279. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2872/2021 EBAZPENA, urriaren 22koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez bi deialdi onesten baitira koordinazioko operadore laguntzaileen lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko hautaproben bidez; bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioetarako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat koordinazioko operadore laguntzaileen lanpostuetan aritzeko prestakuntzarako zerbitzu berezietan, eta bestetik, zerrenda bat horrelako lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontratudun gisa. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, salbu Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetakoak.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza jaso nahi duten izangaien zerrendak egiteko.

Deialdi hauek honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten dira: Administrazioaren zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza arautzen dituen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzeko abenduaren 30ean emandako 199/2004 Foru Agindua; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Koordinazioko operadore laguntzaileen lanpostuak betetzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdiak onestea: bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, salbu Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetakoak.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

I.–DEIALDIA, IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO, KOORDINAZIOKO OPERADORE LAGUNTZAILEEN LANPOSTUETAN ARITZEKO PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN

Hona hemen deialdiaren

Oinarriak

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da koordinazioko operadore laguntzaileen lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, D mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokion gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egin izana.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua edo bigarren mailako Lanbide Heziketaren titulua edo horien baliokidetzat hartutako beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Titulu hori ezin da izan langile finkoari jarduneko zerbitzuan aritzeko balio diona.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

e) Koordinazioko operadore laguntzaile gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean ez egotea.

2.2. Aurreko atalean jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.

2.3. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek II. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko.

Eskabide hori interesdunen eskura dago Interneten bidez, www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta. Halaber, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko bulego guztietan dago eskuragarri.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. % 33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, organo eskudunak emandako dokumentazioa erantsi beharko dute, eskaneaturik, hori frogatzeko.

Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten zehaztu. % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Aurreko ataletan xedatutakoa galarazi gabe, parte hartzeko eskabidearekin batera ez da beste agiririk aurkeztu behar. Izan ere, bigarren oinarriko 2.1.d) atalean eskatzen dena deitzen zaien unean frogatu behar dute izangaiek, deialdi honetako arau komunen zazpigarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.–Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako moduan eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

II.–DEIALDIA, KOORDINAZIOKO OPERADORE LAGUNTZAILEEN LANPOSTUETAN ALDI BATERAKO KONTRATATUAK IZATEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO

Hona hemen deialdiaren

Oinarriak

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da koordinazioko operadore laguntzaileen lanpostuetan arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua edo bigarren mailako Lanbide Heziketaren titulua edo horien baliokidetzat hartutako beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Aurreko atalean jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek III. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko.

Eskabide hori interesdunen eskura dago Interneten bidez, www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta. Halaber, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko bulego guztietan dago eskuragarri.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, hautapen prozesua kudeatzen duen organoaren bidez, espedientea izapidetzeko eta ebazteko behar diren nortasunari, adinari eta titulazioari buruzko datuak kontsultatuko ditu. Datu horiek Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira, edo beste sistema baliokide baten bidez, izangaiaren aurkakotasun arrazoitua izan ezean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Hautapen prozesua kudeatzen duen organoari baimenik ematen ez bazaio behar diren kontsultak egiteko Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD bidez), Nortasun Agiri Nazionalaren kopia eskaneatua.

b) % 33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, organo eskudunak emandako dokumentazioa erantsi beharko dute, eskaneaturik, hori frogatzeko. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean zehaztu zer egokitzapen eskatzen duten.

% 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Bigarren oinarriko 2.1.c) atalean eskatzen den betebeharra agiri bidez frogatu beharko da lanerako deia egiten denean, deialdietako arau komunen hamargarren oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.4. Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien kopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko ditu parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.–Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako moduan eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

III.–BI DEIALDIETARAKO ARAU KOMUNAK

Lehenbizikoa.–Eskabideak aurkeztea.

Parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkeztu beharko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian dago eskuragarri (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

Halaber, deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkezten ahalko dira, edo beste edozein erregistro bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren web-orrian ageri da: www.nafarroa.eus), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Bigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Bi deialdietan, parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak ikusgai jarriko ditu deialdietan onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrendak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan.

Zerrenda horien kontra, interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo eskaeran egindako akatsak zuzendu, idazki bat aurkeztuz Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari zuzendua, zerrendak argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrendak zuzenean onetsiko dira.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak edo zuzenketak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi eta argitara emanen ditu Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan, bertan adierazita noiz eta non eginen den deialdian ezarritako hautapen proba.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

4.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: José Javier Boulandier Herrera jauna, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaiburua: Francisco Javier Baldanta Petrirena jauna, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Rut Angelina Indave Rípodas andrea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Prestakuntza eta Gainbegiratze Bulegoko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Juana María Villanueva Esparza andrea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko SOS Nafarroako Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Juan Manuel Lobo Palanco jauna, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazio Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Elena Iribarren Gorriz andrea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Larrialdietako Prebentzio, Informazio eta Prestakuntza Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Juan Antonio Ruiz Cubillo jauna, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Pablo Arrastia Martínez jauna, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Epaimahaikide-idazkaria: Marta Recalde Iglesias andrea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Babes Zibileko aretoko burua.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Consuelo Ijurco Calvo andrea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Laguntza Administratiboaren eta Langileriaren Bulegoko burua.

4.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, kalifikazio epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

4.3. Hautaproba egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburu eta idazkari lanak egiten dituzten pertsonek edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

4.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

4.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probetarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Bosgarrena.–Proba.

5.1. Hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan, test motako galdera batzuk erantzun beharko dira idatziz, 50 galdera gehienez, ebazpen honen I. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.

Probak egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

5.2. Hautapen prozesuan 30 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez, eta bazterturik geldituko dira probaren gehieneko puntuazioaren % 30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

5.3. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek proba egitera agertu beharko dute aldean daukatela Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

5.4. Proba egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, eskabidean eskatu badute.

5.5. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

Halaber, epe bat irekiko du proba gainditzen duten izangaiek merezimenduak justifikatzeko dokumentazioa aurkez dezaten, seigarren oinarrian xedatutakoaren arabera, bai eta tekleatzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere (ebazpen honen IV. eranskinekoa).

Dokumentazio hori deialdietarako arau komunen lehenengo oinarrian ezarrita dagoen bezala aurkeztuko da.

5.6. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, eta alegazioak ebatzi ondoren, kalifikazio epaimahaiak probaren emaitzak argitaratuko ditu, proba gainditu duten izangaiak adierazita.

Seigarrena.–Merezimenduak.

Kalifikazio epaimahaiak baloratuko dituen merezimenduak administrazio publikoetan egindako zerbitzuak dira: 10 puntu gehienez.

Administrazio publikoen zentroetan koordinazioko operadore laguntzaileen lanpostuetan egindako zerbitzuak frogatzen dituzten izangaiei puntu bat emanen zaie zerbitzu-urte bakoitzeko, 10 puntu gehienez.

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio.

Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan koordinazioko operadore laguntzaile gisa egindako zerbitzuen berri organo dei-egileak emanen dio zuzenean epaimahaiari.

Beste administrazio publiko batzuetan egindako zerbitzuak arau komunen bosgarren oinarrian ezarrita dagoen bezala aurkeztu eta frogatu beharko dira.

Zazpigarrena.–Emaitzak.

7.1. Probak gainditu dituzten izangaien merezimenduak baloratu ondotik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko ditu merezimenduen balorazioan lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du puntuazioei buruzko alegazioak egiteko.

Alegazioak egiteko epea bukatuta, eta alegazioak ebatzi ondoren, kalifikazio epaimahaiak deialdi bakoitzean proba gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du, puntuazio ordenaren arabera, probaren kalifikazioa eta merezimenduena batuta.

7.2. Kalifikazio epaimahaiak, izangaien puntuazioetan gertatzen diren berdinketak ebazteko, irizpide hauei jarraituko die:

a) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.

b) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean.

Zortzigarrena.–Prestakuntza ikastaroa.

8.1. Hautapen prozesuaren barruan, prestakuntza ikastaro bat dago, baztergarria: ikastaroan “gai” kalifikazioa lortu beharra dago kontratatzeko moduan egon ahal izateko koordinazioko operadore laguntzaileen lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendan. Baztertu eginen dira ez-gai kalifikazioa lortzen dutenak.

8.2. Proba gainditzen duten izangaiek beren borondatez parte hartzen ahalko dute prestakuntza ikastaroan. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak eman eta garatuko du, eskolak berak ezartzen duen moduan.

8.3. Zazpigarren oinarrian ezarritako izapideak eginda, kalifikazio epaimahaiak prestakuntza ikastaroa egitera deitutako izangaien zerrenda argitaratuko du, eta hura zein egunetan hasiko den adieraziko.

Prestakuntza ikastarora deitutako pertsonen kopurua, bi deialdietan, Babes Zibilerako Zerbitzuan aurreikuspenen arabera behar diren langileen arabera ezarriko da. Prestakuntza ikastarorako deia eginen zaie izangaiei zerrendetan osotara lortutako puntuazio ordenari jarraituz, ezertan ukatu gabe, batetik, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan ezarritakoa, bertan arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko xehetasunak, eta, bestetik, aldi baterako kontratazioaren kudeaketari buruzko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoa.

8.4. Prestakuntza ikastaro hori egitetik salbuetsita daude Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan ikastaroa egina eta gainditua duten izangaiak. Ondorio horietarako, epaimahaiak proba gainditu duten izangaien zerrenda bidaliko dio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari, hark prestakuntza ikastaroa gainditua duten izangaien berri eman dezan.

8.5. Prestakuntza ikastaroa bukaturik, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaroaren emaitzak bidaliko dizkio epaimahaiari, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitara ditzan. Kalifikazio horiek lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

8.6. Geroago, aldian behin, prestakuntza ikastaro gehiago eginen dira izangaientzat, behar diren langileen arabera. Prestakuntza ikastarorako deia 8.3 puntuan adierazitako ordenari jarraituz eginen zaie izangaiei. Prestakuntza ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak baztertu eginen dira koordinazioko operadore laguntzaileen lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendetatik.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ofizioz igorriko dio Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari izangaien zerrenda, gai edo ez-gai kalifikazioa adierazita, izangaien zerrendan sartzeko edo bertatik kentzeko.

Bederatzigarrena.–Koordinazioko operadore laguntzaileen lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak.

9.1. Epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren webgunean:

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko hautapen prozesua gainditu duten pertsonen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa, prestakuntza ikastaroa egina duten pertsonak adierazita.

–Aldi baterako kontratazioetarako deialdiko hautapen prozesua gainditu duten pertsonen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa, prestakuntza ikastaroa egina duten pertsonak adierazita.

9.2. Epaimahaiak izangaien zerrendak bidaliko dizkio Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari, hark onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera, prestakuntza ikastaroa gainditu duten izangaiak eta hura egitetik salbuetsita daudenak adierazita.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jaso ondoren, koordinazioko operadore laguntzaileen lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak onetsiko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da (www.nafarroa.eus).

Hamargarrena.–Lanerako deia egitea.

10.1. Izangaiak lanean hasteko deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoaren arabera eginen dira: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zuena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

10.2. Izangaiei dei egiteari eta, hala bada, kontratatzeari begira, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak, deialdi honen oinarriak, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan ezarritakoa, non arautzen baitira desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko xehetasunak.

10.3. Ez zaie inoiz deituko, zerrendan kontratatzeko moduan egon arren, hurrenkerari dagokionez trebakuntza ikastarora deitu ez zaien izangaien atzetik dauden izangaiei.

10.4. Deia jasotzen duten pertsonek deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, Batxilergo tituluaren kopia, edo bigarren mailako Lanbide Heziketarena, edo horietako baten baliokidearena aurkeztu beharko dute, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratua.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak hautapen prozesutik baztertu eginen dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubideak galduko dituzte.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Hamaikagarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdien, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoa zer egintzaren kontra jarri nahi den, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin eta jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei.

Iruñean, 2021eko urriaren 22an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia. Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–Nafarroako orografia: ezaugarri nagusiak eta Pirinioen adarren deskribapena, iparraldekoak eta hegoaldekoak.

2. gaia.–Nafarroako klimatologia: Nafarroan kliman eragiten duten faktoreak. Klima motak Nafarroan. Landaredia: motak eta banaketa.

3. gaia.–Nafarroako hidrologia: Nafarroako ibaien ezaugarriak. Isurialdeak eta arro hidrografikoak: azterketa eta deskribapena. Unitate hidrogeologikoak.

4. gaia.–Industria Nafarroan: bilakaera, kokapena eta arazoak. Turismoa Nafarroan: campingak, hotelak, landa etxeak, Done Jakue bidea.

5. gaia.–Komunikazioak, merkataritza. Nafarroako errepideen sarea. Mendateak.

6. gaia.–Ipar-mendebaldeko eta Pirinioetako Nafarroa hezea.

7. gaia.–Pirinioetako arroak.

8. gaia.–Nafarroako eki-erdialdea eta mendebal-erdialdea.

9. gaia.–Ekialdeko Erribera eta mendebaldeko Erribera.

10. gaia.–17/2015 Legea, uztailaren 9koa, Babes Zibilaren Sistema Nazionalari buruzkoa.

11. gaia.–8/2005 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzkoa.

Oharra: Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Prestakuntzarako zerbitzu berezietarako eskabidea(PDFa).

III. eranskina.–Eskabidea, aldi baterako kontrataziorako (PDFa).

IV. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2116396