279. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko azaroaren 17an hartua, zeinaren bidez zehazten baita zein izanen den Nafarroako administrazio publikoen montepioetako klase pasiboen gutxieneko alarguntza- eta zurztasun-pentsioen eguneratzea, 2021eko irailaren 1etik aurrera.

Nafarroako Gobernuaren 2021eko martxoaren 3ko erabakiaren bidez, urte horretan Nafarroako administrazio publikoen montepioetako klase pasiboen pentsioak nola eguneratuko diren zehaztu zen, eta igoera, oro har, ehuneko 0,9koa izanen dela ezarri zen. Igoera horretatik kanpo utzi ziren alarguntza-pentsio eta zurztasun-pentsio batzuk, lanbide arteko gutxieneko soldataren arabera finkatzen baititu aplikatu beharreko araudiak.

Alde horretatik, gutxieneko alarguntza-pentsioen zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldatari lotuta dago Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean, bat etorriz otsailaren 4ko 231/2020 Errege Dekretuaren 1. artikuluan eta xedapen iragankor bakarreko 1.a) apartatuan xedatutakoarekin (errege dekretu horren bidez 2020rako lanbide arteko gutxieneko soldata zehaztu zen, eta abenduaren 29ko 38/2020 Errege Lege Dekretuaren bidez 2021. urtera luzatu zen); horrela bada, gutxieneko alarguntza-pentsioak 13.300,00 eurokoak izanen dira 2021. urtean (950 euro hilabetean). Zenbateko bera zehaztu zen gutxieneko zurztasun-pentsioetarako ere, batetik, 10/2003 Foru Legean aurreikusitako eskubide pasiboen sistemakoak direnean, baldin haien onuradunak aitarik ez amarik ez duten umezurtzak badira; eta, bestetik, funtzionarioen eskubide pasiboen araubidearen babesean emandakoak direnean, baldin funtzionarioak 10/2003 Foru Legearen aurreko sistemari atxikita badaude. 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legearen 11. artikuluko 7. apartatuko bigarren paragrafoan aurreikusten direnak dira salbuespen bakarrak.

2021erako lanbide arteko gutxieneko soldata zehazten duen irailaren 28ko 817/2021 Errege Dekretuaren bidez lanbide arteko gutxieneko soldata berria zehaztu da: hilean 965 eurokoa izanen da (13.510 euro urtean) eta 2021eko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Ondorioz, aipatutako Errege Dekretua onetsi ondoren, gutxieneko alarguntza- eta zurztasun-pentsioen zenbateko berria zehaztu behar da. Zenbateko hori lanbide arteko gutxieneko soldatari lotuta dago Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. 2021eko irailaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako administrazio publikoetako montepioetako funtzionarioen klase pasiboetako alarguntza- eta zurztasun-pentsio minimoak lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekoarekin parekatuta geratzen dira, hilean 965 euro (urtean 13.510,00 euro), Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorren 20/2020 Foru Legearen 11. artikuluko 7. apartatuko bigarren paragrafoan zurztasun-pentsioei dagokienez jasotako salbuespenarekin.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean ezarrita dagoen eskubide pasiboen sistemako zurztasun-pentsioei ere aplikatuko zaie, baldin onuradunak aitarik ez amarik ez duten umezurtzak badira. Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzkoa da foru lege hori.

2. Erabaki honek 2021eko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorio ekonomikoak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

3. Erabaki hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen eta Prestazio Sozialen Zerbitzura.

Iruñean, 2021eko azaroaren 17an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2116347