276. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, izangaien bi zerrenda eratzeko, Informazioaren Zientzietako lizentziadunaren lanpostuan aritzeko (A maila/taldearekin parekatuan) aldi baterako

Alkatetzaren azaroaren 15eko 2116/2021 Ebazpenaren bitartez, onetsi ziren deialdi bat eta haren oinarriak, izangaien bi zerrenda eratzeko, aldi baterako bete dadin goian aipatutako lanpostua; bata aldi baterako kontrataziorako, eta bestea prestakuntzarako zerbitzu berezietan jarduteko, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

Deialdia eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta honako oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz.

Tuteran, 2021eko azaroaren 17an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

I. ERANSKINA

I
Deialdiko lanpostuaren izaera eta ezaugarriak

1. Izaera:

Aldi baterako kontratatzeko langileak/prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko langileak.

2. Izena:

Informazioaren Zientzietako lizentziaduna (A maila/taldearekin parekatua).

3. Kokapena egitura organikoan:

Alkatetzaren kabinetea.

4. Bete beharreko eginkizunak edo lanak:

Udalaren informazio-politikari buruz aholkuak ematea eta politika hori gauzatzea izanen dira bete beharreko eginkizunak.

Lan eta enplegu baldintzei buruz, oinarri hauetan agertzen ez badira, eta udal honi dagokionez, jarraituko zaio Tuterako Udalaren zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Akordioan ezarritakoari.

Lanaldiaren araubidea egokituko da zerbitzuaren beharretara, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

II
Deialdia, izangaien zerrenda bat eratzeko, Informazioaren Zientzietako lizentziadunaren lanpostuan aritzeko, aldi baterako kontratazioaren bitartez, Tuterako Udalaren zerbitzura

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da zerrenda bat osatzea, oposizio bidez, aldi baterako kontratazioaren bitartez aritzeko Informazioaren Zientzietako lizentziadunaren lanpostuan, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko kide den beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Tratatuen arabera, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Informazioaren Zientzietako lizentziadunaren titulua edo horren baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko baldintzak betetzea (hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina). Goragoko mailako titulazioa eskatu ez arren, eskatutako mailatik gorako tituluak ere onartuko dira. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendu gabea izatea.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.3. Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratuak sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean. Kopia konpultsatuak aurkeztuko dira horretarako. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak; horrez gain, dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

2.4. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen-prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen prozesua gauzatuko da bat etorriz Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauekin. Arau horiek IV. apartatuan zehazten dira.

4.–Aldi baterako kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bai eta, orobat, indarra duen gainerako araudia ere.

Hautatutako izangaiak aldi baterako kontratatuko ditu Tuterako Udalak, jarraikiz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak araututakoari (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), bai eta aplikatzekoa den gainerako araudiari ere. Izangaiak Gizarte Segurantza Orokorraren araubidean sartu eta kidetuko dira.

III
Deialdia, izangaien zerrenda bat osatzeko, Informazioaren Zientzietako lizentziadunaren lanpostuan prestakuntzan aritzeko, Tuterako Udalaren zerbitzura

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat oposizio bitartez osatzea, Informazioaren Zientzietako lizentziadunaren lanpostuan aritzeko prestakuntzarako zerbitzu berezietan, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Udal honen eta beronen erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C, D edo E mailakoa.

b) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Informazioaren Zientzietako lizentziadunaren titulua edo horren baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko baldintzak betetzea (hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina). Goragoko mailako titulazioa eskatu ez arren, eskatutako mailatik gorako tituluak ere onartuko dira. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

2.2. Hautatzen diren izangaiek agiri bidez frogatu beharko dute eskatzen den tituluaren betebeharra, horretarako ezartzen zaien unean.

Agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira eta, gainera, dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik, salbu eta behar bezala justifikatzen diren ezinbesteko kasuetan.

2.3. Baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, bai eta hautapen-prozesuak irauten duen bitartean eta deialdiko lanpostuan aldi batez aritu bitartean ere.

3.–Hautapen-prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen prozesua gauzatuko da bat etorriz Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauekin. Arau horiek IV. apartatuan zehazten dira.

4.–Prestakuntzarako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat etorriz. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa).

Hautatutako izangaiak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko dira, jarraikiz osoko bilkurak hartutako erabaki horri, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta aplikatzekoa den gainerako araudiari.

IV
Bi deialdietarako arauak

1.–Eskabideak.

1.1. Deialdiko hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Plaza Vieja, 1 edo Frontón kalea, 1) aurkeztu beharko dira, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), hamabost egun balioduneko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

1.2. Eskabideek bat etorri behar dute egoki diren ereduekin; eredu horiek daude Udalaren web-orrian, “Lan publikoaren eskaintza” atalean, deialdiaren aipamenean: behar den eredua, segun eta zer txanda dagokien izangaiei, aldi baterako kontratazioa edo prestakuntza, zerbitzu berezietako egoeran.

Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

1.3. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana.

1.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.5. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzendu daitezke ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

2.–Izangaien onarpena.

2.1. Onartu eta baztertuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onesten duena onartu eta baztertuen zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udaletxeko iragarki-taulan (Plaza Vieja, 1) eta Udalaren www.tudela.es web-orrian. Izangai bazterturik egonez gero, 3 egun baliodun emanen dira akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da aipatutako tokietan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

2.2. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdietan eskatutako baldintzak. Behin aztertuta izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

3.–Kalifikazio epaimahaia.

3.1. Kalifikazio epaimahaiko kideak hauek izanen dira:

–Mahaiburua: Alejandro Toquero Gil, Tuterako Udaleko alkate udalburua.

Ordezko epaimahaiburua: Mercedes Añón Montón, Tuterako Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: Edurne Elío Aldunate, Iruñeko Udaleko Alkatetzako Alorrari atxikitako kazetaria.

Ordezko epaimahaikidea: José Javier Ascunce Marín, Iruñeko Udaleko Komunikazio Zerbitzuko kazetaria.

–Epaimahaikidea: Ignacio Escribano Romano, Onda Cero Tudela, Melodía FM eta Ribera Navarrako zuzendaria.

Ordezko epaimahaikidea: Idoya Altadill Garro, Onda Cero Navarrako zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Mikel Ciordia Osta, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak proposatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Francisco Xabier Soto Bermejo, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak proposaturiko ordezkaria.

–Idazkaria: Miriam Mendoza Jiménez, Tuterako Udaleko Giza Baliabideetako goi mailako teknikaria.

Ordezko idazkaria: Íñigo Torrents Lizar, Tuterako Udaleko Zuzenbideko lizentziaduna.

3.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (lege horrek hizpide du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa). Izangaiek, halaber, zilegi dute kalifikazio epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

3.3. Kalifikazio epaimahaia probak egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, ezarriko ditu probak hasteko eguna, ordua eta tokia. Datu horiek, hain zuzen, argitaratuko dira onartuen behin betiko zerrendarekin batera. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, bertan kideen gehiengo osoa izan ezean. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

3.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren gorabeherak.

3.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4.–Hautapen sistema: oposizioa.

4.1. Oposizioa izanen da erabiliko den hautapen-prozesua bi deialdietarako, eta ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teoriko-praktikoa. Deialdiko III. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzko 30 galdera idatziz erantzun beharko dira. Galdera bakoitzarentzat erantzun batzuk emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Lehenbiziko ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere ordubete izanen dute.

–Bigarren ariketa: praktikoa. Epaimahaiak proposatutako kasu bat edo zenbait ebatzi beharko da, deialdiko III. eranskineko gai-zerrendako arloez. Bigarren ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 2 ordu izanen dituzte.

4.2. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu ematen ahalko dira gehienez ere, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 30 puntu gehienez.

–Bigarren ariketa: 70 puntu gehienez.

4.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

4.4. Lehen eta bigarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira, salbu eta epaimahaiak bigarren ariketarako erabakitzen badu jendaurrean irakur dadila hura egindakoan.

4.5. Epaimahaiak erabakitzen ahalko du saio bakarrean egitea lehenbiziko eta bigarren ariketak. Hala izanez gero, bi ariketak batera eginen dira; lehenbizi, test motako zatia zuzenduko da, eta bigarrenik, test motako ariketa hori gainditu duten izangaien kasu praktikoen zatia. Ez da zuzenduko pliketako kasu praktikoen zatia, ez baldin bada test motako zatia gainditu.

4.6. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, udaletxeko iragarki-taulan, ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin; aditzera emanik, halaber, oposizioko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda www.tudela.es helbidean ere kontsultatzen ahalko da, “Lan eskaintzak” izeneko atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

4.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute Nortasun Agiri Nazionala edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz izangaia nor den frogatzen duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.8. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

4.9. Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da ariketa guztietako puntuazioak baturik.

5.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

5.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, udaletxeko iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian, bereizirik:

–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

–Prestakuntzarako izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

5.2. Zerrenda bakoitzean, puntu berdinketarik izanez gero gainditu duten izangaien artean, halakoak ebazteko, jarraituko zaio 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran Udalak hartu zuen erabakian araututako irizpideari (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa); hau da, probaren osotasunean ponderazio gehien duen puntuazioaren arabera eta, berdinketak irauten badu, zozketa publikoa eginez.

5.3. Ondotik, kalifikazio epaimahaiak Alkatetzari igorriko dizkio hautapen-prozesuko probak gainditu dituzten izangaien bi zerrendak –aldi baterako kontratazioak egitekoa eta prestakuntzakoa–, lanean hasteko deia egin dezan, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera.

6.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

II. ERANSKINA

Inskripzio ereduak

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005T_Local_contrat_temporal_E.pdf

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005F_Local_formac_servicios_especiales_E.pdf

III. ERANSKINA

Gai-zerrenda

I. zatia (zati orokorra).

1. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Prozedurako interesdunak: jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua. Administrazio-prozedurako interesdunen identifikazioa eta sinadura. Administrazio publikoen jarduera: jarduketarako arau orokorrak. Epe-mugak eta epeak.

2. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua. Xedapen orokorrak. Administrazio publikoetako organoak. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna.

3. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa. Legearen xedea eta eremua. Berdintasunaren printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa.

4. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

II. zatia (espezifikoa).

5. Ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak. 7/2010 Lege Orokorra, martxoaren 31koa, Ikus-entzunezko Komunikazioei buruzkoa. 5/2012 Foru Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzkoa.

6. Deontologia informatiboa. Egia informazioaren arloan. Objektibotasunaren kontzeptuak. Egiazkotasun informatiboa eta haren hausturak. Kontzientzia klausula. Iturriak. Sekretu profesionala. Kode deontologikoak.

7. Iritzi publikoa. Definizioa eta ebaluazio metodoak. Komunikabideen eginkizuna. Zundaketen ezaugarriak, erabilera eta lege esparrua. Desinformazioa “fake news”en garaian. Informazio egiaztatzaileen eginkizuna.

8. Komunikazioaren sektorea Espainian. Enpresa egitura. Publikoak eta audientziak.

9. Paperezko eguneroko prentsa. Jatorria eta egungo egoera. Paperezko eguneroko prentsaren ezaugarriak Espainian eta Nafarroan.

10. Irratia. Komunikabide horren eboluzioa eta oraingo egoera Espainian eta Nafarroan. Irrati-etxe publikoak eta pribatuak. Haien informazioaren edukiak. Publikoak eta audientziak. Irratiaren digitalizazioa.

11. Telebista. Komunikabide horren eboluzioa eta oraingo errealitatea Espainian eta Nafarroan. Telebista-etxe publikoak eta pribatuak. Haien informazioaren edukiak. Publikoak eta audientziak. Ordainpeko telebista eta eskaripekoa.

12. Albiste agentziak. Nazioarteko agentziak. Informazio orokorreko eta espezializatuko Espainiako agentziak. Nafarroan dituzten ordezkaritzak.

13. Komunikabide digitalak. Jatorria eta egungo egoera. Komunikabide digitalen ezaugarriak Espainian eta Nafarroan. Haien audientzien kontrola. Online publizitatea.

14. Datuen kazetaritza. Datuak biltzea: iturri ofizialak Nafarroan, Espainian, EBn eta nazioartekoak. Tresna nagusiak datuak inportatu, tratatu, bistaratu eta hedatzeko. Hedapenerako gehien erabiltzen diren eragiketa matematikoak: diferentziaren portzentajea eta hiruko erregela. Big dataren aukerak.

15. Eskualdeko eta tokiko komunikabideak Nafarroan. Ekimen publikoak, irabazi-asmorik gabeak eta enpresa pribatuak. Bilakaera eta egungo egoera.

16. Komunikabideak XXI. mendeko Nafarroan: prentsa, irratia, telebista eta komunikabide digitalak. Transmedia. Enpresa egitura eta komunikazio taldeak. Merkatuan sartzea eta zabaltzea. Salmentak, harpidetzak eta publizitatea.

17. Komunikazio kabineteak eta antzeko egiturak Nafarroako erakunde publikoetan eta Foru Komunitateko enpresetan eta entitateetan. Ereduak. Eginkizunen azterketa eta eraginkortasuna.

18. Publizitatea. Izaera eta ezaugarriak. Publizitateko sormena. Hedabideen ikerketa eta plangintza. Publizitatearen eraginaren ebaluazioa. Publizitateko inbertsioa Espainiako komunikabideetan.

19. Publizitatea Nafarroan. Nafarroako publizitatearen merkatuaren bereizgarritasunak. Sorkuntza agentziak. Planifikazio eta erosketa agentziak. Publizitatearen forma berriak.

20. Erakundeen publizitatea. Bereizgarritasunak. Publizitatearen legezko arauketa Espainian eta Nafarroan. Administrazio publikoen jardunbide egokiak alor horretan.

21. Publizitate instituzionalen kanpainen kudeaketa. Briefinga prestatu eta berrikustea. Publizitatearen sormen prozesua. Publizitate bitartekoen eta euskarrien plana. Segmentazioa. Lanak kanpora ateratzea eta horien kontratazioa. Publizitatearen ebaluazioa.

22. Tuterako Udalaren presentzia sare sozialetan. Presentzia korporatiboa eta tematikoa. Publikoak. Hedapenerako eta solaserako moduak. Kudeaketa deszentralizatua eta lana kanpora ateratzea. Nafarroako Gobernuaren sare sozialen erabilerarako eskuliburua.

23. Instagram, Facebook, Twitter, Youtube eta Linkedin. Xede-audientzia eta argitalpen motak. Argitalpen organikoa eta publizitaterako estrategiak. Sarearen joera eta erabilera berriak. Tuterako Udalaren presentzia sare sozial horietan.

24. Tuterako Udalak sare sozialen kudeaketan erabiltzen dituen tresnak: Facebooken Business Manager eta Tweetdeck. Bi tresnen funtzionamendu orokorra: ahalmena eta mugak. Sare sozialak kudeatzeko beste tresna batzuk: abantailak eta desabantailak.

25. Publizitatea sare sozialetan. Nola diseinatu publizitaterako estrategia bat sare sozialetan eta Google Adsen. Publizitatearen kontratazioa Facebooken eta Instragramen Facebooken Business Managerren bidez. Marketineko estrategiak: zozketak, influencerrak, webinarrak eta beste batzuk. Monitorizazioaren eta neurketaren azterketa eta txostenak.

26. Komunikazioa garai digitalean. Ikus-entzunezko edukiak sartzea komunikazio instituzionalaren estrategian. Ekoizpen, errealizazio eta edizio grafikoaren eta ikus-entzunezkoaren oinarriak. Komunikazio instituzionalean erabiltzen diren euskarri berriak. Irudia, audioa eta bideoa editatzeko doako programak: funtzionamendu orokorra. Irudi bankuak, hirugarrenen irudiak erabiltzeari buruzko araudia eta lizentzia motak: Copyright, Copyleft eta Creative Commons.

27. Komunikazio instituzionala eta ospe onaren krisiak edo larrialdi egoerak. Planifikazioa. Jarduteko estrategiak. Ekintzak. Aginte bakarra edo deszentralizazioa. Koordinazioa kabinete politikoekin eta beste komunikazio kabinete batzuekin. Herritarrekiko solasa edo feedbacka krisialdiko komunikazioan.

28. Web 2.0. Erabiltzailearen erabilgarritasuna eta esperientzia. Informazioaren arkitektura eta diseinu moldakorra. Posizionamendua (SEO, SEM eta SMO), bilatzaileak eta web semantikoa. Irisgarritasuna. Webaren azterketa eta neurketa.

29. Tuterako Udalaren presentzia Interneten.

30. Tuterako Udalaren informazioa prestatu eta hedatzea. Hedapenaren ezaugarriak, tipologia eta formatuak. Banaketa-kanalak.

Oharra:

Gai guztiak baloratuko dira jarraikiz deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari; nolanahi ere, epaimahaiak baloratzen ahal ditu egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak.

Iragarkiaren kodea: L2116474