29. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABLITAS

Bideozaintza kamerak ezartzeko baimena

Alkatetzaren 21. Ebazpena argitara ematen da, 2021eko urtarrilaren 21ekoa.

Aurrekariak:

Ablitasen ibilgailuen trafiko handia dago. Udalaren aburuz, ibilgailu asko eta ziztuan ibiltzen direnez herriko kaleetan, eta kaleak batzuk estuak izaki, ohiko moduak ez dira nahikoak trafikoa arautzeko eta kontrolatzeko, eta komeni da laguntza teknologikoa gehitzea, trafikoa zaintzeko, kontrolatzeko eta arautzeko, eginkizun horiek bere esku baititu alkateak. Horregatik, Ablitasko Udalak erabaki du bideokameren instalazioa eta erabilera gehitzea bere eskumenekoa den zerbitzuari, bide segurtasuna zaintzeko eta trafikoa kontrolatzeko.

Inguruabar juridikoak:

Lehenbizikoa.–Abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez (lege organiko horrek arautzen du Segurtasun Indar eta Gorputzek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea): “Trafikoa arautzeko agintaritza arduradunak gauzatuko du trafikoa kontrolatu, erregulatu, zaindu eta arautzeko bideokameren instalazioa eta erabilera, bai eta irudiak jaso eta erreproduzitzeko beste edozein bitartekoren instalazioa eta erabilera ere, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusitako xedeekin (legegintzako errege dekretu horren bitartez onetsi zen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina), eta, orobat, harekin bat heldu den berariazko araudian aurreikusitako xedeekin, eta kontuan hartuz urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoa (horren bidez arautzen da Datu pertsonalen tratamendu automatizatua, gaur egun LOPD) eta maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoa (lege organiko horrek hizpide du ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari), betiere Lege honetan aurreikusitako erabilera irizpideei jarraituz”.

Bigarrena.–Bestalde, honako hau ezartzen du apirilaren 16ko 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak, trafikoa zaindu, kontrolatu eta arautzeko bideokamerei aplikatzekoa zaien araubideari buruz (aipatutako errege dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendua abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoa garatzeko eta betearazteko, eta 4/1997 Lege Organiko horrek arautzen du Segurtasun Indar eta Gorputzek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea): –4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz eta xedapen honetan ezarritakoari jarraikiz instalatuko eta erabiliko dira irudiak jasotzeko eta erreproduzitzeko bideokamerak eta beste edozein baliabide, eremu publikoetan trafikoa kontrolatzeko, erregulatzeko, zaintzeko eta arautzeko.–Trafikoa arautzeko eskumena duten administrazio publikoei dagokie baimentzea aurreko apartatuan aipatutako gailuen instalazioa eta erabilera. Irudiak jaso eta erreproduzitzeko gailu finkoen instalazioa eta erabilera aginduko dituen ebazpenak generikoki identifikatuko ditu honako hauek: eremu publikoak edo bide tarteak, iruditan jaso daitezkeenak; grabaketen edo lortutako erregistroen eskuragarritasuna, konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatuko dituzten neurriak; bai eta haien zainketaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz arduratuko den organoa ere. Ebazpenaren indarraldia mugagabea izanen da, haren oinarri diren inguruabarrak aldatzen ez diren bitartean.

Hirugarrena.–Ezarri nahi den sistemak hartu, grabatu eta erreproduzitu ditzake identifikaturik dauden edo identifikatzen ahal diren pertsona fisikoen irudiak; hortaz, tratamendu horiek aplikatuko dira honako arau hauen arabera: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez arautu baitzen pertsona fisikoen babesa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi baitzen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, zeinak hizpide baititu datu pertsonalen babesa eta eskubide digitalen bermea.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Baimentzea irudiak erreproduzitzen ahal dituzten bideokamerak ezartzea eta erabiltzea, trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko, betiere 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak ezartzen dituen baldintza zorrotzak betez.

Kokaguneak:

–Kale Nagusia (Udaletxearen aldea).

–Diezma kalea, Ibaiaren kalearen eta Tuterako errepidearen gurutzea, Foruen plazako sarbide aldean (tabernen aldea).

–Foruen plaza.

–Sarasate pasealekua (gazteen zentroaren aldea).

–Tuterako errepidearen eta Cascanteko bide zaharraren arteko gurutzea, Eskolen kalea eta Bakearen kalea (etxabearen aldea).

Bigarrena.–Datuen babesa.

Informazioa jasotzeko eskubidea. Udalak kartelak jarriko ditu ikusgai, adierazteko badela bideozaintza sistema, trafikoa kontrolatzeko helburuarekin.

Interesdunek informazio zabalagoa izanen dute eskuragarri udal bulegoetan, kamerak instalatzearen ondoriozko irudien tratamenduari dagokionez, baita egoitza elektronikoko gardentasun atarian ere: https://ablitas.sedelectronica.es/transparency/7316c7db-e411-4199-9918-d4aeab9116f6/.

Tratamenduaren jardueren erregistroa. Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Ablitasko Udalak bere erregistroan jasoko du trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko bideozaintzari dagokion tratamenduaren jarduera.

Tratamendu jardueren erregistroa udal webguneko gardentasun atarian kontsultatzen ahal da.

Datuen babeseko ordezkaria. Ablitasko Udalak datuen babeserako ordezkari bat izendatu du (DBO). Pertsona horrekin edonor jar daiteke harremanetan, datuen tratamenduari buruzko zalantzak argitzeko edo eskubideak baliatzeko, edo arlo horretako edozein erreklamazio edo iradokizun egiteko. Ukitutako pertsonak erreklamazio hori egin dezake, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan erreklamazioa aurkeztu aurretik. Kasu honetan, erreklamazio horren inguruan hartutako erabakia datuen babeserako ordezkariak jakinaraziko dio interesdunari, erabakia hartu eta bi hilabeteko epean.

Ordezkariarekin harremanetan jar daiteke dpdat@ablitas.es helbide elektronikoan edo posta bidez, Udaletxearen helbidean (kale nagusia, 78, Ablitas).

Segurtasun neurriak. Udalak arriskuen analisia eginen du, behar diren neurri teknikoak eta antolaketa neurriak ezartzeko; irudien segurtasuna bermatzeko; suntsitzea, galtzea edo ezustean edo bidegabeki aldatzea saihesteko; edo baimenik gabe sartu edo jakinaraztea ekiditeko.

Hirugarrena.–Udala bera arduratuko da irudiak gordetzeaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz.

Laugarrena.–Argitalpena. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzen da, hala xedatzen baita Toki Erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 196. artikuluan.

Seigarrena.–Indarra hartzea. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Zazpigarrena.–Osoko Bilkurari honen berri ematea, egiten duen lehenbiziko bilkuran.

Ablitasen, 2021eko urtarrilaren 21ean.–Alkateordea, Carlos Bonel Soto.

Iragarkiaren kodea: L2101139