282. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

222/2021 FORU AGINDUA, azaroaren 15ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, prestakuntza beka baterako deialdia onesten duena Kazetaritzako, Ikus-entzunezko Komunikazioko edo Publizitateko eta Harreman Publikoetako gradudun edo lizentziadunentzat Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko (Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusian). DDBN identifikazioa: 595507.

Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak proposatu du Kazetaritzako, Ikus-entzunezko Komunikazioko edo Publizitateko eta Harreman Publikoetako gradudun edo lizentziadunentzako prestakuntza beka bat sortzea Eskubide Sozialetako Departamentuan eta haren deialdia egitea, gazte tituludunen prestakuntzan modu eraginkorrean laguntzeko.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Prestakuntza beka bat emateko deialdia onestea Kazetaritzako, Ikus-entzunezko Komunikazioko edo Publizitateko eta Harreman Publikoetako gradudun edo lizentziadunentzat Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko (Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusian) 12 hilabetez, foru agindu honi gehitutako eranskinetan jasotzen diren oinarriei jarraituz.

2. Gehienez 18.000,00 euroko gastua baimentzea 2021. eta 2022. urteetarako, 2021. urteko gastu-aurrekontuko “Ikerketa proiektuak eta bekak” izeneko 910001 92100 4809 231002 partidan, eta 2022. urteko gastu-aurrekontuko partida baliokidean, xehetasun honekin:

• 3.000 euro 2021. urterako.

• 15.000 euro 2022. urterako.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusira, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzura eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, bai eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere.

Iruñean, 2021eko azaroaren 15ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak, Kazetaritzako, Ikus-entzunezko Komunikazioko edo Publizitateko eta Harreman Publikoetako prestakuntza beka bat emateko Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da prestakuntza beka bat ematea Kazetaritzako, Ikus-entzunezko Komunikazioko edo Publizitateko eta Harreman Publikoetako gradudun edo lizentziadunentzat, norgehiagokako araubideari jarraikiz, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuan aritzeko.

Unibertsitateko tituludunen prestakuntza bultzatzea du helburu deialdiak, departamentuan gauzatzen diren gizarte politiken gaineko informazioa, komunikazioa eta hedapena zuzenean ezagut ditzaten. Hona hemen garatu beharreko zereginak:

–Eskubide Sozialetako Departamentuaren eta Errealitate Sozialaren Behatokiaren webgunea kudeatzeko mekanismoak ezagutzea eta atariko edukiak eguneratzea.

–nafarroa.eus webguneko zerbitzu eta tramiteen katalogoak eguneratzen ikastea, Eskubide Sozialetako Departamentuari dagokionez.

–Kontseilariaren Prentsa Kabinetearekin lan egitea (ekarpenak egitea hitzaldiak idazteko edo prentsa-oharrak prestatzeko).

–Departamentuari lotutako albisteen eguneroko jarraipena egiten laguntzea.

–Errealitate Sozialaren Behatokiaren sare sozialak eguneratzen laguntzea.

–Hedapenerako materialak prestatu eta diseinatzeko prozesuan parte hartzea: memoriak, informazio-liburuxkak, aldizkariak, kartelak.

–Ekitaldiak, sariak, workshop-ak eta abar antolatzen laguntzea.

–Ezagutzea nola egiten diren jarraipen txostenak.

–Tutoreak agindutako bestelako zereginak.

2. oinarria.–Aurrekontu erabilgarria.

Deialdi honetarako zenbatekoa 18.000 eurokoa da; 3.000 euro egotziko dira 2021eko gastu-aurrekontuko “Ikerketa proiektuak eta bekak” izeneko 900001 92100 4809 23102 partidaren kargura, eta 15.000 euro, gehienez ere, 2022ko aurrekontuetan gaituko den partidaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa bada bi aurrekontuetan.

3. oinarria.–Iraupena.

Bekak hamabi hilabete iraunen du, 2021ko azaroaren 1etik hasita, edo, geroago egiten bada haiek ematen dituen ebazpena, ebazpen horretan adierazten den egunetik hasita.

Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiak bekaren iraupena luzatzen ahalko du, gehienez ere hiru urte egin arte, hasierako aldia eta luzapenak barne.

4. oinarria.–Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Bekaren zuzkidura hilero 1.500 euro gordinekoa izanen da, edo dagokion zati proportzionala, hala behar bada. Beka kasuan kasuko hilabetea bukatuta ordainduko da, kopuru horretatik PFEZaren atxikipena eta Gizarte Segurantzaren kuota deskontatu ondotik, urriaren 24ko 1495/2011 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

5. oinarria.–Tutoretzak.

5.1. Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuak tutore bat izendatuko du, eskatutako titulazioa edo goragokoa duena, bekadunaren jarduerak zuzendu eta gainbegiratzeko.

5.2. Tutoreak egin beharreko lanak aginduko ditu, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunak bere eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituen begiratuko du.

6. oinarria.–Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka bateraezina izanen da Administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.

7. oinarria.–Eskatzaileen betebeharrak.

Beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta desgaitua ez egotea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Lehenbiziko oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta ikasketa horiek azken hiru urtean bukatuak izatea, deialdi hau argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

f) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

8. oinarria.–Balorazio baremoa.

Ebaluazio batzordeak aztertu eta baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak, eta bekak puntuazioaren araberako hurrenkeran emateko proposatuko du, betiere, gutxienez 10 puntu lortzen dituzten izangaien artean.

Eskaerak baloratzeko, honako baremo honen arabera kalifikatuko dira merezimenduak (31 puntu arte, gehienez ere):

a) Ikasketa-espedientea (gehienez ere 6 puntu).

Espedientearen batez besteko nota baloratuko da. Baliozkotu, onartu edo egokitutako irakasgai edo kredituak, haien kalifikazioa zehazten ez denean, “nahikoa” gisa baloratuko dira. Era berean, ikasketa planen arabera bakarrik “gai” kalifikazioa izaten ahal duten kreditu edo irakasgaiak ez dira kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.

Ez dira baloratuko, 10 puntuko eskala harturik, 6,0 puntutik beherako batezbestekoa duten espedienteak (4ra bitarteko eskala harturik, 1,5 puntutik beherakoak). Puntuazioa honela baloratuko da:

Espedientea baloratzeko eskala 0tik 10era bitartekoa den kasuetan, ondoko formula aplikatuko da:

P = f(x) = ((x-6)*4.5)/4 + 1.5

Espedientea baloratzeko eskala 0tik 4ra bitartekoa den kasuetan, ondoko formula aplikatuko da:

P = f(x) = ((x-1.5)*4.5)/2.5 + 1.5

Bi kasuetan, atal honen emaitza 2 dezimaletara biribildutako puntuazioa (P) izanen da, “x” zenbakiaren ordez espedienteko batez besteko puntuazioa jarri ondotik, dagokion eskalaren arabera.

b) Egin beharreko lanari lotutako prestakuntza ikastaroak (gehienez ere 5 puntu):

Ez dira kontuan hartuko 15 ordutik beherako ikastaroak.

–Prestakuntza ikastaroak edo ziurtagiriak aurkeztea baloratuko da, 0,5 puntu emanez 15 ikastorduko, eta gehienez ere 5 puntu, honako arlo hauetan:

  • Web-orriak diseinatzea eta/edo mantentzea.
  • Dibulgaziozko dokumentuak prestatzea ikus-entzunezko formatuan.
  • Sare sozialak.
  • Datu estatistikoen analisiaren eta hedapenaren gaineko jakintza.
  • Komunikazio arloko planak, estrategiak eta/edo dokumentuak prestatzea.

Beste prestakuntza batzuk: 0,10 puntu arte emanen dira 50 prestakuntza orduko, epaimahaiak hala irizten badio.

Egiaztagirien kopiaren bidez frogatu beharko da prestakuntza. Egindako orduen edo kredituen kopurua agertuko da aurkeztutako dokumentazioan. Egindako kredituen kopuruaren bidez frogatzen bada prestakuntza hori, prestakuntza ematen duen entitateak egindako ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da, egindako kredituen orduko baliokidetasuna adierazten duena.

Administrazioak beretzat gordetzen du aurkezturiko dokumentuetako edozeinen jatorrizkoa edo notario edo administrazio batek autentifikatutako kopia prozedurako edozein fasetan eskatzeko eskubidea.

c) Hizkuntzak ezagutzea: ingelesa, frantsesa, alemana eta euskara (gehienez ere 3 puntu).

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 maila izatea edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulazioa izatea puntu batekin baloratuko da hizkuntza bakoitzeko. Maila txikiagoko ziurtagiriak edo titulazioak honela baloratuko dira:

–A1 eta A2 mailak: 0,15 puntu.

–B1 maila: 0,25 puntu.

–B2 maila: 0,5 puntu.

Hizkuntza maila ofizialki onartutako ziurtagirien bidez dokumentatuko da.

d) Bestelako prestakuntza ikastaroak –8b epigrafean jaso gabeak–, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eskumenekin lotuak (abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuan jaso dira eskumen horiek) (gehienez ere 3 puntu):

Ez dira kontuan hartuko 15 ordutik beherako ikastaroak.

–Master titulua: 2 puntu.

–Aditu titulua: 1 puntu.

–Beste prestakuntza batzuk: 0,10 puntu emanen dira 50 prestakuntza orduko.

Tituluen edo beste egiaztagiri batzuen kopien bidez frogatu beharko da prestakuntza. Masterra edo aditu ikastaroak ez diren prestakuntza kasuetan, aurkezten den dokumentazioan, egindako orduen kopurua edo kredituena agertuko da. Egindako kredituen kopuruaren bidez frogatzen bada prestakuntza hori, prestakuntza ematen duen entitateak egindako ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da, egindako kredituen orduko baliokidetasuna adierazten duena.

e) Beste ikasketa titulu batzuk (metagarriak, gehienez ere 3 puntu).

Prestakuntza:

–Prestakuntza beka eskuratzeko eskatzen dena eta aurkeztu dena ez den beste gradu, diploma edo lizentzia: 1,5 puntu titulu bakoitzeko.

Tituluen edo beste egiaztagiri batzuen kopien bidez frogatu beharko da prestakuntza.

f) Lan profesionala, bekak eta ikerketako beste proiektu batzuk (pilagarriak, gehienez ere 5 puntu).

Lanbide jarduerak:

–Garatu beharreko zereginei lotutako lan profesionala (1. epigrafea): 2 puntu urte bakoitzeko.

–Ikerketa bekak garatzea (eskatutako titulazioa egin bitartean edo gero): 0,50 puntu urte bakoitzeko.

–Ikerketa azterlan edo proiektuetan parte hartzea –8b epigrafean jaso gabeak–, garatu beharreko zereginei lotuta (1. epigrafea): 2 puntu urtebeteko iraupena duen ikerketa proiektu edo azterlan bakoitzeko.

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

Curriculumeko praktikak ez dira kontuan hartuko.

Esperientzia frogatuko da administrazio edo enpresa kontratatzaileek egindako ziurtagiriak aurkeztuz; bertan, emandako zerbitzua eta datak adieraziko dira.

g) Buruz buruko elkarrizketa (gehienez ere 6 puntu).

Zortzi kalifikazio onenak dituztenei buruz buruko elkarrizketa eginen zaie. Baloratzeko orduan, motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, talde-lanerako gaitasuna eta beste trebetasun batzuk hartuko dira kontuan.

Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketara joatea nahitaezkoa da. Hortaz, elkarrizketara agertzen ez diren izangaien eskaerak artxibatu eginen dira eta hurrengo pertsonei deituko zaie, gainerako irizpideen araberako lehentasun ordenari jarraikiz.

9. oinarria.–Eskabideak.

9.1. Prestakuntza beka hau lortzeko interesaturik dauden pertsonek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezten ahalko dute dagokion eskaera: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa. Horretarako, identifikazio digitalerako modu hauetako bat behar da:

–Ziurtagiri digitala.

–NAN elektronikoa.

–Cl@ve.

Modalitate honen bidez aurkezten diren eskaeretarako, gomendatzen da “Oharrak” atalean adieraztea eskaera Errealitate Sozialaren Behatokiari zuzenduta dagoela.

Bestela, eskaera modu presentzialean aurkezten ahalko da Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroan (González Tablas 7, Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako tokietako edozeinetan.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bekarako eskabidea deialdi honetako eredu normalizatuari jarraikiz aurkeztu beharko da (II. eranskina), honako agiri hauekin batera:

a) Deialdiaren xedeko tituluaren fotokopia.

b) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne.

c) Alegatu diren gainerako merezimenduak, jatorrizko ziurtagiriaren edo fotokopia soilaren bidez frogatuta.

d) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, bi aldeetatik.

e) Nafarroako erroldatze ziurtagiria, antzinatasuna adierazten duena.

9.2. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, eta hori jakinaraziko zaiola.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

9.3. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

9.4. Organo eskudunak edozein unetan eskatzen ahalko du ekarritako kopiak benetakoak direla egiaztatzen duten jatorrizko dokumentuak aurkezteko.

10. oinarria.–Ebaluazio batzordeak: osaera eta bekak emateko prozedura.

10.1. Ebaluazio batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera. Ebaluazio batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, beka eskatzen dutenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz. Ebazpen horretan adieraziko da zenbat puntu eman zaizkion guztira izangai onartuari. Kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua: Luis Antonio Tarrafeta Sayas, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Ordezko batzordeburua: Antidio Martínez de Lizarrondo Artola, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuko Plangintza, Ebaluazio eta Kalitate Ataleko burua.

–Lehen batzordekidea: Itziar Cia Pino, Sustapen eta Eraldaketa Digitalaren Zerbitzuko burua.

–Lehen batzordekidearen ordezkoa: Miren Itziar Herrero Larrea, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuko Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Ataleko burua.

–Bigarren batzordekidea: María Teresa Burgui Jurío, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariaren Kabineteko laguntzailea.

–Bigarren batzordekidearen ordezkoa: Muskilda Osteritz Gallastegi, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariaren Kabineteko idazkaria.

–Idazkaria: Eduardo Jiménez Izu, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Mendekotasunaren Arretaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua, Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak izendatua.

–Batzordeko kide ordezkoa: Ane Senar Amatria, Mendekotasunaren Arretaren Araubide Juridikoaren Ataleko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

10.2. Prozedura ofizioz hasiko da interesdunen eskaera jasotakoan. 7. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

10.3. Lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera proposatuko du ebaluazio batzordeak zein izangairi eman beka.

10.4. Beka Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen da, instrukzio organoak proposamena egin ondotik.

Ebazpenak adieraziko du nori eman zaion beka, eta, halakorik bada, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla.

Ebazpena jakinaraziko zaio puntuaziorik handiena lortzeagatik onuradun ateratzen den interesdunari, eta bai ebazpena, bai instrukzio organoak emandako puntuazioaren arabera antolatutako eskatzaileen zerrenda Eskubide Sozialetako Departamentuko iragarki-taulan argitaratuko dira (González Tablas 7, Iruña), eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian ere, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

11. oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egiten ahal dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Jarduerak hasten direnean frogatzea, hala behar denean, bere zerga betebehar guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela.

f) Organo eskudunari jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

g) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.

h) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.

i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araudia betetzea.

j) Beka amaitu eta hurrengo hilabeteko epean, egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztea. Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta horrek balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

12. oinarria.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.

Bekaren onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ez duen erabakitzen ezinbesteko arrazoiren bat edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera gertatu dela.

Bekari uko eginez gero, Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi baino gutxienez hamabost egun natural lehenago.

Eskuratutako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.

13. oinarria.–Prestakuntza jarduera egitea.

Onuraduna Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuaren egoitzan arituko da, astean gehienez ere 30 orduz.

Bekaren onuradunak 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du bekaldiaren hilabete bakoitzeko.

14. oinarria.–Jabetza intelektuala eta datuen babesa.

Jabetza intelektualaren gaineko eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

Era berean, bekadunak honako arau hauetatik datozen betebeharrak bete beharko ditu: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa; eta, azkenik, horiek garatzeko beste edozein arau. Hala, prestakuntzaldia amaituta ere, berdin bete beharko ditu bekaren bitartez eskura izan dituen datu pertsonalak tratatzeari buruzko indarreko xedapenak.

15. oinarria.–Lan edo administrazio harremanik eza.

15.1. Beka erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

15.2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Beken onuradunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

16. oinarria.–Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari den, administrazio horrekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionario publikoei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

17. oinarria.–Oker jasotako diru kopuruen itzulketa.

Jasotako diru kopuruen itzulketari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da. Zehazki, honako egoeretan itzuli beharko da dirua:

a) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egiten ardurarik ez jartzea, prestakuntzari errendimendu edo probetxu eskasa ateratzea edo prestakuntza batere ez aprobetxatzea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.

b) Azken memoria ez aurkeztea eta/edo tutorearen adostasuna ez jasotzea.

c) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe. Horretaz gain, aldi berean jasotzea horrekin bateratu ezin den beste beka edo dirulaguntza bat.

18. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, berriz, gora jotzeko errekurtsoa, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariari zuzendua.

Bi kasuetan, errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

II. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2116367