280. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

210/2021 FORU AGINDUA, abenduaren 2koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, uztailaren 30eko 137/2021 Foru Aginduan ezarritako epea luzatzen duena. Foru agindu horren bidez mugak jarri ziren neguko zerealen laborantzan prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioak erabiltzeko 2021ean.

Produktu fitosanitarioen erabilera kontrolatzeko plan nazionalak, nahitaez gauzatzekoa baita, produktu fitosanitarioen erabilera egokia egiaztatzeko aukera ematen du, produktu horiek ingurumenean eta kontsumitzailearen nahiz erabiltzailearen beraren segurtasunean izan dezaketen eragina murrizteko edo arintzeko.

Uztailaren 30eko 137/2021 Foru Aginduak mugak ezartzen ditu neguko zerealen laborantzan prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioak erabiltzeari dagokionez 2021ean.

Azaroaren bukaerako eguraldi txarrak euri- eta elur-prezipitazio handiak eragin ditu Nafarroa osoan. Horrek eragotzi egin du oliben uzta normal biltzea, eta atzerapenak eragin ditu uzta-bilketaren amaieran. Beraz, abenduaren 15etik aurrera, arriskua dago prosulfocarb bidezko herbizidak aplikatzeko prozesuarekin bat egitea.

Zereala eta olibadiak elkarren ondoan dauden eremuetan ekoitzitako oliba-olioan prosulfocarb hondakinik ez dagoela bermatzeko, beharrezkoa da kanpaina honetan prosulfocarb bidezko herbizidak aplikatzeko debekuaren muga-eguna atzeratzea, abenduaren 15etik 20ra.

Nekazaritza Zerbitzuak egindako txostenean azaldu du olibadien uzta-bilketa atzeratzen ari dela eta, hortaz, egokia litzatekeela herbizidaren erabilera debekatzeko muga-eguna atzeratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Uztailaren 30eko 137/2021 Foru Aginduaren lehenengo puntuan ezarritako epea luzatzea. Foru agindu horren bidez mugak jarri ziren neguko zerealen laborantzan prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioak erabiltzeko 2021ean. Debekualdia 2021eko abenduaren 20ra arte luzatu da.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko abenduaren 2an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2117218