29. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGOITZ

Aldaketa, euskara alorreko kultura jardueretara eta kirol jardueretara joateko Agoizko auzotarrei dirulaguntzak ematea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Agoizko Udalak, 2020ko urriaren 1ean egin ohiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea ordenantza, arautzen duena Udalak antolatutako euskara alorreko kultura jardueretara eta kirol jardueretara joateko Agoizko auzotarrei dirulaguntzak ematea, eta bere helburuen artean sartzea Agoizko Udalak eta bere menpeko erakundeek antolatzen dituzten gizarte arloko jardueretara joatea, bai eta bere eranskinean jasotzea ere Agoizko Jubilotekara joateko tasak ordaintzen laguntzeko hobari-txartela.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraituz, ordenantza jendaurrean egon zen hogeita hamar egunean (2020ko 258. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 4koa). Jendaurrean egon bitartean inork ez du erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu; beraz, behin betiko onesten da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen da aldaketaren testu osoa.

Agoitzen, 2021eko urtarrilaren 20an.–Alkate udalburua, Angel Martín Unzué Ayanz.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA AGOIZKO UDALAK ETA HAREN MENPEKO ERAKUNDEEK ANTOLATUTAKO KULTURA, KIROL ETA GIZARTE JARDUERETARA JOATEKO TASAK ORDAINTZEN LAGUNTZEKO HOBARI-TXARTELA EMATEA (I. ERANSKINA), HALA ESKATZEN DUTEN AUZOTARREI

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Agoitzen erroldaturik dauden bizilagunei dirulaguntzak emateko, Udalak eta haren menpeko erakundeek antolatutako kultura, kirol eta gizarte jardueretara joan daitezen.

2. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren babesean ezarri da.

3. artikulua. Laguntza hau oinarritzen da Gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen 13. artikuluan. Artikulu horrek ezartzen du ezen familia-unitate osoaren diru-sarrera konputagarrien hileko batez bestekoak izan behar duela familia-unitateko kide kopuruaren arabera ezarritako errenta bermatuaren zenbatekoa baino txikiagoa (ikus taula II. eranskinean).

Gainera, ondasun-higigarri konputagarrien balioak (2018ko ekitaldirako 4.764,24 eurotan ezarria) kide bakarreko familia unitate batendako urtebeteko errenta bermatuari dagokion zenbatekoaren %65ekoa edo hortik beherakoa izan beharko du; halakotzat hartuko dira kontuen, inbertsio-planen, epe finkorakoen eta bestelako finantza produktuen saldoekin loturik daudenak.

4. artikulua. Ordenantza honen onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

A.–Bizikidetza eta erroldatze-ziurtagiria, gutxienez ere urtebete lehenagotik erroldaturik daudela adierazten duena.

B.–Ordenantza honen 3. artikuluan ezarritakoa betetzea.

C.–Agoizko Udalarekiko eta haren menpeko erakundeekiko tributu-betebeharrak egunean izatea.

D.–Onuradunak askatasunez erabakiko du txartela erabiltzea, baina behin sarrera eskuratu edo matrikula egin ondoren, nahitaez joan beharko du jarduerara. Lantegi eta ikastaroen kasuan, gutxienez ere %80ko asistentzia bete beharko du.

5. artikulua. Ordenantza honetako hobari-txartel indibiduala jasotzeko interesa duten pertsonek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Agoizko Udalaren erregistro orokorrean:

–Errenta bermatuaren jasotzaile izanez gero: Errenta bermatua epean onartu zaiela adierazten duen ebazpenaren fotokopia.

–Errenta bermatuaren jasotzailea ez bada:

–Familia-unitatea osatzen duten pertsonen azken sei hilabeteetako diru-sarreren frogagiria.

–Azken errenta aitorpena.

–Bizikidetza eta erroldatze-ziurtagiria (gutxienez ere urtebete lehenagotik erroldaturik dagoela frogatzeko).

–Bankuko frogagiria, familia-unitatea osatzen duten kideen izenean dauden kontu guztietako uneko saldoak agertzen dituena.

–Familia-unitatea osatzen duten kideen izenean dauden kontu guztietako banku-produktuen ziurtagiria.

–Agoizko Udalarekiko eta haren menpeko erakundeekiko tributu-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen agiria.

Agoizko Udalak beste edozein agiri eskatu ahalko die baldintzak betetzen ote dituzten aztertzeko.

6. artikulua. Hobaria %50ekoa izanen da.

7. artikulua. Txartela eskatzeko data irekia eta iraunkorra da. Dauden txartelak berritzeko data urte bakoitzeko maiatzean izanen da. Kasu guztietan, txartelak iraungitzeko data hurrengo urteko maiatzaren 31 izanen da.

8. artikulua. Jarduera egiten den bitartean, onuraduna izateko baldintzak betetzeari uzten bazaio, berehala jakinaraziko zaio Udalari.

9. artikulua. Diru-laguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazioaren esparruko ez-betetzeak honako egoera hauek dira:

–Laguntza lortzea hori eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez.

–Jasotako funts publikoa zertan erabili den ez frogatzea, 4. artikuluko D puntuari dagokionez.

–Txartela behar ez bezala erabiltzea, kontuan hartuz txartela pertsonala eta besterenezina dela.

10. artikulua. Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira arau-hausteak eta zehapenak, eta interesdunari entzunaldia emanen zaio beti, erabakia hartu aurretik. Administrazio Prozedurari buruzko Legeko VI. tituluko II. kapituluan xedatuaren arabera tramitatuko da espedientea.

11. artikulua. Administrazioko ez-betetzeen ondoriozko arau-hausteak zehatuko dira txartela automatikoki kenduz, eta hurrengo urtean ezin izanen da berriz eskatu.

12. artikulua. Ordenantza honetako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jasotzearekin, baita Agoizko Udalarenak eta bere menpeko erakundeenak ere, baldin eta laguntza eta dirulaguntza guztien baturak ez badu gainditzen eskatzaileak kultura eta kirol jardueran izan duen kostua.

13. artikulua. Ordenantza honen oinarrien eta hura betearazteko hartzen diren administrazio-ebazpenen aurka, Nafarroako toki erakundeentzat ezarritako errekurtsoak jarri ahalko dira.

I. ERANSKINA

Hobaria izan ahalko da honako kasu hauetan:

–Agoizko Udalaren Kultura Alorrak antolaturiko jarduerak.

–Udako abonamenduak eta Kanpondoak antolaturiko jarduerak.

–Agoizko Udalaren Euskara Alorrak antolaturiko jarduerak.

–Agoizko Jubilotekara joateko une bakoitzean dauden tasak.

II. ERANSKINA

  • Pertsona 1 familia-unitatean, hilean 610,8 euroko batez besteko diru-sarrera gordina gainditzen ez duena.
  • 2 pertsona: 824,58 euro gordin/hilabetea.
  • 3 pertsona: 977,28 euro gordin/hilabetea.
  • 4 pertsona: 1.068,90 euro gordin/hilabetea.
  • 5 pertsona: 1.160,52 euro gordin/hilabetea.
  • 6 pertsona edo gehiago: 1.221,60 euro gordin/hilabetea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik aurrera indargabeturik geldituko da aurrekoa, 2006ko 38. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 29an, argitaratu zena.

Iragarkiaren kodea: L2101087