eskaera badaude, ikastetxea sortzeko hitzarmenari begiratuko zaio, eta zaharrena lehenetsiko da. Egun berekoak badira, 2021eko urtarrilaren 1ean matrikulatutako haur kopuru handiena duten eskolak lehenetsiko dira.

6. oinarrian ezartzen den bezala, hainbat dirulaguntza eska daitezke, esku-hartze moten arabera, eta, kasu horretan, eskaera, proiektu, memoria baloratu edo aurrekontu independenteak aurkeztuko dira.

Toki entitateek kasuan kasuko dirulaguntza eskatuko dute, 2021ean gauzatzen ahal duten obra kantitatearen arabera, betiere gastua aurkezteko azken eguna baino lehen.

7. Ebaluazio Batzordea.

Aurkeztuko diren eskaerak aztertu behar dituen batzordeak kide hauek izanen ditu: Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu lana eginen duena, Obren Ataleko burua, eta Hezkuntza Departamentuko Obren Ataleko teknikari bat.

8. Deialdiaren ebazpena.

Deialdia norgehiagokako araubidearen bidez ebatziko da, “Lehentasun-ordena” 6. oinarrian ezarritako taldeen arabera eta aurrekontu-kontsignazioa agortu arte.

Laguntzak eman eta jakinarazi ondoren, uko egiten bazaie edo frogatutako gastuaren zenbatekoa diruz lagundutako inbertsioa baino txikiagoa bada, soberakina azken onuradunari onetsitako eskaerarako izanen da lehenik, baldin eta behar adinako kreditua egotera legokiokeena baino laguntza txikiagoa esleitu bazaio.

Bigarrenik, erreserban dauden onuradunen eskaerak erantzunen dira, 6. oinarrian ezarritako lehentasun-ordenarekin bat. Kasu horretan, beharrezkoa da eskaera onetsita duten udal guztiek (erreserban daudenek barne) aurkeztea obren amaiera justifikatzen duen dokumentazioa, egindako gastuaren frogagiriak eta 9. oinarrian (“Dirulaguntzen ordainketa”) ezarritako gainerako dokumentazioa, 2021eko azaroaren 1a baino lehen.

Dirulaguntza toki entitate eskatzaile guztiei eman eta esleitu gabeko diru soberakinik badago, zenbateko lagungarriak handitzen ahalko dira, interesdunen artean hasiera batean emandako kopuruaren proportzioan, eta aurrekontuko dirua agortu arte.

Dirulaguntzak ematea eta eskaerak ezestea Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak ebatziko du, aurrez Ebaluazio Batzordeak proposaturik. Ebazpen hori eskaerak aurkezteko adierazi den epea bukatu eta hurrengo bi hilabetean emanen du. Emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian argitaratuko dira (www.nafarroa.es/eu/), adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

9. Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntza hauen ordainketa 2021eko aurrekontuko “Obrak berriz martxan jartzeko plana, 0-3 urtekoen udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325106 partidaren kargura eginen da, obrak bukatu ondoko ordainketa bakarraren bidez.

Ematen diren kopuru horiek guztiak jasotzeko nahitaezkoa izanen da obrak bukatu eta frogagiriak aurkeztea 2021eko azaroaren 1a baino lehen.

Dirulaguntza ordaintzeko aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:

1. Egindako esku-hartzearen faktura edo fakturak eta obra-ziurtagiriak (obraren tamainak eskatzen badu), zuzendaritza fakultatiboak (halakorik bada) eta enpresa adjudikaziodunak izenpetua.

2. Egindako ordainketaren frogagiria.

3. Esku-hartzearen argazkiak, jarduketa egin baino lehen, eta jarduketa egin eta gero.

4. Udalaren idazkaritzaren ziurtagiria, eduki honekin:

a. Obrak funts berekien bidez (edo bestelako dirulaguntzen edo baliabideen bidez) finantzatu direla dioena, non agertuko baitira zenbatekoak eta funtsen jatorria eta nola aplikatu diren, eta hala badagokio, horien bateragarritasunari buruz eta kostua edo baimendutako gehieneko intentsitatea ez gainditzeari buruzko ondorioa. (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 eta 27.4 artikuluak).

b. Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak bete direla, obra gauzatzeagatik izandako gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada, edo emandako aholkularitza 12.000 eurotik gorakoa bada (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.ñ eta 28.3 artikuluak).

c. Obren amaiera, edo bestela, diruz lagundu den zatiaren amaiera, aurreikusita zegoena. Halaber, eransten ahalko da obra amaierako akta, zuzendaritza fakultatiboak –halakorik badago–, jabeak (udala edo kontzejua) eta enpresa adjudikaziodunak sinatuak.

5. Adierazpena hauei buruz (II. eranskineko ereduaren arabera):

a. Onuradunak azpikontratazioa egin duen edo ez, deialdiaren 10.1 oinarriaren 1. puntuaren arabera, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluak ezartzen duenarekin bat.

b. Publizitate betebeharrak bete izana, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta deialdi honen 10. oinarriko 1. puntuan ezarritakoaren arabera.

c. Gardentasun betebeharra betetzea, 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez; jasoko da Interneteko zer helbidetan argitaratu den emandako dirulaguntzari dagokion dokumentazioa.

10. Onuradunek bete beharrekoak.

10.1. Obrak gauzatzea.

Obren finantzaketaren publizitatea eginen da, obretan publizitate kartela jarrita, finantziazioa publikoa dela adierazteko.

Entitate onuradunek dirulaguntzaren xede diren obrak osorik egiteko azpikontratazioa egin dezakete hirugarrenekin. Nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

Dirulaguntzaren xedeko inbertsioen gaineko kostu-gehikuntzak toki entitate onuradunak hartuko ditu bere gain.

Obren azken kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murrizketaren arabera gutxituko da.

Oinarrietan xedatuta ez dagoen guztirako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio eta, onuradunaren betebeharrei dagokienez, haren 9. artikuluan xedatutakoari.

10.2. Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren entitateek, baldin eta gardentasun betebeharra konplitu behar badute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikulua aplikatu beharrez, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak konplitu beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

11. Bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunek beste administrazio, entitate eta erakunde (publiko edo pribatu) batzuen dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte, edonolakoak eta helburu edo xede berekoak izanik ere, haiek proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute, BEZa sartu gabe.

Deialdi honen kargura jasotako ekarpena, beste erakunde publiko edo pribatuetatik datozen laguntzei gehituta, inbertsioaren kostu osoa baino handiagoa bada, lehenbizikoa murriztuko da, kostu horrekin bat etorri arte.

12. Ikuskatzeko bisita.

Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikariek bidezkotzat jotzen dituzten ikuskapen guztiak egin ditzakete hala obra horiek egiten ari direnean nola bukatu ondoren. Dirulaguntzen onuradun diren toki entitateak beharturik daude obretan sartzen uztera eta obrei buruz eskatzen zaizkien agiriak ematera.

13. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezartzen dena ez betetzea.

Datuen faltsukeria frogatuak, datuak ezkutatzeak edo dirulaguntzaren helburua aldatzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan ezarri diren zehapenak ekar ditzake.

Formazko alderdiak bete ezean, baliteke dirulaguntzaren zati bat itzuli behar izatea. Funtsezko alderdiak bete ezean, berriz, baliteke dirulaguntza osorik itzuli behar izatea, hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatuta dagoenaren arabera.

Oinarrietan xedatuta ez dagoen guztirako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio eta, onuradunaren betebeharrei dagokienez, haren 9. artikuluan xedatutakoari.

I. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua, eskaerarekin batera aurkeztekoa –0 eta 3 urte arteko ikastetxea– (PDFa).

II. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua, dirulaguntza ordaintzeko aurkeztekoa –0 eta 3 urte arteko ikastetxea– (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2101692