279. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MONCAYOKO UR MANKOMUNITATEA

Deialdia, arduradunaren lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko

Alkatetzak azaroaren 18an emandako 24/2021 Ebazpenaren bidez onetsi zen arduradun izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia eta hura betearazteko oinarriak. Moncayoko Ur Mankomunitatearen plantilla organikoan 9 zenbakiarekin identifikaturik dago lanpostua, eta 2020ko lan publikoaren eskaintzan bete beharrekoa da, 85. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, 2020ko apirilaren 24koan.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honek xede du Moncayoko Ur Mankomunitateko arduradunaren lanpostu bat betetzea, funtzionario araubidean eta oposizio-lehiaketa bidez.

Lan poltsa bat sortuko da hautapen prozesu hau gainditzen duten izangaiekin, puntuazio ordenari zorrotz jarraituz, eta indarrean izanen da 5 urtez edo beste deialdi bat egin bitartean. Hurrengo deialdia bost urtetik beherako epean egiten bada, zerrenda indarrean egonen da bigarren lekuan, harik eta bost urte bete arte.

1.2. Hautapen probak 7. oinarrian ezarritakoak izanen dira eta lehiaketaldia ere baloratuko da, baldintza hauen 7.1 oinarrian ezarri bezala.

1.3. Hautapen prozesu honen ondorioz egiten den kontratazioa funtzionarioen araubidekoa izanen da, plantilla organikoan 9 zenbakia duen arduradun lanposturako.

Bi hilabeteko probaldia ezartzen da eta horretan administrazio kontratatzaileak bere iritziaren arabera ezeztatzen ahalko ditu prozesu honetan hautatutako langileekin formalizatutako kontratazioak.

1.4. Lanaldia administrazio dei-egileak ezarriko du, zerbitzuaren beharren arabera beti. Hala ere, noiznahi alda dezake.

1.5. Lanpostuak C mailari dagokion oinarrizko lansaria izanen du, Ordainsarien behin-behineko erregelamenduan ezarritakoari jarraituz, eta onesten diren osagarriak, administrazio kontratatzailearen plantilla organikoan ezarritakoak.

1.6. Lanpostua bete gabe utz dezake epaimahaiak, baldin irizten badio izangaietatik bakar batek ere ez duela lanpostuan aritzeko behar bezalako jakintza mailarik, gaitasunik edo prestakuntzarik.

1.7. Bete beharreko eginkizunak:

Izendatuek beteko dituzten eginkizunak izanen dira beraien maila eta kategoriari dagozkionak eta, bereziki, NAPIk eginiko azterlanaren arabera, lanpostuaren deskribapenean agertzen direnak:

–Hornidura eta saneamendu sareak kontrolatu eta mantentze-lanak egitea; bai eta sareak osorik berritzea ere.

–Mankomunitateko biltegi eta instalazioen kontrola eta jarraipen etengabea, haien parametro guztiei dagokienez.

–Laginak hartzea, uraren analisiak egiteko.

–Kontsumorako kloroaren maila egunero kontrolatzea.

–Uraren zerbitzuarekin zerikusia duen edo hari eragiten dion edozein gorabehera hasiera batez kontrolatzea eta berehala haren berri ematea arduradun nagusiari.

–Kontagailuak ezarri, kontrolatu eta haien irakurketa egitea.

–Matxurak lokalizatu, atzeman eta konpontzea, putzuak ordeztu eta konpontzea, bai eta kalteak ere.

–EUTE-etan (Edateko Ura Tratatzeko Estazioak), urtegietan eta haien instalazioetan kontrol- eta mantentze-lanak egitea.

–Igeltserotza lanak egitea.

–Atzerako hondeamakinekin lan egitea.

–Obren kontrola eta jarraipena egitea.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

b) Gutxienez ere Batxilergoko titulua, LH-II-ko titulua edo baliokidea izatea.

c) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

d) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez egotea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izana.

e) C motako gidabaimena edukitzea.

f) Gidarien Gaitasun Agiria (GGA) edukitzea, izendapena baino lehen.

2.2. 3. oinarrian ezarritakoa izan ezik, azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak arestiko betebeharrak frogatu beharko ditu deialdi honen 8. oinarriak xedatzen duen eran eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, hautapen prozesu osoan eta izendapen eguna arte bete ere.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak, Moncayoko Ur Mankomunitateko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko 14:30 arte. Eskabidea I. eranskineko ereduari lotuko zaio, eta ondoko agiriekin batera aurkeztuko da:

a) NANaren edo horren baliokidea den identifikazio agiriaren fotokopia.

b) Lehiaketaren baremoko irizpideen arabera baloratzen ahal diren merezimendu guztiak frogatzen dituen dokumentazioa. Epaimahaiak ez ditu baloratuko jatorrizko agiriarekin edo fotokopia konpultsatuarekin egiaztaturik ez dauden merezimenduak.

3.2. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda jendaurrean paratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Moncayoko Ur Mankomunitatearen iragarki-taulan eta webgunean (https://www.aguasdelmoncayo.es).

Hamar eguneko epean, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek erreklamazioak egin edo eskabideko akatsak zuzentzen ahalko dituzte.

Inor baztertzen ez bada, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, eta zerrenda horretan bertan jarriko dira hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia.

5. oinarria.–Behin betiko zerrendak.

Aurreko oinarrian aipatu epea bukatu eta aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren, Mankomunitateko burutzak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Moncayoko Ur Mankomunitatearen iragarki-taulan eta webgunean jarriko da jendaurrean, hautaproba egiteko eguna eta tokia adierazita.

6. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Tirso Calvo Zardoya, Moncayoko Ur Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Ramón Martinez Zardoya, Moncayoko Ur Mankomunitateko buruordea.

–Lehen epaimahaikidea: Alfonso García Puvía, Moncayoko Ur Mankomunitateko ingeniari teknikoa.

Ordezkoa: Luis Maria Santesteban Arana, Mairagako Mankomunitateko ingeniari teknikoa.

–Bigarren epaimahaikidea: Fabián Cornago Murillo, Mairagako Ur Mankomunitateko arduradun nagusia.

Ordezkoa: Jesús Lázaro Sesma, Moncayoko Ur Mankomunitateko arduraduna.

–Epaimahaikidea: Juan Jimeno Led, Moncayoko Ur Mankomunitateko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Ricardo Aldaz Pérez, Moncayoko Ur Mankomunitateko langileen ordezkaria.

–Idazkaria: Sonia Mateo Ortega, Moncayoko Ur Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Juan Antonio Pérez Rodríguez, Buñuelgo Udaleko idazkaria.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, eraketa baliozkoa izan dadin. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

6.4. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta epaimahaiko buruari hala jakinarazi, baldin Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

6.5. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

7. oinarria.–Proben nondik norakoa.

Probak egiteko denbora eta modua epaimahaiak erabakiko du.

7.1. Lehiaketaldia.

Epaimahaiak izangaiek agiri bidez frogaturik aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu, baremo honen arabera:

a) Lanbide arloko merezimenduak: (15 puntu gehienez).

–Azken 10 urteetan uretako ofizial lanpostuko lanetan edo deialdikoaren antzeko ezaugarriak dituen (C maila) lanpostu batean aritu izana.

  • Administrazio publiko baten ur zerbitzuan: 4 puntu urteko.
  • Ur zerbitzuko enpresa edo entitate pribatu batean: 3 puntu urteko.

Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

–Mekanikari, eraikuntzako ofizial, plantetako mantentze-lanetan, iturgin edo argiketari lanetan jarduteagatik: (10 puntu gehienez).

  • Administrazio publiko batean: 3 puntu urteko.
  • Enpresa edo entitate pribatu batean: 2 puntu urteko.

Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

b) Prestakuntza ikastaroak, bete beharreko lanpostuarekin zerikusia badute: 0,5 puntu esleituko dira, prestakuntzaldiko 35 orduko. 5 puntu gehienez.

c) Titulazio akademikoak (deialdiko 2.1,b oinarrian ezarritakoa salbu). 3 puntu gehienez.

1.–Unibertsitateko diplomadun, ingeniari tekniko, arkitekto tekniko, Lanbide Heziketako bigarren graduko titulua edo horien baliokidea izatea, deialdi honen lanpostuarekin zerikusia badu: puntu bat.

2.–Unibertsitateko lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulua edo horien baliokidea izatea, deialdi honen lanpostuarekin zerikusia badu: 2 puntu.

Lehiaketa honetan gehienez ere 23 puntu lor daitezke.

Aipatu balorazio irizpideak aplikatzeko, arau hauek hartuko dira kontuan:

–Baloratu behar den urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokiona emanen zaio.

–Ez dira bi aldiz zenbatuko baremoko talde berean dauden zerbitzuak denbora berean egin badira.

–Kontuan hartuko dira, soilik, eskabideak aurkezteko unean jatorrizko agiriaren edo kopia konpultsatuaren bidez frogatzen diren merezimenduak.

7.2. Oposizioaldia.

–Lehen proba: erantzun laburreko eta/edo test motako galdera batzuei erantzun beharko zaie idatziz, II. eranskineko gaiei buruz.

Proban test moduko galderei erantzun beharko zaie, zenbait erantzunen artean bat aukeratuz, eta/edo erantzun laburreko galdera batzuei, gehienez ere 60 minutuz. Galdera horiek deialdi honetako eranskineko gaiei buruzkoak izanen dira. Oker erantzuten den galdera bakoitzagatik zuzen erantzundakoari ematen zaion balorearen % 25 kenduko da. 25 puntu emanen dira, eta gutxienez ere 12,50 puntu beharko dira proba gainditzeko.

–Bigarren proba: galdera teoriko-praktiko batzuei erantzun beharko zaie idatziz, II. eranskineko gaiei buruz. 25 puntu emanen dira, eta gutxienez ere 12,50 puntu beharko dira proba gainditzeko.

Probak plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen dira, eta argitara emanen dira kalifikazioen zerrenda eta esleitutako plika zenbakia. Plikak noiz eta non irekiko diren (eguna, ordua eta tokia) 48 ordu lehenago adieraziko da, gutxienez. Irekitze hori jendaurrean eginen da.

–Hirugarren proba: hirugarren ariketa (praktikoa): bi kasu praktiko edo gehiago argitu, egin, gauzatu beharko dira, deialdian zehaztutako lanpostuaren eginkizunekin ikustekoa dutenak, epaimahaiak ezartzen duen denbora epean. Horiek gauzatzeko beharrezko bitarteko guztiak jarriko dira izangaien eskura (ibilgailuak, makineria, tresnak, objektuak, gauzak, tresneria eta materiala) eta ez da onartuko emandakoez bestelako bitartekorik erabiltzea. Epaimahaiak egin aurreko unean bertan planteatuko du aipatu ariketa.

Ariketa honetan balioetsiko dira izangaiek egiaztatutako eta frogatutako ezagutza profesionalak, bai eta bikaintasuna, trebetasuna eta zuzentasuna ere lanak egitean.

Ariketak 27 puntu izanen ditu gehienez eta bazterturik geldituko dira gutxienez 13,5 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Bigarren ariketa hau eginen dute soilik aurreko probak gainditu dituztenek.

–Laugarren proba: proba psikoteknikoak izanen dira, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko lantaldeak prestatuak. Baztergarriak izanen dira eta haietan izangaiek eginkizunetan aritzeko duten gaitasuna baloratuko da. Atal honetan, gehienez ere, 10 puntu lor daitezke eta bazterturik geldituko dira 5 puntura iristen ez diren izangaiak.

7.3. Izangaietako batek ere ez baditu proba guztiak gainditzen edo gaindituta ere kontratatua izaterik nahi ez badu, administrazio dei-egileak kontratatu ahalko du probaren bat gainditu duen hurrengo izangaia, hautapen prozesuan lortutako puntuazio ordenari zorrotz jarraituz.

7.4. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

8. oinarria.–Epaimahaiaren proposamena.

8.1. Azken proba bukatuta, epaimahaiak puntu gehien lortu dituzten izangaiak kontratatzeko proposamena eginen dio administrazio dei-egileari.

Berdinketa izanez gero, lehentasuna izanen du bigarren ariketan puntuaziorik handiena eskuratzen duenak, eta hala ere berdinketa hausten ez bada, zozketa eginen da izangaien artean.

8.2. Proposamena loteslea izanen da deialdia egin duen administrazioarentzat.

8.3. Ariketak bukaturik, emaitzak jendaurrean jarriko dira Moncayoko Ur Mankomunitatearen iragarki-taulan, probak egin diren tokian eta web-orrian.

8.4. Hautatutako izangaiak hamabost eguneko epean hasi beharko dira lanean, gehienez ere, deialdia egiten duen Administrazioaren kontratazio proposamena onartzen dutenetik aitzina. Ez badira hasten, behar adina justifikatutako kasuak salbu, edo lanean hasi eta berriz lanpostua hutsik gelditzen bada, organo eskudunak kontratazioarekin ados dauden izangaiei egiten ahalko die kontratua, hautapen prozesuan ateratako puntuazio onenaren ordenari jarraituz.

8.5. Erreleborako kontratazio proposamena aditzera eman ondoko 30 egun naturalean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Moncayoko Ur Mankomunitatean:

a) C motako gidabaimenaren kopia kautotua edo fotokopia, jatorrizkoarekin batera aurkeztua konpultsatu ahal izateko, eta Gidarien Gaitasun Agiria (GGA), indarrean dagoena.

b) Eskatutako tituluaren kopia kautotua edo fotokopia, konpultsatzeko jatorrizkoarekin batera aurkeztuko dena.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

d) Moncayoko Ur Mankomunitateko mutuaren txostena, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

8.6. Aipatutako epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuak izan ezik, aipatutako agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da kontratatu eta, beraz, egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, galarazi gabe bere eskabidearen faltsukeriagatik legokiokeen erantzun beharra.

8.7. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, edo ukorik egonez gero, gainditu dutenen zerrendan, deialdiak aipatzen duen horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea Mankomunitateko buruak, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

9. oinarria.–Kontratazioa.

9.1. Hautapen prozedura bukatutakoan eta izangaiak aurreko 8.5 oinarrian aipatutako agiriak ekarri ondoren, Mankomunitateko buruak kontratatu eginen du, C mailako funtzionario gisa, Moncayoko Ur Mankomunitatean ari dadin.

9.2. Kontratazio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10. oinarria.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra edo DBEO), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

–Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Moncayoko Ur Mankomunitatea da.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

–Datuak zein helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 LED, urriaren 30ekoa), bai eta Moncayoko Ur Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian ere.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo egoitza elektronikoaren bidez. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Corellan, 2021eko azaroaren 22an.–Mankomunitateko burua, Tirso Calvo Zardoya.

I. ERANSKINA

Eskabidea (oposizio-lehiaketarako izangaiak) (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. Moncayoko Ur Mankomunitatea. Antolamendua. Biltzen dituen entitateak. Estatutuak.

2. Moncayoko Ur Mankomunitateko zerbitzuen erregelamendua.

3. Administrazio publikoa. Egintza administratiboak. Administrazio-errekurtsoak.

4. Ur horniduraren sareak. Hodiak: materialak, piezak, zangan nola jarri. Sareko elementuak: balbulak, bentosak, sute-ahoak, ur-harguneak, presioa murriztekoak, erregistro-kutxatilak eta abar. Harguneak: materialak, diametroak, instalazioa. Probak hornidurako hodietan, zerbitzuan jartzea. Moncayoko Ur Mankomunitateko hornidura sareen araudi teknikoaren aplikazioa.

5. Ur-biltegiak. Kokalekua, biltegi motak eta haien eginkizunak. Erregulaziorako eta hornidurarako elementuak. Emari-neurgailuak. Kontsumoak. Uraren kalitatearen kontrola, laginak hartzea. Ur ponpaketa biltontzi batera. Hornidurarako presio-multzoak.

6. Edateko Ura Tratatzeko Estazioak, EUTE. Tratamendu motak. Dekantazioa, iragazketa, tratamendu kimikoak. Erreaktiboak dosifikatzea. Desinfekzioa. Uraren kalitatearen parametroak, laginak hartzea. Legeria. EUTE baten ekipoak. Kontrol-elementuak. Scada, automatak. Tresneria. Ekipoetako eta makineriako mantentze-lanak.

7. Saneamendu sareak. Sare motak. Hodiak: materialak, piezak, zangan nola jarri. Sarearen elementuak: kontrol-putzuak, harguneak, kutxatilak, hustubideak eta abar. Probak saneamenduko hodietan, zerbitzuan jartzea. Ponpaketak. Moncayoko Ur Mankomunitatearen saneamenduko sareen araudi teknikoaren aplikazioa.

8. Saneamendu sareak. Isurketak. Gainezkabideak eta ekaitz tangak. Aplikatu beharreko araudia. Hondakin uren araztegiak (HUA). Hondakin uren ponpaketak.

9. Eremu publikoko hornidura eta saneamenduko matxurak konpontzea. Sareetako ur-ihesak. Detekzio sistemak. Jarraibideak. Erabili beharreko makineria eta lanabesak. Segurtasuna.

10. Neurgailuak, herri bat urez hornitzerakoan. Kontagailuak. Tipologia, instalazioa, funtzionamendua eta mantentze-lanak.

11. Saneamendu sareen instalazioen garbiketa. Bulkatzeko eta xurgatzeko ekipoak saneamenduko instalazioak garbitzeko. Garbiketarako erabilitako kamioia: funtzionamendua, osagai edo mekanismo nagusiak, mantentze-lanak.

12. Instalazio elektrikoak: hodiak. Magnitude elektrikoak. Korronte alternoa, zuzena eta sistema trifasikoak. Babesak. Neurtzeko gailuak.

11. Behe-tentsioko instalazioak. Transformazio-zentroak. Instalazio elektrikoak uren araztegietan, ponpaketa-estazioak. Maiztasun-aldagailuak. Automatizazioa. Automata programagarriak. Segurtasuna, babesa arrisku elektrikoaren aurrean.

13. Telemando sistemen bidezko kontrola eta telekontrola hornidura eta saneamendu sareetan. Informazio geografikoko sistemak.

14. Laneko segurtasuna eta osasuna, hornidura sareak konpontzeko lanetan. Bitarteko eta gailu zuzentzaileak. Denen segurtasunerako bitartekoak eta gailuak. Norberaren segurtasunerako bitartekoak eta gailuak. Gune konfinatuetan lan egitea, araudia.

Iragarkiaren kodea: L2116783